Erreportajeak

«Kale mailan dauden aldarrikapen asko pentsaezinak dira epaitegietan»

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 8a, 00:00

Maria Perez eta Garazi Plazaola, Irule kooperatibako kideak.

Irule abokatu taldeko kidea da Garazi Plazaola. Berak eta Macarena Mugicak abiarazi zuten proiektua, eta bereziki, indarkeria matxistarekin lotutako kasuak lantzen dituzte. Plazaolak nabarmendu du, zaila dela epaitegietan diskurtso feministatik lan egitea, kasuak ez baitira genero ikuspegitik aztertzen.

 

Irule ohiko abokatutza edo jardun juridikoa beste modu batera aurrera eramateko motibaziotik sortu zuten Garazi Plazaolak eta Macarena Mugicak. Gaur egun Maria Perez ere batu da proiektura, eta hiruren artean zerbitzu juridikoa, ikuspuntu feminista batetik lantzen dute. Abokatu partikular bezala zein elkarteentzako egindako lan bolondresaren bitartez, argi ikusi zuten, bezero eta hartzaileek dituzten behar eta eskakizunei egoki erantzuteko, ezinbestekoa zela ikuspuntu feminista bat aplikatuko zuen artatze integral bat aurrera eramatea.

Erabakia hartu zutenetik, gai ezberdinak izan dituzte eskuartean baina, batez ere, emakumeek familia inguruan izan ditzaketen arazoak eta indarkeria matxistarekin lotutakoak artatu dituzte kasu gehienetan. 

 

Nondik dator Iruleren izana?

Gipuzkoako Emakume Bananduen Elkartean topatu ginen Macarena Mujica eta biok. Aholkularitza juridikoa ematen hasi ginen elkartean, eta ordutik, aholkularitza juridikoa ematen jarraitzen dugu. Testuinguru horretan egin genuen topo. Biok beste bulego batean lanean ere bagenbiltzan, baina bagenuen biok konpartitzen genuen sentimendu, kezka eta gogo bat: ikusten genuen bazegoela behar haundia emakumeek ekartzen zizkiguten kezka horien aurrean, bestelako zerbitzu bat ematekoa, gardenagoa eta gertuagoa izango zen zerbitzu bat. Bestalde, gure lan eremuak oso eremu maskulinizatuak izanik, bakarrik eta desberdin ere sentitu izan gara. Prozesu judizialak beste modu batera bizitzeko gogoarekin sortu zen Irule, batez ere, emakumeei bideratutako zerbitzua emateko, ikuspuntu feminista batetik.

 

Nolakoa da ikuspuntu feminista hori?

Oso kontzeptu zabala da. Alde batetik, barne mailan saiatzen gara gure ongizatea bermatzen, profesionaltasuna bermatzeare­kin batera. Bestetik, diskurtso feminista epaitegietaraino eramaten saiatzen gara. Pedagogia feminista egiten dugu epaitegietan, gure jardunean, idatzietan edo egin behar ditugun interbentzio desberdinetan. Hizkuntzatik hasi, alegazioetatik igaro eta defendatu ahal ditugun eskubideetaraino. Akzio estrategikoak egiten saiatzen gara, ahal den heinean. Azkenaldian, adibidez, defendatzen ari gara amek egiten dituzten zaintza lanak, aitek egiten dituztenekin alderatuta, askotan oso desproportzionatuak izaten direla. Lanean gabiltza zaintza lanak errekonozituak izan daitezen, eta beraz, isla ekonomiko bat ere eduki dezaten. 

Askotan, justiziatik espero duguna ez dator bat gure itxaropenekin

Guztiz. Horregatik, emakumeek abiarazten dituzten prozesuetan, edozein dela prozesua, juridikoa ala ez, beraien bidelaguna izaten saiatzen gara, askotan prozesuetan justiziatik espero dezakeguna ez delako iritsiko ditugun itxaropenetara. Baina, prozesu bat egitea, laguntza enpatiko eta konfiantzazko batetik, jada ematen du erreparazio moduko bat. Prozesua bera garrantzitsua da, emaitza bakarrik kontuan eduki gabe.

