Proba pilotuaren ostean, bigarren urtez aholkularitza zerbitzua martxan jarri duzue
Iazko urtea proba pilotua izan zen, eta aholkularitza zerbitzu honek funtzionatuko ote zuen jakiteko izan zen gehienbat. Otsailetik ekainera bitarte egin genituen saioak, 15ero eta 3 orduz. Balorazioa ona izan zen, jende asko hurbildu zen eta momentu batean itxaron zerrenda ere egin behar izan genuen. Orain, bigarren urtez antolatzea erabaki dugu. Azaroan hasi ginen eta printzipioz urte guztirako zerbitzua izango da. Gainera, saioak bikoiztu egin dira, astero izango dira orain, ostegun arratsaldetan.
Gazteei bideratutako saioak izango dira, ezta?
Bai, zerbitzua 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzako antolatu da. Gazte bakoitzak, printzipioz, bost saio izango ditu, eta guraso edo tutoreentzako saio bat ere eskaintzen dugu, informatiboagoa. Bost saio izanda, eta problematikaren arabera, agian ezin izaten dugu terapia oso bat burutu, baina nolabait gazteek laguntza eskatzea lortzen dugu.
Lehenengo saioetan elkar ezagutzen dugu. Nik, bereziki, gazteari entzun eta informazioa jasotzen dut lehenik, eta gero, zerbait ematen saiatzen naiz. Bost saioak amaitzean, deribazioak ere egin izan ditugu, baina beti beraien esku dago erabakia. Beraiek dira korapiloaren jabe.
«Lehenengo hurbilpen bat egiteko balio du, psikologora joatearen estigma kendu dezaten»
Iruditzen zait azken urteotan asko aurreratu dugula psikologora joatearen estigmaren aurrean, baina oraindik ere, ezjakintasunez jarduten dugu. Askotan ez dakigu zer aurkituko dugun horrelako zerbitzuetan, horregatik, zerbitzu honek lehenengo hurbilpen bat egiteko balioko du, psikologora joatea zer izan daitekeen ikusteko. Doako saioak dira, denen eskura egon nahi dugulako.
Bestalde, normalizatu ditugun egoera batzuei buelta bat emateko aukera ere eskainiko du zerbitzuak, gauzak aldatu daitezkeela ikustarazteko lan bat egongo da atzean. Esaterako, batxilergoko ikasleen kasuan, selektibitatearen aurrean negarrez eta urduritasun etengabean egotera ohituta badaude ere, agian horrela izan behar ez lukeela ikustaraztea.
Gero eta gazte gehiago joaten dira psikologora?
Zalantzarik gabe esango nuke gero eta gazte gehiago ausartzen direla psikologora joatera. Iruditzen zait, umeak psikologora joaten direla helduak bezala, eta ohikoa dela, baina hor badagoela adin tarte bat, gazte eta nerabeek osatzen dutena, non ez den hain ohikoa izaten. Aldaketa gehien ematen den unea izaten da gainera gaztaroa, eta bidelagunak beharrezkoak diren etapa bat da. Gero eta gazte gehiago datozen arren, urte horietan oraindik badago erresistentzia moduko bat.
Askotan pentsatu ohi da psikologora joateko baldintza barrutik hautsita egotea dela
Psikologora joateko ideia gauzatu baduzu, eta ausartu bazara, benetan da konsziente zarelako badagoela zerbait zure barruan edo inguruan ez doana bide zuzenetik. Inor ez doa medikura ez badu uste dena ondo dagoela. Inor ez doa psikologora ezpada minik edo ezinegonik, zerbait landu, edo ulertu nahi bada. Baina aldi berean, psikologora joateko baldintza ere ez da puskatuta egotea. Psikologora joateak bide asko ireki ditzake. Egonkor egonik ere, joan zaitezke psikologora prebentzio lan bat egitera eta ikastera. Estigma hori ere kentzen joan behar gara, fisiora korapilotxoak kentzera edota giharrak lasaitzera joaten garen moduan.
Osasun mentalaz etengabe mintzo garen garaian, benetan aurrerapausoak egin ditugu arlo honetan?
Nik uste dut baietz, osasun mentalaz aritzea, egunerokotasunera ekartzea eta lurreratzea ia bada aurrerapausoa. Hala ere, sare sozialetan bereziki, 'edozer esan daitekeen' sare horietan, sentsazioa dut osasun mentalaren inguruan edonork edozer esaten duela. Mila gauza esaten dira sareetan psikologiaren inguruan, benetan askoz ere azalpen luzeagoa behar dutenak. Estimuluz betetako gizarte batean bizi gara, eta psikologia ez da eskuan barita magiko bat izatea, behar du denboratik, ezinbestean. Sareetako abiadura horretatik esplikatzen baduzu psikologia, motz gelditu zaitezke. Sareetan osasun mentalaren inguruan zabaltzen diren mezuek kalte haundia egin dezakete, eta arriskutsuak izan daitezke; gainera, praktika hori ez dator bat osasun mentalarekin, ez eta zaintzarekin.
