San Joan Konpartsak Orbegozo fabrika aukeratu du gai bezala aurtengo antzerkirako. Gazteek agian ez dakite, baina Hernaniko haundiena izan zen 20garren mendean, eta herriarentzat oso garrantzitsua ikuspuntu ezberdinetatik begiratuz gero. Bere historia, Hernaniko historiaren zati esanguratsua da, bertatik 4.000 langile inguru pasa baitziren 40 urte luzeko ibilbidean. «Urte batzuetan, aldi berean 1.500 langile izatera iritsi zen».
Herriak industralizazio haundia bizi izan zuen aurreko mendean, erkidego ezberdinetatik migratzaile asko etorri zirelarik. Horrek aldatu egin zituen Hernani bera eta hernaniarren arteko erlazioak: «Gizartea aldatu zen, eta Orbegozok eragin zuzena izan zuen horretan, nahiz eta aurretik baziren industria eta fabrikak».
1952ko otsailaren 20an, Pedro Orbegozok Aceros y Fundiciones del Norte, Pedro Orbegozo y Cia enpresa sortu zuen, Alegría eta Etxabe bazkideekin batera. Lizeaga eta Elkano kaleen arteko bidegurutzean jarri zuen tailerra, eta hazkunde nabaria izan zuen urte gutxitan. Hasiera batean nabe bat eraiki zuten, eta fundizioa kokatu zuten bertan (gaur egungo Ibaiondo poligonoa dena). Beste nabe batean, mantentze-tailerrak ipini zituzten, eta gerora hirugarren nabe bat eraiki zuten, laminazio-trenetarako.
1955ean sozietate anonimo bihurtu zen enpresa, 20 milioi pezetako (120.000 euro inguruko) kapital sozialarekin. Alemaniako Stahlwerke Sudweatfalen AG enpresarekin kontratu bat sinatu zuen, altzairu finak ekoizteko aholkularitza teknikoa jasotzeko. Aurrerago, langile batzuk Alemaniara joan ziren, laminazio prozesua ikastera.
1958an, krisi gogor batek astindu zuen enpresa. Fakturak ordaintzen ez zituenez, Iberdrolak moztu egin zion argindarraren hornidura, eta fabrikak eten egin behar izan zuen ekoizpena. Manifestazio bat egin zen, Zikuñagako zentraleraino. Gobernu Zibilarekin gestio batzuk egin ondoren, normaltasunera itzuli zen egoera.
1960an bi pabiloi berri eraiki zituzten, laminazio-trenak kokatzeko (520 eta 450ekoak) eta altzairu berezia ekoitzi ahal izateko.
1964an ekintza itundu bat sinatu zuen Administrazioarekin, ekoizpena ziztu-bizian areagotzeko, bai fabrikazio-gametan, bai kopuruan.
1971 urteko abuztuan, lurren erabilera publikoa eta premiazko okupazioa deklaratu zen Aceros y Fundiciones del Norte, Pedro Orbegozo y Cia. SA enpresaren alde, laminaziora, tratamendu termikoetara eta kalibraziora zuzendutako instalazioak zabaltzeko. Pixkana-pixkana lantegia haunditzen joan zen. 1976 urtera arte joan zen zabaltzen.
Ekoizpen-prozesuak (txatarraren fundizioak eta abar) ikaragarrizko zarata sortzen zuen, eta kea ere bai, hala fabrikako instalazioetan nola herrian bertan. Kearen arazoa nolabait konpondu nahian, 1980an ke-araztegi bat jarri zuten.
1993ko abuztuan, fabrikak behin betiko itxi zituen ateak, 40 urte baino gehiagoko lanaren ondoren.
Altzairu bereziaren fabrikazioan Orbegozo punta puntako enpresa bihurtu zen
Lehenengo urteetan, Hernani inguruetako soldatarik haundienak ordaintzen zituen Orbegozok. «Denek joan nahi zuten hara». Eskola Profesionaleko (gaur egun, Lanbide heziketa dago bertan) ikasleak eskatzen zituzten lanerako: laugarren maila amaitzen zutenean, lana eskaintzen zieten, eta langile dezente iritsi ziren handik.
