Hernaniko hiriguneko 112 zuhaitz eta zuhaixka jaso ditu Sagarretak liburu batean

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 18a, 00:00

Liburuaren kontrazalaren zati bat, Hernaniko hainbat zuhaitzen argazkiekin.

'Hernaniko parke eta auzoetako zuhaitzak' liburua osatu du Sagarreta Natur Taldeak, «herrian daukagun altxorra ezagutarazi eta hura zaintzeko kontzientzia pizteko». 'Zuhaitzen bizitza ezkutua' erakusketa ere prestatu dute.

Urriaren 22an aurkeztuko du Sagarreta Natur Taldeak 'Hernaniko parke eta auzoetako zuhaitzak' liburua, arratsaldeko 19:00etan Biterin. Eta egun horretan bertan inauguratuko dute erakusketa ere, 'Zuhaitzen bizitza ezkutua' izenburupean: azaroaren 4ra arte egongo da ikusgai, kultur etxeko pasilloetan.

Liburuak lotura polita dauka aurten 50 urte bete dituen Hernaniko Zuhaitz Egunarekin: «1998an, Zuhaitz Egunaren 25garren urteurrenean, Udalak eta Mendiriz Mendik triptiko bat osatu zuten Hernaniko 10 zuhaitz garrantzitsuenekin. Zuhaitz gida hori berritzea, zabaltzea eta eguneratzea izan da gure ekarpena», azaldu dute Sagarretatik: «Batetik, herriko auzo eta parke bakoitzean daukagun zuhaitz altxorra ezagutzera emateko; eta bestetik, hori zaintzeko kontzientzia pizteko».

Hori horrela, katalogatu dituzte Hernaniko hiriguneko parke eta auzo ezberdinetako 112 zuhaitz eta zuhaixka aipagarrienak, Aranzadiko bi teknikariren laguntzarekin. Denak geolokalizatu dituzte, eta haien berezitasun nagusiak bildu dituzte liburuan: «Batzuk tamainarengatik aukeratu ditugu, beste batzuk edertasunagatik, garrantzi historiko berezia izan dutelako...».

Zuhaitz Egunari bultzada ematea izan da Sagarretak sorreratik izan duen ekimenetako bat; eta liburu honekin, omenaldia egin nahi izan diete Zuhaitz Eguna «hainbeste urtetan mantentzeko ahalegina egin duten guztiei». Testuinguru horretan kokatzen da ondoko orrialdean ageri den elkarrizketa ere, Esteban Garmendiak (liburuaren egileetako batek) Mendiriz Mendiko kideei egindakoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!