Zein da psikologora joateko momentu egokia?
Uste dut ez dagoela erantzun bat galdera honentzat. Norbera prest dagoenean, nahi duenean eta arduraz jokatuko duenean da psikologora joateko momentua. Premisa hori garrantzitsua da. Medikura joatea eta medikuak esaten dizuna aintzat ez hartzea, zertarako balio du? ba, psikologoan berdin.
Nik beti diot, psikologora joateko momentu egokia, askotan, kanpoko begiek antzematen dutela. Horregatik, lehenik eta behin, maite ditugun horiek entzun behar ditugu, maiz zaila egiten dena. Haiek animatu eta proposatzen badigute, normalean, zerbait ondo ez doanaren seinalea izaten da. Askotan, norbera bere arazoen jabe izatea eta barnera begiratzea zaila izaten da, kanpoko begiek, ordea, errazago antzeman dezakete. Halere, gure barrura begira jarri eta zerbait identifikatzen dugunean ere, momentu egokia izan daiteke laguntza eskatzeko; baina, gazteen kasuan, aukera hau ez da hain erraza izaten. Min fisikoak berehala detektatzen ditugu, emozionalei, berriz, arreta gehiago jarri behar diegu. Horregatik, askotan, korrika eta presaka iristen gara psikologora, jada muturreko egoera batean gaudenean, ez gaudelako ohituta gure barnera begiratu eta zenbait zantzu antzematera.
Gazteak zein arrazoirengatik joan ohi dira psikologora?
Arrazoiak ezberdinak izan daitezke, eta kasuan kasu aztertu behar dira. Baina, orokorrean, gazte asko harremanetan zailtasunak dituztelako hurbiltzen dira; izan gurasoekin, anai-arrebekin, bikotearekin edota lagunekin ere. 16 eta 30 urte artean oso bizi egoera ezberdinak egon daitezke, etapa ezberdinak barnebiltzen baitira. Baina, bakardade sentimendua, hitz egin nahi eta ezina, badira errepikatzen diren arazoak. Bestalde, ikasketek sortzen duten estres eta estualdi sentimendua ere izaten da hurbiltzeko beste arrazoietako bat. Badira elikadura arazoak, eta estetika eta itxurarekin nahasmenduak edukitzen dituzten gazteak ere. Galduta edota hutsik sentitzea ere normala izaten da gazteen kasuan, gertatzen diren zenbait gauza ulertu ezina. Askori pasa izan zaio, etapa bat bukatu eta datorrenean kokatzeko zailtasuna izatea.
Horrelako kasuen aurrean, zeintzuk dira zure jarraibideak?
Kasuan kasu tratatzen dut, noski, baina hasieran ez dut ariketarik egiten eta aholkurik ematen, ondo ulertu arte zein den egoera, zein aukera dauden eta zer aldatu nahi dugun. Saioetan oso garrantzitsua da zehaztea zertara gatozen, zer nahi dugun erabakitzea eta zeintzuk diren helburuak. Behin hori eginda, bost saio direla kontuan izanda, lanketa haundiena gure burua ezagutzeari ematen diogu. Gabeziak identifikatzen ditugu, baita indarguneak ere, eta indarguneak bereziki nabarmentzen ditugu. Gure inguruan ditugun estrategia eta tresnak bilatu eta indartzea izaten da lehen lana. Batzuetan, fokua minean jartzen dugu eta itsutu egiten gara; garrantzitsua da inguruan ditugun pertsona, sare edo norbera jartzea fokuan. Mina oso haundia bada eta bost saioetan tratatzeko denborarik ematen ez badu, beste eremu batzuk indartzeko lana egiten dugu. Inguruan zenbait aldaketa eginda, min hori beste modu batera mugitzen eta aldatzen hasten delako.
Ez ditugu irekitzen itxi ezin ditugun pastelak, baina identifikatzen ditugu. Irekitzen ditugunak ixteko denbora ematen digula pentsatu nahi dut, eta identifikatzen ditugunak hor gelditzen direla. Gero, gazteek erabakitzen dute aurrera jarraitu edo dagoen bezala utzi.
Osasun mentalaz ari garenean, askotan, antsietatea eta depresioa bezalako hitzak etortzen zaizkigu burura.
Gaur egun asko hitz egiten da depresioa eta antsietatearen inguruan, bien sintomatologiak egunero bizi ditzakegulako. Tristura eta urduritasuna denok izan dezakegu egunean zehar, energia eta gogo falta, edota batzuetan, ezkutatu eta ohean sartzeko gogoa. Orokorrean, noski. Honek garamatza depresioaz eta antsietateaz hainbeste hitz egitera.
