Erreportajeak

«Ikasturte amaierako festarekin sortu nahi dugu espazio bat Jabetze Eskolaren dimentsioa plazaratzeko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 1a, 00:00

Ezkerretik hasita zutik, Saioa Iraola; erdian eserita Clara Wolfram eta eskuinean zutik, Ainhoa Usandizaga.

Ekainaren 7rako Jabetze Eskolaren ikasturte amaierako festa antolatu du Kulturarteko Plaza Feministak, eta herritar guztiei egin die bertaratzeko gonbitea: «Jabetze Eskolan parte hartu ez dutenak ere ongi etorriak izango dira».

Ia 20 urte bete ditu Hernaniko Jabetze Eskolak eta aurtengo ikasturtea beste modu batera amaitzeko asmoz, ikasturte amaierako festa antolatu du Kulturarteko Plaza Feministak ekainaren 7rako. Hori horrela, Jabetze Eskolako nondik norakoak jasotzeko eta festa amaierako informazioa herritarrei helarazteko, Kronika ondorengo kideekin bildu da: Saioa Iraola Kulturarteko Plaza Feministako dinamizatzailearekin, Clara Wolfram Jabetze Eskolako irakasleetako batekin; eta Ainhoa Usandizaga Twerk ikastaroko ikasleetako batekin.

Elkarrizketarako, Kronika Kulturarteko Plaza Feministara gerturatu da, eta bertan bildu da hiru elkarrizketatuekin. Mahai baten bueltan exeri bezain laister, Jabetze Eskola zer den azaldu du Iraolak, azpimarratuz, hausnarketarako eta formaziorako topagunea dela: «emakumeok geure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sareak sortzeko espazioa izanik. Eskolaren helburua emakumeon jabetze edo ahalduntze prozesuan eragitea da. Hori lortzeko asmoz, gure errealitatea ikuspegi feministatik aztertzen, eta hura aldatzeko tresnak eskuratzen ditugu. Jendarte justuago baterantz urratsak emanez». 

Jabetze Eskolako ikasturte amaierako jaialdia ekainaren 7an izango da, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Kulturarteko Plaza Feministan. «Bertan izango dira ikastaroetan parte hartu duten emakumeak, eta hauek Jabetze Eskolan bizitako esperientziak elkarbanatuko dituzte; hala nola, gogoetak dantzak, bideoak. Eta azkenik, egongo da musika, DJ Azkura izango dugu musika jartzen, eta izango da espazio bat egoteko, dantzatzeko, eta izateko. Festa irekia da, ez da Jabetze Eskolan parte hartu dutenentzat soilik irekia, beraz, herritar orori egiten diegu bertaratzeko deia. Modu honetara, herritarrek Jabetze Eskola zer den, eta zer egiten den ezagutu dezakete. Gustuko badute, datorren ikasturtean ateak zabalik izango dituzte», azaldu du Kulturarteko Plaza Feministaren dinamizatzaileak.

 

Ekainaren 7rako ikasturte amaierako festaren ideia nondik dator? Zer dela eta amaituko duzue aurtengo ikasturtea bukaerako festa batekin? 

S.I.: Aurreneko aldiz antolatu dugu honelako festa bat eta zenbait helburu jarri dizkiogu. Jabetze eskola emakumeon topagune moduko bat da, bertan prozesu ezberdinak sustatzeko, betiere, denak oinarri bat dutela, izan gorputza, emozioak… Denborarekin, ikusi dugu, Jabetze Eskolako ikastaro guztiak biltzeko tarterik ez zegoela. Bi ikasturte izan ohi ditugu, eta bakoitzean 20 bat ikastaro eskaintzen dira, eta ikusi dugu gure artean gurutzatzen garela, baina ez garela topatzen, ez dugu beste ikastaroa ezagutzeko aukerarik izan. Bakoitzak egiten du bere taldean prozesu bat. 

S.I: Helburuekin jarraituz; alde batetik, baloratu genuen interesgarria izan zitekeela espazio bat sortzea egoteko eta ikusteko emakumeen jabetze eskolaren dimentsioa zein den, nork parte hartzen duen… Eta beste aldetik, ikastaro edota prozesu horietan zein ikaspen ditugun ikusiko genuke, zer landu dugun, zerk balio digun prozesu horietatik. Eta hirugarren helburua ere badaukagu, eta da plazerrerako espazio bat sortzea, ondo pasatzeko. Espazio honetara asko gatoz gogoetarako eta eztabaidarako, baina jarri nahi genuen fokoa plazerrean.

 

Clara Wolfram:
«Ikastaroetako parte hartzea ederra izan da, aniztasuna egon da, bai kulturalki eta baita adinaren aldetik ere»

 

Aurtengo Jabetze Eskolen parte hartzea zer moduzkoa izan da? 

