Olatz Altuna (Hernani, 1983) igerilari hernaniarra erreferente da gaur egun Euskal Herriko igeriketan. 2010-2011 denboraldian utzi zuen igeriketa, bere ibilbidean zehar, Espainiako Txapelketetan dominak lortuta eta Euskal Herriko 50 metro libreko errekorarrekin. 12 urte eta gero 40 urterekin, 2023-2024 denboraldian, berriz ekin zion konpetizioari. Gainera, emaitza onekin itzuli da eta ekainean Espainiako Txapelketan parte hartuko du.
Igeriketan emakumeen eta gizonen artean ba al dago berdintasunik?
Nik uste beste kiroletan baino askoz gehiago. Alde horretatik eredu da. Espainian adibidez Mireia Belmonte da igerilaririk ezagunena eta erreferente nagusia, gizonezkoen gainetik. Kopuru aldetik ere oso orekatua dago. Beste kirol askotan orain hasi dira emakumeak bisualizatzen eta igeriketan hori aspaldiko gauza da, berdintasun haundia dago.
Bueltatu aurretik, zenbat urte egin dituzu igeri egin gabe?
12 urte egin nituen igerilekura sartu gabe. Nire azken konpetizioa Espainiako Kluben Arteko Kopa izan zen Fortunarekin, 2011ko apirilean.
Nolatan bueltatu zinen pasa den denboraldian?
Tartean ama ere izan naiz. Urte askotan kirol gutxi egin nuen. Duela lau urte OCRko lasterketetan hasi nintzen partehartzen Denontzatekin, semea bertan hasi zelako. Kirolaren har hori mugitzen hasi zen tripetan, baina hankeko lesio batek geldiarazi zidan. Erreabilitazioan esan zidaten kirola ezingo nuela egin, ez behintzat korrika. Igeri egiten hasi nintzen, lanera joan aurretik. Pixkana gustora sentitzen hasi eta Jon Murua entrenatzaileari (garai bateko Hernaniko entrenatzailea eta Gipuzkoa Teknifikazioko arduraduna) deitu nion. Beraiekin entrenatzen hasi nintzen 50 metro estilo libreko proba prestatzeko. Garbi neukan 50 metrorako prestatuko nintzela, hortik gora ez.
Beste kirol batzuetan alderantziz izaten da. Adinarekin abiaduratik fondora igarotzen dira.
Horrela da. Igerilekuan ez. Indarra mantentzen da eta abiadurara egokitzen dira hobeto adineko igerilariak. Metro asko egin gabe, abiadurako entrenamenduekin, gimnasioko lana eginda... abiadurako probak dira egokienak. Gainera, semearekin, lanarekin, familiarekin, etxearekin... denbora asko ez nuen nahi entrenatu.
Espero al zenuen lortu dituzun denborak egitea eta maila horretan itzultzea?
Disfrutatzeko itzuli nintzen, helburu finkorik gabe. Ez nuen uste lortu dudan mailara iristea. Ez dira garai bateko denborak, baina Espainiako Txapelketarako denbora minimoa egin nuenean ezin nuen sinestu.
Txapelketetan igerilaririk zaharrena al zara?
Nirekin igerian aritzen ziren igerilariak orain entrenatzaileak dira. 2023ko abenduan Bidasoa taldeak Ohorezko Mailako Espainiako Kopara eraman zidan. Hiru hilabetetan Espainiako igerilari onenen txapelketan nengoen. Egia da txapelketa horretan parte hartu zuela Erika Villaecijak eta ni baino urte bete gazteagoa da, baina Jessica Vall eta Mireia Belmonte ni baino bost eta zazpi urte gazteagoak dira eta han hurrengo zaharrenak ziren. Hala ere, oso gustora egon nintzen. Gazteekin egotea oso esperientzia aberasgarria da. Nola erlazionatzen diren gaur egun ikusten duzu. Entrenatzen ere 16-23 urte bitarteko igerilariekin nabil, baina hor ere oso gustora. Jatorrak dira.
Mutilekin eta neskekin entrenatzen duzu. Erreferente zara taldekideentzat?
Talde polita osatu dugu. Koneksioa dago beraiekin eta ikusten dut erreferente naizela eta estimua didatela. Esaten didatenez motibatzen omen ditut. Ikustea familia duzula, lana, adinean gora... eta hori beraientzat pizgarria dela esaten didate.
27-28 urterekin utzi zenuen igeriketa. Kirol horretan adin horrekin gutxik jarraitzen dute. Hori ere izan daiteke gaur egungo igerilarientzat eredu?
Denborarik onenak adinean gora egin nituen, 26 urterekin, igerilari batentzat. Igerilari askok oso gazte uzten dute kirola eta pena da. Neskek oraindik ere gazteago uzten dute. Badirudi unibertsitatea hasita igeriketa amaitu egiten dela eta hori ez da horrela. Egia da oso gazterik entrenamendu gogorrak egiten direla, ia egunero, disziplina askorekin eta orduak sartzen dira. Horrek igerilaria gazte erretzen du. Emakume heldu oso gutxi ikusten dira goi mailako igeriketan. Kirola egiteak laguntzen du eta azkenean zure buruarekin lehiatu behar duzu. Denboraldi hobeak eta txarragoak izango dituzu, baina beti egiten dizu mesede.
Beraz igeriketan jarraitzeko animatzen dituzu gazteak.
Dudarik gabe. Oso gazte uzten da igeriketa, askok saturatuta amaitzen dutelako. Gero Masterretan igerilaria bueltatzen da, baina urte askotara. Igeriketak eskaintzen ditun baloreak bizitzarako asko balio dute.
Masterretan ere egin duzu igeri, errekorrak eta urrezko dominak lortuta.
SwimCamp Getxorekin fitxa masterra atera dut. Giro bikaina sortzen da. Hor bai, ikusten da adin guztietako jendea. 90 urteko gizon-emakumeak igeri egiten ikustea ederra da. Emakume asko ikusten dira eta sozializatzeko ere balio du. Neska talde dezente topatu nituen.