Aurreneko langileak Hernanikoak eta inguruko herrietakoak ziren batez ere. Gerora, Espainiar Estatuko beste lurralde batzuetako jendea ere sartu zen. Kalkulu batzuen arabera, 80ko hamarkadan, langileen %60 hernaniarrak ziren. Gainerakoak Urnieta, Andoain, Lasarte, Donostia eta Errenteriakoak ziren batik bat. Hainbat urtez, autobus bat joaten zen Donostiatik enpresara, «langileen autobusa. Geltokiz geltoki jendea bildu, eta gainezka etortzen zen».
Fundizioa eta laminazioa ez ziren zeregin xamurrak. Lehenengo langileetako batek, jada 91 urte dituenak, honela dio: «Ume izan gabe zahartu naiz». 1958an hasi zen lanean, eta gogoan du oinetakoak eta arropa etxetik eramaten zituztela, eta lana gogorra zela oso, sekulako zamak altxatu eta gori-gori zeuden piezak manipulatu behar izaten zituztelako, 800-900 gradutan, tenaza luze soil batzuk erabiliz.
Lehen-lehenik automobilgintzarako bolante eta ardatzak hasi ziren egiten. Txatarraz, kareharriz eta ikatzez egindako burdin urtua erabiltzen zuten horretarako. Kubilotean isuri, eta zurezko moldeen bidez hareaz egindako pieza batzuen gainean zabaltzen zuten. Eskafandra eraman behar izaten zuten, silikosi-gaitza hartzeko arriskuaren aurrean babesteko.
Geroago, fundizio- eta altzairutegi-lanetan hasi zen enpresa. Prozesua ezberdina zen, txatarra labe elektrikoetan urtzen baitzen lingoteak egiteko. Lingote edo totxo horiek 250-400 kilo hartzera iristen ziren zenbaitetan, laminazio-sailera igarotzen ziren, eta fusio-prozesuak hiru ordu inguru irauten zuen. Altzairu urtua lingote bihurtzen zen gero. Horri isurketa deitzen zaio, eta lanik gogor eta arriskutsuenetako bat zen, haundia baitzen istripu bat izateko probabilitatea.
Lingoteak laminatu egiten ziren laminazio-trenetan. Zilindro astun batzuen artean hainbat aldiz presionatu ondoren, tamaina edo bolumen txikiagoko pieza luzexka bihurtzen ziren, eta gero, helmugako fabrika edo industrietan, beste produktutan eraldatzen ziren. Orbegozon hainbat tren egon ziren, eta haien artean 520a zen nagusia.
Beste aurrerapen garrantzitsu batzuk finketa eta isurketa jarraitua izan ziren: egundoko iraultza ekarri zuten altzairu bereziaren fabrikaziora. Sekulako berrikuntza izan zen hori, eta punta-puntakoa bihurtu zen enpresa. Orbegozoren produktuek ospe haundia lortu zuten, kalitate bikainekoak baitziren. Enpresak, besteak beste, Vicinay, Hispano Alemana eta SKF zituen Europan bezero.
60ko eta 70eko hamarkadetan, Orbegozoren ekoizpena haunditzen joan zen. Eta, era berean, langileak klase-kontzientzia aldarrikatzailea izaten hasi ziren. Sindikatu Bertikalerako ordezkariak aukeratu zituzten, hori baitzen frankismoaren garaian baimenduta zegoen antolakunde 'sindikal' bakarra. Lanaren arloko aldarrikapenekin konprometitutako pertsonak ziren, eta gauza asko lortu zituzten. Enpresaren aldetik, «Zuzendaritza Teknikoa izan ezik, gainerako nagusi guztiak frankista aktiboak ziren», dio haietako batek. 1981n, lehenengo hauteskunde sindikal askeak egin zituzten.
