Erreportajeak

«Atezainekin beti ditugu entrenamenduetan gure errutinazko hitzak euskeraz»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 8a, 00:00

Entrenatzaile hernaniarrak bosgarren Champions-a irabazi berri du Real Madridekin.

Luis Llopis Portugalek (Hernani, 1964), Real Madrideko atezainen entrenatzaileak, bere kirol ibilbideko bosgarren Champions-a irabazi du eta gaur zortzi 'Hernaniar Bikaina'-ren saria jasoko du Xalaparta Elkartean. «Izugarria da niretzat, bihotzera iristen den saria da».

 

Amesteko denboraldia bizi izan du aurten Luis Llopis Portugal (Hernani, 1964), Real Madrideko atezainen entrenatzaile hernaniarrak. Liga irabazi zuen eta denboraldia borobildu berri du bere bosgarren Champions-arekin. Hori gutxi balitz, Xalaparta Elkarteak Hernaniar Bikaina saria emango dio, gaur zortzi, elkartean bertan. 

 

Zer suposatzen du Hernaniar Bikaina sariak zuretzat?

Ez dut hitzik. Ilusio haundia egiten dit eta errekonozimenduagatik oso pozik nago. Izugarria da niretzat. Maila goreneko titulu asko lortu ditut, baina etxeko sari hau, Hernanin, bete-betean iristen zait bihotzera eta oso zoriontsu egiten nau. Eskerrak eman nahi dizkiot Xalaparta Elkarteari, Aritz Etxeberria presidenteari, zuzendaritza-batzordeari eta bazkide guztiei.
Aritz jarri zen nirekin kontaktuan eta gero, Mikel Ruizekin hitz egin nuenean, forma hartzen ari zela ikusi nuen. Martin anaiarekin harremanetan jarri nintzen, elkarteko bazkidea baita, hautatua izateko aukeraren berri emateko. Eguna iristeko gogotsu nago.

 

Askotan etortzen zara Hernanira? Zer harreman duzu herriarekin?

Ezer baino lehen, besarkada bat eman nahi nioke hemendik gure Itxuripe kuadrillako familia osoari. Edurne eta Aitor joan zaizkigu. 
Riojanosetako Maria Jesusi musu ematera joatea da egiten dudan lehen gauza. Gainera, Martin eta Izaskun dauzkat, Iñigoren eta Joneren abenturak kontatzeko.
Zaila den arren, ligako geldialdietan Itxuripeko lagunekin egoteko ihes egiten saiatzen naiz. Victor eta Santi, beti daude nire etorrerari adi, eta zerbait prestatzen dute elkartean, Lupe eta Anarekin egoteko anfitrioi gisa. Arantxa eta biok bertako sukaldaritzaz gozatzen dugu. Hori edo herrian zehar bokata batzuk jatera eramaten gaituzte. Harreman zuzena eta jarraitua dut herriarekin, hainbat arrazoirengatik: Peio Loran atezainei eta saskibaloiari buruz hitz egiteko, Jose Luis Iraola, (beti eramaten dut bere amatxo Maria Dolores Peñaren oroigarria motxilan), ANAIAKen tailerreko Theo, bere mendi-ihesaldien artean futbolaz hitz egiteko. Asko Madrilera etortzen dira, Ugutz eta Vicki bezala. Bisita asko izaten ditut Valdebebaseko instalazioak ikusteko eta partiduren batean Bernabeura joateko. Denak dira ongi etorriak.
Sanjoanetan, kuadrillen egunean, eta gabon-gauean beti egoten naiz Tilosetan eta herrian.
Iñigo semeak eta biok, ilusioz ikusten dugu jendearen poza gu agurtzean. Urtean zehar lanean jarraitzera bultzatzen digute arrakasta izan dezagun bai berak eta bai nik.

 

Jose Manuel Otxotorenarekin batera bi eliteko atezain entrenatzaile ditugu. Ereñotzuarrak ere iragan madrildarra du eta jokalari eta entrenatzaile gisa garaipen garrantzitsuak lortu ditu. Ba al duzu berarekin erlaziorik?

Elkarren aurka jokatzeaz gain, elkarren arteko errespetu eta miresmen haundia dugu, atezainei buruzko ideia asko partekatzeko. Lortutako Champions-aren ondoren hitz egin dugu. Valentzian lan haundia egiten ari da eta argi ikusten da Mamardashviliren errendimenduan. Profesional bikaina da eta estimu berezia diot.

  

Aitor Fraga, Olatz Santana, Axel Alkorta... Hernani porteriarekin lotuta dago oraindik.

