Erreportajeak

Sudur gorriarekin beti da ostirala

Erabiltzailearen aurpegia Markel Oiartzabal 2025ko ira. 20a, 00:00

Zenbat jende dagoen argazki honetan... Mertxe, Markel, Joxe Mari, Marimotots, Zapotxin eta Porrotx!

Irailaren 28an 'Ostirala iritsi da' emanaldia eskainiko dute Atsegindegin Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek. Sarrerak eta informazioa eskuragarri daude katxiporreta.eus webgunean. 

 

Ez dakit oso ongi gaurkoan Joxe Mari, Mertxe eta Markel bildu diren, edo Porrotx, Marimotots eta Zapotxin diren mahaiaren bueltan eseri direnak. Izan ere, bi izenak entzunda giratuko lukete hirurek burua. Beraien barruan bizi baitira bi izenak, bi izaerak, bi itxurak zein bi bihotz eta buruak. Pertsonaz edo pailazoz mozorrotuta, begirada beretik begiratzen dute elkar.

Zapata haundiak maletan, ibilbide luzea egin duzue, ia 38 urte ez dira makalak –Hasi da elkarrizketa-. Zenbat zapata pare, zenbat sudurgorri, zenbat ileorde, zenbat kilo pintura… Ibilbide luze hori ezin liteke zenbakitan lurreratu.

Ezin dira zenbakitan lurreratu, ez… Haurrek erakutsi digute, ospitaleko haurrek bereziki, erakutsi digute bizitza zenbatu daitekeela urtetan (alegia, zenbakitan) edo zenbatu daitekeela abenturetan (alegia, pintura kilotan). Sudurgorrion bizitza irriz, negarrez, ametsez, maitasunez eta abenturaz beteta dago…

Ispilutxo bat atera du Markelek, eta Joxe Mari eta Mertxeri jarri die parez pare. Txikia da, pailazoek euren burua (eta ingurua) kolorez betetzeko erabili ohi dutena bezalakoa. Bertatik ez beren burua soilik, denboran atzera ikusteko leihotxoa ireki dute eta 38 urte egin dute atzera.

Ispilu honek ikusiko zituen akaso, 'Kutxa magikoa', 'Esperpentoa', 'Telebista berria', 'Musika 
kontzertua', 'Elektro-txup', 'Harrijasotzailea', 'Izebaren bisita', 'Arrautza egosia', 'Oki oki goxoki!', 'Karta magikoak', 'Marrazkilariak', 'O, panpox!'… eta 'Kokororikoko', grabatuta geratu den lehenengo abentura…

Hasiera haietan, euskara eta alaitasuna partekatu eta zabaldu nahi genituen (Hala da, bai!). Nagusiki gaztelera zabalduta zegoen herrian… gure herrian. Gerora ikusi eta ikasi genuen eredu ere bagarela eta euskarari zein irriei baloreak ere gehitu genizkien. Denok daukagu zer eman eta zer jaso, zer ikasi eta zer irakatsi… eta sudurgorria tresna ederra da horretarako, bizitzaz hausnatzeko, Euskal Herria Euskal Irri bihurtzeko eta koloretako mundua osatzeko.

Takolok 'Txiztil' tramankulua asmatu zuen, gauzak tamainaz eta kolorez aldatzen zituen asmakizun hura. Zuek ere, handituko zineten lehen urte horietan, kolorez eta itxuraz aldatu ere akaso… Makina barrutik Pirritx atera zitzaigun gainera… Orain Takolo, Pirritx eta Porrotx ikusten ditu ispilutxoak…

Amona Josefinarekin batera, Pirritx, Marimotots. Balioei hezkidetza ere gehitu genien (oinarrizkoena dugun balioa). Beraien irriak, bihurrikeriak, kantuak eta dantzak taldearen zati izan behar zutelako.

Hasieran gizonak bakarrik ziren oholtzan, baina, publikoari begira jarrita denetatik ikusten dugu. Haur guzti horiek erreferenteak behar zituzten, hori garrantzitsua zen. Zen eta da!

