Onartuta geratu da Hernaniko Udaleko 2026ko aurrekontua, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin

Kronika - Erredakzioa 2025eko abenduaren 3a

EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin atera zen aurrera aurrekontua.

39,9 milioi euroko aurrekontua izango du Hernaniko Udalak 2026an. EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemos udal taldeek aurka bozkatu zuten. 

Txotx garaiarekin lotutako zenbait neurri ere onartu zituen Plenoak: autobusei tasak ezartzea eta pixa egiteagatik jartzen diren isunen hobaria gutxitzea, besteak beste. Sagar eta sagardoaren mahaian adostutako neurri hauei buruzko xehetasunak datozen egunetan emango ditu Hernaniko Udalak. 

Atzo arratsaldean ezohiko osoko bilkura egin zuten Hernaniko Udaletxean, eta zenbait puntu esanguratsu jarri zituzten bozkagai. 2026 urteko aurrekontuarena izan zen eztabaidagai luzeena, eta Gobernu Taldearen proposamena aurrera atera zen EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EAJ-PNVk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, aurka bozkatu zuten. 

39,9 milioi euroko aurrekontua izango du Hernaniko Udalak datorren urtean, aurtengoa baino %4,4 txikiagoa. Aurrez prentsaurreko batean egin bezala, Xabier Lertxundi alkateak berak eman zituen aurrekontuari buruzko azalpenak, Espainiako gastu arauaren eragina eta lan ildo nagusiak nabarmenduta: «Hernanin badauzkagu beste herri batzuetan ez dituzten zerbitzuak, eta maila horri eustea zen helburua; zerbitzuen estaldura mantentzea eta batzuk hobetzea. Horrez gain, elkarteek herrian egiten duten lana nabarmenduta, hitzarmenetan hobekuntzak txertatu ditugu. Etorkizunera begira, trantsizio ekologikoarena da aurrekontuan islatzen den lan ildo nagusietako bat».

Gastu arauaren mugari dagokionez, oposizioko taldeek aurreko urteetako kudeaketari egin zioten erreferentzia. Inbertsioak lehenago egin ezkero, egungo egoera beste bat izango litzatekeela nabarmenduta. 


EAJ-PNV, «atsekabetuta»

EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako aurrekontuaren aurka bozkatu zuen atzoko bilkuran. Mikel Gurutzeaga bozeramailea «atsekabetuta» agertu zen, eta lau arrazoiren bidez justifikatu zuen aurkako botoa: «Goiz Eguzkiko proiektuaren egoeragatik, gure taldetik egindako zuzenketak ez onartzeagatik, gastu arauak mugatutako inbertsioak lehenago ez egin izanagatik eta Hernani Burujaberen norabideagatik». Azken honekin, Gurutzeagak gehitu zuen «hernaniar gutxi batzuen esku geratzen direla arlo garrantzitsuetako erabakiak».


PSE-EE, «erabilgarri»

Oposizioko alderdien artean, PSE-EE izan zen aldeko botoa eman zuen bakarra. Ricardo Crespo bozeramaileak adierazi zuen eurentzat aurka bozkatzea zela «errazena», partekatzen ez dituzten proposamen asko daudelako. Hala ere, Cresporen esanetan, «erabilgarriak» izateari eman diote preferentzia: «Batez ere, mugikortasunarekin eta jasangarritasunarekin lotutako zuzenketak aurkeztu ditugu, 270.000 eurokoak. Horietatik, Gobernu Taldearekin elkarlanean, 127.000 euro txertatzeko adostasunera iritsi gara. Bidegorriak, Sagastialdeko rekta, Etxeberriko tunela... Gai asko landu ditugu».


Elkarrekin Podemos, etxebizitzari begira

Jaione Aristregi Elkarrekin Podemos taldeko bozeramaileak aurka bozkatzeko eman zituen argudioen artean, etxebizitzaren auziarekin lotutakoa izan zen esanguratsuena. Koaliziotik adierazi zuten «diru gutxiegi» bideratuko dela etxebizitzaren auzira, eta «anbizioa» eskatu zion Gobernu Taldeari: «Urte asko daramatzagu lurrak enpresa pribatuen esku uzten, eta hori da orain daukaguna, haiek erabakitzen dute. Jakin behar dugu etxebizitzan inbertitzea jendearengan inbertitzea dela».

Hernani Burujaberi ere egin zion erreferentzia Aristregik, diru publikoarekin «bereziki arduratsua» izan behar dela gehituta. 


Txotx garairako neurriak, aho batez onartuta

Aurrekontuez gain, txotx garairako adostutako zenbait neurri ere bozkatu zituzten ezohiko plenoan. Besteak beste, Hernanira iristen diren autobusei tasak ezartzea onartu zen plenoan (35 bidaiaritik gorakoei 100€ eta 9-34 bidaiari artekoei 60€). Horrez gain, kalean pixa egiteagatik jarritako isunen hobaria %70etik %50era murriztu dute; alegia, multa 200 eurokoa denez, momentuan ordaintzen duenak 100 euro ordaindu beharko ditu (orain arte 60 euro ziren). 

Neurri hauek Sagar eta sagardoaren mahaian adostu dituzte, eta aho batez onartu zituen Plenoak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!