 

Ohiko abokatutza beste modu batera aurrera eramateko hautua egin duzue, nola?

Beste modu bateko jarduna aurrera eramaten dugula esaten dugunean, balio eta oinarri zehatz batzuetaz ari gara. Besteak beste, gatazken artatze integrala egiten dugu, hots, bezeroak dakarren arazoa aztertzeaz gain, egoera orokorrean zein den jakiten ahalegintzen gara, beharrak, helburuak eta testuingurua lantzen saiatzen gara. Horrela, eta beste elkarteekin saretuta gaudenez, deribazio desberdinak egiteko aukera edukitzen dugu. Euskeraren sustapena ere badugu ardatz, eta gure oinarrietako puntu zentrala ere bada bezeroaren ahalduntzea eta jabetzea. Ekonomia sozial eta eraldatzailean kokatzen garen kooperatiba ere bagara, eta gure helburu antzekoak dituzten kooperatibekin elkarlanean gaude. Bereziki, iaz sortu zen Larrutik Interkooperazio Feministarekin egiten dugu elkarlana. Gertutasuna eta enpatia ere badira gure jardunaren zutabeak, eta ohiko abokatutzatik askotan aldentzen gaituena. Baina, gure jarduna markatzen duen ardatz nagusia, lana ikuspuntu feminista batetik egitea da.

«Zaintza lanek balioa dutela bere horretan defendatzeak bakarrik harridura sortzen die askori»

 

Errespetatuak sentitu zarete epaitegietan?

Egia da batzuetan tokatzen zaigula defenditzea gauzak inork ulertzen ez dituenak, edo ez datozenak bat operadore juridikoak dituzten ohiko logikarekin. Zaintza lanek balioa dutela bere horretan defendatzeak bakarrik harridura sortzen die askori. Gainontzeko abokatu eta fiskalen partetik ere, nahiko bakarrik sentitu izan gara, baina asko lagundu digu ekipoan lan egiteak. Gogorra da, noski, abokatutzak duen zurruntasun guztia kontuan izanda, askotan egoera bidegabeen aurrean gorputza jartzea ez da erraza izaten, horregatik ez genuen lantaldean lana egitea beste modurik ikusten. 

 

Ez al dago arrakala haundia kale mailan jada ohikoak diren aldarrikapenak epaitegietara eramandakoan?

Bai, esango genuke justizia administrazioa, pentsa genezakeen bezala, badela zaharkitua dagoen sistema bat, asko kostatzen zaiona logika berrietan mugitzea. Herrian gero eta normalizatuago dauden zenbait alor pentsaezinak dira epaitegietan. Hala ere, askotan diskurtsiboki defendatzen duguna eta errealitatearen artean ere alde haundia dago. Egunero ikusten ditugu familia egoera ezberdinak, eta errealitatea bestelakoa dela ikusi dezakegu, bai zaintzaren banaketan, bai ekonomikoki nork duen boterea... hor oraindik gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Are gehiago, indarkeria egoerak daudenean ere, oraindik zaintza partekatuak ematen dira erasotzaileekin. 

 

Jakina da indarkeria matxisten kasu gehienak ez direla epaitegietara iristen. Zergatik pasatzen da hau?

Halaxe da. Faktore askok determinatzen dute emakumeek ez jartzea salaketarik. Alde batetik, indarkeria beraren identifikazioa egongo litzake, bizi garelako indarkeria erabat normalizatuta dagoen gizarte batean. Indarkeria kasu asko denboran luzatzen dira, urteetan zehar askotan, eta hor barruan dagoen pertsonak ez du identifikatzen indarkeria existitzen denik ere. 

Beste alde batetik, badago prozesu juridikoarekiko mesfidantza, helburua ez delako garbi antzematen, prozesu horretan pasa daitekeenarekiko ezjakintasuna dagoelako, eta batez ere, epaitua izateko beldur haundia dagoelako. Oso eremu pribatuan gertatzen dira indarkeria matxista diren kasu asko, eta askotan froga bakarra dago, emakumearen deklarazioa. Frogarik ezean, ohikoa da emakumeek egiteko ezer ez dagoela pentsatzea. Guk zirrikitu txikienak ere irekitzen saiatzen gara, frogak lortzen, informeak bilatzen... kasuaren balorazio detailatua egite aldera.