Oso emakume gutxi aritu zen Orbegozon lanean. Tailerretan, bakar bat ere ez. «Zeharo debekatuta zegoen emakumeak fabrikan sartzea». Emakumeak administrazioan aritu ziren. Bat laborategiko teknikaria izan zen, eta Enpresa Batzordean egon zen.
Errealitate hartaz jabetzeko, nabarmentzeko modukoa da birmoldaketa-prozesuan gertatutakoa: «Gizonei aukera eman zitzaien lanera Forjas Alavesas enpresara joateko, eta gutxi batzuei Basaurira, Santanderrera edota Reinosara. Baina gizonei bakarrik eskaini zitzaien aukera hori. Emakumeei ez».
Pedro Orbegozo enpresako langileek bizipen asko eta ezbedinak izan zituzten
Ekintza itunduak elementu garrantzitsua izan ziren Orbegozoren historian, lanaren arloa gainditu eta dimentsio sozialean ere eragiten zuelako. Horri esker eraiki ziren, adibidez, Karabeleko etxeak. Bi ekintza itundu egon ziren.
«Klase-borrokaren eginkizun normala eskubideak aldarrikatzea zen. Eta, batez ere, enpresa behartzea langileen aurrean hartutako konpromisoak betetzera». Negozioak ordezkari sindikalen eta enpresaren artean egiten ziren arren, gero «gorago hartzen ziren erabakiak». «Onura sozialak lortzera bideratzen ziren batez ere; hori zen garrantzitsuena. Langileentzat onurak lortzea: soldatak, arropak, etxeak… Gauza asko zeuden», gogoratzen du negoziazio haietan parte hartutako langile batek.
Lehenengo ekintza itundua, 67ko greba egin eta gutxira, neurri haundi batean ez zen bete. Pedro Orbegozo kontaktu bila ibili zen Administrazioan, Estatuko Garapen Plan batean. Itzuli beharrik gabeko dirulaguntza dezente lortu zituen, baina «goiko lauzpabosten artean kudeatu zuten», langileak bazterrean utzita. Eranskinen artean, bazen bat hobekuntza sozialei bideratua. Hainbat etxebizitza egiteko konpromisoa hartu zuten, baina ez zituzten eraiki. «Lehenengoa enpresaren onurarako izan zen, ez besterik; ekoizpena haunditzeko eta hobetzeko, azken batean», diote langileek. «Zergatik? Ez zitzaielako jakinarazi lotura eta epaimahai sindikalei. Lehenengo ekintza itundua enpresak eta Gobernuak sinatu zuten, Industria Ministerioak».
Bigarrenean, 70eko hamarkadaren hasieran, enpresak 850 milioi pezeta inguru (5 milioi euro baino gehiago) jaso zituen, eta etxebizitzak eraikitzeko konpromiso soziala beteko zuela agindu zuen. Negoziazio hartan enpresa-batzordeak hartu zuen parte. Hala ere, batzordeko kideek Madrilera joan behar izan zuten, eta Industria Ministerioan «sartu», dokumentazioa lortu ahal izateko. Gainera, «greba haundi bat egin behar izan zen, enpresa 90 etxebizitza inguru eraikitzera behartzeko. Haietatik 72 langileen artean zozketatu ziren. Enpresak 18 hartu zituen bere konpromisoetarako».
Ekintza itundu horri esker, jangela eraiki zuten eta instalazioetan hobekuntzak ere egin zituzten.
Batzuek uste dute Hernanin egon zen Ekonomatu kolektiboak zerikusia zuela Orbegozoko ekintza itunduarekin, baina ez da hala. «Ekonomatua herriko enpresa garrantzitsuenen ekimen bat izan zen. Supermerkatu bat sortu zuten, enpresa horietako langileek salgaiak prezio merkeagoan eskuratu ahal izateko. Izpizua kalean egon zen, Tilosetaren ondoan».
