Erreportajeak

«Ezin dugu imajinatu ere egin, hona iritsi direnek zer pasatu duten Balkanetako mugan»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 29a, 00:00

Su Hernández eta Edurne Mendizabal, Kulturarteko Plaza Feministaren kanpoaldean.

Mugak Zabalduz Karabanan hartu dute parte, aurtengo udaran ere, Su Hernández eta Edurne Mendizabal hernaniarrek. Bertatik bertara ezagutu dute Balkanetako mugako ibilbidea, migranteek jasaten duten indarkeria eta testigantzak: «Karabanatik bueltatzen zara barrenak mugituta eta oso nekatuta. Denbora behar duzu berriro hemengo errealitatera ohitzeko», aitortu diote Kronikari.

Kasik oporraldi modura irudikatzen dute Mugak Zabalduz Karabana, zenbaitek; baina errealitate gordinetik oso urrun dago ikuspegi hori, Su Hernández eta Edurne Mendizabal hernaniarrek Kronikari kontatu diotenez. Aurtengo udaran ere hartu dute parte biek Karabanan, eta bertatik bertara ezagutu dute Balkanetako mugako ibilbidea, migranteek poliziaren eskutik jasaten duten indarkeria, eta testigantza eta bizipen ugari. 

Uztailaren 12tik 21era egin zuten Karabana, Balkanetako ibilbidearen gune garrantzitsuetan egonaldiak eginez: «Jakitun ginen bertako egoeraz, formazio saioak ere egin genituelako aurretik, mugan lanean ari den No Name Kitchen GKEaren eskutik. Mugan gertatzen den doako indarkeria salatzen dute haiek, eta hori ikusi dugu gure begiekin. Ordu asko pasa ditugu bertako jendearekin, hitzaldi eta jardunaldietan, eta eguneroko errealitatea ezagutu dugu. Guretzat, Gibraltarko itsasartea da erreferente oso argia; baina azkeneko urteotan, askoz ere jende gehiago sartzen da Europara Balkanetako ibilbidetik. Hilabeteak pasatzen dituzte oinez bidaiatzen, mendian barrena, oso baldintza gogorretan», kontatu du Edurnek.

Ibilbidearen gogortasunean sakondu du Suk: «Badakigu zer nolako paisaia dagoen Europako zonalde horretan. Mendi pila bat daude, eta ez da ibilaldi erraza. Negua gogorra da bertan, udara ere bai, eta ez daukazu non egon. Badaude elkarte edo herritar batzuk, hemen bezala, gune batzuk antolatzen dituztenak jendea zaintzeko eta laguntzeko, bidaian aurrera egin ahal izateko. Balkanetako Gerra jasan zuten herri horiek, eta oraindik min pila bat dauzkate sendatu gabe; baina haiek dira orain laguntzen ari direnak. Ematen du zer hausnartua». Laguntza horrekin ere, paisaia «oso krudela» dela azpimarratu du: «Autobusetik ikusteko bai, oso polita da. Baina imajinatu adin guztietako jendea bertatik oinez, haur txikietatik adineko pertsonetara. Oso gogorra da hori, eta gainera jakitea zer nolako biolentzia jasaten duten poliziaren aldetik... Ez da soilik kontatu digutena; gure begiekin ikusi dugu, nola iristen diren Italiako mugara, Triestera. Batzuek dauzkate hezurrak apurtuta; kasuren batean izan daiteke erori direlako, baina gehienak poliziaren indarkeriaren ondorio dira. Oinak txikituta dauzkatela iristen dira, babaz beteta, azalik gabe... Hori ikustea gogorra da, baina are gogorragoa da hori jasatea. Eta horixe da salatu nahi duguna, ez baita hitz egiten horri buruz». 

 

Mugetan gertatzen dena  ikusarazi eta salatzea,  Karabanaren helburua

2016an sortu zen Mugak Zabalduz Karabana, mugimendu auto-antolatu gisa. Euskal Herrian pilatu zuen indar gehien, baina harreman estua lotu zuen Madrilgo, Bartzelonako edota Andaluziako kolektibo batzuekin, eta Estatu mailako jarduna dauka mugimenduak. Bere helburu nagusietako bat da, hasieratik, «mugetan gertatzen dena ikusaraztea, salatzea, eta sareak zabaltzea». Zentzu horretan, harremanak egiten dituzte mugako zonalde horietan dauden kolektiboekin.

Greziara egin zuen aurreneko ibilbidea Karabanak, Europako mugak itxi zituzten garaian. Handik gutxira batu zen mugimendura Su Hernández, eta komunikazio taldeko kide da orain. Edurne Mendizabalek, berriz, Karabanaren zati bat osatu zuen joan de urtean, eta osorik egin du aurtengoa, aurrenekoz.

