Ez zen suziri hotsik entzun atzo arratsaldean, Lizeaga auzoan; eta ez da jai giro alairik izango asteburuan. Izatez, egun hauetan ziren auzoko festak ospatzekoak, baina duela hilabete jakinarazi zuen Gibelaldek, Lizeagako auzo elkarteak, jaiak bertan behera utziko zituztela, bi arrazoi nagusi tarteko: Urumea ikastolako patioko obrak, eta Txomin Pavon adiskidearen heriotza mingarria.
Egoerak desertu utzi duen asteburuaren atarian, Juani Vegarekin elkartu da Kronika, Gibelaldeko lehendakariarekin, auzoari buruz hitz egiteko. Garbi dauka «auzo bizia eta zoragarria» dela Lizeaga, oso aukera politak dauzkana, baina zaindu eta berritzea behar duela: «65 urtez auzoan berrikuntzarik ez egin ondoren, uste dut Lizeagak merezi duela esfortzu hori. Azkeneko urteetan ez da ezertxo ere egin bertan, abandonatuta sentitu gara», adierazi du.
Jaien asteburua behar zuen honek, baina ez da festarik izango. Penaz, ezta?
Pena haundia daukagu, bai. Festak antolatzen ari garenean, sekulako ilusioa izaten dugu, eta dena okertu zaigu aurten. Batetik, Urumea ikastolatik esan ziguten, eskolako patioko obrak urrian hastekoak zirela. Beraz, guk irailaren azkeneko asteburuan ospatzen ditugunez festak, ez geneukan arazorik. Dirulaguntzak eskatzen dituzunean, aurreikusi behar duzu aterperik behar ote duzun, eta horretarako ere dirua eskatu. Guk badaukagu aterpea berez, Urumeako patiokoa; eta ez genuen horretarako dirurik eskatu. Begiratzen aritu ginen, eta aterpe bat alokatzeak 2.000 euro inguruko kostua dauka. Guretzako diru asko da hori.
Kontua da, ondoren, udaletxetik abixua iritsi zitzaigula, abuztuaren 19an hasiko zirela Urumeako patioko obrak, eta ez urrian. Udaletxean batera eta bestera ibili ginen, galdezka ea noiz arte iraungo zuten obrek, eta azkenean esan ziguten ez zirela asko luzatuko, baina ez zekitela bukatuta egongo ote ziren jaietarako. Obretan daude oraindik. Hortaz, epeak ez dira bete.
Eta bestetik, Txomin Pavonen heriotza...
Bai, abuztuan hil zen gure adiskidea, obren dataren berri izan baino astebete lehenago. Guretzako oso oinarri garrantzitsua zen Txomin. Orduan, erabaki genuen ezin genituela festak egin. Oso atsekabetuta gaude bere heriotzarekin, egia esan. Ez genuen halakorik espero. Azkenerako, bigarren mailakoa izan da obren kontua; askoz ere garrantzitsuagoa izan da Txominen galera.
Auzo elkarte txikia da zuena, gainera.
Gibelalden sei kide gara une honetan, eta seion artean daramakigu auzo elkartearen martxa. Txominekin zazpi ginen, eta gainera, esan bezala, oso oinarri garrantzitsua zen; ez soilik guretzat, baita auzo osoarentzat ere. Dena den, jai batzordean beste 10 bat lagun dauzkagu gurekin, eta kalean ere aritzen gara jendeari laguntza eskatzen, gauza bat edo beste egiteko.
Aspalditik zebilen auzoko kontuetan...
Bai, beti egon da oso inplikatuta auzoan. Planteatu genuen festak antolatu eta berari eskaintzeko aukera; baina bere heriotzarekin, festarako gogorik ez geneukan. Bihotzaren barru-barruraino iritsi zaigu mina.
Aurreko urteei begiratuta, osasuntsu ikusten dituzue Lizeagako Jaiak?
Bai, osasuntsu daude jaiak. Pena da beti pertsona berdinak gabiltzala jai batzordean, eta jende berria erakartzen egin behar dugu ahalegina. Ideia berriak behar ditugu, eta ez betikoan zentratu. Ekarpen politak egingo dituen jendea erakarri nahi dugu. Auzoa beste modu batekoa izatea. Adibidez, lurrean hiru dimentsioko marrazkiak egiteko asmoa daukagu, auzoan zehar. Enfoke polit bat eman nahi diogu auzoari, ez dadila izan beti izan dena. Erdigunetik oso gertu gaude, eta aldi berean oso urruti. Aparkaleku-auzo bat bezala hartzen gaituzte askok. Horixe da Lizeaga: aparkatzeko auzoa. Eta hori ez da posible, gure auzoa zoragarria da eta! Madalena plazan palmondo ederrak dauzkagu, atzeko pasadizoa... Oso gauza politak dauzkagu auzoan, aprobetxatu ditzakegunak.
