Azaroko Osoko Bilkura egin zuten atzo arratsaldean Hernaniko udaletxean. Pleno azkarra eta lasaia izan zen, eta aho batez onartu zituzten aurkeztutako proposamen gehienak. Esaterako, adostasun osoarekin onartuta geratu dira Udal Euskaltegiko zuzendari aldaketa edota emakume hautetsien kontrako indarkeria sexistaren aurkako konpromisoa.
Puntu eztabaidatuena azkenekoa izan zen. 'Euskadiko sustapen izaerako tradiziozko zezen ikuskizunak arautzeko lege-proposamenaren aurka' mozioa eraman zuen plenora Elkarrekin Podemos taldeak, baina ez zen aurrera atera. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurka bozkatu zuten eta EH Bildu abstenitu egin zen.
Datorren asteartean eramango dute 2026ko aurrekontua plenora
Xabier Lertxundi alkateak iragarri zuen datorren asteartean ezohiko bilkura izango dela Hernaniko Udalean. Bertan, bozkagai jarriko dute 2026rako prestatu duten aurrekontua.