Bigarren urtean Melillara joan ondoren, Italian izan ziren hirugarrenean, eta bertan ezagutu zituzten Carovane Migrantiko kideak: «Haiek ere, urtero egiten zuten karabana txiki bat, mugak zeharkatzen desagertu zirenen senideekin. Harreman estua egin genuen, eta ordutik elkarrekin egiten dugu karabana bi mugimenduek».

Halaxe izan da aurtengoan ere: hiru autobus bete zituzten hemendik joateko, eta laugarren bat abiatu zen Italiatik. 300 lagun inguru guztira, erreibindikazioa eta ekintza politikoak egiteko, 10 eguneko epean. «Parte hartzen duenak, badaki erreibindikazioa eta kritika egitera dijoala, lan politiko bat egitera, eta memoria historikoak ere parte garrantzitsua daukala. Balkanak oso politak izango dira, bai; baina gu ez goaz horretara, nahiz eta zonaldea ere ezagutu. Hemen horri buruz galdetzen dizutenean, ohiko komentarioa izaten da: 'Oso polita da, ezta?'. Baina hura gogorra da. Oso elkartasun momentu potenteak bizitzen dituzu. Borroka txiki asko daude, eta saiatzen gara horiei argia ematen», azaldu du Edurnek.

Ildo beretik kontatu du Suk ere: «Oso hunkigarria da, baina oso gogorra. Ez goaz oporretara. Handik bueltatzen zara barrenak mugituta eta oso nekatuta. Denbora behar duzu hemengo errealitatera berriro ohitzeko. Gainera, denentzako eskuragarri izateko eta prezioa ahalik eta merkeena izan dadin, autobusean joaten gara, eta ahal dugun tokietan egiten dugu lo, kanpinetan, lurrean... Kanpamenduetan bezala egoten gara». Zentzu horretan, nabarmendu dute «saretzeko eta elkar ezagutzeko» baliatzen dituztela autobusean eta lotarako lekuetan ematen dituzten orduak. «Oso garrantzitsua da Karabana, konturatzeko ez zaudela bakarrik borroka honetan. Urtero gutxienez 300 lagun elkartzen gara, ekintza komun bat egiteko. Komunitate polita da, irudikatzeko bestelako mundu bat posible dela».

 

Elkarbizitza, «oso erraza»

Nabarmendu dute, era berean, «aniztasun haundia» dagoela Karabanako partaideen artean: «Adin, izaera eta kultura oso ezberdinetako jendea elkartu gara. Oso aberasgarria da. Ni harrituta geratu naiz pertsona heldu batzuekin, oso indartsu eta oso zentratuta; eta, aldi berean, umorez», adierazi du Edurnek.

Adin tarte zabalaren bi adibide eman ditu Suk: «Aurten, 18 urteko neska bat zegoen gure artean, eta badago 89 urteko gizon bat ere, Valladolidekoa, urtero joaten dena. Sekulako indarra dauka, eta udarako Karabanatik kanpo ere, astero ari da gauzak egiten. Pentsa, izaten ditugu gela batzuk erosoagoak, egokituta; eta berak beti esaten du ez duela halakorik behar, horiek uzteko behar dituztenentzat».

«40 gradutan egon gara Balkanetan, eta ez dago erosotasunik», gaineratu du Edurnek: «Baina badago magia bat taldean, elkarri zaindu eta laguntzeko. Hori asko lantzen da, eta simulakro moduko bat da taldea, ikusteko nolakoak izan daitezkeen beste modu bateko harremanak eta kudeaketa gizartean. Aniztasun horretan, arreta berezia jartzen zaio behar bereziak dituenari, adinagatik, aniztasun funtzionalagatik...».

 

«Toki batzuetara joatea zaila da guretzat, ez gaituzte han nahi»

Aipatutakoez gain, beste zailtasun ugari topatzen dituzte Karabanako kideek: «Aurten, aurreneko geldialdia Frantziako Martigues herrian egin genuen, bertan dagoelako migranteak artatzeko elkarte bat. Guretzat oso garrantzitsua da babes hori, bestela oso zaila daukagu toki batzuetan egotea. Jendeak ez du nahi gu bertara joatea. Estatu mailan ere izan ditugu arazo batzuk, lo egiteko lekurik ezin topatu. Kasu askotan, nora joan nahi dugun aukeratu baino, nora joan gaitezkeen ikusi behar izaten dugu», kontatu dute.

Italiako Aviano herrian izan ziren ondoren, OTANen kontrako ekintza politikoa burutzen, ondoko orriko irudian ageri dena.

 

OTANen kontrako ekintza egin zuten Mugak Zabalduz Karabanako kideek Italiako Aviano herrian, Balkanetarako mugarako bidean.