S.I.: Aurtengo ikasturtean, 250 kidek eman dute izena Jabetze Eskolako ikastaroetan. Urtero, bi ikastaro-aldi antolatzen dira: bata, urritik abendura, eta bestea, otsailetik maiatzera. Ikastaro batzuk urteak daramazkigu antolatzen, Munduko emakumeen literatura edo Batukada Feminista kasu, eta beste batzuk, prozesuak dira, asterokoak, eta beste batzuk, aldiz, motzagoak dira, baina denek uzten digute aztarnaren bat. Ondorengoak dira Jabetze Eskolan eskaini ditugun ikastaro horietako batzuk: Emakumeon nortasuna eta autoestimua suspertzeko: Zeure barrura begiratu eta hartu arnas; Plazera, maitasuna eta harreman parekideak; Sendabelarrak ezagutzen, gure osasunaz jabetzeko; Kultura birdefinitzen joateko: Munduko emakumeen literatura, Batukada Feminista; Osasun eta gorputzari lotutakoak: Klimateriotik menopausiara: teoriatik gorputzera; Sexualitateari lotutakoak: Ai ama! Ai ama! Nora joan zaigu desira?; Ezagutza feminista sustatzeko: Emakume filosofoen ekarpena garai atzerakoietarako; Espazioak geureganatzeko: Mendi orientazioa; Abenturatu gaitezen, elkarrekin asteburu pasa; Ezin badugu dantzatu, ez da gure iraultza, gorputzak mugimenduan jartzeko: Gorputzak dantzan eta Twerk ikastaroa; eta Kulturartekotasuna ardatz, prozesu bati ekin diogu, Geure errelatoak hemen eta orain, eta kontakizun dekolonialak. Errelato dekolonialak sortzeko, Hernanin bizi eta lan egiten duten hamar bat emakume zenbaitek egindakoa. 

 

Claudia, Jabetze Eskolako irakasle izan zara urte luzez. Nolako lanketak egin dituzue zure ikastaroetan? 

C.W.: Nire kasuan, eskaini ditut bi ikastaro aurten: udazkenean ‘Nire erdigunean errotu, nork bere burua zaintzeko eta ahalduntzeko’ tailerra eta udaberrian eman dut ‘Plazerra, maitasuna eta harreman parekideak’ ikastaroa. Bi hauek jarraipena izan dute, eta izenburuek argi dioten moduan, ikastaroan lantzen dugu plazerra, maitasuna, norberaren zaintza, harremanak… Eta badirudi, honelako termiko hauek ematen direla gure arlo intimoan eta pertsonalean. Orduan egonezin bat sentitzen badugu, interpretatzen dugu emozio hori pertsonala balitz bezala. Edo pentsatu dezakegu laguntza psikologikoa ondo etorriko zaigula. Ikastaro honetan, aldiz, beste lanketa bat egiten da. Izan ere, egonezin horietan, batez ere emakumeon bizitzen ditugunetan; hala nola, gure harreman sexu afektiboetan, gure elkarbizitza harremanetan… hauek badute dimentsio sozial bat eta zeharkatuta gaude generoaz, eta horrek eragiten du askotan harremanak ez izatea justuak. Egungo gizartean barneratu ditugu sinesmen batzuk eta pentsamendu batzuk, non, errudun sentitzen gara ez badugu bestearen beharra asetzen. Hor guk geuk onartu ditzakegu egoera batzuk edota guk geuk egin ditzakegu gauza batzuk ez diotenak gure desirari erantzuten. 

Iraola, Wolfram eta Usandizaga Kulturarteko Plaza Feministan, Kronikarako elkarrizketan.
 

Egonezina sortu daiteke adibidez, eguneroko harremanetan, demagun, umeen zaintza ondo banatuta ez dagoenean, aiton-amonen zaintza, etxeko lanak, etabar luze bat. 

Hau guztia soziala da, eta hau guztia nondik dator? Dator historia matxista batetik, kultura eta harremantzeko era matxista batean oinarritzen delako gure gizartea eta kultura bera. Orduan jabetze eskolan hori da astintzen duguna. Astintzen dugu gure burua, eta ari gara ikusten eta deskubritzen hau ez dela nire errua. Egonezin bat dago, eta egonezin hori agian ez da nire arazoa bakarrik. Zerbait kolektiboa da, eta ahalduntzeak esan nahi du, prozesu bat egitea non nik kultura hau ulertzen dut, nola eragiten didan, non identifikatzen dudan non ez den justua emakumeekiko, eta hori taldean egitea ederra da. Izan ere, taldean du zentzua, taldeak elkarbanatzen ditugu esperientziak, desirak, bizipenak… ariketak egiten ditugu ikastaroetan. Lanketa ezberdinak egiten dira, esaterako, nire ikastaroan, egiten dugu gorputzetik abiatutako ariketak, emozioak detektatzen ditugu eta hor atzean dagoen genero faktorea. Adibidez, errudun sentitzea beste baten beharrak asetzen ez ditugulako, aldiz, errudun ez sentitzea, gure beharrak asetzen ez ditugunean. Orduan hori deseraikitzea da gure xedea, beti modu plazenteroan egiten. 