Lanerako segurtasun baldintza kaxkarrak, eta lan osasuna alboratuta
Langile hauek garai haietako lan-baldintzez mintzo direnean, agerian gelditzen da segurtasun-neurri gutxi zeudela tailerretan. Zeuden apurrak, gainera, kaxkarrak ziren oso, behartuta hartutakoak. Ez zegoen higieneari eta laneko segurtasunari buruzko araurik ere. «Prebentziorako kontzientzia gutxi zegoen». Horren ondorioak gaur egun ikusi daitezke amiantoaren gaiarekin. «Orbegozo utzita ere langileek osasun arazoak izan dituzte bertako lanerako segurtasun baldintza faltagatik. Asko hil egin dira minbiziak jota, eta beste asko gaixotasunekin dabiltza».
«Egia esan, lanean nola aritzen ginen kontuan hartuta, nik ez dakit istripu gehiago nola ez ziren gertatzen…», gogoratzen du laminadore batek. «Batzuk erre egiten ziren, edo eskua galtzen zuten... Arriskutsuak ziren garabiaren gurpilak, korrontea, laminazio-trena, uralita eta abar».
Istripuren bat gertatu eta inor hil edo larri zaurituz gero, arau orokor gisa, etenaldi bat egiten zuten. Eta salatu. «Ez orain bezala, baina zerbait egiten zen».
70eko hamarkadan, kaskoak ekartzen hasi ziren. «Bakoitzak berea eduki beharrean, elkarri uzteko esaten ziguten». Ondo gogoratzen dute inork ez zuela kaskoa eraman nahi izaten. Gauzak horrela, enpresak begirale bat ipini behar izan zuen. Sailez sail ibiltzen zen fabrikan, eta «inor kaskorik gabe harrapatuz gero, 50 pezetako isuna jartzen zion. Zenbat iseka eta birao entzun behar izan ote zituen begirale horrek!». Kaskoak babestu egiten zuen, bai, baina «labean, bero kixkalgarri harekin, latza zen oso. Jendeak kendu egiten zuen».
«Garai hartan, goizeko txandan ari ginela, arratsaldeko txandan norbait falta bazen, bertan gelditzeko esaten ziguten», dio beste langile batek. «Jangelako edo Juxto tabernako bazkaria ordaintzen ziguten, eta askari eder askoa ematen, ardo-botila eta guzti. Ardo-botila, bai! Eta lanera berriro, beste txanda batera».
Lanean alkohola edaten zen, baina mozkorkeriarik ez zegoen. «Alkohola barra-barra ikusten zen fabrikan. Eta ardoa bakarrik ez, e? Goizeko zazpietan lanean hasterako, zabalik egoten zen jangela, eta han kafe pattarduna zerbitzatzen zuten. Baina fabrikan baziren patsa eta koñak-botilak ere. Alkohola, bai. Batzuk horrela aritzen ziren lanean».
«Lanetik 50 metrora taberna bat zegoen, eta langile batek eskorga hartu eta botilez beteta ekartzen zuen, langileei eskatu ahala emateko. Horrela, egunero».
Denborarekin, kaskoa eramatera ohitzen joan ziren bezala, desagertzen joan zen alkohola. «Segurtasunaren gaia sartzen joan zenean, pixkanaka-pixkanaka baztertu egin zen alkohola. Beti bezala, bazen ezkutuan edaten zuenik, baina 'legalki' inork ez. Ez zegoen onartuta. Segurtasunagatik. Arriskutsua da, izan ere. Askotan, arriskutsuagoa izaten da ingurukoentzat, edanda dagoenarentzat baino».
Ahalegina eginez eta borroka sindikalari esker, segurtasun-neurriak eta abar ezartzen joan ziren, eta hobekuntzak lortu zituzten. Adibidez, norbait lan-istripu baten ondorioz %55eko edo gehiagoko ezintasun osoarekin gelditzen bazen, bere egoerarekin bateragarria zen lanpostu bat ematen zioten.