 

Bosniako Bihac herrira ere iritsi ziren, Kroaziarekin mugan dagoena. Hiru egun eman zituzten bertan. Eta «abadia erraldoi batean» ere egin zuten egonaldia, «herriak bereganatu zuena migranteei harrera egiteko. Testigantzak jaso genituen bertan, eta oso intentsoa izan zen. Hunkigarriak ziren testigantzak, eta era berean, gogoa ematen zuten lanean jarraitzeko eta gauza gehiago egiteko. Batzuek duela hamarkada batzuk bizitu zutena, beste batzuk ari dira bizitzen gaur egun».

Testigantza horietako batean, bertako emakume batek kontatu zien orain lortu dutela Bosnian, aurrenekoz, «gerrako bortxaketen ondorioz jaiotako umeek errekonozimendua izatea. Balkanetako Gerran oso nabarmena izan zen hori, eta oso gogorra da haientzat. Badakite ama nor den, baina aita, edo esperma jarri zuena, etsaia da. Haur haiek 30 bat urte dauzkate orain, elkarte bezala ari dira lantzen, eta lortu dute estatus identitario bat izatea».

 

«Ez dugu inoiz jakingo  zenbat jende desagertu den migrazio bidean»

Duela 30 urte inguruko kontua da, baita ere, Socorro izeneko emakumearen eskutik jaso zuten testigantza, Karabanan zehar. Izan ere, mexikarrak ibilbidearen zati haundi bat egin zuen haiekin, bere istorioa konpartitzeko: «Urte pila bat daramazki borrokan. Bere semea abokatua zen, eta hasi zenean mafia batzuen inguruko epaiketa batean lanean, desagertu egin zen eta ez dute ezer gehiago jakin berari buruz. Bera bezala, desagertutako asko daude. Erotzeko modukoa da desagertuen fenomenoa», kontatu du Edurnek.

Beste kasu bat ere ezagutu zuten aurtengo Karabanan: «Socorroren semearena ez da migrante baten kasua, baina Karabanan beste lekuko bat ere izan genuen, eta bere kasua bai zela migranteena. Bere emaztea eta haurra hilda daude, itsasoan polizia ustez erreskatatzera joan eta haien ontzia txikitu zuelako». Zentzu horretan, Suk nabarmendu du ezezaguna dela desagertzen diren migranteen kopurua: «Ez dugu inoiz jakingo zenbat jende desagertu den migrazio bidean. Muga batzuetan, Melillan itsasoa zeharkatzen adibidez, gutxi gorabehera jakin dezakegu zenbat jende desagertu den patera batean, normalean batenbat iristen delako, eta kontatu dezakeelako gertatutakoa. Baina Balkanetako ibilbidean ezin duzu jakin, jendea ez delako elkarrekin joaten. Lortzen dute bisatua Turkiara bidaiatzeko, eta bertatik egiten dute ibilbidea Europara iristeko, bakarrik edo talde txikitan».

Gainera, argitu du ez direla afrikarrak bakarrik, Balkanetako mugatik iristen direnak Europara: «Ez dira bertatik etortzen nahi dutelako, baizik eta hemen ez dietelako bisaturik ematen etortzeko. Horrelako kontuak ez ditugu aipatzen askotan, baina jendeak jakin behar du. Herrialde magrebtarretatik, adibidez, distantzia laburragoa daukate zuzenean etorrita, baina ez daukate horretarako aukerarik. Turkiara iristeko aukera suertatzen zaie, eta horregatik egiten dute Balkanetako ibilbidea. Kasu gehienetan Afrikakoak dira, baina badago Latinoamerikako jendea ere, bisatua lortu ezinik Turkiara joaten dena, eta Balkanetako mugatik saiatzen dena Europara iristen. Ezin dugu imajinatu ere egin, zenbat jende ari den ibilbide hori egiten, eta zenbat desagertzen diren».

Desagerpenak bere horretan ez geratzeko, 'Memoriaren maindirea' sortu zuten Italian, eta Amher elkarteak bat egin zuen duela hiru urte: «Horrekin, behintzat nonbait jaso nahi izan ditugu desagertutakoak, zein edota zenbat diren jakiteko. Maindireetan jartzen ditugu haien izenak, jakinez gero; eta bestela zenbakia. Leku desberdinetan ari gara maindireak egiten, eta Hernanin abenduan ateratzen ditugu kalera, Migratzeko Eskubidearen Aldeko Astean, horiek bordatzeko. Hau ere bada memoria historikoa, eta pildoratxo batzuk jartzen saiatzen gara», azaldu du Suk.