Abokatu batengana jotzea ere bortitza izan daiteke, presioa eta beldurra sentitzen dute askok. Desinformazio juridikoa oso haundia da, lehenengo artatzeak ere izan daitezke esperientzia txarrak, eta hau ere izan daiteke ez salatzeko muga bat. Noski, emakumearen diru sarrerak ere determinatzen dute erabakia. Arrazoi anitzak dauden arren, argi dago zerbaitek ez duela ondo funtzionatzen gure gizartean, emakumeek ez dutelako konfiantzarik sinistuak izango direla eta edukiko dutela prozesu bat bere denborak errespetatuko dituena.

 

Beraz, eraso matxista jasan duen emakume bati bide judiziala hastea gomendatuko zenioke?

Guk aholkularitza guztietan, hemen gertu Astigarragako Emakumeon Etxean eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan adibidez, lehenengo kontaktuan saiatzen gara sortzen emakumea entzuteko espazio egokia, ondo entzuteko zein den bere egoera, bere beharrak, helburuak eta itxaropenak zeintzuk diren jakitea interesatzen zaigu. Ondoren, pixkanaka, informazio osoa emanez eta jakinez zeintzuk diren alternatiba desberdinak eta berak dituen eskubideak, estrategia pertsonala zein izango litzatekeen marrazten dugu. Gure interesa beti-beti ez da izango salaketa bat jartzea, ez da izango helburu bat inoiz, helburua izango da emakumeak daukan behar horri erantzutea. Daukagun iruditegian, salaketa da helburua, eta gu ez goaz bat irizpide horrekin. Prozesu penal batekin aurrera egitea erabakitzen badugu, benetan emakumeak nahi duelako izango da, eta emakumea prest dagoenean.

 

Sareetan geroz eta emakume gehiagok partekatzen dituzte sexu erasoen testigantzak

Alde batetik, iruditzen zait badela sintoma bat, hitz egiten ari garenaren sintoma bat. Eraso gehienak ez dira argitara ateratzen, ez dute prozesu kolektibo edo publikorik. Emakumeek kontrara, horrelako egoerak oso modu ohikoan eta kantitate oso haunditan jasaten ditugu. Hor islatzen dena da, badagoela gogo bat behingoz hau jakina izatekoa eta gure testigantzak irakurriak eta publikoak izatekoa. Bide hau hautatzen dute emakume askok, ofizialki eskaintzen diren bideak ez direlako eskuragarriak, errazak edo azkarrak. Sareek mugak dituzte, noski, eta testigantza elkarbabatze horretan geldituko da ondoren akzio kolektiboago bat egiteko nahirik ez bada, edo beste nolabait ez bada egituratzen salaketa. Baina, nik azpimarratuko nukeena zera da, ez gaituela batere harritzen, existitzen den errealitate bati erantzuten diola eta mahaigainean jartzen hasi garela.

 

Eskaintzen dituzuen zerbitzu guztietan bezeroaren ahalduntzea bultzatu nahi duzuela diozue

Honek lotura zuzena du gertutasunarekin, enpatiarekin eta gardentasunarekin. Honekin ja­­da ahalduntzea sustatzen dugula iruditzen zaigu, emakumeei beren eskubideez informatzen, prozesu judizial ezberdinen inguruko informazio gardena ematen eta beraiekin batera egiten bidea. Bermatuz ulertzen dutela ematen duten pausu bakoitza, erabakiak hartzen dituztela eta beraiek izanez prozesuaren protagonista eta jabeak. Bestalde, lan haundia egiten dugu artatzeetan bertan zein epaitegian, ahal den heinean, indarkeria kasu guztiak kokatzen egitura patriarkal baten barruan, hau da, ulertarazten ez direla kasu isolatuak, logika baten barruan gertatzen direla, eta emakume guztiak gaudela sistema honen menpe. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!