Erreportajeak

Etxeko mahaia elkargune bihurtuko da bihar, arrazismoaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 23a, 00:00

Urteroko egitasmoa da Bizilagunak, eta oraindik lan asko egin behar da arrazismoaren aurka, partaideek diotenez.

Kronikako mahaiaren bueltan eseri dira Fatiha, Mila, Onix, Ixiar, Manal eta Miguel. Bihar elkartuko dira berriz ere, beste hainbat kiderekin batera, aurtengo Bizilagunak-en edizio berria ospatzeko. Batak bestearen etxea bisitatuko du, elkar ezagutuko dira, eta hemendik aurrera, kalean ikusi eta gero, ez dira ezezagunak izango. Guztiek Hernani dute bizileku. Biharko egitasmoaz eta gehiagoz hitz egin dute mahai-inguruan: etxebizitzaren arazoaz, Donostiako afari solidarioez eta Bizilagunak egitasmoan egindako harremanez.

 

Txekian sortu zen Bizilagunak ekimena. Bloke bereko bizilagunak elkar ezagutzeko eta harremantzeko espazio bat behar zutela ikusi zuten, haien artean ezezagunak zirela ikusita. Ideia horretatik sortu da Bizilagunak ekimena, eta geroztik Europako beste txokoetan ere ospatzen da egun hau, bakoitzak bere modura eta bere helburuekin. Bihar, beraz, Txekian egingo den moduan, Hernanin ere ospatuko da egitasmoa. Aurtengo edizioan, guztira Hernanin bizi diren 26 familia elkartuko dira: bertako 18 familia eta kanpoko 18 familia.

‘Hamaika zapore, mila istorio’ lemapean batuko dira herritarrak, besteak beste, kultura ezberdinetako zapore eta ohiturak ezagutzeko. «Igandean kuskusa sukaldatuko dut, barazkiekin; eta postrerako tea mentarekin eta gozoa eskainiko ditut», dio Fatihak. «Bazkalordua eta solasaldia bi edo hiru orduz luzatzen da eta hor dago xarma», gaineratu du Miguelek.

 

Onix

«Onix naiz eta Nikaraguatik nator. Bigarren aldia da Bizilagunak egitasmoan parte hartzen dudana. Gaur gaurkoz nahiko integratuta sentitzen naiz herrian, baina bertako jendea ezagutzen jarraitu nahi dut».

 

Fatiha

«Fatiha naiz eta marokoarra naiz. Duela 7 urte hartu nuen parte lehen aldiz eta izugarrizko esperientzia izan zen niretzat. Konexio polita izan nuen tokatu zitzaidan familiarekin. Geroztik disfrutatu egiten dugu egun honekin, hizketan pasatzen ditugu orduak eta dantza ere egin izan dugu. Pertsona irekia naiz, eta guztiak dira ongi etorriak nire etxean».


Manal

«Manal naiz eta Argeliatik nator. Bi aldiz hartu dut parte Bizilagunak egitasmoan. Esperientzia hau, niretzat ez ezik, nire semearentzat ere oso baliagarria izan dela aipatu beharra daukat. Egokitu zitzaigun familiak adin bereko seme bat du, eta geroztik bi mutikoak lagun minak dira». 

 

Haiek gu edota guk haiek hobeto ezagutzeko bideak irekiz

Bizilagunak Buruntzaldean ez ezik, Gipuzkoa osoan Sos Arrazakeria kolektiboak antolatzen duen egitasmoa da. Hernanin, Amher taldea arduratzen da egitasmoaren kudeaketaz.

Etxe bakoitzean bi familia elkartzen dira, bertakoa eta kanpotik etorritakoa. Bi familia horiek elkar hobeto ulertzeko, dinamizatzaile bat izendatzen da. Dinamizatzailea Amherren praktikak egin dituen pertsona bat izan daiteke adibidez, baita familiako kide bat ere. Elkartearekin lotura egiten duen figura da, elkartuko diren familiek elkarren berri izateko ardura izango duena.

«Etxean sortzen den giro goxoa eta espazio segurua aprobetxatzea da gakoa»

 

«Oso garrantzitsua da aurretiaz jakitea norekin elkartuko zaren, zein kulturatik datorren, zein diren bere gustuak eta zein sinesmenak. Nik edizio batean familia musulman batekin elkartzeko aukera izan nuen, eta bazkaltzeko halal-eko haragia erosi nuen. Keinu atsegina izateaz gain, familia gustura eta ulertua sentitzeko modu bat ere bada. Hanka sartu daiteke kasu batzuetan, horregatik da beharrezkoa familiaren ezaugarri nagusiak ezagutzea», azaldu du Miguelek. Alkoholarekin ere gertatu ohi izan da: «Gure kulturan oso ohikoa baita otorduetan edo bazkalostean alkohola edatea, baina kultura batzuetan ez, eta horrelako gauzak kontutan hartu behar dira», dio Ixiarrek.