Beltzi txakur leihalarekin, Tantaka Yotanka sioux jakintxuarekin eta etxean Makarroiak jaten taldea indarra hartuz doa… Baserrian Amona Josefiña maitagarria, hondartzan Plisti-plasta Teresa Markesa martxosa, herriko plazan Parrandan Bittori gautxori… Aupa Kintxo! 
Barriletearekin Nikaragua aldetik hegan eta haren alboan, erratz gainean Poxpolin Marisorgin… Sudurgorrien lagun mina izan zara Mertxe eta zure eskutik zenbait eta zenbait bidaide.

Zuk akaso nik baino hobeto ezagutuko dituzu pertsonaia horiek. Erronka bat izan zen, gorpuzkera bat eman behar diozu, ahoskera bat, izaera bat… desberdinak ziren. Izan behar ziren. Iritsi ginen arte Marimototsengana eta hor beste erronka. Erronka da urteko pertsonaia aldatzea, baina erronka da ere geratzea.

Takolo baserrian geratu zen, amona Josefina zaintzen… Patata patata! Ateratako argazki erraldoian Pirritx eta Porrotx ageri dira orain. Eta Tider… Euskal Herrira itsasoa zeharkatuz etorri zen lagun Erberea. 'Ni Porrotx' eta 'Ni Pirritx'… izenen atzetik euskara ere ikasi zuen. Mertxe, Tiderren antzera zuk ere euskara koxkortuta ikasi zenuen.

Eskolan ikasgaia soilik zen euskara eta arrotza izan zen niretzat. Institutuan berriz, lehenengo euskaldunak ezagutu nituen, usurbildarrak, lasartearrak… Lagunak egin nituen eta korridorera ateratzean euskaraz entzuten nituen. Inbidia sentitzen nuen. Lehenengo 'klik' hura izan nuen, ulertu nahi nituelako eta euskaltegian eman nuen izena. Bigarren 'klik-a'… euskaltegitik barnetegira… ulertu eta hitz egin nahi nuelako. Barnetegitik bueltan izan nuen erronka ere, izan ere, ingurukoekin hizkuntza ohiturak aldatu behar. Kuadrilak eta pailazoek asko lagundu didate, goiz batean konturatu nintzen arte euskaraz amestu nuela.

Noizbait esan dizuet maite zaituztedala? Esango nuke, Maite zaitut! Esaten zuekin ikasi dugula gainera… Romi ijito txikiari egindako kantu alaia, Euskal Herriaren ereserki bihurtu zenuten… eta hogei urte beranduago 14.000 herritarren 'Maite zaitut!' oihartzuna entzun zen Barakaldon…

Gu herri bezala bagatoz nonbaitetik… Eskola nazionaletatik gatoz eta bertako sistema pedagogikoa oso zorrotza eta zigortzailea zen, euskara hitz egiteagatik gutxiesten gintuzten, sentimendu eta emozioen lanketarik ez zen. Gizartea bera ere zurruna zen balioetan, adierazpen askatasun horretan (Ez zen hitz egiten horretaz). Guk 'Maite zaitut!' egin eta eztanda izan zen, txosnetatik hasi zen gainera, elkarri kantatu genion abestia behetik gora! Pailazoen hitz absurdoetan lotsak kendu eta maite zaitut errazago esan diogu elkarri! Bizitzaren motorra maitasuna bada, pailazoona are eta gehiago!

Marimotots ezagutu genuen orduan, eta geratzeko etorri zen. Sudurgorriek lagun minik badute hori Marimo da...

Marimok, hezkidetzarekin batera, aniztasuna gehitu zuen taldera. Marimototsen jaiotza izan zen neska eta haurra denaren begirada zabaltzea. Urteetan bilakatu gara, pertsonok bezela, pailazook ere. Pirritx bihurria da, andereñotik badu zerbait, larrosa kolorea maite du (gona du…). Marimototsek aniztasuna eman zigun begiradetan, galtza motz beltzak ditu, betaurrekoan, zuhaitzetara igotzen da, putzuetan salto egiten du. Beste eredu bat eman digu Marimototsek.

