Gaur bi aste, Hernani gertaera larri batekin esnatu zen, Gabriel Zelaia plazako etxebizitza batean hilketa saiakera izan eta gero. Ertzaintzak 58 urteko emakume bat atxilotu zuen, bizilagunaren etxera sartu eta gizon gazte bati labanaz eraso egin ostean. Erasotua 61 urteko Saadiaren semea izan zen, nahiz eta azken helburua Saadia bera hiltzea izan. «Semearengatik ez balitz bere helburua lortuko zukeen», dio 61 urteko emakumeak.
Aurretik heriotza-mehatxupean zegoen Saadia eta datorren ostegunean Donostiako epaitegian du mehatxu horren inguruko epaiketa: «Erasotzailea eta bere senarra salatu nituen epaitegian eta hilaren 10ean izango da epaiketa».
Saadiaren 22 urteko semea, zauritua izan zen baina, arriskuz kanpo dago. «Zorionez ongi dago. Organu bat juxtu-juxtu ukitu zuen labankadak, baina ez zen izan bere bizitza arriskuan jartzeko moduko zauria. Orain bajan dago».
Semea kasualitatez geratu zen egun horretan amaren etxean lotan. Erasotzailea balkoitik sartu zen bizilagunaren etxera, zaratak esnatu zuen Saadia, ohetik jaiki eta sukaldera joan zen, eta han aurkitu zuen bizilaguna, labana batekin, eraso egiteko intentzioarekin, eta oihuka hasi zitzaion etxeko jabeari. Erasotuak dioenez, emakumeak «soka bat ere bazuen, korapiloak eginda alboetan».
«Urduri zaude», esan zion erasotzaileak eta Saadiak egindako oihuak esnatuta agertu zen sukaldera bere semea. Ama babesten saiatu zenean sartu zion bizilagunak labana sabelean. Ama larrialdi zerbitzuei deika ari zen ordurako. Semeak erasotzailea murriztea lortu zuen, labana kendu zion eta ertzainek banandu zituzten arte egon ziren horrela.
Ertzaintzak 58 urteko emakumea atxilotu zuen, etxebizitza horretara baimenik gabe sartzea, lesioak eragitea eta giza hilketa saiakera egotzita.
Sorgin bat irudikatzen duen panpin bat aurkitu izan du balkoitik zintzilik.
«Eskerrak semea nire etxean zegoen. Nik ezingo nukeen bera murriztu. Donostian bizi eta Garberan egiten du lan, berandu oheratu zen. Hurrengo egunean 11:30etan sartu behar zuen lanera eta horregatik etorri zen Hernanira lotara. Horri esker nago seguruenik bizirik».
Semeak izandako erreakzioa ere azpimarragarria da Saadiaren esanetan. «Behin labana kendu eta murriztea lortu zuenean, oso hotz mantendu zen. Momentu horretan erreakzio hori izatea ez da erraza. Beroaldian murriztu zuen eta kitto, inolako biolentziarik gabe».
10 urte Hernanin, Gabriel Zelaia plazan bizitzen
Saadia jatorriz marokoarra da eta Donostian bizi izan da urte askotan. 2014an Hernanira, Gabriel Zelaia plazara, etorri zen bizitzera. Bi alaba eta seme bat ditu eta hauek bizitza Donostian egiten dute eta bertan bizi dira. «Hernanirekin ez dute loturarik». Biharamunean, arratsaldean alaba Hernanira etortzekoa zen eta «ez banuen erantzuten poliziara deituko zukeen heriotz-mehatxupean bizi naizelako aspalditik. Ez naiz mehatxatuta nagoen bakarra. Bizilagun gehiago dago mehatxatuta, beste bizilagun bati motoa eraman zioten... jende asko dago mehatxatuta. Beldurra ere badago, agintariek ere badute, eta horregatik ez da neurririk hartzen».
Erasotzailea epailearen aurretik pasa zen eta honek erabaki zuen aske uztea epaiketa hasi artean. «Fiskaltzak behin-behineko espetxeratzea eskatu zuen, baina preskribatutako aurrekari penalak dituenez eta ihes egiteko arriskurik ere ez dagoenez epailearen arabera, askatu egin dute. 500 metroko urruntze agindua jarri zaio. Zer gertatuko den inork ez daki, baina legeak dio delitu larri bat egiten baduzu Alokabideko etxea utzi behar duzula, eta bertan ezin zara bizi», dio Saadiak.
Komunikabideren batean argitaratutako informazioaren aurka, Saadiak adierazten du elkarbizitza aspalditik egon dela apurtua. «Ni duela hamar urte bizi naiz hemen eta ni etorri nintzenean bizikidetza ezinezkoa zen. Etxeko portala adibidez, delituak egiteko erabiltzen zen, trapitxeatzeko. Bertan nagoenetik omen dago okerrago bizikidetza, baina hori gezurra da. Hobeto dago eta ikusi besterik ez dago lehen nola zegoen etxebizitza eta orain nola dagoen».
Gabriel Zelaiko edifiziora etorri zenean horrekin amaitu nahi izan eta gauzak aldatu zirela dio erasotuak. «Desastre bat zen, portaleko paretak karkaxez josita zeuden. Nitaz gaizki esaka aritzen den bizilagunen bat badago, erasotzailearen familiaren adiskidea. Alokabideko etxe hauetan, hiru edifizio daude bata bestearen alboan, zaurgarriak diren pertsonentzako pisuak dira. Hiru edifizio horietatik, gurea da lasaiena eta bizikidetza arazo gutxiena dituena. Hemen arazo bakarra izan dugu eta da erasotu didan bizilagunarekin».
