Erreportajeak

«Doako osasungintzaren alde bagaude, zergatik ez doako etxebizitzaren alde?»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 22a, 00:00

Xabi Agirrezabala, Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuko kidea.

Zehazki etxebizitzaren negozioari, beste behin, ezetz esateko bi asteren faltan elkartu da Kronika Xabi Agirrezabala hernaniarrarekin. Apirilaren 5erako manifestazioa antolatu dute, egeurdiko 12:00etan Donostiako Bulebarretik. Helburu argia dute:  doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitza aldarrikatzen dute, baina aldaketa, ezinbestean, sistema honen beraren gaindipenarekin batera iritsiko dela ere azpimarratu dute.

 

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak manifestazioa deitu du apirilaren 5erako. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da mobilizazioa Donostiako Bulebarretik, eta beste behin, etxebizitzaren negozioari ezetz esateko eguna izango da. Sindikatuaren hitzetan, «enpresarien eta politikarien eskuetan ez dago etxebizitza arazoari irtenbide eraginkorrik emateko aukerarik», eta kontrara, benetako aldaketak lortzeko bidea «kaleetan egindako presioa» dela aldarrikatu dute. 

Xabi Agirrezabala Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea mobilizatzeko beharraz, etxebizitzaren egungo egoeraz, eta sindikatuaren eguneroko jardunaz aritu da Kronikarekin. 

Zeren aurka mobilizatuko zarete apirilaren 5ean Donostian?

Etxebizitzarekin egiten den negozioaren aurka mobilizatuko gara, negozio honek berak galarazten baitu etxebizitzarako sarbide unibertsala bermatzeko edozein aukera. Enpresari eta politikari profesionalen eskutik ez dugu konponbiderik espero, eta langileon interesen alde mobilizatzea dagokigu.

Zein da manifestazioaren helburua?

Manifestazio honekin urrats bat gehiago eman nahi dugu etxebizitzaren aldeko mugimendu zabal bat antolatzera bidean, zeinak doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den etxebizitzaren alde borrokatuko duen.

Zertan aldatu da etxebizitzaren arazoa aurreko ziklo ekonomikotik?

2008 urteko krisiaren ondorioz hipotekei lotutako etxegabetze ugari izan ziren. Gaur egun, ordea, egoera ezberdina da: langileon pobretze prozesuak aurrera egin ahala, geroz eta jende gehiago bizi da alokairuan. Askok ezin die aurre egin alokairu prezioen gorakadari, eta izugarri egin dute gora alokairuei lotutako etxegabetzeek. 

Jendearen pertzepzioa ere aldatu da, lehen kaleratzeen aurkako jarrera orokortuagoa zegoen. Orain, aldiz, gutxiago, kaleratzearen atzean bankua egon ordez, jabe partikular bat dagoenean batez ere. 

«Hein haundi batean etxegabetzeak nornalizatu ditugu. Jendearen pertzepzioa ere aldatu da, lehen kaleratzeen aurkako jarrera orokortuagoa zegoen. Orain, aldiz, gutxiago, kaleratzearen atzean bankua egon ordez, jabe partikular bat dagoenean batez ere» 

 

Nori eragiten dio bereziki etxebizitzaren arazoak?

Gure aholkularitzetan garbi ikusten dugu etxebizitzaren arazoaren aurrean zaurgarrienak direnak langile etorkinak direla. Higiezin enpresa eta jabe askok filtro arrazistak ezartzen dituzte alokatzeko orduan, eta ahots azentua entzutearekin batera esaten dizkiete “jada beste pertsona bati alokatu diogu” eta antzerako gezurrak. 

Honek izugarri zailtzen du etxebizitza bat topatzea, eta honi gehitzen badiogu okerren ordaindutako lanak askotan etorkinek egiten dituztela, zer esanik ez.

Honez gain, ezin dugu ahaztu gazteek emantzipatzeko duten ezintasuna, urtetik urtera okertzen doana. Ezta orohar, etengabeko prezio igoerak eraginda, langile klaseak etxe baten hipoteka edo alokairua ordaintzeko dituen zailtasunak.

Behin baina gehiagotan salatu duzue etxegabetzeak gertatzen direla Hernanin, azkena 'bloke beltza' deritzaion eraikinekoa izan zen, Alokabideren eskutik egikaritu zena. Etxegabetzeak normalizatu ditugu?

Hein haundi batean bai. Zenbaitek etxegabetzerik gabeko herria deitzen dioten honetan ere ematen dira etxegabetzeak, eta hauetako asko isilpean ematen dira gainera, inor ohartu gabe. Etxegabetze agindua jasotzean asko erresistentziarik egin gabe joaten dira, inguru sozialik ez duten beste herriren batera edota kalitate askoz ere okerragoko pisuetara. Guzti horiek ere etxegabetzeak dira.

