Erreportajeak

Ainhoa Jauregi: «Euskal hedabideok badakigu zer egin nahi dugun, baina baliabide ekonomikoak behar ditugu horretarako»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Hamaika Telebistako zuzendariak, Iñaki Uriak, erretiroa hartu eta erreleboa pasa dio Ainhoa Jauregi hernaniarrari. Zuzendaritza berria osatzen du Jauregik, beste bi kiderekin batera: Maddi Mochales eta Onintza Alustiza. Prozesu batean murgilduta ibili dira azken urtean, eta orain, aldaketak egiteko ordua iritsi zaei.  

2006an aurkeztu zuten Hamaika Telebista, Bilboko Kale Nagusiko Euskaltelium egoitzan egin zuten aurkezpena, Iñaki Uriaren gidaritzapean. Euskal Herriko sei enpresa batuta (CMN, EKHE, EKT, Euskaltel, Elkar eta Bainet) euskara hutsean ekoitziko zen, eta euskararen normalizazioan buru-belarri arituko zen proiektua sortu zuten. Helburu argi bat nabarmendu zuten Bilbon duela 18 urte: “Euskaldunok telebista euskaraz ikusteko aukera izatea”. Orain, belaunaldi berrien txanda da, Hamaikako zuzendaria zen Iñaki Uriak erretiroa hartu du, eta Ainhoa Jauregiri (Hernani, 1981) pasa dio erreleboa. 

Euskal hedabideon eszenatokiaz, euskaraz, hutsuneez, eta hamaikaren asmoez aritu da Jauregi, eta kronikak etapa berri honetan Hamaika Telebistak ardatz izango dituen puntuak bildu ditu, baita zuzendari berriak egiten dituen zenbait hausnarketa ere. 

 

Iñaki Uriak lekukoa pasa dizu, nola hasten duzu etapa berri hau? 

Guztia prozesu bat abiaraztea erabakitzen dugun momentuan hasi zen. Lau edo bost urte inguru daramatzat Hamaikan lanean, eta azken urtean, aholkularitza baten laguntzaz, lanketa batean murgilduta izan gara. Beharrezkoa genuen trantsizio bat ematen ari gara, harremanak egiten eta etxe barrua berrantolatzen. Guzti honen erdian, denak bat egin duela esango nuke. Hamalau urte egon naiz Bainet-en lanean, eta gehiago ikasi dut hemen, Hamaikan, azken lau urteetan. Bidean, ekoizpen arduraduna, marketing mundua eta bestelako arduretan ibili naiz, eta iruditzen zait horrelako ardura bati heltzeko prest nagoela. Batzuetan bertigo pixka bat ematen dit, baina errespetuz eta gogoz hartzen dut ardura. Ondoan zuzendaritzako bi kide ditut, eta beraiek eta etxe barrukoek eman didaten babesak asko animatu ninduen pausoa ematera. 

 

 

Zergatik erabakitzen duzue prozesu bat abiaraztea?  

Prozesua martxan jartzen da antolatzeko modu berri baten beharra ikusi genuelako, eta hau aholkularitza baten laguntzaz egitea erabaki genuen. Honek, besteak beste, Iñaki Uriak erretiroa mahai-gainean jartzea ekarri zuen. Inongo momentuan ez genuen argi zein izango zen erreleboa hartuko zuena. Prozesua hasi genuenean ez zitzaidan burutik pasa ere egin zuzendari izateko aukera; ez niri eta seguruenik ezta Iñaki berari ere. Prozesuaren hasieran kanpoan bilatzen ibili ginen baina konturatu ginen, errazena etxe barruko norbaitek hartzea izango litzatekeela. Hortik abiatuta, esango nuke prozesuak berak eraman gaituela hona, eta ni arduradun izendatzera. 

 

Hamaika TB sortzeko arrazoia «euskaldunok telebista euskaraz ikusteko aukera izatea» zela aipatu zen 2009ko agerraldian. Zein eszenatoki dute euskal hedabideek gaur egun? 

