Despedidak tristeak izan ohi direla, baina... Ezin esan daiteke hori Hernaniko erraldoi eta buruhaundien kalejiraren kasuan, eta are gutxiago aurrerantzean. Gaurtik hasita, 'Segi bihar dantzan' abestiaren airera agurtuko dituzte herritarrak, kalejira bakoitzaren bukaeran.
San Joan jaien atarian aurkeztu dute abesti berria, Herburu konpartsarentzat propio sortutakoa, despedida horretarako. Bi musikari hernaniar dira kantu berriaren egileak: Haritz Ezeizak sortu du pieza, eta Leire Goñik jarri dizkio hitzak.
'SEGI BIHAR DANTZAN'
Erraldoia* badoa
jira ta biraka
kalean gora ta behera ere
astindu ditu gerri ta hanka
erraldoien konpartsa
denok algaraka
danbor eta dultzainaren
doinu alaiei jarraika
danbolin ta txistuaren
doinu alaiei jarraika.
Agur agur,
segi bihar dantzan
agur agur,
Hernaniko plazan.
Agur agur,
segi bihar dantzan
agur agur,
gure herriko plazan.
*'Erraldoia' hitzaren tokian,
bakoitzaren izena abestuko dute, orden honetan:
Mari Karmen, Joxe Mari,
Adarra (ere) eta Sorgiña (ere)
«Azkeneko urteetan, modan jarri dira hainbat abesti, erraldoia jasotzeko, despedida gisa», azaldu du Haritzek. Horietako batzuk dira 'Polonesa', 'Alemana' edota 'Jeronimo'. «Erdi parranda giroan hasi ziren erabiltzen, baina urteen poderioz geratu eta finkatu egin dira. Sekulako fama hartu dute Euskal Herrian».
Iruñean askotan erabili dituzte 'Alemana' eta 'Polonesa' kantuak; Donostian, berriz, 'Jeronimo' pieza jotzen dute erraldoiak banaka Abuztuaren 31 kaleko lokalean gordetzeko. Eta Hernanin, bere pieza propioa izango dute hemendik aurrera.
«Iruñean eta beste hainbat herritan bezala, Hernanin 'Alemana' eta 'Polonesa' erabili dituzte azkeneko bi edo hiru urteotan, erraldoiak agurtzeko. Eta egin duguna da abesti propioa sortu despedida horretarako. Kontua da, 'Alemana' abestia, adibidez, nahiko luzea eta gogorra dela», azaldu du Haritzek: «Lehengo urtean, kale buelta osoa egin ondoren, ikusi nituen musikariak abesti hori lau aldiz jotzen, lehertzeko zorian. Horregatik, pentsatu nuen abesti errazago eta lasaiago bat sortzea, Hernaniko erraldoientzat».
Abesti horien ildotik jo du pieza berria sortzeko. Kantu alaia da 'Segi bihar dantzan', eta haurrek ikasteko erraza. Lau bider joko dute erraldoiak agurtzeko: erraldoi bakoitzeko, behin. Hortaz, aldaketatxo bat izango du abestiaren letrak, txanda bakoitzean: letran 'Erraldoia' aipatzen denean, erraldoi bakoitzaren izena esango dute. Honako ordenean agurtuko dituzte lau erraldoiak: Mari Karmen aurrena, Joxe Mari ondoren, Adarra segidan, eta Sorgiña azkenik.
«Oso polita da abestia, eta badakigu haur askok ikasi dutela dagoeneko»
Abestia sortu eta Herburu Hernaniko Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsari eskaini zioten opari, Haritz Ezeizak eta Leire Goñik. «Ez genuen espero abestia konposatuko zigutenik, eta oso pozik hartu genuen», kontatu du Aitor Aiestaranek, Herburuko kideetako batek.
Belaunaldi aldaketaren ondorioz, duela bost urte sortu zen Herburu, eta konpartsak gorakada nabarmena izan du azkeneko urteotan. 2022an eman zuten aurrerapauso haundia, bi erraldoi berri aurkeztuta: Adarra eta Sorgiña batu zitzaizkien, lehendik zeuden Mari Karmen eta Joxe Mari baserritarrei. Eta orain, 'Segi bihar dantzan' abestiarekin, bere nortasuna indartzen jarraituko du taldeak.
«Uste dut oso harrera polita izango duela abestiak. Oso kantu polita da, badakigu jendeari gustatu zaiola, eta dagoeneko haur askok ikasi dutela. Berezia izango da aurreneko eguna, esperientzia berri bat, eta oso polita irudikatzen dugu. Oso gogotsu gaude momentu hori bizitzeko», dio Aitorrek. Indarra «pixkanaka» hartuko duela uste du Haritzek, herritarrek ezagutu ahala. Jaietako errepertoriora batuko zaio, eta baliteke urteen poderioz herriko abesti maitatuenen zerrendan sartzea, 'Iriarena' edota 'Mendirik mendi' bezalako abestiekin batera.
Momentuz, Herburu konpartsako kideek eta herriko txikienek ilusioz hartu dute abestia, orain arteko ibilbidea bezalaxe: «Konpartsaren erreleboa hartu genuenean, ez genuen imajinatzen gaur egun daukan indarra hartuko zuenik. Gero eta kide gehiago gara taldean, eta jendeak ilusioa dauka kalera ateratzeko eta entsaiatzeko. Eta horren islada da, gero kalean izaten ari garen harrera ona. Harro sentitzen gara daukagun herriaz eta jendeak erakutsi duen prestutasunaz. Horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko eta gero eta proiektu politagoak sortzeko. Batek daki, 'Segi bihar dantzan' abestia bera, izan daiteke beste zerbaiten hasiera ere».
Hiru egunez aterako da erraldoi eta buruhaundien konpartsa kalera, aurtengo San Joanetan: gaur aurrenekoz, txupinazoaren ondoren; asteartean bigarrenez, eguerdiko 12:00etan; eta asteazkenean azkenekoz, ordu berean. Hiruetan, ohiko kalejiraren ondoren, agur esateko unean kantatuko dute 'Segi bihar dantzan' abestia.