Eskerrik asko! Tristurak eta pozak gurekin partekatzeagatik! Mototsak ere erori zitzaizkion eta Piratak duten indarra erakutsi zigun…

Erronka handia izan zen taldearentzat (Erronka eta mugarri). Ospitalean egindako bisitetako batean ezagutu genuen Ane, beranduago Ane Pirata bihurtu zena. 16 urte zituen ezagutu genuenean eta musika entzungailuarekin prest zen bere gelako ohe gainera igota 'Maite zaitut!' pailazooi kantatu eta dantzatzeko. Alaitasun hori, indar hori, energia hori oholtzaratu nahi genuen. Eta orduan erabaki genuen, Marimototsi mototsak eroriko zitzaizkiola.

Familia handituz doa… ispilutxoko borobil txikian ez gara ia sartu ere egiten… 
Kluba! Irrien lagunak kluba osatu zenuten, Pupu eta Lore jaio ziren, Zazpikoloroa ere batu zen festara… eta Sentitu, Pentsatu, Ekin! 25 urte elkarrekin!

Joxe Mari eta Porrotx; Mertxe eta Marimotots; Aiora eta Pirritx… eskutik helduta doaz, biek eman eta jasotzen dute elkarrengandik. Aiora haurdun geratu zen eta Aiorarekin Pirritx. Amatasuna lantzeko leihoa ireki zen horrela, gure haurtxoak nola hezi galdera aireratu genuen. Oholtzako lanaz gain, beti izan dugu gizarterako begirada eta Irrien Lagunak kluba horrela sortu genuen. Baliabideak sortu genituen, Pupu eta Lore hazi eta heziko genituen bezala, inguruko haurrak ere hezteko. Natura, zientzia, euskara, kultura, berdintasuna… Horiek dira gure kluba!

25 urtetan Bizipozaren sekretua partekatu duzue gurekin. Hoberena eman eta hoberena jaso. Leire Bilbaok kontatu zigun bizipoza ulertzeko hamaika modu daudela, bakoitzak berea duela. Zuentzat zer da Bizipoza?

Marimototsentzat bizipoza gauza asko dira… lagunak, lankideak, familia (Marimo eta Metxerentzat hiruak familia diren arren), elkarteak eta elkarteetako haurrak, zuek bezala bidea egiten ari zareten pailazo berriak… Pentsatzen hasita, eguna hasi eta bukatu arte, nirekin partekatzen duen oro da bizipoza!

Bizizopa! (Ez Porrotx, bizipoza esaten da – Zuzendu du Marimototsek). Bizizopa! (Ezetz eta ezetz! – oraingoan Zapotxinek zuzendu du). Niretzat Bizipoza bizizopa dela! Borobilean dastatzen dugun zopa! Elkarteak batuz joan dira borobilera eta proiektua handituz joan da! Irrien Lagunak proiektuko zati zena Bizipoza bihurtu zen!

Txo, Mikmak txikia, Ilargi, Amalur… Tipi tapa korrika! Borobilean eseri ginen 
guztiak… hori baita gure forma geometrikoa. Musua airean, Bizi Dantza gorputzean… Tristurak, pozak, beldurrak partekatzen ari ginela, (ez Koro eta ez Marialuisa… Porrotx!), Koronabirusa hurbildu zen gurera… Horrek ere eragingo zizuen tristurik, pozik, beldurrik…

Eragin zuen, noski. Lana egiteko (eta elkarrekin egoteko) moduak aldatu zizkigun, gure artean sekula ordenagailu bidez bildu gabeak ginen. Ikasi behar izan genuen. Baina, inoiz baina gehiago urrundu ginen hartan, jendearengandik eta lagunengandik gertu mantendu ginela sentitu genuen, etxetik baina egon ginela sentitzen dugu.

Heriotza gertu izan genuen garai hartan, Marimototsen ama ere hil zen. Heriotzari begira jarri gintuzuen, oroitzapenei helduta, intxaurrondoaren ondoan zutik! Denok oroitu genuen Loreto eta denok dastatu genituen Amaren Intxaurrak. Heriotza ere errealitatea da, heldu zein haurrena, ezta?

Gaia buruan genuen aspalditik, ez zen koronabirusarengatik izan hautua. Dolua bizitzeko modu bat lortu nahi genuen, zuhaitzen eta oroitzapenen bidez. Mezu ugari iristen zaizkigu, zuhaitzondotan familiak bilduta. Itziber ere joan zitzaigun eta berekin oroitzen gara egunero. Heriotza gertu dugu eta hitz egin behar da heriotzaz.

