Bere marka utzita, irripartsu, agurtu zituen entzuleak Andoni Rekondo hernaniarrak, atzo iluntzean, Donostiako Ilunben. Erremate polita jarri zion Gipuzkoako Txapelketa borobilari. «Gozatzera» zijoan finalera, eta majo egin zuen, bai gozatu eta bai gozarazi. Zazpigarren izan zen, baina Alaia Martin txapeldunaren adinako pozarekin.
Hasieratik erakutsi zuen Rekondok, jolaserako gogoa ez ezik, baita txispa ere. Aner Peritz 'Euzkitze'rekin batera ekin zien arratsaldeko lanei, eta ausart aritu ziren bi gazteak: Langile baten seme doinua aukeratu zuten neurri librean, gainerako hiru bikoteak ohiko zortziko haunditik atera ez ziren bitartean. Bi lagun jubilatu ziren, biloba txikiak dauzkatenak: Andonik haiek zaintzen pasatzen du eguna, baina Anerrek ez. Ariketa ederra osatu zuten, 'erdi-astronauta', txutxe, negar, botaka eta gintonik artean. Hauxe Andoniren bertsoa, Anerrek esan zionean bera nazkatu zela alaba zaindu zuenean:
Ba nazkatzeko oraindik ere
hain zera gaztea
zuen Markeltxo gainera ziur
ez dela trastea
txutxetik bete astea
gurasoen desgastea
gozagarri zait nere semea
amorraraztea.
Bixitasun horri eutsi zion Rekondok, zortziko txikiko ariketan ere, Oihana Iguaranekin batera: koadrila bereko bi lagun, jatetxera bazkaltzera joanak; eta aldiro egin bezala, Andoni protestan oraingoan ere. Halaxe kexatu zen bere aurreneko bi bertsoetan, entzuleen barre algarak eta txalo zaparradak eraginez:
Mizkin batek kejatik
hainbeste ekite
kamareroa ere
erdi satelite
nabari zen taberna
ez zela elite
patata bixiek e
hilak dirudite.
Diru kontutan dena
hobe da motela
zopa eskatu eta
hoi ere epela
arazo duna zu zeu
zera dena dela
ziur pentsua ere
jango zenukela.
Kontsumismoari buruz jarritako puntuei erantzun behar izan zien hernaniarrak ondoren, eta zenbait esaldi polit utzi zituen: «Beti asko delako ta inoiz gehiegi, kapritxotan iltzatzen ditugu bi begi» aipatu zuen aurreneko bertsoan. Eta ofiziotako lanak bukatzeko, Nerea Elustondorekin aritu zen hamarreko txikian, bi irakasleren paperean. Ikasturte hasieran, migrante familia bateko haur bat etorri zen haien ikastetxera, eta orain jakin dute Europako beste herrialde batera doala. Gehiago kosta zitzaien gaia bideratzen, baina ale indartsurik ere utzi zuen Rekondok; bigarren bertsoa, esaterako:
Erreparatu gabe
euren izenean
nik zaintzeko gogoa
nahiz izan senean
Mahmedik tristura bat
zuen barrenean
ta hala gertatzen da
gehien-gehienean
ahazten ditugula
joaten direnean.
Modurik onenean jarri zion errematea bere finalari: bertsotan, kazetari baten paperetik. 30 urteko ibilbidearen ondoren, oilo-ipurdia jarri dio gaurko elkarrizketak. Tokiko kazetaritzari keinua egin zion aurreneko bertsoan, «guztia zartatzeko gai» dela goraipatuz; eskuak lehen aldiz dardarka jarri zaizkiola nabarmendu zuen bigarrenean; eta hirugarrenean ariketa borobildu:
Nire hunkidura zer da ba hemen
hipokresia gezurra
nor izan da ba tarte honetan
euren ametsen lapurra
gaur hitz eginda nahiz ta geroa
eurek ez izan ziurra
niri bederen blaitu begiak
eta sikatu zintzurra
hitzek bihotz mintza urra
nahiz eta hitzok ematen duten
benetan diot, beldurra
reportajean emango diet
nik dezakedan apurra.
Bere lanak bukatuta, Alaia Martinen eta Beñat Gaztelumendiren arteko buruz burukoaz gozatu zuen Rekondok, lasai eta irripartsu. Oiartzuarrak jantzi zuen txapela azkenean, eta zazpigarren postua lortu zuen hernaniarrak. Aner Peritzek jaso zuen gazte onenaren saria, bosgarren sailkatuta. Etxekoekin, bertso eskolako lagunekin zein tripaki 'kaxuelka' betearekin gogoratu zen Rekondo, azken agurrean: «Esango dizuet beheran, zenbat maite zaituztedan».
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETAREN FINALA
SAILKAPENA
1. Alaia Martin 1.099,5
2. Beñat Gaztelumendi 1.054,5
3. Oihana Iguaran 637
4. Ane Labaka 626
5. Aner Peritz 'Euzkitze' 617
6. Nerea Elustondo 590
7. Andoni Rekondo 578,5
8. Eneritz Artetxe 574,5