«Orbegozo ixteko erabakia politikoa izan zen»
Oso fabrika espezializatua zen arren, eta bere sektorean oso lehiakorra, 80ko hamarkadaren hasierako nazioarteko egoerak, Europar Batasunean altzairu-ekoizpena herrialdez herrialde banatzeari buruz hartutako erabakiek eta Espainiako Administrazioaren erabaki politikoek eraginda, 1993an behin betiko itxi zuten Orbegozo. Hori gertatu baino lehen, enplegu-erregulazioko espedienteak, murrizketak, grebak eta mobilizazioak izan ziren langileen eta Euskadin kaltetutako sektore guztiaren aldetik.
Krisi-egoera hartan, 1982an Aceriales sozietatea sortu zen, altzairu berezien sektorea «birmoldatzeko». Sozietate horretan, protagonismo haundia izan zuen Javier García Egotxeagak, Eusko Jaurlaritzako kideak, Felipe Gonzálezen agintaldian Aceriales eta Acenorren lehendakaria izango zenak. Etorkizunak ez zeukan batere itxura onik.
1984an, Euskadin 1.776 pertsona kaleratu zituzten altzairu berezien sektorean; haietatik 380 Orbegozon. Urte hartan, ELAk eta UGTk akordio bat sinatu zuten, Enplegua Sustatzeko Funtsa sortzeko: funts hori baja eskatu nahi ez zutenak lanean kokatzeko jarri zen martxan, 1984an kaleratutakoen zerrendan zeuden pertsonak birkokatzeko.
Enplegu-erregulazioko hiru espediente izan ziren Orbegozon: 1984an, 1987an eta 1990-1991 aldian. Eta, hiru kasuetan, greba eta mobilizazio irmoak eginez erantzun zuten langileek. 1984ko grebak bi hilabete iraun zuen.
Hala eta guztiz ere, ez zuten goi-mailetan hartutako erabakiak geldiarazterik lortu. 1993ko abuztuaren amaieran, fabrikak utzi egin zuen bere jarduna, 40 urtez martxan aritu ondoren. Ez zuten eskaera-faltagatik itxi, erabaki politiko baten ondorioz baizik.
Langile batek gogoan duenez, «guk SKF enpresari saltzen genion altzairua. Oso enpresa ezaguna zen. Erremintak fabrikatzen zituen. Eta, Orbegozo itxi baino bi urte lehenago, Zuzendaritzak kartel batzuk ipini zituen, esanez SKFk kontratu bat lortu zuela hegazkingintzako enpresa batekin. Fabrikarentzat garrantzitsua zen altzairua hegazkingintzako enpresa bati saltzea. Handik gutxira, ordea, espedienteak eta itxiera etorri ziren».
«Orbegozo ixteak ekarri zuen herriko beste jarduera ekonomiko askoren gainbehera»
Begirada atzera botaz, Orbegozok Hernanin izan zuen garrantziari buruzko balorazio globalagoa egin digute langileek. Ederki gogoratzen dute enpresa itxi zutenekoa. Langile baten iritziz, Orbegozo ixteko erabakia «politikoa izan zen batik bat. Izan ere, sektoreko baldintzarik onenetakoak zeuzkan enpresak une hartan. Eta, hala ere, itxi egin zuten. Eta, aldiz, egoera okerragoan zeuden eta iruzur haundiagotan zebiltzan beste batzuek zabalik jarraitu zuten. Beraz, erabakia politikoa izan zen. Herria zigortzeko asmoz edo auskalo zergatik hartua».
«Jarduera sindikal biziko herria zen Hernani, antifrankista, eta herritarren aldetik partaidetza haundikoa», dio beste sindikalista batek. «Ez zegoen fabrika ixteko arrazoi teknikorik, Europa osoko altzairurik onena fabrikatzen baikenuen errodamenduetarako».