Marimori ama hil zitzaionean adibidez, intxaurrondoaren bueltan bildu ginen. Eta pailazoon lagun min izatetik familia izatera igaro zen.

Kerrek-kerrek, grr-grr, txio-txio eta Kui Kui… txori alaien kantuen artean beste hamar! Hogeita hamabost! Amonak dagoeneko 110, ez da makala… Amonak halere, erakutsi zigun urteak betetzea bezain garrantzitsua dela abenturak bizitzea, bera, Urteak bete, abenturak bizi!

Ospitaletan ikasi genuen hori… Ane Pirata hil zenean esan genuen… Ze laburra, baina ze polita izan zen.

Argazkia atera du Joxe Marik eta hatzaz sainalatu du Ane Mertxek. Oholtzan gainean beraiekin dantzan. Oholtzan ere partekatu zituzten abenturak pirata ausarta eta sudurgorriek.

Ane hortik gutxira hil zitzaigun.

Oholtzara igotzen dira Joxemari eta Mertxe, Porrotx eta Marimotots ondoan zuten zuhaitzera… akaso bat bestea baina traketsago. Zuhaitzetik begira daudela Pirritx ikusi dute amonaren etxera bidean, atarian daude Takolo, Pirritx eta Amona. Zuhaitzetik uluka eta kantuan berri Porrotx eta Marimotots. Markel eta Zapotxin, behetik ari dira deika, jaisteko eta jaisteko! Ez gara jeitsiko! Diote sudurgorriek, zuhaitzetik gauza politak ikusten direla: Baserria, Amazonia, Irati eta… Ostirala! Badakizue, zuekin beti dela ostirala guretzat?

Naturak beti izan du tokia gurean… Baserrian, Amalur… Aurreko urteko saioan zuhaitzez zuhaitz Iratitik Amazoniara egin genuen bidaia. Asko hitz egiten da kutsaduraz, kontzientzia badugu, baina, ez dakit ahaleginik egiten dugun horren aurka egiteko.

Zuhaitzetara Alboan Fundazioarekin batera igo ginen, proposamenarekin etorri zitzaizkigun eta ezezagun izatetik lagun izatera iritsi gara. Diska, ipuina, emanaldia… oholtza berean bukatu dugu denok!

Beraz, ez! Ez gara jaitsiko natura salbatu arte!

Hurrengo astean, hilak 28, igandea izan arren Ostirala iritsi da! Kantatuko dugu 
denok Hernanin!

Transmisioaren gaiari heldu diogu oraingoan. Beti izan dugu gure lanerako moduan transmisioa, elkarteetatik eta ingurukoetatik. Oraingoan Txapas izango da protagonista. Manolo Urbietaren lagun mina, irakasle zarauztarra. Bikote honen kantuekin osatu dugu diska eta emanaldia! Txapas irakasle izan zen… baina, herrigintzan dabil jo ta su! Ostirala iritsi da! omenaldi bat da bere lana bokazioz egiten duen edonori, Haurrekin ari garenean (irakasle edo pailazo) maitasunez eta bokazioz aritzea garrantzitsua da eta ikuskizun horretan kutxa magikoen bidez, Txapasek guri erakutsitakoa oholtzaratuko dugu (Eta guk haurrei erakatsiko diegu).

Ispiluari begira daude hirurak… Zenbat lagun, zenbat kantu, zenbat abentura… Mundu magikoa sortu dute sudurgorriek, koloretako irripidea, ezinezko ametsak,irriak barra barra eta malkorenbat edo beste… Hori guztia ez da ispilutxoan kabitzen, ispilua begiratzen duten begietan baizik. Iragana ikustarazten duen bezala etorkizuna erakusten ote du ispiluak?

Gu umeei begira gaude orain, gazteei. Beraiek gu begiratu gintuzten bezala begiratzen ditugu beraiek. Zertan dabiltzan, zer pentsatzen duten (zirkulua istea bezala). Pailazo belaunaldi berria indartsu dator, osasuntsu dago euskal pailazogintza eta belaunaldi oparoa dator.

Emakumezkoak animatuko nituzke oholtzara! Lehengo lerrora! Erreferenteak behar ditugu eta animatu behar ditugu!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!