Kar-kar... hernaniar gazteei bide ematen diegu. Otxoto lehena eta ni neu oso gertutik, ligan urte gehien daramagun atezainen entrenatzaileak gara. Axel ezagutza eta indar haundiarekin dator entrenamenduan berritzeko gogoz, asko ezagutzen dut eta oso gertutik jarraitzen dut bere eguneroko lana aholkatzen. Etorkizun haundia du atezainen entrenatzaile gisa. Aitor dagoeneko Sansen asentatzen ari da. Nire Realeko aroan saio asko izan genituen elkarrekin, etengabe hitz egiten dugu. Olatz beti irribarretsu dabil, atearekiko konpromiso haundia du, Hernanin hasi zenetik, Realeko lehen taldeko atezain bihurtu arte.

 

Kirol saio bat ere aurkeztu zenuen Molotoff Irratian.

Astelehenetan, gaueko hamarretan, ia bi ordu eskaintzen genituen ilusio haundiarekin entzuleengana iristeko eta partaide sentiarazteko. Hernaniko kirolari buruzko informazioa ematen genuen. Bertako kirol karteldegi osoaren emaitzak plazaratzen genituen, espezialitate guztietan, protagonistekin batera. Gure KIROL EZKIROL zen.
Xabier Ibarzabal zenak proposatu zidan ideia, eta uste dut oihartzun haundia izan genuela. Herriko klubei, ikastolei eta asteburuan lehiatu ziren kirolari protagonistei ematen genien hitza. Elkarrizketa asko egin genizkien kirol eta talde ezberdinetan, Hernanin bertan edo herritik kanpo, jokatzen edo entrenatzen zuten hernaniarrei.
Josema Lópezek Juanma Lilloren Salamanca taldearekin, jokatzen zuen eta mailaz igo ziren. Joseja Oiarbide bigarren mailan zegoen Eibarrekin, Joxe Mari Donosti, Miguel Fuentes elkarrizketatu genuen bere anaia Juan Luisekin batera. Miguel gero Realeko presidente izan zen. Anaia ere jokalari profesionala zen eta orain Lezamako emakumezkoen futbolaren arduraduna da. Karabeleko futbol txapelketa ere hizpide izaten genuen.
Boleibolak eta emakumezkoen eskubaloiak ere protagonismoa zuten, fitxa kopuruagatik eta errendimendu haundiagatik. Hernaniko kirolarekin erlazionatutako kiroldegiko aktibitate biziko uneak izan ziren.

 

Zer esan nahi du Hernanik Luis Llopisentzat?

Nire kuadrilla, nire familia, nire etxea da. Nire oroitzapenek eta mundu guztiaren esker oneko sentimenduek, indarrez betetzen naute jarraitzeko ilusio haundiagoz, ahal bada. Herri osoak ilusioa eta energia transmititzen dizkit, denei pozak ematen jarraitzeko.
Niretzako Hernani dena da, hernaniarra naiz eta oso harro sentitzen naiz horretaz, beti da alde guztietan esaten dudan lehen gauza. Lan egin dudan eta lan egiten dudan teknikari haundiek badakite Hernanikoa naizela. Atezainekin beti ditugu gure errutinazko hitzak euskeraz entrenamenduan. Aurten errazagoa izan da Keparekin, Thibaut-i esaten diot Iñaki bere sukaldariak Groseko Bodega Donostiarran lan egin zuela. Andrey Lunin ukrainarra da, baina ondo, lasai, goazen, azkena... esaten dizu.
Txantxillan jokatzen genuen garaiko edota euskal atezainen inguruko pasadizoez hitzegiten dugu. Thibaut, txirrindularitzagatik, Euskal Herriko kiroletik oso gertu dago.

«Hernani dena da niretzat: nire kuadrilla, nire familia, nire etxea da. Hernaniarra naiz eta oso harro sentitzen naiz horretaz.. Beti da alde guztietan esaten dudan lehen gauza»

 

Real Madrid entrenatzea gorenena da, Txantxillan jokatzen hasi zinenean inoiz amestu al zenuen horrelakorik?

Beti arduratu naiz nire hobekuntzaz eta ikasten ari zarenaz gozatzeaz eta nire irakaskuntzan hobetzeaz, bai banakoari dagokionez, bai kolektiboari dagokionez. Futbolean, azterketa on batetik abiatuta, informazioa funtsezkoa da, eta laguntza-tresnak eboluzionatzen doaz, jokoak eboluzionatzen duen modu berean. Etengabe hazten aritu behar da zentzu eta alderdi askotan.

