Lepo beteta ageri zen Kulturarteko Plaza Feminista, ostegun arratsaldean, Hariak zinemaldiaren estreinako saioan. 50 lagunetik gora bertaratu ziren Hernaniko kulturartekotasunaren eta berditasunaren plazatxora. «Donostiatik etorri den herritar batek, esan digu plaza baten bila aritu dela, eta ez zuela espero horrelakoa izaterik. Baina hauxe da gure plaza, gure etxea. Oso gurea sentitzen dugu, Hariak zinemaldia bezalaxe», hasi zuen aurkezpena Itsaso Lekuonak, Hernaniko Udaleko Berdintasun, Kulturartekotasun eta Lankidetza zinegotziak. Amher elkartearekin batera antolatu dute 11 eguneko zikloa, ostegunean hasi eta azaroaren 17ra bitarte.
«Plazerra da plaza hau hain beteta ikustea inaugurazio ekitaldian», eskertu zuen Xabier Lertxundi alkateak. Eta hitz gutxitan laburbildu zuen Hariak zinemaldiaren jomuga: «Giza eskubideen urraketak dauden lekuan, erresistentzia istorioak ere badira. Horietan azpimarra jarri eta nabarmentzea da Hariaken helburua». Hori horrela, gonbitea luzatu zien herritarrei, «gozatzeko, ikasteko, ezagutzeko eta, batez ere, kontzientzia hartu eta hausnartzeko». Zinea artearen espezialitatea den heinean, azaldu zuen aukera ematen duela «salaketa» egiteko, baina baita «sorkuntzaz gozatzeko ere».
Lekuonak, bere aldetik, nabarmendu zuen Hariak zinemaldira behin joaten denak «errepikatu» egiten duela, eta horixe dela funtsezkoa: «Dokumental ezberdinak ikusita lortzen dugu zinemaldiaren izenari zentzua ematea; borroka ezberdinen artean dauden hariak ikustea». Horregatik, gonbitea luzatu zien herritar guztiei, «ahalik eta proiekzio gehienetara etortzeko».
Brasil abiapuntu, munduan barrena joan-etorriak egiteko
11 egunez, 11 txokotara bidaiatzeko aukera eman eta 11 erresistentzia istorio ekarriko dizkie Hariak zinemaldiak hernaniarrei. Brasilera egin zuten aurreneko bidaia ostegunean bertan, dokumental guztien aurrerapenak ikusi ondoren.
'Ocupar, Resistir e Produzir!' ikusentzunezko laburra ikusi zuten bertaratuek, Brasilgo Lurrik Gabeko Mugimenduaren borroka jasotzen duena: landa eremuko herritarren erresistentzia, hiriko jendearen eta beraien arteko desorekaren aurrean. Horretan sakondu zuten filmaren ondoren, Amanda Verroneren eskutik, Bilbon bizi den ekofeminista eta ikerlari brasildarra. Mokadutxo batekin eta zuzeneko musika brasildarrarekin borobildu zuten inaugurazio saioa, Lua Matheus eta Rodrigo Mota musikariekin.
Atzokoan, berriz, Palestinari egin zioten tokia, «hala behar zuen ezinbestean». 'Bye bye Tiberias' dokumentala ikusi zuten, familia bereko lau emakume belaunaldiren istorioa jasotzen duena.
Baina Hariak zinemaldia hasi besterik ez da egin, eta gaurtik hurrengo igandera, beste bederatzi filmekin gozatzeko aukera izango da Kulturarteko Plaza Feministan.
Gaur goizean, 'La vie d'une petite culotte' izango da ikusgai: «Kulero batzuen fabrikazio prozesua jasotzen du, eta Belgikara iristeko egin behar duten bide guztia kontatzen du, bost emakumeren bizitzetan zehar; Uzbekistango kotoi baratza batzuetatik, Europara iritsi arte. Gainera, SETEM federazioko Ainhoa Bilbao Arkotxa etorriko da, 'Arropa Garbia' kanpainaren parte dena. Salatzen dituzte industria textilaren langileen baldintzak», azaldu du Itsaso Lekuonak.
Arratsaldeko filmean, berriz, protagonista izango da M.I.A. Sri Lankako abeslaria, Tamil herrikoa: «Duela hamarkada bat ezaguna egiten hasi zen pop munduan, eta hasi zenean iritzi politikoak ematen bere herrialdearen egoeraren inguruan, zentsuratu eta musika mundutik desagerrarazi zuten. Bere bideoen bitartez jasoko dugu istorioaren testigantza». Ondoren, Gontzal Martindez de la Hidalgarekin egingo dute solasaldia, Herrien Auzitegi Iraunkorreko kolaboratzailea. «Euskal Herrian jende gutxik daki Tamil herriaz, eta bera da horietako bat. Hango genozidioa ondo ezagutzen du», azaldu dute.
