Erreportajeak

1905eko Zuhaitz Eguna Hernanin

Iñaki Sanz Azkue 2025ko urt. 25a, 00:00

Hernaniko 1974eko zuhaitz eguna. Azken 50etako lehena. Antxon Garin eta Beñi Agirre arbola aldatzen. Argazkia: Mendiriz Mendi Elkarteko bilduma.

Data seinalatua da gaurkoa. Hernaniko zuhaitz egunak 50 urte beteko ditu. Asko izan dira urte horietan herriko mendi magaletan arbolak aldatzen aritu diren herritarrak. Heldu zein gazte, aitzurrak eskuan, elkarrekin haritzak, pagoak, gaztainak, urkiak… bertako landareak landatzen, gure mendiei etorkizun hobe bat emateko asmoz.

 

Hernaniko Udal Artxiboa herriko ondarearen gordailu ederra da. Eta hor, dokumentu zaharren artean, urteurren honekin batera azaldu da espero ez genuen bitxikeria eder bat: 1905ean, duela 120 urte hain zuzen ere, zuhaitz eguna egin zen Hernanin. Eskoletako umeek intxaurrondoak landatu zituzten Santa Barbaran. Haien irakasleak eta Udaleko zein Aldundiko arduradunak ere izan ziren bertan, festa giroan egin zen mende hasierako landaketa hartan. Zalantzarik ez da, beraz: “arbolaren festak” uste genuena baino sustrai sendoagoak ditu gure herrian.

1905eko abenduaren 16a da. Larunbata. Udalak deialdia eginda, Hernaniko eskola publikoko zein partikularretako ikasleak plazan elkartu dira arratsaldeko ordu bietan. Udaberri giroko eguraldia egiten du, edo hala dio, behintzat, Hernaniko Udal Artxiboan aurkitu dugun egun hartako udal aktak. Izenburu argigarria du: Fiesta del árbol.

Txistu eta danbolin soinuaren konpasean atera dira udal ordezkariak udaletxetik. Umeekin eta irakasleekin batera, musikak lagunduta, Santa Barbara mendi aldera doaz oinez, Arrigoain baserri ingurura. Bertan aurkituko dituzte zuloak eginda, eta zulo bakoitzaren aldamenean, lurrean, intxaurrondo bana, aldatzeko prest.

Hernaniko Udal Artxiboa zaindu beharreko harribitxia da, eta artxibozaina, mundu konplexu horretan bideratzen gaituen gidari aparta. Luis Blasen 'Hernani entre dos guerras' liburuan aurkituriko aipamen bati tiraka hasi ginen arakatzen. Eta artxibozainak berak eraman gintuen zuhaitz egun berezi horren idatzira. 1905eko abenduaren 16ko udal akta bat da. Orduko alkateak, Felipe Minerrek, eta udaleko idazkaria zenak sinatuta. Idatzia zoragarria da, ez soilik 120 urte atzera bidaiatzeko aukera ematen digulako. Bertan dagoen kontakizunak orduan gertaturikoak xehetasun handiz kontatzen ditu eta azken 50 urteetan egin diren zuhaitz egunekin alderatzeko aukera ematen dio irakurleari.

 

Zuhaitz Eguna Santa Barbaran, festa giroan

Herriko plazatik abiatuta, guztiak Santa Barbarako magalean elkartu ziren. Bertan, etxafuegoak bota ziren aurrena, eta ondoren, Gipuzkoako Aldundiko arduraduna azaldu zen: Ignacio Nuñez peritu agronomoa. Haren aldamenean ziren Felipe Miner, Hernaniko alkatea, eta Ramon Cendoya, alkateordea, udaleko gainontzeko zinegotziekin batera. Horietako batek, Martin Urcelayk, hartu zuen hitza ondoren, eta Gipuzkoako Aldundiko arduraduna aurkeztu gerturaturikoei.

Umeena izan zen protagonismoa ondoren. Ikasle bakoitza zulo baten aldamenean jarri zen intxaurrondo bat eskuan zuela, eta une hori probestu zuen Aldundiko Nuñez perituak hitzaldirako. Egiten ari ziren ekintzaren garrantziaz hitz egin zien eta zuhaitz landaketen beharraz. Era berean, umeei zuzendu zitzaien, eta arbolak zaindu eta maita zitzatela eskatu, onura eta erabilera asko ematen dutelako.

Santa Barbarako magalean egin zen 1905eko Zuhaitz Eguna. 
Argazkia: Ines Sarasua bilduma.
 

Horren ostean iritsi zen ekitaldia bere gorenera. Umeek, udalak jarritako pertsonen laguntzarekin, ehun eta berrogeita hamar intxaurrondo landatu zituzten 1905eko abenduaren 16ko hartan. Bertan izan ziren ere Prudencio Gomez maisua eta Ricardo Rezola, San Juan Bautista ikastetxe partikularreko irakaslea ere. Azken honek arbolak zaintzeko eta haiei hazten laguntzeko eskaera egin zien ikasleei. Haien aldamenean, Alfonso Zabala parrokoa ere izan zen egun berezi hartan, eta inguruan, karitateko herriko hainbat emakume, zeintzuren izenik ez den adierazten.

