Goraino bete zen asteazken arratsaldean Sandiusterriko areto nagusia. Iñaxio Sanzek 'Hernaniko ibilbide laburrak' liburuxka aurkeztu zuen bertan, Gudarien plazan hasi eta bukatzen diren 17 ibilbiderekin osatutako lana. Iñaki Sanz semea arduratu zen ekitaldia gidatzeaz, eta etxeko giro goxoan errepasatu zuten azken emaitza honetara iristeko bidea.
Hasiera batean 3 ibilbide prestatzeko enkargua egin zioten Iñaxiori Goiz Eguzkitik, baina, bistan denez, gustua hartu zion lanari. Herriko txoko gutxi geratu dira osatutako mapatik kanpo, eta hiru ezaugarri betetzen dituzte ibilbide guztiek: batetik, plazan hasi eta bukatzen direnez, ez da kotxean mugitzeko beharrik; bestetik, edozein adinetako pertsonek osatzeko modukoak dira; eta azkenik, herria sakonago ezagutzeko aukera ematen dute. «7 eta 10 kilometro arteko ibilbideak dira, 170-270 metroko igoera metatuarekin. Salbuespen bakarra herriko bi ermitak hartzen dituen ibilbidea da, 360 metroko igoera metatua du horrek», zehaztu zuen Sanzek.
19 urterekin hasi zen mendian ibiltzen Iñaxio, eta eskarmentu haundia du gisa honetako ibilbideetan. Mendiriz Mendin ere urte asko igaro ditu irteerak antolatzen, eta bere datu zehatzen arabera, 100 irteeratik gora prestatu ditu 25 urtetan, horrek eskatzen duen lanketa guztiarekin.
Iñakik nabarmendu zuen inguruko mendien bidez ase duela aitak mendizaletasuna, eta beste datu zehatz batekin erantzun zion Iñaxiok: «Inguruko mendietako ehuneko oso haundi bat daukat eginda; Gipuzkoako eta Nafarroako ia denak, Arabako eta Bizkaiko %45-50, eta Iparraldean ere asko ibili izan naiz».
Futbola utzi orduko, mendira
Mendizaletasuna zainetaraino sartuta dauka aspalditik Iñaxiok. Aurkezpenean 1969ko argazki bat proiektatu zuten, Adarrako tontorrean ateratakoa. 19 urte zituela hasi zen mendian gehiago ibiltzen, futbola utzi eta segituan. Afizioa nondik datorkion galdetuta, etxekoak aipatu zituen: «Ez dakit zehazki nondik datorkidan. Gure aita ehizan ibiltzen zen mendian, eta nik ez dut sekula eskopetarik hartu. Amaren baserrira ere asko joaten ginen, baina baserritarra ere ez da mendizalea izan ohi, lantokia duelako mendia».
Ideia hori belaunaldi aldaketaren erakusgarria dela gehitu zuen Iñakik: «Lehen mendia baserri munduari eta ehizari lotuagoa zegoen, ondoren mendizaletasunaren bolada dator, eta gaur egun gehiago ikusten dugu jendea mendian korrika edo kaskoa jarrita. Aldatzen doaz gauzak».
Dudarik ez dago mendizaletasunaren belaunaldikoa dela Iñaxio, hori erakusten dute behintzat behin eta berriro ematen dituen datu zehatzek. Iaz, esaterako, 2850 kilometro osatu zituen mendian: «Cadizera joan eta buelta, eta 700 kilometro sobran!», azaldu zuen barre artean.
Berandu iritsi eta presidente
Iñaxiok Mendiriz Mendirekin izan duen erlazioa ere aipatu zuten aurkezpenean. 1990an sartu zen elkarteko zuzendaritzan, erdi kasualidadez: «Asanblea hasita zegoela iritsi nintzen, eta aipatzen zen aldaketa bat behar zela. Orduan, berandu iritsi eta presidente atera nintzen bertatik». Urte zailak igaro zituen Mendiriz Mendik, eta orduko hartan egindako lanari esker egoerari buelta ematea lortu zuten.
Liburuxkak eskuragarri, Turismo bulegoan
17 ibilbideekin osatutako liburuxka eskuragarri dago jada Hernaniko turismo bulegoan.