Nolako ongi etorria izan dute liburuek?
Zaila da esatea, baina nik uste liburuek harrera ona izan dutela. Egia da Las Olimpiadas populares Barcelona 1936ekin ibilbide luzeagoa daramadala, Parisko Olinpiar Jokoekin bat egiteko argitaratu baitzen. Gainera, liburu honek memoria historikoaz hitz egiten duela eta, ingurukoen artean positiboki baloratu da, eurentzat eta niretzat hutsune bat bete duelako, Olimpiada Popular haren gainean ez baitago asko idatzita. Prentsan ere jaso zen, jende desberdinak interesa erakutsi zuen gaiaren inguruan, eta beharbada anekdotikoena Vallecaseko (Madril, Espainia) boxeo klub bat izan zen, liburuaren 15 ale eskatu baitzituzten. Liburu berriak izaki, oraindik ere goiz da balorazioak egiteko, eta hemendik hilabete batzuk barru zehatzago egin nezake.
Zein sentimendu izan dituzu liburu hauek idazterakoan?
Bi liburu oso ezberdin dira. El sol de la infancia obrak ez du memoria historikoaz hitz egiten, baina egia da memoriaz ere hitz egiten dela, nire liburuetan beti gai hori presente baitago. Hau idazterakoan, hurbilagoko sentimenduak izan ditudala esan daiteke. Batetik, nire garaikoa ez bada ere bestea baino hurbilagokoa delako; eta bestetik, ni ere txirrindularia izana naizelako. Bestean, baina, nire aitak (Marcelo Usabiaga) transferitutako memoriak kontatzen dira, eta obraren hasieran nire aitak eta nik izan genituen elkarrizketa horiek ezarri nahi izan ditut. Hark Joko Olinpiko antifaxista horiei buruzko bizipen ugari kontatu zizkidan, eta nik askotan pentsatu dut nola egon daitezkeen horren inguruko hain aztarna gutxi. Liburuaren helburua, beraz, jasotako informazio hori islatzea izan da, eta baita ere deskubrimendu prozesu hori bertan azaleratzea, artxiboetan eta dokumentuetan bilaketak eginez.
Zer aurkituko du irakurleak liburu bakoitzean?
El Sol de la infancia liburuan bestean baino gauza gehiago aurkituko dituela esango nuke. Liburu honek beharbada euren gaztarora eramango ditu, eta titulua pixka bat ametsak oraindik egi bihurtzeke dauden une horri lotuta dago. Las Olimpiadas Populares de Barcelona 1936 memoria historikoarekin hertsiki lotuta dagoen liburu bat da, eta bertan Marcelo Usabiagaren hainbat testigantza aurkitu daitezke.
Nor zen Marcelo Usabiaga?
Politikan oso goiz konprometitu zen gizon bat izan zen. Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen, baina nahigabe. Izan ere, nire aitona- amonak Baionan (Lapurdi) bizi ziren, baina 1916an, Lehen Mundu Gerran, alemaniarrek torpedoak jaurti zituzten Frantziako Itsas Armadaren aurka euren bizilekuan, eta gerraren iritsiera zen, eztanda oso handia izan baitzen. Orduan, nire amona haurdun zegoen, baina erditzeko zorian, eta izu handia zuenez Ordiziara joan zen, bera Aramakoa (Gipuzkoa) zelako. Kontua, baina, azkar lasaitu zen, eta berriro ere Baionara itzuli ziren. Nire aitonaren lana tarteko, Irunera (Gipuzkoa) joan ziren bizitzera, eta berak bertakotzat zuen bere burua, ez ordiziartzat edo baionartzat. Berak Irunen igaro zituen haurtzaroko urte gehienak, eta bertan konprometitu zen bere ideia politikoekin. Izan ere, bere etxean giro oso errepublikazalea baitzegoen. 1934an, Gazte Komunisten Kolektiboan sartu zen, eta Oviedoko (Espainia) kartzelera joan zen, bertan meatze bateko langile mugimendu batek porrot egin baitzuen, eta Irunen mugak zeharkatzeko modua bazutenez, iraultzaileak Frantziara igarotzen zituzten. Berak orduan ez zituen 18 urte beteak, eta halako batean harrapatu eta Oviedoko kartzelera eraman zuten. Gero Errepublika etorri zen, eta hasieran boluntario bezala ibili bazen ere, Armada Popularra sortu zenean teniente moduan ere ibili zen, eta Valentzian (Espainia) izandako gudaren ostean, 30 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten. Gerora Donostiako Ondarretako kartzelera hurbiltzea lortu zuen familiak, eta bertatik Arroan (Zestoa, Gipuzkoa) zegoen gune batera eraman zuten, non presoak ez zituzten itxita edukitzen, baizik eta barrakoi batzuetan lanean. Gizon borrokalaria zen, egoera guztietan konpromezua lehentsi zuena zailtasunen aurretik; zerbait egin behar zela ikusten bazuen egin egiten zuen, nahiz eta arriskuak hartu.