2025ean murgildu garen honetan, deigarria bezain berezia egiten da duela 120 urte zuhaitz eguna egin izana Hernanin. Are gehiago, atentzioa deitzen du orduko instituzio ezberdinetako arduradunek eman zioten garrantziak. Egungoekin alderatuta, ordea, asko dira ere antzekotasunak. Gizarteak eraldaketa handia izan duen arren, oinarrizko gauzak ez dira aldatu arbolak landatzeko festan.

Plazatik abiatuta, guztiak Santa Barbarako magalean elkartu ziren. Bertan, etxafuegoak bota ziren aurrena, eta ondoren, Gipuzkoako Aldundiko arduraduna azaldu zen, udal ordezkariak ondoan zituela.

Lanak egin ostean, umeek merienda saioa izan zuten Santa Barbarako magal harritsuan eta gonbidatuek, ardoak lagunduta, Arrigoaingo baserrian mokadua hartzeko aukera ere izan zuten. Gauak egunari pasoa eskatu zion momentuan, iluntzearekin batera, etorri zen herrira itzultzeko ordua. Danbolinek eta txistu soinuek lagunduta egin zen atzera buelta ere.

1905ean egin zen zuhaitz landaketa hura, alabaina, ez zen kasualitatez etorri; ez zen kasualitatez egin. Fiesta del árbol izeneko hark testuinguru historiko bat zuen, eta bazuen, beraz, arrazoi bat hura antolatzeko. Garaiko egoerak hala eskatzen zuen, eta beraz, herri askotan zuhaitz egunak egiteari ekin zioten. Tartean da Hernaniko kasu hau.

 

Mendi soilduak, landaketen beharra

XX. mendeko gerra karlistek desamortizazio prozesu zabala eragin zuten, eta horren ondorioz, hainbat herritan publikoak ziren lur asko pribatizatzeko prozesua hasi zen. Garai horretan, baso asko moztu egin zen ganaduaren azpietarako horren preziatua zen iratze-tokiak sortzeko, eta era berean, haritzaren oidium eta gaztainaren tinta gaixotasunak ere azaldu ziren. Horien eraginez ehunka arbola gaixotu ziren eta haietako asko mozteko erabakia hartu zen, tartean haritz eta gaztainondo mugarratuak. 1902an, esaterako, Oiartzunen ehun mila gaztainondo hil zirela aipatzen du Mario Michel ikertzaileak.

Arrazoi horiek bultzatuta, XIX. mendearen amaieran mendiak basoberritzeko ideia indarra hartzen hasi zen. 1898an, esaterako, Ramon Adan de Yarzak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eginiko lanean, Gipuzkoan basoak berreskuratzeko lanak egitearen oso aldekoa zela aipatzen zuen. Berez jaiotzen ziren arbolen kontserbazioa bultzatzea proposatzen zuen eta otez eta txilarrez osaturiko guneetan landaketak egitea. Horrekin, uholdeen prebentzioan eragin nahi zuen, basoek mendi magaletatik jaisten zen ura helduko zutela argudiatuz. Landaturiko arbola horiek ura eutsiko zutela aipatzen zuen, eta pixkanaka askatzen joango zirela, udan izaten ziren erreketako lehorteak gutxituz, eta hala errotek eta bestelako egiturek lehorteengatik zituzten kalteak saihestuz.

Joxe Legarreta izan zen zuhaitz egunaren sortzailea 1974ean. Berari egindako omenaldia Aparrainen, 1987an.

Argazkia: Mendiriz Mendi Elkarteko bilduma.

Gauzak horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak Antonio Ganuzari eskatu zion lurraldeko basoen azterketa egitea. Ganuzak egindako lanean haien egoera oso eskasa zela ondorioztatu zuen, eta era berean, Mendi Zerbitzu baten beharra adierazi. Aldundiak sortuko zuen zerbitzu horrek basoen kudeaketa bideratuko zuen irizpide batzuk markatuz. Ganuzak egindako lanaren ostean, bi ingeniari agronomo jarri ziren Gipuzkoan baso teknikari lanetan. Hala, XX. mendearen lehen urteetan mendiko politikan aldaketa sakonak izan ziren.

Udal aktetan bi orrialdeko idatzia eskaini zitzaion 1905eko egunari, gertaturikoak xehetasun handiz kontatuz. Ez zen nolanahiko eguna izan.