Euskara hutsean ekoizten dugun hedabide guztiok arazo berdin bat konpartitzen dugula iruditzen zait: belaunaldi berriengana iristeko ezintasuna. Gazteak gora eta gazteak behera nabil egunero, baina ez alperrik,  gazteak dira etorkizuna, eta beraiekin bat egitea ezinbestekoa da. Oraindik, gezurra badirudi ere, bagara zenbait telebista ikusten jarraitzen dugunak, baina argi eta garbi, kontsumo ohiturak ikaragarri aldatu dira. Hauetara moldatzea besterik ez dugu. Tope gabiltza gure egunerokoan, eta ez da erraza izaten tartea topatzea telebista aurrean lasai eserita egoteko. Ikus-entzunezko kontsumo handia mugikorretatik eta tabletetatik egiten da. Testuinguru aldakor eta zailean gaude, eskaintza haundia dago eskuragarri, eta gustatu ala ez, Netflix bezalako plataformak ere konpetentzia dira. Euskaraz lan egiten dugunok erronka haundia dugu mundu digitalean tokia bilatzen, jendearengana iristen. Erronka haundia da baina aukera polita ere bai. Berrikuntzatik tiraka, beste formatu batzuk ekoiztea dagokigu, baita euskarri berrietara egokitzea ere.   

 

Hamaika Telebistaren kasua izan daiteke baina, baita euskal hedabide gehiagoren egoera ere, ezta?

Bai, hainbesteko eskaintza dagoen garaian, gure tokia topatzea ez da erraza. Hedabide bakoitzak bere interesak edukiko ditu, baina garai hauetan elkarlanerako tokiak bilatzea, eta batzen gaituzten puntuak topatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Denak trantsizio momentu batean gaudela esango nuke, eta hemendik onik ateratzeko batu egin behar garela uste dut. Finean, denok gabiltza eremu digitalean egoteko lanean eta bertara egokitu nahian, baina betiko oztopoarekin: baliabide ekonomikoen falta. 

Baliabide ekonomiko faltaren aurrean, nork hartu behar du ardura?

Eusko Jaurlaritzak eta erakunde publikoek ardura izan beharko lukete, eta guk egiten dugun honetan sinisten badute, erantzuten jakin beharko lukete. Orain, inoiz baina beharrezkoagoa da beraien inplikazioa. Trantsizio honetan laguntzeko apustua egin behar dute, hau urte batzuetako kontua izango dela jakinda, trantsizioa ez baita egun batetik bestera egiten. Euskal komunitatearen konpromezua ere garrantzitsua da guretzako

 

Nola finantzatzen da Hamaika? 

Erakunde publikoen laguntza da hein haundi batean sostengatzen gaituena. Gure kasuan, dirulaguntza haundiena Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailetik iristen zaigu. Bestalde, Nafarroako Gobernutik ere zenbait dirulaguntza iristen dira, aurkezten ditugun proiektuen truke. Publizitatetik ere zerbait irabazten dugu, nahiz eta honek beheranzko joeran jarraitzen duen. Azken arlo honen beherakada ikusita, duela 2/3 urte fundazioa berriz ere martxan jarri genuen, zeinak bertako bazkideek ekarpen ekonomiko bat egitea ahalbideratzen duen. Baina, ez da nahikoa. Hedabide bat sostengatzea ez da hain erraza, eta eremu digitalean mugitzen bagara ere, ez du esan nahi baliabide gutxiago edota diru gutxiago behar dugunik, nahiz eta askok uste hori izan.  

Gainera, gaur gaurkoz, telebistako eskaintza minimo bat ere eskaini behar dugu. Hain gazteak ez direnak ere oraindik ikusteko ohitura mantentzen dutelako.

 

Baliabide ekonomiko nahikoa ez edukitzeak hedabidearen jarduna zenbateraino oztopatzen duela esango zenuke? 

