Erreportajeak

«Gure lurraldeko historiaurre oparoak eraman dit 'Suima' nobela idaztera»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Dori Correa Matilla -Suima- liburuarekin.

Historiaurrean kokatutako abentura eleberri bat argitaratu berri du Dori Correa Matilla hernaniarrak. Euskal Herriak hartzen duen lur eremuan zehar Ashune eta Ima bizirauten saiatuko dira duela 14 mila urte. «Orduko aztarnategi aberatsean oinarritu naiz».

 

Dori Correa Matilla Hernanin bizi da duela 23 urtetik, baina jatorriz eibartarra da. Osiñagan jarri ziren bizitzen gizonarekin eta Correa hernaniar bat gehiago sentitzen da. Maiatzean argitaratu du bere lehen liburua, Suima. Universo de Letras edizioaren eskutik. Bere hurrengo proiektuan ere hasi da lanean, Suimaren jarraipen gisa, Ur izenekoa. Hori ere argitaratzea espero du. 

 

Eibartarra izatez, baina Hernanin urte asko daramazkizu.

Bizitza erdia hain justu. 23 urte egin ditut Eibarren eta beste 23 urte Hernanin. 

Zer da 'Suima'?

Nire lehenengo nobela. Ez naiz idazlea ofizioz, afizioz baizik, eta azkenaldian denbora izan dudanez Suima idazten hasi nintzen. Liburuaren ildoa honakoa da: Duela hamaika mila urte baino gehiago, gertaera tragiko batzuen ondorioz, Ashune, gure protagonista, bere bizitza eta Imarena uztartuko dira. Elkarrekin biziraupenerako bidaia egingo dute, Euskal Herriko historiaurreko gune garrantzitsuenetatik igaroz. Bikoteak negua Sarako eta Zugarramurdiko kobazuloan pasatzen du eta gero handik irtetea erabakitzen du eta Oiartzun, Ekain, ingurutik pasatzen dira Debako kobazuloetara. Kostaldearen zati haundi batetik Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugaraino, Saturraraneraino. Ilargietan zehar, trebetasunak, ehiza, jakinduria eta sentimenduak partekatu beharko dituzte, lur eta garai ilun baten bitartez, beren bizitzak berregiteko leku bat aurkitu arte. 

Beraz zure lehen eleberria da. Nondik dator izena?

Suima izena Sua eta Arimaren arteko fusiotik dator: Sua eta espiritua. Gazteleraz idatzia, euskal historiaurrea du ardatz. Eleberria historiaurreko aurkikuntza garrantzitsu batek egitea eragin zidan, Nafarroako Abauntz haitzuloko mapak, hain zuzen ere. Asko interesatzen zaidan gaia da, eta idaztera eraman ninduen. Jende askok ez daki bere aurkikuntzaren berri, Mendebaldeko Europako maparik zaharrena da, Ekialdean badaude, baina ez zaharragorik Mendebaldean. Ia 14 mila urte ditu eta bertan aurkitu daitezke bideak, perretxikoak non hartu daitezkeen, ura non dagoen, zubiak, errekak... Goiko Madeleine aldikoa da. Mapatik abiatuta, historiaurreari buruz idaztea erabaki nuen. 

Historiarekiko zaletasunak eraman dizu nobela idaztera.

Horrela da. Irakurzaletasun haundia izan dut betidanik. Niri historia eta itsasontzien inguruko gaiak asko gustatzen zaizkit, baina historia beste plano batetik begiratuta. Asko irakurtzen nuen erromatarrei eta Latinoamerikari buruz, baina nire eskuetan erori zen El clan del oso cavernario liburua lagun batek gomendatuta. Hiru liburuak asko gustatu zitzaizkidan eta hortik etorri zen prehistoriarekiko zaletasuna. Garai historiko horri buruz ikertzera bultzatu ninduen, eta Euskal Herrian oso garrantzitsuak eta interesgarriak diren gauzak aurkitu nituen, ezezagunak direnak gainera. Gauza asko dago gurean, oso historiaurre oparoa dugu eta aztarna asko aurkitu daitezke. Tamalez jendeak ez ditu ezagutzen. Abauntzeko haizuloan ere izan naiz. 

