Lur kutsatuak prozesatzeko plantarekin mesfidati agertu dira Jauregiko bizilagunak

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 13a, 00:00

Jauregiko bizilagunek auzo batzarra egin zuten pasa den astean.

Ohar baten bidez adierazi dute prozesuan «ez dela kontuan hartu» euren iritzia. Udalari zenbait galdera zuzen egiteaz gain, administrazio prozedurak eteteko eskatu diote, «eztabaida zabala eta gardena» hasita. 

Azken asteetan hizketagai bakarra dute Jauregi bailarako bizilagunek: Zapiain desguazea zegoen eremuan proiektatutako lur kutsatuak prozesatzeko planta. EKOTRADE enpresak 50.000 metro koadroko planta jarri nahi du martxan bertan, eta albisteak ezinegona sortu du inguruan. Pasa den astean auzo batzarra egin zuten bertako jatetxean, eta auzotarrak mesfidati agertu ziren proiektuarekin eta Udalaren jarduteko moduarekin. Auzo batzarretik eratorritako ondorioak ohar baten bidez hedatu dituzte, zenbait galdera eta salaketa tartekatuta.

Jauregiko bizilagunek martxoaren 13an jaso zuten proiektuari buruzko informazioa, Xabier Lertxundi alkatearen eskutik. Oharrean diotenez, bilera horretan Udalak ez zizkien galderak argi erantzun: «Deigarria izan zen proiektuaren inguruko datu zein irudirik erakutsi ez izana. Proiektuaren inguruan dagoen ezjakintasunak zalantzak eta kezka sortu ditu gure artean». 

Zalantza horiek Udalari zuzenean egindako bederatzi galderatan laburbildu dituzte: «Zer da zehazki egun nahi dena? Zein eragin izango du proiektu honek inguruan bizi garenon osasunean? Zein eragin ekologiko izango ditu? Planta honen azpiko akuiferoak zein kalte jasango ditu? Inguruan dauden negozio eta nekazal esplotazioek zein inpaktu jasango dute? Bada antzeko beste esperientziarik inguruan? Kalteak sortu ezkero, zeini eskatuko dizkiogu ardurak? Hernaniko gune hori al da horrelako enpresa bat ezartzeko lekurik aproposena? Zergatik ari da Udala, ustez, horren onuragarria den proiektuari buruzko informazioa herritarrei ezkutatzen?». 

 

Antzeko planta bat omen dago Parisen

Martxoan egindako bilera horretan Udaletik jakinarazi zieten antzeko planta bat dagoela Parisen. Jauregiko bizilagunek bertan egiten diren prozedurei buruzko informazioa bilatu dute, eta irakurritakoak ere mesfidantza areagotu diela nabarmendu dute: «Jakin dugu lur kontaminatuen artean hainbat mota daudela eta hauek pertsonen osasunarentzako kaltegarriak izan daitezkeela, baita ingurumenarentzat ere». 

 

Administrazio prozedurak eteteko eta eztabaida sakona abiatzeko eskaera

Oharra amaitzeko, eztabaida prozesu bat abiatzeko eskatu dute Jauregiko bizilagunek. «Hainbesteko garrantzia duen eta eragin haundia izan dezakeen proiektu batek eztabaida eta hausnarketa sakona behar du. Gure ezinegona baretzeko zertara arriskatzen garen jakin nahi dugu, guk zuek bezala, zaindu behar ditugun familiak ditugulako», gehitu dute. 

Horrekin batera, planta honekin lotutako administrazio prozedura guztiak «berehala eteteko» eskaera egin diote Udalari.

 

Eraikuntzako hondakin «ez arriskutsuen» proiektuaz dagoen informazioa herritarrei zabaltzen jarraitzeko asmoa Udalak

 

Ekotrade enpresarekin udalak egin nahi dituen hitzarmenak «berme neurriak ezartzeko dira, bai herritarrei informazioa zabaldu ahal izateko eta baita jarduera kontrolatzeko». Hernaniko Udalak «Zero Zabor filosofiarekin duen konpromisoa berresten du».

 

Hernaniko Udalak ekonomia zirkularrarekin eta Zero Zabor politikarekin duen konpromisoa berretsi du. «Ardura horretatik, gure lurraldean egiten diren aktibitate ekonomikoek sortutako hondakinen kudeaketa jasangarri eta iraunkorrerako azpiegituren beharra ezinbestekotzat jotzen du. Ekotrade enpreak indusketatik datozen eta hondakin ez arriskutsu gisa sailkatuta dauden lur kutsatuak kudeatzeko eta tratatzeko instalazio bat eraiki nahi du Hernanin. Material horiek berreskuratzeko bioedizio, garbiketa eta beste teknologia batzuk erabiliko lituzke, eta, prozesuaren bukaeran, eraikuntzako hondakin horiek berriz aktibitate horretan erabili ahal izatea ahalbidetuko litzateke, material horiek zabortegi batean bukatzea eragotziz».

Proiektuaren berri jaso ahala, Hernaniko Udalak hitzarmenak egitea proposatu dio enpresari, berme osagarriak ezartzen dituzten elementuak direlako.

«Hau da, jarduera kontrolatzeko eta herritarrekin sozializatzeko prozesua bermatzen dute hitzarmen horiek, herritarren aurrean gardentasunez, konpromisoz eta erantzukizunez partekatu ahal izateko. Hitzarmenik gabe, ezin izango litzateke sozializazio prozesu hori aurrera eraman».

Horri dagokionez, esan behar da hitzarmenaren zirriborro bat egin eta proiektuaren markoa jartzen hasi dela udala, eta «aurrerantzean ere ahal den gardentasun gehienarekin lan egiten jarraituko duela, sor daitezkeen zalantzak argitzeko».

Proiektuaren izaerari dagokionez, «argi utzi nahi dugu Udalak ez duela ahalbidetuko hernaniarren osasunari eta ingurumenari kontrolik gabeko inpaktu negatiboak eragingo dizkion proiekturik. Bere lana da hori ez gertatzeko baldintzak bermatzea eta hori bermatzeko prestasun eta asmo osoarekin ari da lanean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!