Depresioa, agian, helduagoekin lotzen dugu gehiago, baina antsietatea, dagoeneko gazteek asko erabiltzen duten hitza bihurtu da. Bizitzako egoera ezberdinek sortu dezakete urduritasuna, estresa eta kezka maila oso altu bat, antsietate bezala definitzera iritsi garena. Antsietateak, ordea, beste gauza bat izan behar duela iruditzen zait.
Eta arriskutsua da hitz hauek hain ohiko bihurtzea?
Alde batetik, bere alde ona duela iruditzen zait, osasun mentaleko nahasteaz ari garelako, eta normalizaziorako positiboa izan daitekeelako. Baina, arriskutsua ere izan daiteke, gure buruari etengabean antsietatea dugula esaten badiogu, inongo ardurarik hartu gabe. Ardura hartu ezean, mezu distortsionatua izan daiteke, benetan antsietate hitzak zer esan nahi duen jakin gabe.
Zein dira antsietatearen eta depresioaren zantzu nagusiak?
Biak denboran mantendu behar direla iruditzen zait eta bizitza oztopatu behar dutela eremu eta denbora batean. Depresioaren zantzuak izan daitezke, ohetik atera nahi ez izatea, eguneroko betebeharrez gain besterik egiteko gogorik ez edukitzea. Aspaldi irribarre egin ez izana, lehen disfrutatzen zenituen gauzekin jada ez disfrutatzea, aspaldian ez abestu edo tarareatu izana. Gauza txikiak dira, eta kostatu egiten zaizkigu identifikatzea. Barrutik hautsita egon aurretik, gorputzak seinale asko bidaltzen dizkigu. Antsietatearekin, berriz, asko lotzen da lo gutxi egitea edo kontrara, lo asko egitea, beldurrak eta lotsak areagotzea, lagunekin egon nahi ez izatea, presioa sentitzea bularrean, oinak mugitzea edota dardarak izatea. Horrek ez du esanahi, begiak dardara egiten didan bakoitzean antsietatea dudanik, noski. Gogoan izan behar dugu zantzuak izan daitezkeela edo ez. Betiere, zalantzaren aurrean psikologora joatea izan daiteke egokiena.
Zenbateko eragina dute sare sozialek guzti honetan?
Erabat determinatzen dute gaur egun. Kontsultan ikusi ahal izateko bost saio gutxi direla iruditzen zait. Pentsa, gazteek zenbateraino dituzten naturalizatuak sare sozialak, horietaz hitz egin ere ez dutela egiten. Gurasoek, aldiz, bai. Gazteei zaila egiten zaie ikustea zein eragin duten sare sozialek beraiengan. Lehen harremanetan sortzen ziren arazoak aurrez aurre konpontzen baziren, orain, pantaila bat dute tarteko. Pantailaren bitartez gainera, arazoa konstantea izan daiteke, mugikorrarekin ez dugulako distantziarik inoiz, beraz, arazoa beti hor dago, publikoan. Presio hori, oso normalizatuta dute gazteek. Sare sozialek presioa eta konparaketa sortzen dute hasieratik, eta horrek lotura zuzena du ondoren sentitzen duten antsietate, urduritasun, eta estres sentimenduarekin.
Guzti honetaz eta gehiagoz aritzeko aukera izango duzue. Edonork eskatu dezake hitzordua kontsultan?
Edonork egin dezake eskaera, gazteaholkularitza@hernani.eus helbidera mezu bat bidaliz edo 747 487 343 telefono zenbakira deituta. Oraintxe nahiko beteta gaude, eta aste honetakoak jada hartuta daude. Hala ere, nahi duen orok idatzi gaitzake, ordu libreak izango ditugu berehala. Gainera, gero eta lehenago deituz gero, kontsulta ere lehenago eman ahal izango dugu.
Ostegunetan izaten dira saioak, 18:00tan 19:00etan eta 20:00etan. Hiru ordu ditugu astero, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugulako, baina aldi berean kalitatezko zerbitzu bat izatea ere nahi dugulako. Ekainean bukatuko ditugu kontsultak, udaran ez da egongo saiorik, eta irailean itzuliko ginake, kurtso berriarekin martxa hartzeko.
«Behar duen gazte orok idatzi gaitzala, denontzako tokia baita»
Jendea kontsultara hurbiltzera animatu nahi dugu, behar duen gazte orok idatzi gaitzala, denontzako tokia baita. Zerbitzu bat emateko gaude gu, doakoa den zerbitzua, beraz, gazteek beldurrik ez dezatela izan eta psikologora joateko aurreiritziak kentzeko aukera bat izan dadila. Bestalde, eskaintzen den zerbitzua konfidentziala eta gertua izango da.