«Urte batean, bururatu zitzaien Zuhaitz Eguneko bazkaria Akolan egitea, babarrunak eramanda»

Esteban Garmendia (Sagarreta Natur Taldea) 2025ko urr. 18a, 00:00

Esteban Garmendia elkarrizketatzailea, Mendiriz Mendiko Santos Gaincerain eta 'Kixko' Ollorekin.

Aurten betetzen dira 50 urte Hernanin Zuhaitz Eguna ospatzen dela, pandemiako bi urteak alde batera utziz. Sagarreta Natur Taldeak, hori ospatzeko, liburu bat argitaratu du, Udalaren laguntzarekin, Hernaniko zuhaitz aipagarrienak bilduz. Liburua urriaren 22an aurkeztuko da Biterin, arratsaldeko 19:00etan, eta azaltzen diren guztiek ale bana dohainik etxera eramateko aukera izango dute. Argazki erakusketa bat ere antolatu dugu 'Zuhaitzen bizitza ezkutua' izenburuarekin, Biteriko pasilloetan ikusgai egongo dena urriaren 22tik aurrera. Liburu honek omenaldi bat izan nahi du, hainbeste urtetan ekitaldi hau posible egin duten guztientzat, batez ere, Mendiriz Mendi elkartearentzat, beraien parte hartzea ezinbestekoa izan baita urteroko antolaketan. Jarraian doa bertako kide beterano batzuekin egindako elkarrizketa: 'Kixko' Ollo, Joxe 'Txe' Zuza eta Santos Gaincerain.

Zein oroitzapen dauzkazue lehenengo zuhaitz egunaz?

Kixko Ollo: Gogoan daukat lehenengo hura, 1985 urtea izango zen.  Igoingo lepoan egin genuen zuhaitz landaketa eta gero bazkaria Olazarren. Bertara Joxan Goikoetxea eta Idoia Noble etorri ziren soinua jotzera bazkalondoan.

Zeintzuk ziren garai hartako antolatzaileak?

Kixko: Joxe Legarreta zen antolaketaren arduradun nagusia, zinegotzia zen Hernaniko Udalean. Eta harekin, Antton Garin, bere lagun mina, bere 'Txinparta' koadrilako lagunak eta Mendiriz Mendiko beste kide askoren laguntza ere izan zuen beti.

Zein izan ziren garai haietako basozainak?

Kixko: Guk, gehienbat, Anttonio 'Sansonategi' ezagutu genuen, eta 2007tik aurrera Roxario Pikabea. Badakigu aurretik Barrenetxetar bat ibilia zela lan horretan. 

Santos Gaincerain: Anttoniori, erretiratu zen urtean, Mendiriz Mendik omenaldia egin zion, eta plaka bat egin zen bere izenean. Ezin izan zuen pertsonalki jaso, ezkontza bat egokitu baitzitzaion Zuhaitz Egun berean, eta ondoren eman zitzaion.

Zein izaten da Mendiriz Mendiko partaideen zeregina Zuhaitz Egunaren antolaketan?

Txe Zuza: Lehenik eta behin, Udalak deitzen dituen antolaketa bileretara joan eta informazioa jaso. Ondoren, helduontzat ibilaldi bat antolatzen dugu dagokion tokira, plazatik irtenda. Beste kide batzuk, autobusetan banatzen gara, jendea landaketa eremura laguntzeko. Landaketaren ondoren, bertatik hamaiketakoa egingo den tokira ere, guk gidatzen dugu taldea.

Santos: Deialdia egitea, Eskolaz Kanpoko Kirolarekin koordinatzea, autobusak jartzea, landareak ekartzea, basozainaren laguntza, behar diren erremintak eskura jartzea eta hamaiketakoa pagatzea, Udal Ingurugiro teknikariek egin izan ohi dute beti, Olatz Urrutibeaskoak urte askotan, Tamara Zapiainen laguntzaz azken urtetan.

Betidanik ospatu al da egun bakarrean Zuhaitz Eguna? 

Txe: Hasieran egun bakarra izaten zen, eta 1990 urtetik aurrera,  bi egunetan ospatzen hasi zen: larunbatean umeekin joaten ginen, eta igandean helduak joaten ginen landaketa egitera. Ondoren bazkaria egiten zen inguruko jatetxe batean. Bakoitzak zerbait finkoa pagatzen genuen eta gainontzeko guztia Udalak jartzen zuen. 

Kixko: Bazkariak, hasieran, Olazar, Ugaldetxo jatetxeetan eta Ur-Mia elkartean egiten ziren, baina konturatu ginen jende asko ez zela landaketara laguntzera etortzen eta gero bazkaltzera bai. Arrazoi honengatik bazkariak egiteari utzi genion 2012an, eta egun bakar batean egin dena geroztik. Hamaiketakoa Udalak pagatzen du beti bezala.

Zuhaitz Egun bateko partehartzaileak, Aparraingo bordaren kanpoaldean.
 

Zein arduratzen zen hamaiketakoa prestatzeaz? Non egin izan da?

Santos: Hamaiketakoa Ereñotzuko koadrilak prestatu du beti, Joxe Legarretaren familikoak, Minertarrak… Lan itzela egiten dute ogitarteko pila hori urtero prestatzeko. Santa Kruz aitonak eramaten zuen karga guztia bere Land Roverrean.

Txe: Hamaiketakoa, ahal zela, babesa izango genuen toki batean egin izan da: Akolako eta Aparraingo bordetan, Larregain sagardotegian eta baita Ereñotzuko Eskola eta frontoian ere.

Urte guzti hauetan gertatutako pasadizo xelebreren bat baduzue kontatzeko? 

Kixko: Gogoratzen dut nola 1992-93 urtea izango zen, eta Angela Velasco zen orduan Ingurugiro zinegotzi. Eta bururatu zitzaien, bazkaria jatetxe batean egin ordez, mendian bertan egitea. Urte hartan Akolan egin zen landaketa, eta bertara babarrunak eraman zituzten bazkaltzeko. Tomas Goikoetxeak, Morgan jatetxekoak,  prestatu zituen, eta hotz xamarrak iritsi ziren mendira. Halere zortea izan genuen eguraldiarekin. Hurrengo urtean Ur-Miara eraman zituzten babarrunak, baina ez omen ziren denen gustuko izan, eta han bukatu zen gauza. 

Txe: 2004 urtean, sekulako elurtea izan genuen Hernanin, eta ondorioz ez zen landaketarik egin egun hartan. Deialdia egina zegoenez, umeak hartu eta Santa Barbara mendira igo genituen, elurretan jolastera. Helduekin ere, bazkaria eskatua zegoenez, mendi buelta egin zen eta gero bazkaltzera.

Santos: Urte batean, Eskola Kirolak bat egin zuen egun berean Zuhaitz Egunarekin. Eskerrak Maribelekin 4 ume etorri zirela, denak donostiarrak. Bakarrak izan ziren landaketan, alerik ez Hernanikoa. Geroztik kontu handiz koordinatzen da Eskola Kirola eta Zuhaitz Eguna.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!