 

Igande eguerdi bat baina gehiago

Amherrek Hernanin abiatutako egitasmoak zenbait helburu barnebiltzen ditu, eta horietaz mintzatu da Mila: «Batetik, kultura ezberdinak ezagutzea eta horietara gerturapen bat izatea da helburu nagusia. Elkarrekin bizi garela ikustaraztea, bizilagunak garela, hain justu. Bestetik, ahal den neurrian, eta konexioak sortuz gero, egun berezi honetan sortutako harremanak mantentzea izango litzake bigarren helburua, topaketek balio izatea, otordu bat elkarbanatzetik, harreman on bat eraikitzera, denboran jarraipena izango duena».

Etxeko ateak irekitzen diren unetik, beste erlazio mota bat sortzen dela dio Milak: «Beti agurtzen duzu zure etxean bazkaldu duen hori; gelditu eta familiaz galdetzen diozu, bizitzaz, lanaz, …».

«Etorkin familiak ikusezinak izan daitezke niretzat, ez dakit nortzuk diren, ez ditut ezagutzen eta sumatu dezaket kanpotarrak direla. Ez dut agurtzeko pausurik egiten. Baina, nire etxean bazkaltzen egon badira, jada ez dira ikusezinak, ezagunak dira, edota lagunak. Ziurrenik, niri gertatzen zaidan bezala, kanpotik etorritako familiei berdina gertatzen zaie. Kalean ezezagunak ez garela sentitzeko aukera ematen digu egitasmoak», dio Milak.

Egitasmo honek, antzekotasunak bilatzeko balio dezakeela erantsi du Onixek: «Ezberdinak gara, baina antzekotasun asko ditugu eta egitasmo honek horretarako balio dezake, hain zuzen ere, bat egiten dugun horretan sakontzeko eta saretzeko». Onixek orain gutxi arte ez zuen non bizitzerik, eta egitasmo honek arazo horretan lagundu diola azaldu du: «Ekimenaren bitartez lortu nuen bizitzeko pisu bat Hernanin».

«Gure seme-alabentzat ere beharrezkoa da horrelako ekimenak egotea, balio sendoak eskaintzeko eta guk hasitako ohiturari eusteko», gehitu du Miguelek solasaldian.

 

Etxe bat, otordu bat eta solasa

Bizilagunak ekimena beti gorpuztu da antzeko formatu batean: etxea, janaria eta hizketa. Ixiarrek formatu honen zergatia azaldu du: «Beste herrialdeetan jende asko ez da kalean topatzen, hemen bezala. Kultura askotan etxeak dira elkargune. Baina guri gehiago kostatzen zaigu ezezagunari etxeko ateak zabaltzea, oso espazio intimoa baita etxea guretzat». Elkarte batean egiteko aukera ere izan zen eskuartean, baina etxeko mahai-inguruan edo elkarte batean bazkaltzeak «parekorik» ez duela diote mahaikideek.

Milak etxean sortzen den giro goxoa eta espazio segurua aprobetxatzea dela gakoa, eta horregatik etxea izan behar dela egitasmoaren erdigunea adierazi du: «Etxeak klima oso bat sortzen du. Elkarte batean izateak erlazioa aldatzea dakar, ez da hain erraza zure bizitzaz edo kezkez hitz egitea, ez da izaten horretarako espazioa; etxeko goxotasunak aldiz, horretarako bide ematen du».

Miguelek beste ideia bat ere gaineratu du, izan ere, oraingo formatuari eustea bezain garrantzitsua iruditzen zaio, aurrera begira, kaleko espazioa ere hartzea horrelako egun batean: «beharbada, ez litzake ideia txarra izango eguna bera kalera ateratzea. Ez nuke inondik inora oraingo formatua aldatuko, baina gauzak gehituko nizkioke, kalean ikusgarritasun gehiago izateko. Guretzat kalea garrantzitsua den moduan, denen artean espazio publikoa konpartitzea ere interesgarria iruditzen zait».

 

Pil-pilean dagoen gaia da arrazismoa, Donostiako azken gertaerek ere zeresan haundia eman dute. Mahaikideek azken gertaerak gogoratu eta hauen larritasuna nabarmendu nahi izan dute

«Begira Donostian gertatutakoa, gazte musulman bat kale gorrian lotan egotea mehatxu gisa ikusteraino iritsi gara. Pertsona hori “arriskutsu” bezala kalifikatzen dugu segituan; eta honek ezin du horrela izan. Arriskutsua izan daiteke, hemengo edozein gazte bezala. Berdinak gara, kezka, arazo eta miseria berdinak ditugu», azaldu du Ixiarrek.