Txantxillan hasi nintzenetik, Ostolaza, Mendiluze, Kopi Lakasa, eta Barbarinengandik ikastea zen nire lehen helburua atezainen entrenatzaile gisa. Nire lehen ideia eta helburua atezainekin bidezkoa izatea zen, jokoari buruzko erantzun egokiak eskatuz, baina argi dago horrelako egoerak banaka zein taldeka entrenatu behar zirela. Atezainaren ikuspegi kolektibotik jokoa ezagutzea beti izan da nire parte entrenatzaile gisa, eta irudiak erabiltzea entrenamendua eta lehiaketa aztertzeko.
Zelaian nagoenean, nire lanean pentsatzen dut, eta hobetu egiten dut, atezainari ahalik eta etekinik haundiena ateratzeko. Saioaren ondoren, entrenamendua ikustea eta nire eta atezainen lana aztertzea izan da nire bidea beti eta helburu nagusia.  

 

Irabazi dituzue 36garren Liga Txapelketa eta hamabosgarren Champions-a. Nolakoa izan da denboraldiko bi titulu garrantzitsuenak irabaztea?

Urte zail baten ondoren, amaiera arrakastatsua eta zoriontsua izan da Liga eta Champions League tituluekin: jokalari zein teknikari guztien erabateko inplikazioarekin, lesioen aurrean, iraupen luzeko lesioak dituzten jokalari oso garrantzitsuekin, plantillaren konpromisoa eredugarria izan da. Santiago Bernabeu estadioa eta kaleak Cibeleseraino betetzen zituzten zaleekin ospatu ahal izan dugu une dibertigarri eta barregarriekin. Staff eta jokalarien arteko giro ona ikusi zen.

 

Hamabost Champions. Erraz esaten da...

Real Madridentzat lehiaketa nagusia da. Historia bakarra eta paregabea da.

 

Zure bosgarren Champions-a da. Ohitzen al zara?

Lehiaketa oso zaila da, edozein despistetan dena galtzen da. Ez zara ohitzen, Real Madrideko teknikari gisa badakizu irabazi egin behar duzula. Sei parte hartzetan bostetan irabaztea lortu dut eta finalerdi bat galdu, partidu batean batere fin ibili eta gero, aurkariak gainditu egin zigun. Gau txar batean dena amaitzen da. Oso talde indartsuak daude aparteko giroko estadioekin... Champions-a harrigarria da.

 

Finala ez zen batere erraza izan lehen zati zailarekin. Nola bizi izan zen aulkitik?

Begiak aurkariaren portaera kolektiboan jarrita eta bere indarguneei aurre egiten ari ez ginela ikusita. Ez ginen oso ondo ibili lehen zatian eta beste behin Thibaut Courtoisek bere maila erakutsi zuen. Berari esker atsedenaldira berdinketarekin iritsi ginen, golik jaso gabe. Atsedenaldian entrenatzaileak gauzak aldatuko zituenaren itxaropenarekin nengoen eta horrela izan zen. Aurrea hartzeko aukerak izan zituzten, baina Madrid Madrid da, eta bigarren zatian gure goiko gizonak agertu ziren, urte osoan zehar oso landua eta arrakastatsua izan den baloi geldi batekin aurreratu ginen eta horrek hegoak eman zizkigun titulu garrantzitsu hau eskuratzeko.

 

Nola bizi da barrutik beti irabazi beharraren presioa?

Etxeko marka da. Lanean buru belarri zaude, eta hiru egunetik behin jokatzen duzu. Partidua irabazi ondoren, lasaitzeko tartetxo bat hartzen duzu, eta egun horretan bertan hurrengo partidua prestatzeko ardura eta lana duzu, irabazi behar izateko betebehar berarekin.

 

Zer du berezia Real Madridek horrela lehiatzeko eta irabazteko? 

Irabazteak bakarrik balio du, DNA irabaztea da, ez duzu inoiz amore ematen. Kalitate tekniko haundiaz gain, normaltasunetik kanpoko konpromiso bat ere badago. Bernabeun dagoen giroa eta batez ere sortzen den atmosfera azaltzea zaila da... energia horrek azkeneraino joateko griña transmititzen du, besoak jaitsi gabe.

 

Ezohiko denboraldia izan da, Thibaut Courtoisen lesioarekin hasten dena. Nola egiten zaio aurre denboraldiari horrelako ezbehar baten aurrean?

Kolpe gogorra izan zen, berehala ikusi baitzen lesioa iraupen luzekoa zela, ligari ekin genion astean, hain zuzen ere. Lehen jardunaldi horretan ere min hartu zuen Militaok...

Era guztietako ezbeharrak gainditzeko gai izan gara elkarrekin, guztion portaera garrantzitsuarekin. Konpromisoa, aldagela osasuntsu batekin, harrokeriarik gabe eta konprometitua, zuzendaritza haundiarekin eta misterraren kudeaketarekin batera, zailtasun mota guztiak gainditu dira, denboraldi ahaztezin bat arrakastaz amaitzeko.

