Mahaiaren bueltan elkartuta, solasean, zaila da Damian Pedrosa Barbarekin elkarrizketa bakarra izatea. Duela bi aste kaleratu zuen bere bigarren liburua, 'Abrazos entretejidos', lau hamarkadatan Hernanin bizitakoak kontatzen dituena. Eta horri buruz hitz egiteko elkartu gara berarekin.
Lau hamarkada horien aurretik, ordea, filmetakoa dirudien 'beste' bizitza bat zeukan bizita argentinarrak, Hernanira iritsi arte. Kasu gehienetan dramatikoa edo tragikoa, baina baita erromantikoa ere, pasarteren batean. Eta zaila da, horrelako kontuak aipatzean, galdera gehiago ez egitea.
Horrelaxe atera dira, solasaldian bezala paperean, elkarrizketa beraren barruan bi. Hementxe segidan, liburuari eta Hernanin bizitakoei buruzkoa; eta hurrengo orrialdean, berriz, hona iritsi bitartean bizitakoaren kontaketa laburra.
Nolako harrera izan du liburuak?
Oso ona, oso pozik nago. 10 eguneko epean, hiru aldiz eraman behar izan ditut liburu gehiago Herrilurrera eta Plazako Estankora. 200 ale bakarrik inprimatu nituen, baina...
1985eko martxoan iritsi zinen Hernanira, eta ordutik bizitakoak jaso dituzu liburuan. Nolakoak izan dira lau hamarkada hauek zuretzat?
Oso pozik bizi izan naiz beti Hernanin, jendearen gertutasuna sentitu dut hasieratik. Hortik dator izenburua bera ere, 'Abrazos entretejidos'; etxean hartua eta babestua sentitzen naiz Hernanin. Argentinara bueltatzeko esaten badidate... Bisitan bai, baina ni hemengoa naiz dagoeneko. Horrekin lotuta, badaukat anekdota bat. Hernanin bizitzen hasi ginenean, hiru edo lau urtetik behin joaten ginen Argentinara. Eta aurreneko bi bisitetan, hitz egiten nuenean, oraindik ere 'haiek' ziren euskaldunak, eta 'gu' argentinarrak. Baina hirugarren bisitan, nahi gabe, hasi nintzen 'zuek' esaten argentinarrei, eta 'gu' euskaldunak aipatzerakoan.
Hasieratik ibili zara saltsa ugaritan...
Bai, hala da. Orduantxe sortu zen Molotoff irratia, eta haietako batek ezagutzen ninduen. Irratira joateko esan zidan, eta proposatu zidaten Argentinari buruz hitz egitea. Astero joaten hasi nintzen, eta saio bat eduki nuen. Garai hartan egin nituen harreman batzuk, gaur egunera arte mantendu ditut. Orduan hasi nintzen Hernani sentitzen nire herri gisa. Oso oroitzapen onak dauzkat.
Sorgin dantza berreskuratzeko prozesua ere gertutik bizi izan zenuen, ezta?
Zer zen ere ez nekien, noski. Baina Molotoffeko norbaiti bururatu zitzaion sorgin dantza berreskuratzea San Joanetan, eta taldetxo bat hasi ginen hura prestatzen. Lursail batean egin genituen entsaioak, eta ondoren, herrian barrena ibili ginen sorgin dantzarekin. Niretzat dena zen berria, txundituta nengoen. Ez nekien benetan ari nintzen bizitzen hura guztia, pelikula baten barruan ote nengoen, Erdi Aroan nengoen... Horrela bizitu nituen 1986ko San Joanak.
Filosofia irakasle izan zinen Hernanin, iritsi eta gutxira...
1987an lortu nuen plaza bigarren hezkuntzako irakasle izateko, hutsune bat sortzen zenean. Lehentasuna neukan tokia aukeratzeko, Hernani hautatu nuen, eta juxtu orduan geratu zen plaza hutsik Hernaniko Institutuan. Bi urte eman nituen bertan. Pentsa, Luix Intxauspe alkate ohia izan zen nire ikasleetako bat. Beste jende bat ezagutu nuen bertan, eta beste giro batekin. Oso bereziak izan ziren bi urte haiek. Era berean, garai gatazkatsuak eta zailak ziren, ETA, Triple A, mobilizazio asko, grebak... Baina egoera zailetatik nentorren Argentinatik, eta ohituta nengoen.
