Egindako lanarekin gustura eta gozatu izanaren sentsazioarekin etxeratu zen Andoni Rekondo Izagirre hernaniarra, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finaletik. Ilunbeko saioa bukatu berritan eman zion bizi eta sentitutakoaren berri Kronikari:
«Oso pozik nago egindako finalarekin eta txapelketarekin. Gozatzera nentorren, eta hala egin dut, egia esan. Plazak ez dit gain hartu, eta lortu dut, hein batean, erakustea ni naizena. Lehenengo bi ariketetan oso gustura aritu naiz, jo egin dut, eta horrek ematen dit poz haundia. Horrelako plaza batean jo ahal izatea pribilegioa da. Erditik aurrera, saioa pixka bat luzea egin zait, eta kontzentrazio akatsen bat ere izan dut. Nire barruan, ez nentorren bakarrik saio honetara. Bide baten emaitza da hau, bide horren parte izan den jende askoren emaitza. Eta denak egon gara oholtza horretan ordezkatuta. Pieza askoz osatutako pertsona bat ikusi dute Ilunbera bertaratu direnek oholtzan».