Azken hilabeteetan Santa Barbarako buelta egitera atera diren guztiek sumatuko zuten, bertan ikusitako pankartengatik, zerbait badela Jauregi bailaran. Apirilean eman zuen Kronikak inguru horretan lur kutsatuak prozesatzeko planta jartzeko asmoen berri, eta askotariko informazioa hara eta hona ibili da ordutik. Bizilagunak «mesfidati» agertu ziren hasierako une haietan, eta Hernaniko Udalak «informazioa herritarrei zabaltzen» jarraitzeko borondatea adierazi zuen.
Testuinguru honetan, Jauregin proiektatutako plantaren gaiak berebiziko garrantzia izango du datorren astearteko Udal Plenoan; izan ere, bertan bozkagai jarriko dute Hernaniko Udalaren eta Ekotrade enpresaren hitzarmen proposamena.
Gaiaren garrantzia nabarmenduta, Plenoaren aurretik hedabideekin elkartu dira Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Gorka Natxiondo Ekotradeko ordezkaria eta Antton Lete aholkulari teknikoa, proiektuari eta hitzarmenari buruzko xehetasunak azaltzeko.
Zer da Ekoland?
«Lurrak bioerremediazio bidez garbitu eta berrerabiltzeko egitasmoa izango litzateke Ekoland». Horiek izan ziren prentsaurrekoa hasteko Lertxundik erabili zituen hitzak. 2023an jaso zuen Hernaniko Udalak Ekotrade enpresaren proposamena, eta hasieratik ikusi zizkioten puntu interesgarriak: «Behar bati erantzuten dio; lur kutsatuei soluzio bat ematea. Eta kutsatuak diodanean dira lur ez toxikoak eta ez arrikutsuak. Erantzuna, gainera, modu berri batean egiten da, bakterien bidezko garbiketarekin. Lur horiek berriro martxan jartzeko apustu bat da, ingurumena babesten duen metodo batekin».
Ekoland proiektua Zapiain desguazea zegoen eremuan kokatuko litzateke. Planta eraiki aurretik, lur horiek deskontaminatuko lituzke Ekotradek, ondoren betelana egiten hasteko. Prozesua, ordea, luzea izango litzateke, hitzarmena onartzea lehenengo pausua besterik ez baita: «Epeak oso luzeak dira. Plenotik pasatzen denean, plenoak berresten badu, hitzarmen horretan jasotzen dena abiatzeko moduan izango da. Ekolandeko aktibitatea lur horietan gauzatu ahal izateko, arauen egokitzapen bat egin behar du Udalak, eta tramite urbanistiko hauek urte t'erdi edo irauten dute. Bitarte horretan, Kanpozabaleko eremuaren garbiketa baimenduko genuke».
Natxiondok azaldu duenez, Hernaniko plantak lur kutsatuak birgaitzeko teknologia berriak martxan jartzeko aukera emango luke, eremu horretan laborategi bat sortzeko asmoa ere badutelako. Ekotraderen lana kutsatutako eremuetako materialak hartu eta berreskuratzean datza, ondoren berriro eraikuntzara bideratzeko. Europar Batasunak markatutako araudia geroz eta zorrotzagoa da gai hauekin, eta obretako materialaren ehuneko haundi bat (%40 inguru) birziklatua izatea derrigortzera bidean doa. Horrek, gutxienez, bi onura ditu Natxiondoren ustez: «Batetik, hondakinetatik lehengaia sortzen duzunez, ez duzu harrobietan esplotazio lanik egin behar; eta, bestetik, hondakina berriro erabilgarri jartzen denez, ez dago zabortegietara botatzeko beharrik».
Bizilagunen kezkak, hitzarmenean
Ekotraderen proposamenak kezka ugari sortu ditu Jauregiko bizilagunen artean. Solasaldian ere hitz egin zen eurengandik jasotako zalantzei eta ezinegonei buruz, eta alde guztiek nabarmendu dute hitzarmena lantzeko garaian kontuan hartu dituztela bizilagunen ardurak, «sentsibilitatez» txertatu ahal izateko.
«Aktibitateak ez du zalantzarik sortzen, dena araututa eta adostuta dago. Funtsezkoan denok gaude ados, baina auzokoekin sentsibilitatea izatea beharrezkoa da. Jauregin plantak edukiko lukeen interferentzia aztertu genuen, eta neurriak hartu ditugu interferentzia bisuala eta soinua murrizteko. Trafikoa areagotzeari dagokionez, Udalaren eskaera zehatza izan zen; bide berri bat egitea. Halaxe izango da», azaldu du Natxiondok. Bide berri hori egiteko, ordea, Zerrategitik Urpekaritza elkartera doan bidea baliatuko dute, inpaktua murrizteko.
Planta bertan jartzeak lekarkeen kutsadurak ere zeresana eman du Jauregin. Prentsaurrekoan behin baino gehiagotan nabarmendu dute bertara iritsiko den materiala ez dela «ez arriskutsua, ez toxikoa» izango; hala ere, iristen diren lur kutsatu guztiak eraikinaren barnealdean bakarrik tratatuko dituzte, kamioiak zuzenean plantan deskargatuta. Eraikina eta lan bolumena haunditzeari buruz ere galdetu zitzaien ordezkariei, eta Lertxundik argi utzi zuen hitzarmenean zehaztutakoa dela eraikinaren behin betiko tamaina: «Ez dago planta haunditzeko inolako arriskurik, eremu hori ez da industriagune bihurtuko».
Hitzarmenean adostutako puntu guztiak betetzen ari direla ziurtatzeko, kontrolarekin lotutako eskumen bat ere gorde du Hernaniko Udalak. Lertxundiren esanetan, plantako jardunaren jarraipen zehatza egiteko aukera izango dute teknikariek: «Berez, Eusko Jaurlaritzari dagokio aktibitate hauen jarraipena egitea, baina hitzarmenean txertatzen dugu, Jaurlaritzaren kontrolaz gain, Hernaniko Udalak ere laginak hartuko dituela; Udalak nahi duenean eta Udalak aukeratutako teknikariekin».
Lanpostuen %60, hernaniarrentzat
Solasaldia amaitzeko, ondorio argi bat mahaigaineratu zuen Lertxundik: «Hitzarmenarekin onura publikoa da bilatu duguna». Aurretik aipatutako argudioei lanpostuen sorrera gehitu zien alkateak: «Hainbat lanpostu sortuko dira, eta hitzarmenean sartu dugu portzentaje bat hernaniarrentzat izatea». %60 da adostutako portzentajea.
Asteartean jarriko dute bozkagai Udalaren eta Ekotraderen arteko hitzarmena. Udal Plenoa arratsaldeko 18:00etan hasiko da.