Hernaniko Udalaren eta Ekotraderen hitzarmena onartu zuten Iraileko pleno tirabiratsuan

Kronika - Erredakzioa 2025ko urr. 1a, 12:43

Jauregiko bizilagun ugari elkartu ziren plenoan.

Hitzarmena EH Bilduren, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin atera zen aurrera; Elkarrekin Podemosek, aldiz, aurka bozkatu zuen. Jauregikoaz gain, Atzietako gune berdearen urbanizazio proiektuak eta Kulturgune berriaren kokalekuak zeresana eman zuten. Ia bi orduko iraupena izan zuen ikasturteko lehenengo plenoak. 

Ohi baino dexente luzeagoa izan zen ikasturteko lehenengo Udal Plenoa. Zenbait gai korapilatsu landu zituzten bertan: Jauregiko lur kutsatuak tratatzeko plantaren hitzarmena, Atzietaren urbanizazio proiektua edota zenbait ordenantza fiskalen aldaketa, besteak beste. Jauregiko eta Kaxkoko bizilagun ugari elkartu ziren pleno aretoan Udalaren erabakien aurrean kontrakotasuna adierazteko. 

Ekotrade enpresaren eta Hernaniko Udalaren arteko hitzarmena gehiengo zabalarekin atera zen aurrera, baina luze joan zen eztabaida. Jauregiko bizilagunek desegokitzat jo zuten planta eraikitzeko hautatu den tokia, «prezio baxuagatik bakarrik» aukeratu dutela nabarmenduta. Haserre agertu ziren, zenbait pankarta eskuartean zituztela, Hernaniko Udalaren «gardentasun falta» salatzeko asmoz.

Kronikak larunbat honetako alean argitaratuko du Jauregiko Auzo Batzarreko kideei egindako elkarrizketa


Udal taldeen artean ere askotariko iritziak izan ziren. Elkarrekin Podemos izan zen hitzarmenaren aurka bozkatu zuen alderdi bakarra. Jaione Aristregi bozeramaileak adierazi zuen «inguru naturalen falta» dagoela Hernanin, eta «herriak ezin duela gehiago». EAJ-PNVk aldeko botoa eman zuen, plantaren kokalekuarekin «ados egon ez arren». Mikel Gurutzeaga bozeramaileak adierazi zuen «proiektuari hobekuntzak egitea» hobetsi duela taldeak, «berdin berdin aterako zelako aurrera». Ricardo Crespo PSE-EEko bozeramaileak hitzarmenaren aldeko jarrera erakutsi zuen. 


Desadostasun nabarmenak izan ziren Kaxkoko berrurbanizazioarekin ere

Plenoko laugarren puntuan Arau Subsidiarioen 3. aldaketa puntuala bozkatu zuten. Udal ordezkariek Kulturgune berriaren kokalekuari buruz hitz egin zuten batik bat. EAJ-PNVko eta PSE-EEko ordezkariak Kulturgunea Urumea Ikastolako eraikina zegoen tokian kokatzearen aurka agertu ziren, Kaxkoa «kolapsatuko» duela argudiatuta. Aldaketa EH Bilduren aldeko botoekin bakarrik atera zen aurrera; EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten, eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen.

Kulturguneaz gain, ordea, gai horren barruan beste zenbait aldaketa ere badaude. Atzietako inguruaren berrurbanizazioa da horietako bat, eta Kaxkoko zenbait bizilagun joan ziren plenora proiektuari kontrakotasuna adieraztera.


Txotx garaian Hernanira iristen diren autobusen etorrera ordenatzeko lanketa, martxan

Udal Tasetako ordenantzaren aldaketaren puntuan titular esanguratsua eman zuen Xabier Lertxundi alkateak. «Lantzen ari gara, eta lanketa erakutsi genizuen (gainontzeko Udal Taldeei, Txotx Garaiko autobusen etorrera nolabait ordenatzea eta tasarena jartzea». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!