«Real Madriden irabazteak bakarrik balio du, DNA irabaztea da. Ez duzu inoiz amore ematen. Kalitateaz gain konpromiso berezi bat ere badago»

 

Real Madridek berme haundiko hiru atezain ditu. Atezainen entrenatzaileak egindako lanarekin izango du zer ikusirik.

Bakoitzak duen kalitateaz gain, guk gure aletxoa jartzen dugu hobekuntza fisiko, tekniko eta taktikoaz gain, umiltasunetik lanarekiko eta taldearekiko konpromiso garrantzitsua izan dezaten. Garrantzitsua da errendimenduaren hazkundean giro on batekin gozatzea. Atezaina ilusioz beteta ikusteak, saioaren helburuei buruz galdetzeaz gain, eta editatutako bideoa ilusioz eskatzeak, bide onean gaudela adierazten dute. 

 

Aitzindaria izan zinen entrenamendu-metodoetan. Berritzen jarraitzen duzu?

Zalantzarik gabe, berrikuntza norberaren bidearen zati bat da, maila goreneko teknikariez inguratuta lan egiteko zortea dut, eta, zalantzarik gabe, mota guztietako egoerak ikasten ditut, entrenamendu-jokoarenak edo kudeaketarenak. Lehiaketaren etengabeko analisiak, jokoaren bilakaerarekin batera, entrenamendu-lerroak markatzen ditu, eta paraleloki horiek ere eboluzionatzen jarraitzen dute.

Erabakiak ikuspegi kolektibotik hartzea funtsezkoa da, bai eta baldintza tekniko espezifikoa gero eta gehiago indartzea ere, modu pertsonalizatuan.

«Astelehenero bi orduz, 'Kirol Ezkirol' saioan, Molotoff Irratian, asteburuan lehiatu ziren herriko kirolari eta taldeei
hitza ematen genien»

 

Nola kudeatzen du atezainen entrenatzaileak aurten Real Madridek bizi izan duen egoera?

Naturaltasunetik eta entrenatzaile nagusiarekin etengabeko komunikaziotik eta ongi lan eginda entrenamenduetan konpetizio tentsioa mantenduta. Gehiago da kanpoko zarata benetan gertatzen dena baino. Lan giroa oso ona da atezainen artean, eta Thibaut oso garrantzitsua da egunero saio bakoitzean gozatzen dugun oreka eta harmonian. Thibautek urte osoan erakutsi dio babesa eta laguntza Lunini bere hazkunderako lehiaketan. Kepak egiten ditugun ariketekin zerikusia duten era guztietako komentarioak egiten ditu eta biek Premierrean bizitako egoerak azaltzen dituzte. Fran Gonzalezi une bakoitzean aholkatzen dio.

 

Nolakoa da atezainen entrenatzailearen lana hamaikakoan ohikoa ez den atezainarekin, edo titularra nor izango den argi ez dagoenean?

Amaitu dugun urte honetan bertan ikusi ahal izan dugu denek gehitzen dutela eta denak direla beharrezkoak; gure lana da guztiak ahalik eta sasoirik onenean edukitzea, kontuan hartuta jokatzea dela bakoitzarentzat garrantzitsuena.

 

Entrenatzaileak (Ancelotti) hartzen du azken erabakia, baina atezainen entrenatzaileak gertuagotik ezagutzen du atezain bakoitzaren sasoia. Zer eragin du zure hitzak azken erabakian?

Jokoa kolektiboa da eta atezainak ikuspegi kolektibo horretatik parte-hartze zuzena du jokoaren bi faseetan eta trantsizioetan, baloiaren gainean zuzenean parte hartu gabe egoerak saihestera iritsiz. Argi dago atezainen entrenatzaileak baldintzapeko lan fisiko eta tekniko espezifikoa egiten duela, baina lan taktiko kolektiboan ere parte hartzen du, bera hobetzeko, joko-eredua hobetzeko edo aurkari jakin bati aurre egiteko. Gu entrenatzaile nagusiaren laguntzaileak gara, eta bere jarraibideetatik adosten da guztia atezainaren hobekuntzarako, zeinak, aldi berean, taldearen jokoa hobetzen baitu.

Carlorekin komunikazioa erabatekoa da; zelaian bertan ez ezik, entrenamenduko egoerak ere ikusten eta aztertzen ditugu, informazioa une eta jokalari bakoitzak eskatzen duen zentzuan iragazteko, betiere entrenatzailearen zuzendaritzatik.

Benetako pribilegiatua naiz misterrarekin dudan harremanean, atezainak entrenamenduan eta lehiaketan parte hartzeko duen moduagatik.

Beti dena kontsultatzen dit eta nire iritzia ematen diot atezain bakoitzarekin epe labur eta ertainean dituen helburuei buruz, bai eta edozein informazio motari buruz ere, banaka edo taldean inplikatzekoa izan. Eskertzekoa da ematen didan konfiantza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!