Bertan bizitzen hasi eta berehala ondoren hasi omen ziren irain arrazistak, «mairuak kanpora bezalako pintada arrazistak idatzi dira eta ia egunero daude irainak. Gaur egun, irainak ez dira delitu, ez penalki ezta alde zibiletik ere, ez baldin bada etxeko ingurunean eta senideen artean».
Bizilagun gehiago, mehatxatu omen dituzte bertako edifizioan eta albokoetan, gaineratzen duenez «eskoltatuak izan dira askotan. Ez da nire kasua bakarrik, arazoak etengabeak dira. Ondoan dagoen okindegi batean ere erasotzaileak debekatuta du sartzea eta mendeku gisa olioa isuri zuen goitik-behera. Ez dakite elkarbizitzen eta adibide asko ditut, gertatutakoekin eta egindakoekin. Orain bi aste pasa zena lehenago edo beranduago gertatuko zen eta horretara iristea da ez dena bidezkoa. Egun hori iritsiko zela pentsatzen nuen eta iritsi da tamalez. Tristea da pertsona bat hil nahi izatea, eta orduan ere bere hitza zalantzan jartzea. Pertsonaren osotasun moral eta fisikoaren aurka jotzen dute, eta ez naiz bakarra salatu dituena, herritar eta bizilagun gehiagok salatu ditu».
Erasoa gertatu zen sukaldea.
«Hilketa saiakera gertatu baino ordu batzuk lehenago mehatxatzen aritu zen»
Bidegabekeriak eta injustiziak ez dituela onartzen dio Saadiak eta horren aurrean tinko eutsiko diola dio. «Nik nire bizitza egiten jarraituko dut. Enkarguak egin, kalera irten, kafetegira joan... Zerbait gertatzen bazait, denek badakite nork egin didan mina. Bestela, inorekin ez dut herrian arazorik. Nire bizitza normala da, orain ez naiz lanean ari, sorbaldako ebakuntza baten zain nagoelako. Oso pertsona arrunta naiz».
Familiarekin bizitza atsegina duela dio eta horri eusten dio. «Bizitza zoragarria dut seme-alabekin. Ni joaten naiz beraiengana gehiago, beraiek ahalik eta gutxien azaltzen dira Hernanin».
Saadiak ez du planteatzen pisua uztea. «Denbora beharko nuke uzteko, berehala ez naiz joango, oso atxikita bainago bertara. Segurtasun neurri gisa kamerak jarrita dauzkat etxeko sarreran eta neurriak hartu ditut».
Beldurra izatea normala omen dela dio. «Beldurra defentsa bat da inteligentzia emozionalaren aldetik. Babesteko neurriak badauzkat eta neurri horietako batean ikusi dut, hilketa saiakera gertatu baino ordu batzuk lehenago mehatxatzen aritu zela. Eta berriz ere nabarmendu nahiko nuke ez naizela mehatxuak jasaten dituen bizilagun bakarra, edifizio honetakoa izan edota inguruko beste edifiziotakoa izan».
«Babes falta haundia nabaritu dut babestu behar gaituztenen aldetik»
Babesteko erabiltzen ditu kamerak eta hori bota du faltan agintarien aldetik. «Denuntziak jaso ditut erasotzailearen partetik eta edifizioko bere lagun batengatik, lehendabizikoaren aurka egin ditudan salaketengatik. Nik dudan materiala aurkezten dut, Eusko Jaurlaritzara ere notifikazioak bidali ditut. Magrebtarren aurka hitzegiten du jendeak, eta iruzurra besteek egiten dutenean ez da ezer gertatzen».
«Hernani mugimendu sozial asko dagoen herria da, eta non daude feministak? non dago Amher elkartea? Ia egunero jasaten ditut irain arrazistak. Herri honetako udaltzainen lanari suspensoa jartzen diot, zerbitzu sozialei ere supensoa jartzen diet, baita Amher-SOS Arrazakeria elkarteari. Alkatearekin bilera bat izan nahi nuke, orain arte ez dut aukera hori izan, baina gustatuko litzaidake berarekin biltzea. Baita udaltzainen buruarekin ere, posible bada eta zerbitzu sozialetako arduradunekin ere bai. Aipatu ditudan arduradunek bazekiten zer gertatzen ari zen, kaleko jendeak ez, baina bai arduradun diren askok».
Labankadak semearen kamisetan egin zuen zuloa.
Neurriak hartu behar direla uste du Saadiak, «ez dira neurri egokiak hartu, prestatutako jendea behar da». Iñigo Urkullurekin ere hitzegin omen zuen eta «hurrengo egunean etorri ziren Eusko Jaurlaritzatik».
Saadiak orain zer gertatuko den ez daki, baina nahi du «gauzak konpontzea eta erasotzaileak zigorra jasotzea. Hartu beharreko neurriak hartu behar dira, inork arazorik ez izateko eta bizitza arriskuan ez edukitzeko. Gertatu dena oso larria da, baina hau lehenagotik dator, jatorria badakigu zein den eta hori eten egin behar da».