«Guztiek hitz egiten dute kalean bizi diren pertsona hauetaz, baino inork ezagutzen al ditu? Kanpotarra den jende askorekin egin dugu harremana urte guzti hauetan, eta horrelako egitasmoetan dabilen edonork gezurtatu ditzake zabaltzen ari diren zurrumurruak, mitoak eta ‘fake news’-ak», gaineratu dute antolatzaileek.

«Arrazakeriari aurre egin behar diogu, presente egon behar dugu, bestela irabazi egingo dute»

 

Miguelek ere zabaltzen diren gezurrak mahai gainean jartzeaz gain, arrazismoari aurre egiteko beharra aldarrikatu du: «Etorkinek diru-laguntzak kentzen dizkigutela esaten jarraitzen dugu hemen, etorkina alferra dela edota lapurtzen ibiltzen dela diogu oraindik. Euskaldun askok egin behar izan dugun gauza bera egin dute, emigratu, bizitza hobe baten bila jaioterritik alde egin. Arrazakeriari aurre egin behar diogu, presente egon behar dugu, bestela irabazi egingo dute. Inork ez zuen pentsatzen Donostian hau pasako zenik, eta gertatu da».

Milak ere hitz batzuk gaineratu ditu honen inguruan, Euskal Herrian irla batean bizi ez garela gogoratu du: «Hemen ez gara mundutik at bizi, ezta gutxiagorik ere. Kanpoan ikusten ditugun arazo guzti horiek hemen ere badaude. Hemen irla batean bizi garela pentsatzen dute batzuek, eta hori gezurra da. Sare sozialek asko lagundu dute kultura arrazista hau sortzen eta hedatzen. Sareetan eskegitzen denak izugarrizko eragina du, ideia guzti hauek presente daude jada gure gizartean. Bizilagunak egitasmoak askorako balio dezake, baina ez da antidoto nahikoa izango arrazismoari aurre egiteko».

 

Etxebizitzaren arazoa atzerritik datozenentzat ez da askorik aldatzen, okerrera ez bada

Etxebizitza baterako sarbidea oso zaila dute kanpotik datozen familiek, eta bat lortuz gero ere, maizterrak trikimailu ezberdinen bitartez, etorkinen egoeraz probestu izan ohi dira. Honetan ere, arrazismoaren aurpegi gordinenari egin behar izaten diotela aurre azaldu du Onixek. 

Onixek dioenez: «Inmobiliariek esaten zidaten ez zutela niretzat bezalako etxerik»

 

Onix Euskal Herrira iritsi zenean, ez zuen lan-kontraturik eta oraindik ez zeukan dokumentazio guztia legez. Urtebete igaro zen Onixek pisu bat eskuratu zuen arte. Etxez etxeko zerbitzuetan lan egiten zuela esaten zuen momentuan, higiezinen agentziek erantzuten zioten ez zutela bera bezalako profilik nahi, «esaten zidaten ez zutela niretzat bezalako etxerik». Esperientzia txarra izan du, halaber, etxe-jabeekin, beti baliatu baitira bere egoeraz. «Dirutza izugarria eskatzen zidaten, kasu batean 5.000 euro ere eskatu zizkidaten guztira, hainbat dokumenturen gastuak ordaintzeko zela, eta dena bi alokairu-gelengatik».

 

Oso ohikoa da entzutea norbera batere arrazista ez denaren ideia

Mahaikideak bat datoz ideia honekin, eta gizartearen gehiengoak koherentziaz jokatzen ez duela adierazi dute. «Gehiengoak ez du bere burua arrazista bezala ezaugarritzen, baina ondoren euren jarrerak ez dute bat egiten esaten dutenarekin», dio Onixek. «Askok segituan gutxietsi egiten gaituzte beste kultura batekoa izateagatik, ez gaituzte maila berean kokatzen, eta hori arrazismoa da. Kanpotik etortzeak ez du esanahi gaitasunik ez dugunik edo gutxiago garenik».

Komunikabideen papera ere jarri dute adibide: «Egunkariak irakurtzea besterik ez dago, ‘bi gazte marokoarrek lapurreta egin dute’, bezalako titularrak ikusi behar ditugu. Zergatik nabarmendu behar da jatorria? Baina noski, kanpotarrak diren guztietan ez da nabarmentzen jatorria, bi europear izango balira ezberdina izango litzake». Mezu arrazistek uneoro bonbardatzen gaituztela diote mahaikideek, baita ustekabean ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!