Orain, Halloweeneko ospakizunean ari gara indarrak jartzen. Zerbait ezberdina antolatu nahi dugu, zerbait potentea. Horrek esfortzu eta lan haundia eskatzen du, baina gogoz heltzen diogu. Jende faltagatik, pentsatu izan dugu ekintzak beste auzoren batekin antolatzea ere, elkarlanean. Sekulako gogoa eta ideia asko dauzkagu, eta gustatuko litzaiguke berritu eta ekintza desberdinak antolatzea. Beti izan ditugu ideia jakin batzuk, eta horietan iltzatuta geratu izan gara. Baina harago ere gauza asko daude egiteko, gauza politak; eta Hernanik merezi du auzo eder bat izatea hemen.
Izatez, auzo bizia da Lizeaga?
Bai bai, zalantzarik gabe. Auzo bizia da gurea. Niri gustatuko litzaidake komertzio gehiago izatea, baina ez da erraza. Zortzi taberna dauzkagu, lau Victor Hugo eta Larramendi kaleen artean, eta beste lau Lizeaga kalean. Eta askotan kexatzen da bizilagunen bat, udaltzainei deika, berez arruntak diren kontuengatik. Tira, ez baduzu taberna baten gainean bizi nahi... Egunerokoan jartzen ditugun oztopoak dira horiek, auzoan establezimendu gehiago izateko.
Edonola ere, oso giro ona daukagu Lizeagan. 15 bat haur izango ditugu auzoan, eta denak elkarrekin aritzen dira jolasean, adina edozein dela ere. Nafarroako herri txiki bat dirudi auzoak, bertako haur guztiak elkartu egiten direna. Giro zoragarria dago haien artean.
Helduok ere, tabernara jaitsiz gero, badakigu bat edo beste topatuko dugula, hitz egin eta gustura egoteko. Auzo honen gauza ederretako bat da.
Hainbat auzotar elkartzen dira Lizeagako txoko ezberdinetan, arratsaldetan, solasean aritzeko.
Aipatu bezala, Urumeako patioa ari dira berritzen orain.
Bai, duela urtebetetik aritu gara hori lantzen. Urumea ikastolan, proiektuak egiten aritu dira haurrak, nolako patioa nahi zuten irudikatzeko. Oso proiektu polita landu dute eskolan, adin guztietako haurren partehartzearekin. Hortik abiatuta, haurren, irakasleen eta auzotarren artean adostu genuen, zer egitea nahi genuen, auzoak zein behar dituen, zein ziren lehentasunak, zertan inbertitu genezakeen dirua... Guztien artean erabaki genuen, patioaren zati hori eraberritzea oso polita izango zela.
Hori guztia bagenekien, baina datak ez. Guri ez ziguten kontsultatu horien inguruan. Ikastolak aurreikusita zeukan urrian hasiko zirela, baina haiek ere ez zekiten gehiago. Baina tira, alde ona ikusi behar diogu, eta auzoaren onerako izango da.
Gune garrantzitsua da auzoarentzat?
Bai, oso garrantzitsua. Uste dut patioa berritzeak bizitasun haundia emango diola auzoari. Auzoa oso egoera kaxkarrean dago, eta ari gara pixkanaka berrikuntzak lortzen. Pozik gaude, baina ez gara konformatuko, gauza gehiago behar ditugulako.
Otsailean aurkeztu zenuten txosten bat, auzoaren egoera negargarria zela salatuz. Ordutik, Udalarekin harremanetan izan zarete?
Bai, oso harreman ona izan dugu, eta ni oso pozik nago. Ulertzen dut auzotar batzuk exijenteagoak izatea, urte asko daramazkigulako zain. Baina pausoz pauso joan behar dugu, eta uste dut oso ondo ari garela elkarlanean. Espaloien kontua erreklamatu genuen, eta tira, partxe bat egin da. Batzuek kritikatu egin dute, eta normala da, ez da beti denen gustura egongo. Baina behintzat espaloiak konpondu dituzte, garbiketa lanak ere egin dituzte... Aste honetan bertan, Sandiusterri azpiko zonaldean belarra moztu eta garbiketa egin dute. Amazoniako basoa zirudien horrek... Pixkanaka ari gara gauzak lortzen.