Nolakoa zen garai hartan kirol munduan borroka ideologikoa?
1936an Joko Olinpikoak Berlinen (Alemania) ospatuko zirela iragarri zenean, Hitler oraindik ez zen boterera iritsia. 1933an hartu zuen boterea, eta hurrengo urteetan munduko mugimendu ezkertiarrek erregimen diktatorial eta faxista baten aurrean zeudela ikusi zuten. Erregimen arrazista zen, eta arrazen berdintasuna Joko Olinpikoen ardatz nagusienetako bat zela ikusten zutenez, desafio bat bezala hartu zuten, eta orduan kirol txapelketa alternatiboak antolatzen hasi ziren. Helburua ez zen lehiaketa erraldoi bat antolatzea, baizik eta Hitlerren Alemaniako Joko Olinpiko horien alternatiba bat sortzea, eta horrek indar handia hartu zuen gerora. Hasiera batean, gainera, Bartzelona (Katalunia) Joko Olinpikoetako egoitza izateko hautagaietako bat zen, baina burges katalanek traizioa egin eta hautagaitza horren aurka bozkatu zuten, herrialdean oso giro iraultzailea ikusten zutelako. Fronte Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean, baliabide ugari jarri ziren, eta lehiaketak banaka burutu beharrean lehiaketa handi bat egitea erabaki zen. Nire aitak kontatzen zidan herri bakoitzean Joko Olinpikoen Batzordearen ordezkaritza bat zegoela, eta horrekin lotuta garrantzi handia eman nahi izan diot garai hartan zegoen kirol ereduari, langile klasearen kirola baitzen, eta ez gaur egun gailentzen den kirol merkantilista. Honen harira, bazegoen 'Federación Deportiva Obrera' zeritzon elkarte garrantzitsu bat, merkantilismo horren aurka zegoena, eta kasu honetan ere herri bakoitzak bazuen entitate honen barruko bere sekzioa.
«Marcelo Usabiaga gizon borrokalaria zen. Egoera guztietan lehenetsi zuen konpromezua zailtasunen aurretik, eta zerbait egin behar zela ikusten bazuen, egin egiten zuen, nahiz eta arriskuak hartu»
Noiz pentsatu zenuen honen inguruan idatzi behar zenuela?
Nik, fikzioa egiten ez dudanean, idatzita ez dagoen horretaz idazten dut. Kasu honetan, Joko Olinpikoak hurbiltzearekin batera honen inguruan idaztea pentsatu nuen, eta horrela sortu zen ideia. Ez zegoen horren inguruan ezer idatzita, eta iruditzen zait garrantzitsua dela mugimendu horiek ezagutzera ematea.
'Las Olimpiadas Populares Barcelona 1936' liburuan, izan al da arreta eman dizun istoriorik?
Bai, denek eman didate arreta, baina badago emakume bat, nahiz eta Bartzelonan ez egon, bere historia oso garrantzitsua dena Joko Olinpiko horiek zergatik antolatu ziren azaltzeko. Emakume judutar bat zen, alemaniarra, eta atletismoan puntako altuera jauzilaria. Egiten ari zirena ikusi zuenean, Ingalaterrara joan zen, bertan aritu zen lehiatzen, eta marka onak eskuratu zituen, eta istorio honek arreta deitu zidan, batez ere Naziek erakutsi zuten manipulazioagatik. Orduan, Joko Olinpikoak antolatzen ari zirenean, honek Nazien aurkako propaganda egiten zuen, eta alemaniarrek honen gurasoak bidali zituzten Ingalaterrara, bertara itzuli eta Alemania ordezkatuz Jokoetan parte hartu zezan. Bera itzuli egin zen, beldur baitzen hala egiten ez bazuen bere familiaren aurkako errepresaliak gauzatuko ote zituzten.
Nolako harrera izan zuen Joko Olinpiko hauen sorrerak?
Joko Olinpikoen Batzorde Ofizialarentzat pixka bat indiferentea izan zen. Kirolean beti gertatu bezala, goi burgesiak indar handia zuen, eta hor batez ere ezkerra boterean zegoen herrialdeetan izan zuen indarra. 'Internacional Deportiva Roja' erakundeak ere indar handia izan zuen, eta liburuan garrantzia eman nahi izan diot jende askok ez duelako hau ezagutzen. Hau Internazional Komunista mugimenduak sortu zuen, kirolaren ideia hori islatzeko, baina batez ere langile klasearen barruan kirola sustatzeko.