XIX. mendearen amaieran emandako basoen soiltzearekin batera, eta horri aurre egiteko sortzen ari zen birlandaketak egiteko korronte handiaren aurrean, XX. mendearen hasieran eskoletan basoarekiko interesa piztea bultzatu zen. Hala, hainbat herritan basoari buruzko idazlan onenak sarituko zituzten lehiaketak egin ziren, eta baso-kartillak banatzeari ere ekin zioten. Horiez gain, indar handia hartu zuen ere garai hartan Fiesta del árbol moduan ezagutarazi zuten egunak. Horietan ikasleak zuhaitzak aldatzera eramaten zituzten eta udaleko eta Aldundiko agintariak ere izaten ziren, beste hainbat autoritaterekin batera, 1905eko zuhaitz eguneko kasuan ikusi den moduan. Hernanikoak, baina, arreta deitzen du. Izan ere, mendietako zerbitzua sortu bezain pronto egindakoa baita. Alegia, nahiko zuhaitz egun goiztiarra Gipuzkoan zegoen testuingurua kontuan izanda.

 

1905eko Zuhaitz Egunaren garrantzia

Besteak beste, arreta berezia ematen du Hernaniko Udalak ekitaldiari eman zion garrantziak. Izan ere, arestian aipatu den moduan, udal aktetan bi orrialdeko idatzia eskaini zitzaion egunari, gertaturikoak xehetasun handiz kontatuz. Horrez gain, alabaina, aurretik aipatu den Luis Blas Zuletak egindako liburuan, aktan agertzen ez diren bi kontu ere azaltzen dira. Batetik, zehazten da intxaurrondoak Ignacio Aierbek Ataunen zituen mintegitik ekarri zirela. Bestetik, adierazten da Santa Barbarako harkaitz batean eguna gogorarazteko inskripzioa ere egin zela, egun gogoangarria gogoratu nahian. Bertan zuhaitz egunaren data jarri zen kareharrizko harrian: '16 de Diciembre de 1905'.

Ikus daitekeen moduan, 1905eko zuhaitz eguna ez zen nolanahikoa izan. Ikasleak, arduradunak, herritarrak, musikariak, festa giroa eta udalak ordaindutako mokadua izan ziren arbolen inguruan eginiko jai giroko ekitaldi hartan. Udal aktaren amaieran adierazten den moduan, Luis Elizalde arkitektoa ere bertaratu zen Santa Barbarara, eta Elizaldek garai hartarako oso ohikoa ez zen zerbait egin zuen: hainbat argazki atera zituen, egun hartakoa betiko gorde nahian. Artxiboko dokumentuan bertan adierazten denaren arabera, udal aktarekin batera gorde ziren arkitektoak ateratako argazki haiek.

 

Zuhaitz Egun hartako azken arrastoak

120 urte hauetan Hernaniko paisaiak eraldaketa handia izan du eta egun ia ezinezkoa da orduan landaturiko arbolak eta harrian egindako inskripzioa aurkitzea. Batetik, urte asko pasa direlako eta landaretzak Santa Barbarako magala hartu duelako. Baina batez ere, zuhaitz eguna egin zen eremuak egun harrobia dagoen tokitik gertu behar zuelako. Beraz, oso litekeena da, harrobia handitzen joan zen heinean horiek guztiak desagertu izana.

Zuhaitz Egunak etorkizunik edukiko badu, ondo pentsaturiko eta diseinaturiko irizpideetan eta helburuetan oinarrituta beharko du.

Luis Elizalde arkitektoak egun hartan ateratako argazkiak ekitaldi hura hobeto ezagutzeko altxor ederra lirateke, baina udal aktarekin batera, zoritxarrez, ez da irudirik aurkitu. Etorkizuneko bilaketek emaitza positiborik emango ote duten, esperantza horrekin geratu behar.

Hernaniko Udal Artxiboko dokumentu zaharra da, beraz, egun hartan gertatukoaren memoria. Hitzak, beste behin, memoriaren gordailu bilakatu dira, eta horiek laguntzen digute, hein batean, Hernaniko paisaiaren eta basoaren historia hobeto irakurtzen. Oraindik ere ezezaguna da 1905ekoa Hernanin egin zen lehenbiziko zuhaitz eguna ote den edota aurretik egin ote zen besterik. Era berean, urte horretatik aurrerakoen berririk ere ez dago. Oso litekeena da galdera horien erantzuna Hernaniko Udal Artxiboko paper zaharren artean egotea. Horretarako, ordea, azterketa baten beharra ezinbestekoa izango da. Etorkizunak esango digu galdera horiek erantzuteko moduan ote gauden…

Hernaniko zuhaitz egunak 50 urte bete dituen honetan, azken urteetan bertako basoa berreskuratzeko eta landaketen lekuan bertako zuhaiztiak sustatzeko ahalegina egin duten pertsona guztiei eskerrak ematea baino ez da gelditzen. Urteurren hau, agian, une ona izan daiteke Hernaniko basoen egoera aztertu eta etorkizuneko zuhaitz egunak zein helbururekin egingo diren hausnartzeko eta planifikatzeko. Duela 120 urteko egoera, edota duela 50 urtekoa ez baita egungoa, eta zuhaitz egunak etorkizunik edukiko badu, ondo pentsaturiko eta diseinaturiko irizpideetan eta helburuetan oinarrituta beharko du. Klima larrialdiaren erdian, eta biodibertsitatearen galera betean gauden honetan, paisaiaren kudeaketak eta hezkuntzak berebiziko garrantzia baitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!