Gehiago ere esaten dute: «Hain zuzen ere unerik gozoenean, 1.400 langile baino gehiago zeuzkanean. Lan-baldintzak, gainera, herriko onenak ziren, alde haundiarekin. Egia da horrek nolabaiteko ezinikusiak ere ernarazten zituela herrian, Orbegozoko jendea aristokraziaren parekoa zelako. Hori garbi ikusi genuen 80ko hamarkadan lehenengo greba egitean, kalera irten eta elkartasuna eskatu genuenean. Elkartasuna orain?, esaten ziguten. Beste inork baino gehiago irabazten zenutenean ez zineten ba herriarekin gogoratu. Hor bai ikusten zela nolabaiteko aldea beste hitzarmen batzuekiko». Hala ere, elkartasuna ere nabaritu zen.
Egia da «ekintza itundu guztiei esker, grebarekin eta borrokarekin, oso soldata onak lortu zirela». Eta Orbegozo, ikastunak Profesionaletik hartzen zituenez, «herriko enplegatzailea» zela. Itxiera «gogorra izan zen, noski. Herrian, gainera, jarduera asko zeuden enpresarekin lotuta; kate bat zen: pintura-enpresak, tailerrak, tabernak... Baziren hor hainbat sektore, enpresaren jarduerari esker aurrera ateratzen zirenak. Horregatik, Orbegozo ixtean, jende askok negozioa itxi eta kanpora joan behar izan zuen. Dendetako salmentak jaitsi egin ziren. Arlo guztietan nabaritu zen gainbehera».
«Garai bateko estiloko» enpresari bat zen, «altzairua asko maite zuena»
Pedro Orbegozo Eizaguirre Zumarragan jaio zen, eta Hernanira heldu zen, bere aitaren enpresa utzi ondoren. «Lantegian egoten zen».
Pedro Orbegozo Eizagirre Zumarragatik heldu zen Hernanira, bere aitaren enpresa utzi ondoren. Hiru bazkiderekin batera, Yaben tabernaren atzeko lokal txiki batean jarri zuen lantokia, udaletxearen atzealdean; bulegoak, berriz, gaurko Lizeaga kaleko lokal batean.
Baina nolakoa zen Pedro Orbegozo? Langile bakoitzak bere iritzia izango du Orbegozori buruz, baina hona fabrikako langile batzuek zer kontatu diguten: «Garai bateko estiloko» enpresari bat zen, «altzairua asko maite zuena». Seme-alabarik ez zeukanez, enpresa omen zuen «seme nagusi».
Kontraesanak zituen bere jardunbidean. Langile batek hauxe esan digu: «Lanean pare bat urte neramatzanean, beregana jo nuen, eta diru gehiago irabazi behar nuela esan nion. Eta igo egin zidan soldata. Bestela, berriz, gutun-azal urdin bat ematen zuen, zenbatekoa azalean idatzita zuela. Bere iloba Pedritok ematen zuen».
«Betizua zen, iheskorra… Eta haren beldur izaten ziren langileak. Pabiloiren batean sartu orduko, tente jartzen ziren guztiak. Haren koinatuak, arduradun nagusia zenak, sartzen ikusten zuen orduko, beste aldera jotzen zuen», gogoan du beste batek. «Laminatzaileengana joan, eta eskuetatik kendu egiten zizkien kurrikak. «Ez daukazu ideiarik! Etorri hona!», esaten zien. Gabardina erantzi ere egin gabe, kurrikak hartu eta hantxe hasten zen, erakusten...». «Xuhurra ere bazen. Bulegora iritsi orduko, itzali egiten zituen argiak, eta fabrikan barrena argi guztiak itzaltzen ibiltzen zen, argindarra dirua kostatzen zen-eta».
Hainbat kirol-ekitaldi babestu zituen Hernanin. Hernaniko trainerua ere babestu zuen, zeinari Pedro Orbegozok emaztearen izena jarri zion: Mañoli. Lau urtez eman zion babesa traineruari. 1974a izan zuen urterik onena taldeak, Kontxako ohorezko txandan sartzea lortu baitzuen.
Txirrindularitzari ere lagundu zion, eta pelota txapelketak ere babestu zituen Tilosetako frontoian.