Izugarri. Gu nazio mailako ikus-entzunezko hedabidea gara, telebista tradizionalerako ekoizteaz gain, webgune eta sare sozialetarako ere edukiak sortu behar ditugu. Horrek lana du: estrategia bat garatzetik edukia hedatzen duzun arte. Horrek guztiak, lan orduak eskatzen ditu, kazetariak, teknikariak, emisio gastuak, teknologia berrien integrazioa… eta hori baliabide ekonomiko nahikorik gabe ezin da modu jasangarrian eta behar bezalako emaitzak lortuta egin. Kalitatezko eduki eguneratuak eskaintzeko “xoxak” behar dira.  Proiektu eta ideia benetan onak izan ditugu eskuartean, baina ezin izan ditugu aurrera eraman. 

Hemen, erakunde publikoen inplikazioa ezinbestekoa da. Jendea ez dago bere momentu ekonomiko onenean, eta hori nabaritzen da. Eta plataforma handi baten eta gure artean aukeratu behar badute, gehienek lehenengo aukeran inbertitzen dute.

Egoera hau izanik ere, sektorean lana egiteko gogoa dago, eragiteko grina, iritsi dira belaunaldi berriak, eta gehiago iritsiko dira; etapa bat itxi eta berri bat irekitzea tokatzen zaigu, beti ere Hamaikaren balioak eta misioa mantenduz. 

 

Zuzendaritza aldaketa hau «garai baten mugarritzat» jo duzue. 

Mugarria niretzat prozesua bera izan da, baina izan daiteke kanpora begira zuzendaritza aldaketan gorpuztu izana askorentzat. Duela urte dezente euskal hedabideak martxan jarri zituen belaunaldiari erretirorako garaia iritsi zaio, eta eskertzea dagokigu, beraiek ireki baitzuten bidea. Baina, garaiak aldatu egin dira eta hauetara egokitzea tokatzen zaigu. 

 

Hemendik aurrera, telebistaren norabidea zehaztea dagokizu, beste bi kiderekin batera. 

Gaur gaurkoz, talde lanak izugarrizko garrantzia hartu du Hamaikan. Zuzendaritzan gaude Maddi Mochales digitalizazio arduraduna, Onintza Elustiza finantza arduraduna, eta ni. Bestalde, kudeaketa lantaldea osatu dugu, zuzendaritza zabalago baten funtzioa betetzen duena. Ikuspuntu ezberdinak batzen dira bertan, egunerokoak jan egiten gaituenaren sentsazioa izaten dugu askotan, eta ezinbestekoa da markatutako irizpideak errespetatzeaz gain, egunerokoaren jarraipen bat egitea. Parte hartze haundiagoa izateko, hedapen taldea eta produktu taldea ere sortu ditugu. Talde hauen sorrerak, edukiak eta saioak sortzerako unean, denen parte hartzeko aukera izatea ahalbideratzen du. 

 

Politika berri bat ere aplikatuko da hemendik aurrera, zeinak fokua ekoizpen ordu propioetan baino, kalitatean eta inpaktu sozialean jarriko duen. 

Bai, orain arte behartuak ginen ekoizpen ordu propio minimo batzuk betetzera telebistari dagokionez, Hizkuntza Politika saileko dirulaguntza jasotzeko. Irizpide honek asko baldintzatzen gintuen, baina politika aldatu egingo dela dirudi. Hemen zuhurra izan nahi nuke deialdi berria oraindik ez delako atera; 2025ean izango da hori. Oso zaila egiten zaigu eskatzen diguten eduki kantitateak ekoiztea, eta aldi berean, kalitate haundikoa eta teknologia eta euskarri ezberdinetarako egokitua izatea, kontuan hartuta taldearen baldintzak eta denborak. Ezin dugu miraririk egin. Ekoizpen neurri horietatik askatzeko aukera izatea oso berri ona litzake guretzakoko. Orain, indarrak eremu digitalean jarriko ditugu, belaunaldi gazteekin konektatzeko, beti ere lehenagoko belaunaldiak ahaztu gabe. Egingo diogun horri zukua ateratzea izango da klabea, euskarri ezberdinetara nola egokitu pentsatzea eta egikaritzea. 

 

Gazteak dituzue jomuga, zergatik? 