Gogoan dut Marxismoari buruzko zazpi hitzaldi ere eskaini nituela larunbatetan, 15:00etan, programan ez zegoelako sartuta Marxismoa. Pentsatu nuen 10 lagun etorriz gero ez zegoela gaizki, eta aurreneko saiora 15 etorri ziren. Baina hortik aurrera, 35, 60, 80... eta 100etik gora ere elkartu ginen. Gela bat uzten zidaten, eta ez ginen kabitzen. Azkenerako, areto nagusia erabiltzen utzi zidaten. Horrela, berehala integratu nintzen ikasleen artean. Baina bi urteren ondoren, plaza finkoa lortu nuen Beasainen, Txindoki Institutuan.
Gaztelaniaz ematen zenituen klaseak orduan?
Bai. Beasaingo eskolan nengoela ikasi nuen euskeraz hitz egiten. 1990ean hasi nintzen han klaseak ematen, gazteleraz. Orduan erdia zen euskeraz eta erdia gazteleraz, baina bost urteko epean euskera hutsekoa izatera pasa zen Txindoki Institutua. Orduan, liberazio bat lortu nuen euskera ikasteko, eta filosofia euskeraz ematen hasi nintzen 2001ean. Potentea izan zen hura! Zortzi urtez aritu nintzen dena euskeraz ematen. Arazoa zen eguneroko joan-etorria errepidean, arriskutsua zen, eta bizpahiru susto izan nituen. Eta aukera suertatu zenean, Donostiako Usandizagara aldatu nintzen. Lanpostua erderaz zen, eta zalantza egin nuen, euskerarekin jarraitu nahi nuelako; baina ingurukoek esan zidaten osasuna zela garrantzitsuena. Orduan galdu nuen euskeraz aritzeko erraztasuna, eta pena eman zidan.
Garai horretan, hasiera-hasieratik hartu zenuen parte Amher elkartean ere.
2000 inguruan izan zen, Niko Elizondoren ekimenez. Niri proposatu zidan parte hartzea, eta arlo ekonomikoaz arduratzea. Asmoa zen laguntza ematea herrira iristen diren migranteei. Hona datozenean, ez dakite zer egin, nori galdetu... Horretarako sortu genuen elkartea. Zein tramite egin behar zituzten azaltzeko, hizkuntzarekin bitartekari lanak egin zitzakeen jendea bilatzeko... Baina horrez gain, bertakoengan ere eragin nahi genuen, eta landu nola hartzen dituzten bertakoek kanpotik datozenak. Horri begira hasi ginen antolatzen nazioarteko gastronomia festa, adibidez.
Eta irakaskuntzan jubilatzear zinela, berriz, zinegotzi sartu zinen Hernaniko Udalean.
1990 inguruan, Herri Batasunaren zerrendan sartzea proposatu zidaten hauteskundeetarako, eta esan nien bukaera aldera jartzeko. Laguntzeko prest nengoela, baina ez nuela inon azaldu nahi. Gerora, Luix Intxauspe alkate zela, Bilduren batzarretara joaten nintzen, bereziki migrazioari begira, ordezkari gisa. Eta 2015eko hauteskundeei begira, Bilduko norbaitek proposatu zidan berriro zerrendan agertzea, baina gorago; ez daukat ondo gogoan nor izan zen, beharbada Luix bera. Nik ez nuen neure burua zinegotzi ikusten, baina esan zidaten migrazioaren gaia ezagutzen nuenez, arlo horretan aritu nintekela, politika sozialean. Zerrendako bederatzigarren izatea eskatu nuen, eta uste nuen ez genituela bederatzi lortuko; gehiengo absolutua zen hori. Baina bai, lortu genuen bederatzigarrena ere!
Horrela, udaletxea barrutik ezagutu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?
Ez zen erraza izan. Adin bat neukan, klaseak ematen ari nintzen oraindik, eta Amherren eta SOS Arrazakeriaren bileretan hartzen nuen parte. Orduan, Udalaren bileretan ere parte hartzea, potentea izan zen. Bilera gehiegi ziren, fisikoki nekagarria. Baina politikoki oso gustura aritu nintzen Udaleko lantaldean. Dena erabakitzen genuen denon artean. Gai guztiak eramaten genituen talde osora, eta norberak ematen zuen bere iritzia. Asko gustatu zitzaidan hori, eta horrexegatik joaten nintzen bilera guztietara. Irekia eta adiskidetsua zen taldeko giroa. Polita zen edozein erabakitan parte hartzeko aukera izatea.
Kale Literatura taldeari ere eskaini diozu atal bat liburuan, ezta?
