Urriaren 11n izango da Kronikaren Erremonte Jaialdiaren laugarren edizioa

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 00:00

Badator Kronikaren aldeko Erremonte Jaialdiaren laugarren edizioa. Galarretako frontoiak ateak irekiko ditu urriaren 11n Kronika zale, Kronikakide, Kronikagile, herritar eta bisitari guztientzat. Aurten ere egitarau konpleto batez osatuko da arratsaldea, eta sarrerak astelehenetik aurrera egongo dira salgai. 

Musika, tragoak, pintxoak, ikuskizunak eta giro ezin hobeaz gozatzeko aukera egongo da urriaren 11n. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da festa haundia, herri kirolen ikuskizunarekin batera. Jaialdiaren sustraietara sartu aurretik, Galarretako parkinean bilduko gara herri kirolen ikuskizunaz gozatzeko. Andoni Mujika eta Andoni Saizarrek lau harri izango dituzte bizkarreratzeko. Bestalde, punta puntako bertsolarien bisita ere izango dugu. 

18:00etan emango zaie hasiera erremonte partiduei, eta arratsaldeko 19:30ak bitarte jokatuko dira finalerdietako bi partiduak. Hauek amaitzearekin batera, eta tarteko minutuetan sagardo tragoa eta pintxoa janda, emango zaio hasiera final haundiari. Erremontista bikainak izango ditugu gure artean: Endika Barrenetxea, Javier Urriza, Aritz Juanenea, Aimar Jabalera, Kemen Aldabe, Xabier Azpiroz, Aritz Zubiri eta Beñat Segurola.

Deskantsurako tartea ere izango dugu jaialdian zehar, eta bailarako sagardo ezberdina probatzeko aukera zein Sortzaileen postuak ikusteko aukera izango da arratsalde osoan zehar. 

Sarrerak salgai egongo dira astelehenetik aurrera Kronikaren bulegoan bertan, 14 euroren truke. Jaialdira etorri nahi duten goizuetarrek ere aukera izango dute, Amaia kafetegian izena emanda, eta urriaren 11n Galarretan banatuko zaizkie sarrerak. Sarrerarekin batera tragoa eta pintxoa doan eskuratzeko aukera izango da.   

Sorpresa gehiago ere izango ditugu, beraz, adi egon, eta ez galdu edizio hau gurekin ospatzeko aukera.  

 

Erlazionatuak

Erremonte Jaialdia izan zen atzo, jai-giroan

Kronika - Erredakzioa 2022 urr 08 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!