Emakume batzuk ere agertzen dira liburuan zehar. Zer nolako papera zuten kirol munduan?
Hasiberria zen oraindik emakumeen kirola, eta aitzindaria izan zen garai hartan. Aitzindaria izan zen ez zelako bakarrik Hitlerri egindako oposizio bat, baizik eta Olinpiada horiek arrazen artekoak, berdintasunaren aldekoak eta feministak izan ziren.
Teorian eta historian espezializatutako arkitektoa zara. Nola hasi zinen historiaz idazten?
Niri beti hausnartzea gustatu izan zait, eta gauzen zergatien inguruan galdetzea. Idaztea ere beti gustatu izan zait eta, beraz, horiek uztartu ditut. Bizitzak faseak ditu, eta agian arkitekturako gradua ikasten nuen garaian ez nuen hainbeste idazten, edo ez nuen fokua horretan jarrita, baina urteak aurrera joan hala gogo hori sartu zitzaidan, eta pixkanaka aitarengandik entzundako historia horiek idazten hasi nintzen. Idatzi nuen lehen liburua El caso Martana izan zen, eta fikziozkoa bazen ere, txirrindularitza 30eko hamarkadarekin lotu nuen. Horrekin esan nahi dut nire liburuak fikziozkoak izanik ere, memoria historikoa beti presente dagoela.
'El sol de la infancia' obran, nola deskribatuko zenituzke Pablo eta Luis? Ze erlazio dute euren artean?
Luisentzat, txirrindulari egiten duen pertsona da Pablo. Hark bedeinkatzen du azken finean, Luisek askotan entzun du Pablo etorkizun handiko txirrindularia izan zela, eta azken hau erbestetik itzultzen denean, bere iloba Luisek txirrindularia izan nahi duela ohartarazten dio, eta froga bat egitera eramaten du. Astigarragako bentara eraman zuen froga hori egitera, eta osaba Pablok dohaiak badituela esaten dionean, Luis jada bedeinkatua sentitzen da. Hau entzun ostean, etxera iritsi eta bertan txirrindularia izango dela behin eta berriz aipatzen du, eta Pablorentzat hori gauza handia da. Izan ere, bere ilobak lortu dezake berak lortu ez zuen hori.
«Helburua ez zen lehiaketa erraldoi bat antolatzea, baizik eta Hitlerren Alemaniako Joko Olinpiko horien alternatiba bat sortzea, eta horrek indar handia hartu zuen gerora»
Nola ikusten duzu gaur egun politika eta kirolaren arteko lotura?
Niri batasun gehiago izatea gustatuko litzaidake. Merkantilizazio hau oso barneratua daukate, eta euren figura kaltetua egon ez dadin ez dira politikari buruz mintzatzen ausartzen. Gehiago busti beharko luketela iruditzen zait; egia da askotan egiten diren kanpainetan agertzen direla, baina hiritar bezala gehiago exijitzen diet. Askoren erreferenteak dira, baina kontzeptu hau oso kontuz erabili beharrekoa da. Izan ere, kirol munduan erreferente izan daitezke, baina ez dute beharbada beste gauza batzuetan erreferente izateko formakuntzarik. Liburuan islatzen den bezala, garai hartan konpromisotik eramaten zen kirol mundua, eta ez zegoen hain merkantilizatuta.
Txikitako txirrindulari garaiak, ilusio bereziz gogoanOso oroitzapen politak dauzka Miguel Usabiagak, Hernaniko JOCC taldean txirrindulari aritu zen garai haietaz. Nahikoa da Miguel Usabiagarekin 10 minutuz hizketan aritzea, konturatzeko pasioz bizi duela kirola, eta bereziki txirrindularitza. Bera ere aritu zen bi gurpilen gainean gaztetan, jubenil mailara bitarte; eta oso oroitzapen politak dauzka garai haietaz. Hernaniko JOCC taldean aritu zen, Paulino Goikoetxea entrenatzaile historikoaren gidaritzapean. Gogoan du gizon serioa zela Goikoetxea, ez zitzaiola gustatzen bere txirrindulariak saltsatan sartzea, eta haserrarazi egin zutela behin, lasterketa batean: «Nahastutako bidetik bidali gintuzten bidegurutze batean, eta protesta gisa, kaskoak kenduta sartu ginen patxadaz herrira, helmugara iristeko. 'A ze lotsa pasarazi didazuen!', esaten zigun gero Paulinok». Maila politean aritu zen Usabiaga gaztetan, baina afizionatuetara iristean utzi behar izan zuen. Bartzelonara joan zen arkitektura ikastera, eta garai haietan ia ezinezkoa zen goi-mailako ikasketak eta txirrindularitza uztartzea. |