Bai, Molotoffen aritutako taldetik sortu zen Kale Literatura taldea. Parte hartzera animatu ninduten, eta ni prest. Aukeratutako gaiarekin lotutako testuak idazten nituen, eta horietako batzuk txertatu ditut liburuan, lauzpabost. Testu haiek euskeraz idatzi nituen, eta paradojikoki oraingoan gaztelerara itzuli behar izan ditut, liburuan jartzeko.
Tucumango bahiketa eta torturatik, San Asensioko maiteminera
Benetan dirudi nobela batekoa Damian Pedrosaren bizitzak, Argentinako unibertsitate garaietatik Hernanira iritsi zen arte. «Modu gordinean» bizitu zuen Argentinako diktaduraren errepresioa.
Bere bigarren liburua du 'Abrazos entretejidos', Damian Pedrosak. Aurrenekoa, 'Almarión, historias arrancadas del olvido', 2009an argitaratu zuen. Eta horretan kontatu zuen Hernanira iritsi bitarteko ibilbidea: benetan nobela batekoa dirudien bizitza.
50 urte egin du atzera, kontaketa hasteko: «Modu gordinean bizitu nuen Argentinako azkeneko diktaduraren errepresioa. 1975ean oraindik ez zegoen diktadurarik, demokrazia baizik; baina Tucumanen bizi nintzen ni, mendi inguruetan; eta bertan gerrilla bat hasi zen finkatzen, Kubako erara. Aitzakia horrekin, Kongresuan eskuindarrek lortu zuten probintzia osoa deklaratzea zona militarizatu, 1975eko otsailean. Estatu kolpea baino urtebete lehenago izan zen hori, pentsa, 1976ko martxoaren 24an izan baitzen estatu kolpea. Tarte horretan, bahiketak eta denetik izan ziren gurean».
Unibertsitatean zegoen bera, San Miguel de Tucumanen; eta nabarmendu du «indar eta prestigio haundia» zeukala bertako mugimendu unibertsitarioak: «Fabrika bateko langileek zerbait lortu nahi zutenean, eskatzen ziguten haiekin batera greba egiteko, ziurtatzen zutelako dena paralizatuko genuela». Horregatik, zona militarizatu deklaratzean, «errepresio haundia» egin zuten haiengan: «Erlazionatu gintuzten mendian finkatu ziren gerrillekin, baina ideologikoki antzekoak izan arren, guk kalean egin nahi genuen indarra, demokrazian geundelako. Ejerzitoarentzat, ordea, denak berdinak ginen, eta sekulako errepresioa jasan genuen. Gure taldean 100 lagun baginen, diktaduraren ondoren 30 baino ez geunden bizirik. Gainerakoak, hilda edo desagertuta».
Bahiketak hasi zirenean, Pedrosak dagoeneko ez zeukan taldekideekin loturarik, desadostasun ideologikoak izan zituztelako Peronen agintaldia hasi zenean. «Tarteka elkartzen nintzen haiekin kalean, eta kontatzen zidaten bahitu eta torturatu zituztela. Arriskuan ikusi nuen nire burua, baina hilabeteak pasa ahala, uste nuen salbu nengoela, inork ez zuelako nire izenik aipatzen torturatzen zituztenean. Gabonetan, amak dirua eman zidan Brasilera ihes egiteko, baina esan nion ordurako ez baninduten bahitu, jada ez nindutela eramango. Eta handik hiru astera bahitu ninduten. 17 egunez torturatu ninduten egunero, eta egun batean, kotxean sartu eta begietako benda kendu zidaten. Orduan pentsatu nuen 'akabo', mendira eraman eta buruan tiro egingo zidatela. Baina kartzelara eraman ninduten. Han lortu nuen familiari jakinaraztea, 20 egunez ez baitzuten ezer jakin nitaz».
Kartzelan sartu eta hilabete pasatxora izan zen estatu kolpea, eta kartzelan bertan montatu zuten kontzentrazio esparrua: «Argirik gabeko gela batean sartu gintuzten, eta horrela egon nintzen zazpi hilabetez. Noizbehinka irekitzen ziguten atea komunera joateko, baina orduan makilekin jotzen gintuzten, txakurrak askatzen zizkiguten komunean geundela, paperik ere ez genuen... Eta tarte horretan, nire familiak ez zekien ezer».
Nazioarteko presioagatik atera behar izan zituzten handik, Amnistia Internacionaleko ikuskariak kartzelera joateko beldurrez; eta Buenos Airesera eraman zuten, Sierra Chicako kartzelera. Handik idatzi zion familiari aurrenekoz, eta haiek lagundu zioten gero, La Platako kartzelean zegoela, ihesbidea topatzen: «Baliatu nuen diputatuek beraien babeserako egin zuten lege bat. Horrek zioen, arrazoi politikoengatik preso hartuz gero, herrialdetik ateratzeko eskubidea zenuela. Bi aldiz egin behar izan nuen eskaera, eta urtebete baino gehiago itxaron; baina azkenean onartu zidaten, eta Madrilera eraman ninduten, nire aita espainiarra zelako».