Euskal Herrira buelta egingo dute bihar goizean, 'Arnasa betean' filmarekin: «Kontatzen du emakume zinegileek zein bide egin behar duten zinea egiteko euskeraz eta emakume izanik. Zuzendarietako bat egongo da gurekin, Bertha Gaztelumendi». Eta arratsaldean, alzheimerra izango da hizpide, 'La memoria infinita' filmarekin: Augusto Gongora kazetari eta zinegile txiletarraren istorioa. Alzheimerra diagnostika diote, eta dokumentala egiten hasten da bere emaztearekin batera, memoria galtzera doan horretan. «Bere bizitza eta borrokaren memoria nola jaso planteatzen du dokumentalak». Solasaldian izango dira Teresa Toda eta Begoña Gorospe, memoria kolektiboari buruz hitz egiteko.
Indiatik Altsasura, eta Marokotik Nigeriara
Datorren ostegunean hasiko du bigarren fasea zinemaldiak, azkeneko bost filmak eskaintzeko. Egun horretan, 'Writing with fire' eskainiko dute, emakume dalitez osatutako Indiako lehenengo egunkariari buruzkoa, ustelkeria politikoaren, mafien eta matxismoaren aurkako borrokan: «Testuinguru horretan kazetari izatea zer den kontatzen du dokumentalak, eta horretan sakonduko dugu ondorengo solasaldian ere, gurekin izango baita Ebbaba Hameida, Mugarik Gabeko Erreportarietako kazetari sahararra».
Indiatik Euskal Herrira egingo dute buelta, «Hariaken ariketa horixe baita, munduan ikusten ditugun errealitateei gurean ispilua bilatzea». 'Altsasu, gau hura' eskainiko dute ostiralean, Amets Arzallusen dokumentala; eta bertan izango da Adur Ramirez de Alda, Altsasuko auzian epaituetako bat, bere testigantza kontatzeko: «Asko ari zaie kostatzen non proiektatu topatzea, eta guk toki bat egin behar genien, noski».
Larunbatean izango dira beste bi hitzordu. 'Mothers' jarriko dute goizean: «Marokon delitu gisa jasota dago ezkondu baino lehen haurrak izatea, eta egoera horretan dauden emakumeei laguntzen dien elkarte bat dago. Hori kontatzen du dokumentalak, eta testuinguruan jartzeko etorriko dira Jaima Maternal elkarteko Hayar Abderrahman eta Ramia Chaoui. Ama eta haurdun musulmanentzako gunea da, Badalonan dagoena».
'Samba, un nombre borrado' izango da larunbat arratsaldeko filma: «Jakin dugu Espainiako Senatuan aipatu dutela, dokumentala Hariaken emango dutela», azaldu zuen Lekuonak inaugurazio ekitaldian: «Gogoratuko duzue El Tarajaleko gertakaria, nola mugan salto egiten hainbat pertsona migratu hil zituzten. Bertan hil zen Sambaren memoria egiten saiatu da bere herrikide bat, Mahmoud Traore, dokumentalean. Eta Mahmoud bera izango dugu gurekin, ondorengo solasaldian. Berarekin batera, Pilu Alba ekintzailea ere egongo da, El Tarajalen urte askotan lanean aritu dena».
Eta zinemaldia borobiltzeko, 'Mrs. F' filma jarriko dute igande goizean: «Nigerian emakumeak ahalduntzeko eskola bat sortzera doan emakume bat da protagonista, eta bere istorioa jasotzen du. Imajinatu dezakezue Nigerian zein zailtasun daukan emakumeen ahalduntzeak». Gai horretan sakontzeko, bertan izango da Quinndy Akeju afroaktibista, «oso ezaguna, eta oso aktibo dabilena azkenaldian».
Gainera, besterik ere eskainiko du Akejuk, Hariak zinemaldiari bukaera onena emateko: «Hori guztia ikustea oso gogorra denez, eta normalean oso baju bukatzen dugun, triste, negarrez... Aurten erabaki dugu dantzan bukatzea Hariak zinemaldia. Afro-saio bat gidatuko du Quinndyk berak, ekintzaileaz gain dantzaria ere badelako».
Mundu zabaleko erresistentzia istorioekin interesa duenak, egun hauetan izango du aukera paregabea Hernanin, bere jakin nahia asetzeko.