Erreportajeak

«Ilusio berezia egingo lidake hiru txapela irabazi dituen lehenengo atzelaria izateak»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

Aritz Zubiri goizuetarra da Endika Barrenetxea hernaniarraren botilleroa eta pelota aukeraketan lagundu zuen.

Endika Barrenetxeak gaur bere bosgarren finala jokatuko du Buruz Burukoan eta irabaziz gero lehenengo atzelaria izango da hiru txapela irabazten. Horretarako, Ansa II.a urnietarra garaitu beharko du 17:30etan Galarretan

 

Endika Barrenetxeak (1990, Hernani) gaur bere bosgarren final haundia jokatuko du Buruz Buruko Txapelketa Nagusian. Ilusio berezia egiten dio, irabaziz gero hirugarren txapela izango baita eta atzelaririk ez dago balentria hori lortu duenik. Aurkaria Ansa II.a urnietarra izango da, gaur egungo txapelduna izango da. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, eta irakasle eta ikasle ere izandakoak dira. Bien artean hamar buruz buruko partidu jokatu dituzte; hernaniarrak zazpi irabazi ditu eta urnietarrak, aldiz, hiru. 

 

Aurretik irabazi egin behar da, baina zer suposatuko luke hirugarren txapelak? 

Orain arte egindako lanaren ordaina izango litzateke. Txapelketa hau ondo prestatzen saiatu naiz fisikoki eta batez ere teknikoki, ezker pareta ukitzen ikasten. Hamalau urteren ondoren ikasi dut, kostata, ezker paretarekin jokatzen. Nutrizio aldetik ere lanketa ona egin dut, eta orain arte egin dudan txapelketarekin, hiru aurkariei irabaziz, oso gustura nago, baina orain gustatuko litzaidake txapelarekin ginga jartzea.  

 

Bosgarren Buruz Buruko finala da zuretzat. Final haundiak ez du zuretzako sekreturik.

Eta horrek lasaitasun haundia ematen du. Finalera ongi iristeko metodologia ezberdinak erabili ditut, batzuk ondo irten direnak eta besteak, ordea, ez. Bost final jokatzeak ezagutza hori ematen dizu eta badakizu nekearen arriskuak nola saihestu. Egunerokotasuna mantenduko dut, hau da, nekea ekarri dezaketen esfortzuak egin gabe. Entrenamendu bat egingo dut burua lasaitzen duena. 

 

Elkarren aurka hamar partidu jokatu dituzue eta zazpi garaipen lortu dituzu. Galtzaileak beti egin ditu 23 tanto edo gehiago.

Imanolen aurka ez dut inoiz erraz irabazi, baina sentsazioa daukat bien arteko partiduak ez direla maila altukoak izan, azkenengoa kenduta. Kale edo baleko norgehiagokak ziren orain arte, eta ni ez nengoen ohituta jokamolde horretara. Azkenengoa ordea, ligaxkakoa, maila eta kalitate oso altukoa izan zen. Zaletuek esan ziguten partidu bikaina jokatu genuela. Sentsazio berdinarekin jarraitzen dut, kale edo baleko partidua izan zela azkenengoa, baina defentsan bikain aritu ginen, eta ikuskizuna eskaini genuen. Horrek poza ematen du, jakiteak kale edo baleko partiduak ere politak izan daitezkeela.

 

Igandeko finala ligaxkakoaren antzekoa izango da?

Ildo beretik joan daiteke eta horrela izatea nahi nuke. Batez ere aurrekoa bezala amaitzea. Imanolen aurka jokatu ditudan partidu denak, azken urtetakoak, oso estuak izan dira baten edo bestearen alde. Oso partidu gogorra aurreikusten dut, fisikoa. Gero duela pare bat urte Ansak erabakia hartu zuen buruz buru nola jokatu behar zuen, arrisku gehiagorekin, eta hori ikusita kontutan hartu beharko dut final zaila izango dela.

 

Ligaxkan arriskatu eta ezker pareta asko ukitu zenuen. 

Inolako zalantzarik gabe berdina egin beharko dut. Ansaren aurka jokatzen duzunean, bere jokoak derrigortzen zaitu bere jokamoldera jokatzera. Zubirik esaten zidan bien arteko aurrekoan, lehenengo ezker pareta ukitzen duenak irabaziko zuela. Beraz, arriskuak hartu beharrak daude, defentsan ikaragarri hobetu du azkenengo urteetan. Pelota zailak eramaten ditu, errebotean ere ez du zulorik, beraz ezin da denbora guztian barrura jokatu edo errebotea bilatzen ibili. Hor zulorik ez dago eta esan nahi du, ezker pareta bilatu beharko dela eta horretan saiatuko naiz.

 

Aurreko urteko Buruz Burukoan eta Mastersean gauzak ez ziren nahi bezala irten. Hortik dator aldaketa?

Erreflexioa egin dut, baina binakako partiduetatik dator gehiago. Binakako partiduetan, azken urteetan, maila igotzen joan naizen heinean gero eta bikote ahulagoarekin jokatu dut. Ongi sakatu arren eta egin arren, tantoa bukatu behar dudala ikusten dut, aurrelariari gehiago kostatzen zaiolako. Pisu hori kendu nahi izan diot bikotekideari eta erantzunkizun hori gehiago hartu dut, tantoa bukatzearena ezker pareta ukituz.  Hortik etorri da erreflexioa, baita kontuan izanda errekurtso hori oso ongi etorriko zitzaidala buruz buruko partiduetan. 

 

Bien artean ez duzue sekreturik. 

Aspalditik ezagutzen gara, gertukoak gara, pelota eskolan irakasle nintzen, bera ikasle zenean. Azken urteetan pasa egin nau eta gogoz gaude elkarren aurka lehiatzeko. 2023ko Masterseko final hartan 30-29 irabazi zidan, eta zaila da ahazten. Gogoa daukat berriz ere final bat bere aurka jokatzeko.

  

Ez dago atzelaririk hiru txapela lortu dituena. 

Imanol Mujikak eta Miguel Mari Urrutiak bina irabazi dituzte, eta gero Agerrek, Aizpuruk, Lizasok, Eizagirrek eta San Miguelek bana. Nire hirugarren txapela litzateke eta ilusio egiten dit markatxo hori lortuko banu. Polita izan daiteke.

 

Palmaresari erreparatuz gero, agi dago aurrelarientzat egokiagoa dela buruz buruko lehia.

Zalantzarik gabe. Azkenean, nahiz eta beti esan sakea oso garrantzitsua dela, zapigarren koadroaren barruan jokatzen da eta aurrelariak egokituak daude erritmo horretara jokatzen. Kokapena, tantoa amaitzeko erraztasun gehiago... Atzelarientzat zailagoa da buruz burukoa.

 

Ligaxka ikusita aurreko apustuei kasurik ezingo zaie egin.

Faborito bezala joateak estutu egiten du askotan pelotaria, eta alderantziz dirua kontra, lasaitu egiten du erremontista. Ansari hori gertatu zitzaion ligaxkako lehenengo partiduan, eta jipioia eta gero Urriza zen faborito finalaurrekoan eta alderantziz gertatu zen, Ansak irabazi zuen. Apustuak alde izateak askotan estutu egiten du bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!