Erreportajeak

«Sareak sortzea da topaketaren helburua, gure eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Transare Gipuzkoako Trans kedada antolatu du Loratuz Lotuk. Gaur egingo dute topaketa, eguerdiko 12:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan. Kolektiboa osatzen duten pertsonak elkar ezagutzeko eta hausnarketak partekatzeko helburuarekin prestatu dute saioa.

Transare Gipuzkoako Trans kedada antolatu du gaurko Loratuz Lotuk. Kolektiboa osatzen duten pertsonak elkar ezagutzeko baliatuko dute gaurko eguna, eta egungo egoerari buruzko hausnarketak partekatuko dituzte ondoren. Eguerdiko 12:00etan hasiko da saioa, Kulturarteko Plaza Feministan. Hitzordua aprobetxatuta, Brayan Altimasberes Loratuz Lotuko kidearekin hitz egin du Kronikak, topaketari eta kolektiboari buruko gaiak aletzeko.

 

Nondik dator Transare 
topaketa antolatzeko ideia? 

Urriaren 20a Trans Despatologizazioaren Nazioarteko Eguna da, eta hori aprobetxatu dugu topaketa antolatzeko. Aspalditik geneukan buruan Gipuzkoako transak elkartzeko zerbait egitea, eta osagai guztien batura da Transare. Normalean manifestazioa egiten genuen egun horren bueltan, eta aurtengoan zerbait desberdina egin nahi izan dugu. Ea jendea animatzen den. 

 

Hortaz, pertsona transen 
artean saretzea, ezagutzea 
eta harremana sustatzea da 
gaurko helburua. 

Bai, hori da. Trans kolektiboa oso sakabanatuta dago Gipuzkoan, eta ez da hain erraza sareak sortzea. Horrelako jarduerak antolatu behar ditugu jendea elkartzeko eta harremanak sortzen joateko. Gure asmoa da pixkanaka sare horiek eratzea, ondoren gure eskubideak defendatu ahal izateko eta edozer eskatzerakoan eragin haundiagoa izateko. Gu, elkarte modura, pertsona transen izenean hitz egiten aritzen gara, baina ez dugu jakiten pertsona bakoitzak zer pentsatzen duen, zertan dauden gurekin konforme eta zertan ez. Guztien onespena eta iritziak jasotzeko baliatuko dugu gaurko eguna.  

 

Eskubideen aldarrikapenean sakontzea da, beraz, zuen nahia. Gaur egun zein da trans kolektiboaren egoera? 

Azken urte hauetan bi lege oso potente lortu ditugu; Espainiakoa eta Euskadikoa. Oso pauso garrantzitsuak eta sinbolikoak izan dira guretzat, baina legeek ez dute balio paperean bakarrik geratzen badira. Guretzat oso garrantzitsuak dira Osakidetzako eta Hezkuntzako esparruak, eta legeek diote despatologizazioa martxan dagoela, jada pertsonak ez direla psikiatriara bideratzen, baina badakigu hori gezurra dela. Saiatzen ari gara horretan eragiten, hori aldatzen, baina gure iritzia askotan ez dute kontuan hartzen. Momentuz behintzat gure kolektiboa ez dago Osakidetzan ordezkatua, eta eskatzen duguna da lana elkarrekin egiteko aukera izatea. Legeei dagokienez, urtero joango dira errebisioak egiten, betetzen diren eta falta diren gauzak ikusteko. 

 

Gaur egun Osakidetzan eta Hezkuntzan ez duzue 
ordezkaritzarik?

Ez. Osakidetzan adibidez asko kontatzen dute Naizen elkartearekin, baina haiekin bakarrik. Garrantzitsua iruditzen zaigu gu subjektu politiko modura sartzea mahai horretan. Horixe da gure erronketako bat. Pertsona transontzat oso garrantzitsua da alor hori, min eta sufrimendu asko eragin digun bidearen oinarria delako. Behin hor sartuta, Hezkuntzan ere presentzia haundiagoa izan nahiko genuke. Legeak beste zerbait dioen arren, une honetan ikastetxeetan gai hauek lantzea irakasleen esku geratzen da, eta bakarrik sentsibilizatuta dauden irakasleek egiten dute. Gehienetan ez da ezer egiten. Nire ustez erakundeek gehiago eragin beharko lukete hor, benetan landu beharreko gaiak direlako.

 

Gorroto delituek gora egin duten honetan, Gipuzkoan nolakoa da gizarteak pertsona transekiko duen jarrera? 

Egia da gorroto delituek gora egin dutela, baina oso zaila egiten zaigu datu errealak izatea. Kasu gehienetan ez da salatzen, eta hori landu behar dugun zerbait da. Gazteizen, esaterako, salaketa asko jartzen dira, bertako Ikusgune Behatokia erreferentziazko entitatea delako, eta horrek asko errazten du bidea. Gipuzkoa mailan esango nuke egunerokotasunean dauzkagun traba txikiak direla gehiengoa; medikura joan eta ez zure izenetik deitzea, adibidez. Batzuei ez die aparteko minik sortuko, baina beste zenbaitentzat oso mingarria izan daiteke halako zerbait. Horrelako gauzak gehixeago zaindu beharko lirateke. 

 

Euskal Herrian saretuta dago trans kolektiboa?

Zenbait erreferentzia badaude. Orain dela bi urte Gasteizen antolatu genuen topaketa. Hirian bertan jende asko dago, baina landa eremuan sakabanatuta daude gainontzekoak. Orduko hartan talde polita osatu genuen, baina gertatzen dena da jardunaldi bat prestatu ezean ez garela elkartzen. Bizkaian ere badaude mugimendu dexente. Gure asmoa da ekintza zehatzetarako elkartu ahal izatea, eta guztiek jakitea nahi dutenean espazio bat dutela bertan. Garrantzitsua da harremana izatea iritzi guztiak kontuan hartzeko, modu horretan ahots desberdinak ordezkatzeko aukera izango dugulako. 

 

Gaur aukera ederra duzue 
horretarako. Zer prestatu duzue?  

Asmoa da oso topaketa informala izatea. Ez dakigu zehazki zenbat jende etorriko den, baina esperantza daukagu taldetxoa osatzekoa. Jarduera dinamikoak egingo ditugu, eta ateratzen diren gauzekin joango gara saioa osatzen. Ez dago gidoi itxirik, eta etortzen den jendearen arabera desberdina izango da eguna. Espero dugu etortzen direnek parte hartzeko gogoa izatea, hartara guk ez dugu tiraka ibili beharko. Aurkezpenak egiteaz gain, zer nahi duten eta zer behar dauzkaten jakin nahi dugu, eta halako gaiei buruz hausnartuko dugu gero. Guztien ikuspegia ezagutzea izango da helburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!