«Ekintza txikiak dira, baina txikitasun askorekin lortu dezakegu errekonozimendua eta erreparazioa», gehitu du Edurnek: «Jendearen sufrimendu latzaz ari gara hizketan. Hainbeste hilabete edo urtetako bidaiaren ondoren, iristen dira Triestera, eta egon daitezke berriro hilabete luzez ezin atera, ezin mugitu, ezin osatu, goseak... Gu egun batzuetan egon ginen bertan, eta tarte horretan beharbada iritsiko ziren 50 migrante. Beste asko han zeuden dagoeneko, hilabeteak zeramazkitenak. Behintzat, iristen zirenek bazeuzkaten erreferenteak, jakiteko zer topatu dezaketen bidaiaren hurrengo pausoetan».

«Izan ere, bidaia ez da bertan bukatzen. Bidaia ez da inoiz bukatu», argitu du Suk: «Hemen Euskal Herrian daudenak ere, ziurrenik ez dira hemen geratuko, ez daukatelako aukerarik. Baina denbora pixka bat behar dute toki batean, dirua aurreztu ahal izateko, gero beste toki batera joateko. Baita osasunez osatzeko ere».

 

«Hona iristen diren gazte asko, Balkanetako ibilbidea egitetik datoz, nekatuta, beldurtuta eta itxaropen haundirik gabe»

Ikusmira Euskal Herrian jarrita, uste dute «begirada aldatu» egin daitekeela, jakitean «hona iristen diren gazte asko, Balkanetako ibilbidea egitetik datozela. Haiekin hitz egiten duzu, eta nekatuta daude, beldurra daukate, emozionalki ez daukate itxaropen haundirik... Gure laguntzarekin eta babesarekin berreskuratu dezakete itxaropena, berriro indarra izateko. Beste modu batera begiratu behar diogu iristen den jende horri. Ezin dugu imajinatu ere egin, zer pasatu duten hona iristeko».

Zentzu horretan, salatu dute hedatuta dagoela «biolentziaren eta gorrotoaren mezua, berdin dio zeinen kontra den. Hemen Hernanin bertan ere badago, eta zerbait egin beharra daukagu hori aldatzeko. Zarata gehiago egiten dute, eta beraien mezua lehenago iristen da. Ez dugu pentsatzen zer pasa duen pertsona horrek, guregana iristeko. Batzuek urte asko daramazkite bidaian, bakarrik, indarkeria jasaten. Eta iristen dira gure herrietara, eta gauza bera da berriro. Gerretatik ihesi datozenen kontra egiten dugu indarkeria, eta gerta dakiguke guri. Beste garai batzuetan, euskaldunak izan gara beste kontinente batzuetara joan garenak, eta badirudi ahaztu egiten zaigula. Gazte hauek ari dira jasaten edozeini gerta dakigukeena, gerrak gero eta gertuago baitaude. Iruditzen zaigu ez zaigula sekula gertatuko, eta ojala hala izatea, baina...».

Horren adibide aipatu dute, hain juxtu, Balkanetako Gerraren kasuan: «Kontatu zigutenez, gerraren aurretik oso kultura eta erlijio desberdinetako herritarrak zeuden bertan, eta nahastuta bizi ziren denak, inolako arazorik gabe. Baina muturreko nazionalismoak indartuz sortu zen gerra, eta sekulako triskantza gertatu zen. Gaur egun, oraindik ezin dute sinetsi nola gertatu zen hura. Betikoa da, 'otsoa dator, otsoa dator', eta bat-batean otsoa hemen dago. Guk ere argi ibili behar dugu».

 

«Behin Karabanan sartuta, ezin dituzu gauzak modu  berean ikusi»

Begirada aldatzeko bide horretan, indar haundia dauka Karabanak, parte hartzen dutenengan: «Karabanan parte hartzea ez da soilik udarako egun horietan joatea. Behin sartuta, ezin dituzu gauzak modu berean ikusi, eta saiatzen zara beti zerbait gehiago egiten, zure alea jartzen, mugetako arazoa ikusarazteko. Gainera, gero eta hedabide gutxiagok egiten digute kasu».

Urte osoan zehar egiten dituzte ekintza desberdinak, Europako beste talde batzuekin, mugetako egoera salatzeko. Baina ekintza nagusia, jendetsuena izanik, udarako Karabana da. Dagoeneko hasi dira datorren urtekoa antolatzeko aurreneko lanak: urtarrilean egingo dute estatu mailako bilera, nora joan erabakitzeko; eta horretarako, lurralde bakoitzeko komisioak egingo du bere proposamena. Behin aukeratuta, prestaketa lanak hasiko dituzte, eta zabalduko dute izenematea, nahi duen edonork parte hartzeko, guztientzat irekia baita. «Ordura arte itxaron gabe ere, Karabanarekin bat egin eta lagundu nahi duena beso zabalik hartuko dugu», adierazi dute. Horretarako, abriendofronteras.net webgunean topatuko dute informazio guztia interesa dutenek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!