Etorkizuna direlako. Nire semeak hamahiru urte ditu, hain justu pertsona batek kontsumo ohiturak hartzen hasten den unean dago, gutxi gora behera 24 urtera arte luzatzen dena. Niretzat tarte horretan eragitea garrantzitsua da, euskaraz kontsumitzeko ohitura har dezaten. Geroz eta gazte gehiagok dakite euskaraz, baina geroz eta gutxiagok erabiltzen dute, eta gu ibili behar gara atzetik, euskaraz hitz egiteko eskatzen. Horretarako, podcastak eta kale galdeketak txertatu ditugu, besteak beste, eta azken hauek bereziki ondo funtzionatu dute, gazteak parte hartzera bultzatzen dituzten edukiak direlako. Dinamika azkar bat duten, eta begi-bista batean erakargarriak diren produktuak ekoitzi behar ditugu, gazteek 2/3 segundoko aukera ematen baitute edukia ikusten jarraitu edo hurrengora pasatzeko erabakia hartu aurretik. Erronka ez da txikia, baina taldean langile gazteak ditugu, ezinbestekoak direnak errealitatera hurbildu ahal izateko.  

 

Belaunaldi berriak harrapatu nahi dituzue, garai bateko ikusleak mantenduz, hau posible al da? 

Posible da eduki mota ezberdinak eginez. Telebistarako bat eta eremu digitalerako beste bat. Baina hemen, berriz ere arazo berdinarekin topatzen gara: ekonomikoki itota aurkitzen garela. Guk badakigu zer nahi dugun egin, baina pertsona berdinekin, telebistarako saioak ez ezik, youtuberako podcastak edota sare sozialetarako kale galdeketak bezalako formatuak ere sortu behar ditugu, bakoitza formatu eta denbora jakin batean. Eduki aldetik askoz ere gehiago ekoitzi behar da, eta posible da, baina erakunde publikoen politikak aldatu egin behar dira. 

Diru-laguntzak eta publizitate instituzionala banatzeko garaian beste irizpide batzuk hartu behar dira kontuan eta hedabide guztiok dugun balio eta funtzio soziala lehen lerroan izan.

Aldi berean, baliabideei ahalik eta etekin handiena atera eta irismenean irabazteko, euskal hedabide eta eragile guztion elkarlana oso garrantzitsua izango da. 

 

Desinformazioa eta fake news bezalako fenomenoak zeresan haundia ekarri du gizartean, honen aurrean zein da hedabideek hartu behar duten jarrera? 

21.mendeko arazo larrienetako bat bezala identifikatzen ditut berri faltsuak, eta hedabideok inoiz baino funtzio sozial garrantzitsuagoa dugu. Orain, badirudi, eskuan mugikor bat duen edonor izan daitekeela Kazetaria, eta ez. Kode deontologikoak nun gelditzen dira?. Hizkuntzarekin batera, beste erronka haundi bat dugu honekin. Edozein gauza publikatu aurretik filtroa pasa behar da, egiazkotasuna eta kalitatezko informazioa guk bermatu behar ditugu, eta eskapatuko zaizkigu gauzak, baina horretan lan egin behar dugu. 

 

Hamaika TBk helburu bat izan badu, hori euskararen normalizazioan lanean aritzea litzake, nola ikusten duzu euskara Euskal Herriko eszenan? 

Euskara erdigunean dugu uneoro, euskara hutsean ekoizten dugu, euskaraz harremantzen gara etxe barruan zein kanpoan, beraz, konpromisoa totala da. Euskararen normalizazioa gure ardatza da, berdin du Iñaki, ni edo beste norbait egon, beti izango da erdigune. Baina, uste dut, euskal kulturaren transmisioan huts egin dugula, belaunalditik belaunaldira ez gara gai izan hizkuntzaren garrantzia helarazteko. Inguruko gazteak erreparatuta, ez dute euskararekiko atxikimendurik, eta hor haustura bat dago. Euskal identitate hori bizi ez dutela antzematen dut. Guri, honi buelta ematea tokatzen zaigu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!