Zahartzaroaren inguruko aurreiritziak uxatu eta zahartze aktiboago batera bidea nola egin daitekeen azaldu zuen Andrea Pozo ikerlariak asteazkenean, Biterin. 27 urteko azkoitiarra da Pozo eta Politika zientzietan graduatu eta genero ikasketak burutu ondoren, Matia Fundazioan dabil lanean. Zehazki, Matia Institutoan egiten du lan, zaharren bizi kalitatearen hobekuntzan ikertzen: «zahartzearen inguruko ezagutza sortzera bideratuta gaude, proiektu eta berrikuntza ezberdinen bidez, zaharren bizi-kalitatea hobetu eta adinekoek autonomia irabazteko beraien egunerokoan», azaldu zuen. Zahartze aktiboaren gako nagusia, adinekoek autonomia irabazi eta gizartean parte hartzen hastea dela azaldu zuen. Kontzeptu hau gaur egunera ere ekarri zuen, praktikara salto egiteko pausuak xehetasunez azalduz.
Hitzaldian zehar zenbait autore eta kontzeptu ezberdinen jatorriak azaldu zituen Pozok, baina hitzaldiaren muina, besteak beste, entzuleek parte hartzearen garrantzia mahai gainera ekartzea izan zen, hau, zahartze aktiboaren gako nagusi bezala identifikatuz.
Matia Institutoa Matia Fundazioaren barneko ikerketa unitatea da, zahartzaroaren inguruan ikertu, sortu eta proiektu ezberdinak garatzeko helburua duena, adinekoen autonomia sustatzeko. Azkoitiarrak, Institutoan egindako zenbait hausnarketa plazaratu zituen, zahartze aktiboaren kontzeptuari helduz lehendabizi, eta termino hau nondik datorren eta zerri erantzuten dion azaldu zuen: «ez da kirola egitea eta elikadura osasuntsua eramatea soilik, kontzeptu hau, bere jatorritik inklusiboagoa eta irekiagoa izatea zuen ardatz; osasunak ez du zentraltasunik, beste esparru batzuk gailentzen dira kontzeptu honen bueltan, harreman sozialak izan daitezkeenak edota gizartean eragin eta parte hartzearen ideia». Kontzeptuaren eboluzioaz ere aritu zen: «50.hamarkadara arte zahartzearen kontzeptua oso aspektu negatiboekin egon zen lotuta, baina hamarkada honetan, kontzeptu honi buelta ematen zitzaion eta aspektu positiboagoez lotzen hasi zen». Zahartzearen ideia positiboago honen olatuarekin batera sortzen da zahartze aktiboaren ideia; zahartzaroaren inguruko aurreiritziak uxatzeko.
«Kontzeptu hau gaur egunera ekartzea ez da ausazkoa, gure adinak ez baitu determinatzen gure posizioa bizitzan», zioen ikerlariak. Gaur egun kontzeptu honi egiten zaizkion kritikez ere aritu zen: «Kontzeptu honek definizio asko eta oso desberdinak izan ditu urteetan zehar, eta horrek, kontzeptuak berak balio galtzea eragin du. Gainera, zenbait kritika ere jaso ditu, eta horregatik zahartze aktiboa egunerokoan aplikatzeko saiakerak emaitza negatiboak ekarri izan ditu». Zenbait kritika nabarmendu zituen, besteak beste: enpleguan enfasi gehiegi izatea, zahar gazteenentzako soilik bideratua izatea, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak kontuan ez hartzea edota aktibitate fisikoa zahartzarorako antidoto gisa ulertzea.
Hitzartzearen ostean, zenbait entzulek beraien iritziak eta hausnarketak plazaratu zituzten. Tartean bat nabarmendu zen, batek baina gehiagok babestu zutena: «teoria jakin badakigu, baina praktikara joateko zailtasunak daude; kolore guztietako politikariek belarriak ireki behar dituzte. Erabakiak hartzen dituztenak beraiek dira, eta beraiek hartu behar gaituzte kontuan, hitzaldi honetan behar lukete beraiek ere, ditugun beharrak ikusi eta erantzukizuna hartzeko, baina beste alde batera begiratzen dute». Pozok zera erantzun zuen, erabat ados zegoela, eta kultura parte-hartzailea lortzeko, egungo kulturan aldaketa bat ematea beharrezkoa dela; erantzukizun partekatuaren ideia mahaigaineratu zuen amaitzeko.
Udako asteazkenetarako antolatu duten programaren parte izan zen hitzaldia. Hernaniko Udaleko Adituen sailak abiarazitako programaren parte da eta 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago. Asteazkeneko saioa, azken aurrekoa izan zen, eta hurrengo asteko tailerrarekin emango diote amaiera programari.