39,9 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Hernaniko Udalak

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko azaroaren 11

Ainara Atorrasagasti, Xabier Lertxundi eta Itxaso Lekuona, aurrekontuaren aurkezpen prentsaurrekoan.

Espainiako gastu arauaren mugak baldintzatuta, aurtengoa baino %4,4 txikiagoa izango da 2026ko aurrekontua. Azaro bukaeran edo abendu hasieran eramango dute plenora Gobernu Taldearen proposamena.

2026ko aurrekontuaren aurkezpena egin du gaur eguerdian Hernaniko Udaleko Gobernu Taldeak. Xabier Lertxundi alkateak eman ditu  proposamenaren nondik norakoak, Ainara Atorrasagasti eta Itxaso Lekuona alkateordeekin batera.

39,9 milioi euroko aurrekontua izango du Hernaniko Udalak 2026rako, aurtengoa baino %4,4 txikiagoa, nahiz eta gastu arruntak %5,5 igo. Aurrekontuaren beherakada hau Espainiako legediak ezarritako gastu arauaren ondorioa dela zehaztu du Lertxundik: «Arauak mugatzen du urtetik urtera zenbat igo daitekeen gastua. 2025ean gastua haunditu dugu, neurtutako igoera izan da, baina horrek eragiten du 2026ko aurrekontua baldintzatuta egotea, ezin duelako aurtengoa baino haundiagoa izan». Hori dela eta, ordezkariek azaldu dute «martxan dauden proiektuak burutzeko» eta «etorkizunera begirako inbertsio haundiko proiektuak zehazteko» urtea izango dela 2026a. 

Gobernu Taldearen proposamenetik zenbait atal nabarmendu dituzte prentsaurrekoan. Lekuonak «zerbitzu mailari eustean» jarri du azpimarra: «Aurrekontuaren zati haundi bat doa Udalak dagoeneko eskaintzen dituen zerbitzuak mantentzera eta hobetzera. Horren barruan, nabarmena da adinekoen zaintzan egindako apustua».

Etxebizitza, lehentasuna

Inbertsioen atalean, bi lan ildo nagusi zehaztu ditu Atorrasagastik: trantsizio ekologikoa eta hiriaren egokitzapena. Atal horietan sartu dituzte, besteak beste, Portu eta Elizatxo erdigunearekin lotuko dituen igogailuaren obrak hastea edota Ave Mariako zein Zubipeko obren proiektuak lizitatzea.

Horiez gain, etxebizitzaren gaia izango da Gobernu Taldearen lehentasuna: «Dauzkagun eskumenen barruan, dirulaguntzak mantenduko ditugu, eta Etxebizitza Behatokia jarriko da martxan. Gure apustua etxebizitza hutsak mobilizatzea da», azaldu du Atorrasagastik.

Azalpenarekin amaitzeko, Hernaniko Udalaren egoera finantziero ona nabarmendu du Lertxundik: «Epe luzeko erronkak planteatzen ditugu, Hernaniko Udala egoera finantziario oso onean dagoelako».

«Kontu korronteko diru guztia planifikatuta dago»

Udal taldeen artean aurrekontuei buruz hitz egiten denean, gerakinarena da gai korapilatsuena. Horren harira, Lertxundik adierazi du Hernaniko Udalaren kontu korrontean dagoen diru guztia «bideratuta» dagoela: «Igogailua egiteko dirua, adibidez, gordeta daukagu, baina diru hori ez dago sobran. Kontu korrontean ez dago zertarako den ez dakigun dirurik, dena dago planifikatuta».

Epe luzeko lanketetan sakontzeko deia, oposizioari

Aurrekontuen barne aurkezpenak egiten ari da Gobernu Taldea, eta azaro bukaeran edo abendu hasieran eramango du plenora. Bien bitartean, elkarlan estrategikorako sortu dituzten guneetan «sakontzeko» deia egin diete gainontzeko taldeei: «Partidaz partida negoziatzetik harago, erronka potoloagoak direnez, lan egiteko modu hori egonkortu nahi dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!