Kantakidetza abesbatzak gaur iluntzean, 20:00etan hasita, kontzertua eskainiko du San Joan Bataiatzailearen parroki elizan, Igor Arroyo zuzendari astigartarrak gidatuta. XIX. Mendeko Charles Gounoden 'Requiem' lana taularatuko dute eta gogoz agertu dira Kantakidetza abesbatzako kideak. Gainera badu koro honek berezitasun bat, Osakidetzako langileek osatutakoa baita. Bakarlari lanetan ariko dira Karmele Muro (Sopranoa), Elena Fernandez (Altua), Javier Sancerni (Tenorea) eta Eduardo Irigoyen (Baritonoa). Klarinetean Irene Ozcoidi izango da eta organista Jose Antonio Pascual izango da.
Joseba Landa Kantakidetza abesbatzaren ordezkaria da eta berak azaltzen ditu kontzertuaren eta abesbatzaren ibilbidearen xehetasunak. «15 urte daramatzagun abesbatza gara. Aurten Gounoden Requiem plazaratu dugu, organoarekin eta solistarekin jotzen dena, eta aurten Donostian aurkeztu genuen maiatzaren bukaeran. Orain Hernanin errepikatuko dugu kontzertua eta horren arrazoia Igor Arroyo zuzendariaren jatorria da».
Hortik etorri da Hernaniko parrokiko gaurko kontzertua, eta Donostiako abesbatza ahalik eta ikuskizun onena eskaintzen saiatuko da. «Igorrek Hernaniko organoa ondo ezagutzen du eta ona dela badaki. Requiem hau abesteko oso egokia dela dio eta pentsatu genuen Donostiako kontzertu hura hemen errepikatzea».
Donostiako Kantakidetza abesbatzako kideek badute zerbait amankomunean. «75 kideak osasungintzan ibili gara edo gabiltza lanean. Osasun-lankideak gara, batzuk jubilatuak, besteak oraindik lanean, mediku, erizain, zeladore, tekniko postuetan, lehen mailako arretan... Denetatik dago, anbulategietan, Donostiako eta Bidasoako ospitalean lana egiten dutenak».
«Madrilen badaude osasun-langileez osatutako abesbatzak, baina Euskal Herrian bakarrak gara»
Katakidetza abesbatzaren sortzaileetako bat da Rosa Salaberria eta hamabost urte hauetan izan duten ibilbidea ezin hobeto ezagutzen du. «Eman ditugu kontzertu asko Kursaalean, Euskalduna jauregian (Bilbon), Donostiako eliza askotan, sanitario arloan egiten diren kongresuetan amaiera ekitaldi bezala. Osakidetzaren 40. urteurrenean ere abestu genuen. Gure izena hortik dator Kanta, kantatu egiten dugulako, eta kidetza, Osakidetzatik».
Ensaioak ere Donostiako Ospitalean bertan egiten dituzte. «Partaide gehienak donostiarrak gara, nahiz eta badauzkagun inguruko herrietako abeslariak. Iñaki Lizeaga Hernanikoa da eta lehen aipatu dugun bezala zuzendaria, Igor Arroyo, astigartarra da. Ahots berezi batzuk behar izaten ditugu eta horietako batzuk ez dira osasun-langileak».
Mota honetako abesbatza bakarra dira Euskal Herrian. «Madrilen badaude osasun-langileez osatutako abesbatzak, eta Bartzelonan abesbatza ez, baina orkestra bat dago medikuen elkartean. Euskal Herrian ez dugu ezagutzen osasun-langileez osaturiko abesbatzarik».
«Hasieran beheran abestuko dugu eta gero goran»
Hernaniko gaurko kontzertuan abesbatzako kide denak izango dira. «Requiem oratorio hauek multzo potente bat eskatzen dute, organoarekin batera abesteko. Bestela ez da ondo entzuten».
35 minutu inguruko emanaldia izango da eta «hasieran behean jarriko gara. Abesti erlijioso bat abestuko dugu eta gero gora joaten garen bitartean, Karmele Muro soprano astigartarrak abestuko du. Gero goran jarriko gara eta Requiem abestuko dugu. Obra oso polita da eta jendearentzako gustukoa izatea espero dugu. Ea jendea animatzen den entzutera».
Gainera, aste honetan bertan egin dute azken ensaio orokorra eta oso pozik geratu ziren egindako saioarekin.
«Sorreratik abestia alaitasun bide erabili dugu, disfrutatzeko»
Igor Arroyo zuzendariarekin oso gustura daude. «Hernanin ongi ezagutzen duzue. Kantuz abesbatzako zuzendaria da, Orioko Salatxon ere badabil eta gu zuzentzen duen laugarren abesbatza gara. Lana bikain egiten du».
Afizioa beti aurretik, Kantakidetzako kideak ez dute abesten ofizioz. «Sorreratik abestia alaitasun bide erabili dugu. Osasungintzan egiten genuen edo dugu lana eta behin amaituta disfrutatzeko erabiltzen dugu kantua, alaitasuna izateko».
Astean zehar bi egun erabiltzen dituzte ensaioetarako. «Asteazkenetan eta ostegunetan ensaiatzen dugu, ordutegia ezohikoa izan arren, arratsaldeko 15:30etan. Errelebo aldaketa aprobetxatzen dugu. Polita da ikustea ensaio ondoren jendea zer alai joaten den etxera».
«Gaur Hernanin ikusiko den emanaldia maila altukoa izango da»
Abesbatza askori gertatzen zaion bezala, erreleboa omen da falta dena. «Gazteak falta dira. Saiatu gara eta saiatzen gara, baina jende gazteak beste gauzak ditu. Gazte abesbatzak Euskal Herrian desagertzen ari dira. Garai batean tradizio haundia zegoen, baina gaur egun hori galtzen ari da».
Ikusleen artean ere adin tartea altua izaten omen da. «Donostiak eskaintzen ditugun emanaldietan ezagun asko etortzen da eta entzule fidelak ditugu. Ohitura dago abesbatzen kontzertuak entzuteko. Doan izaten dira asko eta asko eta horrek ere laguntzen du. Horrelako musika gustuko izan behar da».
Pasa den urtean Kursaalen Beethoven-en bederatzigarren sinfonia eskaini zuten. «Emanaldi potentea izan zen. Kursaaleko auditorioa bete zen, Musikeneko musikoekin. Igor Arroyok zuzentzen dituen lau abesbatzek elkarrekin abestu genuen. Jende asko behar zen, 150 ginen guztira eta hori izan da gure helburu nagusia azken urteetan. Oso ederra izan zen. Nagusilan elkarteari laguntzeko izan zen, elkartasuna adierazteko zen eta guretzako ikaragarria izan zen leporaino beteta zegoen Kursaal auditorioan abestea. Guretzat ohikoagoa da jende gutxiagoren aurrean abestea eta horrela izanda ere gustora abesten dugu. Gustatzen zaigu abestea, hori da nahi izaten duguna».