Egia da insistitu egin behar dela, eta hutsune asko daudela. Borrokan aritu gara espaloiak konpondu zitezen, tuberiak ere bai... Eta ez dugu borroka horretan etsiko. Auzo honetan 65 urtez berrikuntzarik ez egin ondoren, uste dut Lizeagak merezi duela esfortzu hori.
Zein dira urgentzia nagusiak?
Urgentzia nagusiak barrukoak dira, eta horiek ez konpontzeko Udalaren arrazoi nagusia da ez direla ikusten. Nik politikaz ezer gutxi dakit, eta politikoki ez dakit egindakoa ez ote den ikusgarria, ez delako begiekin ikusten. Auzoaren behar nagusiak dira tuberien konponketak, barruko aldeak, elektrizitatea... Garrantzitsuena da uraren hoditeria berritzea. Horrek guztiak dirua eskatzen du, baina uzten zoazen heinean, pelota gero eta haundiagoa da. Pelota oso haundia da dagoeneko, baina zulatu beharra dago. Gauzak behetik egin behar ditugu, eta auzoari eman merezi duena.
Errepideetan ere desnibel beldurgarriak dauzkagu, espaloiaren eta errepidearen artean; ia parean daude.
Abandonatuta sentitu zarete?
Bai, oso abandonatuta sentitu gara. Azkeneko urteetan ez da ezertxo ere egin. Nagoreren dendaren ondoan, Victor Hugo kalean, barandillak airean daude. Bi aldiz kexatu naiz udaletxean. Ulertzen dut lan asko daukatela, eta gurea ez dela auzo bakarra. Baina egia da auzo gehienetan aldatu dituztela barandillak, eta gurean asko dago egiteko oraindik. Barandilla asko daude aldatzeko. Tamer tabernatik ia hilerriraino, burnizkoak dira barandillak, eta zahartuta eta herdoilduta daude. Zikinkeria eta utzikeria itxura ematen du. Udaletxean izan ginenean esan nien, auzoak zahar itxura ematen duela, eta ez dela zaharra. Altzairu herdoilgaitzezko barandillak jarri dituzte toki askotan, baina Nagoreren dendaren ondoan airean daude, eta adineko pertsonek erabili egiten dituzte eskailerak igotzeko. Noizbait erori egingo dira. Ordura arte itxaron behar dugu? Ez da estetika kontu bat, segurtasun kontua baizik. Gauza txiki horietaz kexatzen gara udaletxean, eta ez digute kasurik egiten.
Baina ez da gure auzoko kontua bakarrik. Udalekoekin hitz egin dugunetan esan diegu, herria orokorrean dagoela zikina. Utzikeria sentsazioa ematen digu. Pentsa, adibidez, nolako kupula polita daukagun Hernanin, eta ez diogu batere arretarik jartzen. Zonalde hori zoragarria da, baina ez dago merezi duen moduan. Eta hori bezala beste toki eder asko daude Hernanin, zaindu gabekoak. Zergatik ez ditugu horiek zaintzen? Bakarrik zaintzen ditugu Biteri, udaletxea, Gudarien Plaza eta Plaza Berri. Uste dut hori baino gehiago zaintzea badagokigula.
Kexa horiek adieraztean, auzotarren babesa jaso duzue?
Bai, noski. Dena den, uste dut ez dakitela zein neurritan aritu garen auzoa berritzea eskatzen. Ez dugu zabaltzen egiten dugun guztia. Jendearen kexak ere jasotzen ditugu kalean, eta beharrezkoa da, guk horien berri izan eta udaletxera eramateko. Bestela, alperrik da kalean kexatzea, ez diogu konponbiderik emango. Eta auzotarrak gurekin etortzen badira udaletxera, primeran. Horixe da behar duguna, jendea inplikatu dadila eta parte hartu dezala. Elkarrekin borrokatu eta lortu dezagula, hitz eginez, elkar ulertuz eta modurik onenean aurrera eramanez. Horrela lortzen dira gauzak.
Lehenago aipatu duzu, jendea behar duela Gibelaldek, ekintzak antolatzeko eta auzoaren mesedetan lan egiteko. Parte hartu nahi duenak, zer egin dezake?
Gurekin harremanetan jarri. Auzokoak gara, jendeak ezagutzen gaitu, eta Larramendi kaleko 11garrenean daukagu lokala. Gutako edonorengana jo dezakete, eta ekintza bat edo beste antolatzen laguntzeko, zerrenda osatuko dugu. Ideia berriak ere eman ditzatela. Hileko lehenengo ostegunean egin ohi ditugu auzo elkarteko batzordearen bilerak.