«Askok etxebizitzaren arazoa eskaintzaren eskasian kokatzen dute, eta konponbide moduan aurkezten dute eskaintza sustatzea, etxebizitza merkatua erakargarriago egitea konponbidearen parte balitz bezala. Etxebizitzarena da dagoen merkatu errentagarrienetako bat»

 

Instituzioek hamaika irtenbide proposatu dituzte azken urteetan, baina hauek muga nabarmenak dituztela diozue

Hala da. Alderdi ezberdinek gobernatutako instituzioetatik etengabe ari dira etxebizitzaren inguruan hitz egiten. Inork ez du, ordea, etxebizitzaren merkantzia izaera bera zalantzan jartzen. 

Alderantziz, proposatzen ari diren neurriek izaera hori indartzen dute: eraikuntza ziklo berri bat etxe mordoa hutsik edota turismora bideratuta daudenean, alokairurako dirulaguntzak, zuzenean jabeen poltsikoetara doazenak, edota jabeentzako salbuespen fiskalak dira honen adibide.

Askok etxebizitzaren arazoa eskaintzaren eskasian kokatzen dute, eta konponbide moduan aurkezten dute eskaintza sustatzea, etxebizitza merkatua erakargarriago egitea konponbidearen parte balitz bezala. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Etxebizitzarena da dagoen merkatu errentagarrienetako bat, eta honek espekulatzaile gehiago erakartzea besterik ez dakar. Espekulatzaile hauen esku hartzeak, era berean, prezioen igoera sustatu besterik ez du egiten.

Zein da Etxebizitza sindikatutik egiten duzuen proposamena?

Lehen aipatu bezala, ezinbestekoa da mugimendu indartsu bat antolatzea langileon aldeko neurriak bultzatuko dituena. 

Epe laburrean, hartzen diren neurriak irabazien kontura har daitezela exijitu behar dugu: jabe handien etxebizitzen espropiazioa, prezioen jaitsiera orokortua, eta ez soilik kasu konkretu batzuetan igoera mugatzea, errentismoari ematen zaizkion dirulaguntzen etetea...

Epe luzera, helburua doako etxebizitza da, kalitatezkoa eta unibertsala. Askori kosta egiten zaio hau imajinatze hutsa, baina doako osasungintzaren alde bagaude, zergatik ez doako etxebizitzaren alde? Jakin badakigu hau ez dela posible egungo sisteman, beraz, etxebizitzaren aldeko mugimenduak sistema honen gaindipena ere izan behar du helburuen artean.

Gaur gaurkoz, zein tresna dituzue eskaintzeko herritarrei? 

Aholkularitza bulegoak izan ohi ditugu bi astean behin Andoaineko Igara espazioan, Eskola Kalea 4 behea. Asteazkenetan egiten ditugu saioak, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara bitarte.

Aholkularitzetara arazo ezberdinekin gerturatu ohi da jendea. Kasu larrienak etxegabetze arriskuan dauden pertsonenak dira, baina horrez gain, ohikoak izaten dira bestelako zenbait egoera ere. Besteak beste, abusuzko klausulak, jabeak kontratua amaitu aurretik kaleratu nahi izatea edota alokairu errentaren bapateko igoerak. 

Batzuetan nahikoa izaten da jendeari legeak aitortzen dizkion eskubideen berri ematea bere egoera bideratu ahal izateko. Argitzea zein kasutan dauden babestuta jabearen kontratu-etete saiakera baten aurrean, zein diren higiezin enpresek kobratu ezin dizkieten kontzeptuak eta abar.

Bestalde, jabe, higiezin edota bankuekin bitartekaritza lanak ere egiten ditugu, eta zenbait kasutan, borroka prozesuak antolatzen laguntzen dugu. 

Azken honen adibide dira Euskal Herri mailan La Caixak “alokairu eskuragarriekin” egin duen espekulazioa pairatzen duten hainbat bloketako bizilagunen borroka edota Pasaiako Portuak kaleratu nahi dituen Escalerillas-eko bizilagunen erresistentzia.

 

Escalerillaseko bizilagunek, Etxebizitza Sindikatuko kideekin batera, prentsaurrekoa egin zuten martxoaren 20an Trintxerpen, bizilagunek jaso dituzte jada euren etxetik botatzeko demanda judizialak.


Aurrera begira, zein erronka ditu sindikatuak Hernanin? 

Gure planteamenduekin bat datozen herritarrekin harremanak zabaltzea da helburu nagusia, sindikatua indartzeko eta lan sindikal zein politikoa beste maila batetara eramateko.

Sindikatura batzeko deia egiten diezue herritarrei, baita apirilak 5eko manifestaziora batzekoa ere

Hori da. Herritarrei antolatzeko deia luzatzen diegu. Bide batez, manifestazioaren nondik norakoak azaltzeko egingo dugun asanblada irekian parte hartzera ere gonbidatzen dugu jendea. Asanblada martxoaren 29an izango da, larunbata, goizeko 11:00etan Biteri Kultur Etxean.

 

Apirilaren 5ean 'Etxebizitzaren negozioari ez' lemapean mobilizatzera deitu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!