San Asension mahatsak biltzetik, Ekuadorren ikasketak bukatzera
Madrilen, ACNURek (Alto Comisionado de Naciones Unidas para Refugiados) eskainitako etxe batean bizi izan zen hasieran, eta Cruz Rojaren jantokian egiten zituen otorduak. Argentinako eta Uruguayko jendearekin izan zuen harremana, eta haietako batek luzatu zion lanerako aukera: «Filosofiako lizentziatura lortzeko irakasgai bakarra falta nuen, baina horrela, egindako guztiak ez zeukan baliorik Espainian. Beraz, edozertan lan egiteko prest nengoen, eta uruguaytar batek proposatu zidan mahats-bilketan aritzea, Errioxako San Asension. Eta halaxe egin nuen».
Orduan ezagutu zuen, gaur egun bere bikotea dena: «Gauetan herriko tabernara joaten ginen, eta bertan entzun genuen taldetxo bat Latinoamerikako abestiak kantatzen. Liluratuta, haiengana joan ginen, eta euskaldunak ziren. 10 egunerako zeuden bertan. Haiekin harremana egin genuen, eta gauero elkartu ginen. Neska haietako bat gustatu zitzaidan niri, Txaro, baina beti ikusten nuen beste mutil batekin... Eta azkeneko egunean, despeditzeko unean, jakin nuen bere anaia zela! Baina jada ezin nion ezer esan, Madrilera bueltan gindoazelako. Eta handik aterata, lagun bat etorri zitzaidan, esanez ezin nuela hain tuntuna izan, eta ezin nuela alde egin neska harekin hitz egin gabe. Horrela, hantxe geratu nintzen ni bakarrik, eta hurrengo gauean tabernara joan nintzen berriro. Zuhaitz baten atzean ezkutatu, eta iritsi zirenean beraien atzetik azaldu nintzen, esanez autobusa galdu nuela. Orduan, tabernara sartzeko unean eskutik heldu nion Txarori... Eta gaur arte».
Garai hartan, Gasteizen bizi zen Txaro, oñatiarra izan arren, magisteritza ikasten ari zelako: «Ni Madrilera bueltatu nintzen, eta bera bisitan etorri zen lau egunez. Eta bueltan abiatu behar zuenean, nik ere motxila bete nuen, eta berarekin etorri nintzen Gasteizera». Dirua lortzeko, larruzko poltsak, sandaliak eta bestelakoak egiten hasi zen, eta kaleko txoko batean saltzen zituen asteburuetan: «Plaka bat ere eman zidaten, herriko artisaua nintzela zioena. Baina iritsi zen une bat, makineria erosi behar nuela artisau jarraitu ahal izateko, eta utzi egin nuen».
Gasteizera etorri eta urte eta erdira, Txaroren aitaren urtebetetzea ospatzera joan ziren Oñatira, eta Damianen bizitzak beste norabide bat hartu zuen orduan: «Bertako apaizak bazuen nire egoeraren berri, eta otorduan gerturatu zitzaidan, esanez aukera neukala filosofia ikasketak Ekuadorren bukatzeko, erdia konbalidatuko zidatelako. Seminaristek akordioa omen zeukaten hangoekin, horretarako. Ni ez nintzen seminarista, ordea... Eta apaizak berak egin zidan dokumentazio guztia, esanez seminarista nintzela. Horrela joan ginen Txaro eta biok Ekuadorrera. Gainera, Txarok izeba bat zeukan han, misiolari. Argentinatik ihes egindako irakasleak neuzkan, maila haundikoak, eta txundituta nengoen. Urte eta erdian bukatu nituen ikasketak, eta ondoren, irakasle aritzeko aukera ere izan nuen unibertsitatean. Txaro, berriz, dantza talde batean hasi zen, eta nazioarteko birak ere egin zituen. Oso garai polita bizi izan genuen bertan... baina bi urteren buruan, erabaki genuen Euskal Herrira bueltatzea, hura ez zelako gure kultura, oso gustura egon arren. Hona bueltatzean, filosofia Donostian ematen zenez, bertara etortzea pentsatu genuen. Eta alokatzeko etxe bila, Hernanira iritsi ginen, 1985eko martxoan».