Lan prozesua nola izan da?

Zaila da horrelako zerbaitetan murgiltzea. Denbora asko behar izan dut, batez ere beharrezko informazio guztia biltzeko. Nire alabak txikiak zirenean hasi nintzen, eta, une horretan langabezian negoenez, une batzuk hartu nituen gaian murgiltzeko. Gero ere, alabak hazi direnean denbora askoz ere gehiago daukat idazteko. Etxekoandrea naiz eta horrek bere abantailak baditu. Kantauri isurialdean ere ibili naiz dokumentazioa biltzen historiaurrearen inguruan.

Historia edo abentura liburua da?

Historia badago, baina batez ere prehistorian kokatutako biziraupenerako abentura nobela bat da. Garai hartan, batez ere bizirik iraun behar zen. Ehiza, arkuak nola egin, silexak, animalien zatiketak larrua lortzeko, negua igarotzeko janariaren pilaketa nola egin... hori guztia egin behar zen bizitzeko. Nola biziraun zitekeen ikustea. Orduak eta orduak eman ditut labana bat nola egiten zen aztertzen, adibidez. Egia da ezin duzula biltzen duzun informazio guztia sartu, irakurlearentzat oso astuna izan daitekeelako, baina kapitulu batean mutilak tresna jakin batzuk nola egiten diren erakusten dio. 

Historikoa den zerbait fikziora eramateko jauzia zaila izan da?

Egia esan, Abauntzeko maparen aurkikuntza eleberri bat girotzeko esparru ezin hobea zela nuen buruan. Hortik abiatu nintzen. Interesgarria egin behar nuen eta horretarako nire irakurzaletasunak irakatsi didan bidea jarraitu dut. Ez zait zaila egin. Dokumentazio lana da gehien kostatzen dena, baina nik gogoko dut eta nahiko erraza egiten zait. 

Agertzen diren pertsona bakarrak Ashune eta Ima dira?

Ez. hasieran jende gehiago ere agertzen da, batez ere bidea hasteko unean eta etxolatik irtetean, baina gero bikotea da protagonista. Noski bidean gertatzen zaizkien abenturekin. 

Historiara itzuliz. Nolakoa zen duela 14 mila urte gaur egun Euskal Herria kokatuta dagoen lur eremu hau?

Europa atzeratutagoa zegoen Asiarekin alderatuz. Glaziazio garaiaren amaiera zen eta hotza egiten zuen. Ez zegoen berorik. Konplikatua zen bizitza, baina egurrezko estrukturak hasi ziren eraikitzen bizitzeko. Ez ziren kobazuloak. Ez zen paleolito garaia. Pertsona gutxi bizi ziren. 

Lehenago ere idatzi izan duzu?

Bai. Liburu laburrak egiten nituen, baina motz geratzen zaizkit. Suimak 350 orrialde ditu.


Dagoeneko irakurri dute liburua gertukoenek?

Bai. 120 ale argitaratu ditugu eta batzuk, 40ren bat, banatu ditut.  

Suimaren bigarren zati bat argitaratuko duzu?

Bai, hasi naiz idazten. Suimaren promozioarekin nabil, baina buruan dut. Ur du izena eta hiru kapitulu idatzi ditut. Orain geldirik nago, baina argi daukat nire hurrengo proiektua izan behar duela, nahiz eta badudan buruan beste gai batzuetan oinarritutako beste ideia batzuk ere.

Zer izan da zailena?

Editorialarekin zuzenketak egitea ez da xamurra, baina ordenagailuarekin idaztea egin zait zailena, idazmakina baitut gogokoen. Gainerakoan ez dut zailtasun haundirik izan, asko gustatzen zaidalako eta gozatu egin dudalako. Historiaurrea da orain gehien liluratzen nauena, niretzat ezezagun haundia baitzen. 

Non eros daiteke liburua?

Amazonen bidez eta bertsio digitalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!