Horrez gain, azpimarratu nahiko nuke, badagoela elementu oso garrantzitsu bat eta da emakumeen arteko harremana. Hauek lantzen baditugu sortzen dira aliantzak, eta sortzen dira arnas eta babes guneak, bilakatzen gara elkarren aliatuak eta hor sortzen da ahizpatasuna. Izan ere, gizarte honetan, jartzen gaituzte emakumeoi lehiatzen. 

 

Zuk eskainitako ikastaroan, parte hartzea zer moduzkoa izan da? 

C.W.: Oso ona, izan da parte hartzea. Aniztasuna egon da, bai kulturalki eta baita adinaren aldetik ere. Oso talde dibertsoa osatu dugu, hala ere, ikusi dugu ikastaroan denok berdinak sentitzen garela, ezberdinak gara, baina taldean bat gara. 

Gainera, ikasleek ekarpenak egiten dituzte, ni beti nago ikasten, izan ere, nik ikastaroetan egiten ditut planteamenduak eta ikasleetatik asko ikasten dut, gertatzen da konfiantza sortzen dela eta bakoitzaren esperientzia kontatzen dela. Nahi duenak nahi duen neurrian, kontatzen ditu gauzak. 

Eta esan beharra dut, ikusten duzunean eraikuntza hori, irakasle moduan asko ilusionatzen zara, ikusten duzulako egindako lanak fruituak eman dituela. Eta ekainaren 7ko festa da izugarrizko aukera, batez ere, publikoaren aurrean ikasitakoa erakusteko aukera emango duelako, adibidez. 

 

Ainhoa, estreinakoz apuntatu zinen Jabetze Eskolan eta zure lehenengo aldia izan da Twerk ikastaro batean. Zer moduzko esperientzia izan duzu?

A.U.: Lehenengo aldiz apuntatu naiz bai. Ni dantzaria naiz eta nator beste modalitate batetik, eta ez dut inoiz Twerka praktikatu. Aspalditik neukan buruan Twerka gustura probatuko nukeela, eta nire pixukideak aipatu zidan, berak ere gustura praktikatuko lukeela. Ikusi genuen Kulturarteko Plaza Feministak Jabetze Eskolaren baitan Twerk ikastaroa eskainiko zuela, eta jakin bezain pronto apuntatu ginen! 

Hasieran joan nintzen ikuspuntu batekin, plazerretik eta ondo pasatzetik, baina bapatean beste mundu bat ireki zidan. Azkenean ni kontziente naiz nire gorputzaz eta egin dezakedanaz honekin. Nire gorputzarekin jolasten dakit, baina Twerk ikastaroan beste atetxo bat ireki zait. Gauza asko erakutsi dizkit, eta ni nago ohituta beste mota bateko dantza batzuk praktikatzera, beste jende batekin. Orain bapatean, herriko jendearekin aritu naiz, beste toki batzuetatik etorritakoak eta begirada ireki dit, guztiz. 

Gainera gertatzen dena da zerbait ikasten hasten zarenean, eboluzioa oso haundia dela. Behin modalitatea menperatzen duzunean gorabeherak izan ditzakezu, baina hasieran, hazten zoaz, tarteka erortzen bazara ere.

Izan da izugarria ikustea nire gorputza noraino heldu daitekeen, zein gauza berri egin ditzakeen ez nituenak espero, sorpresaz hartu nautenak. Eta asko gustatu zait nire ingurukoak ere ikustea, hauek nola hobetzen duten ikustea, eta praktikatzea sekulakoa izan da. Gorputz berri asko ezagutu ditut, eta benetan plazer bat izan dela. Era berean, izan da, jendearekin konektatzeko beste modu bat. 

 

Hasiera ez zen erraza izango ezta? 

A.U.: Gure irakaslea izan dena, Ikerne Mendieta, hasi zen Twerkaren istorioa kontatzen, eta hasieratik desexualizatu genuen Twerka. Beti lotzen dugulako Twerka ipurdiarekin baina modu sexualizatu batean. Orduan, Ikernerekin ikasi genuen nondik zetorren Twerka, eta berak dio, protesta moduan hasi zela mugimendua; sexualizazio puntu batekin baina emakumeok gorputza erabiltzen nahi dugun bezala eta botere hori hartzen. 

Azalpen horrek burua irekitzen dizu eta motibatzen zaitu hor sartzera, edo behintzat probatzera. Ni konturatu naiz Twerkak eman diezazukeela, asko fisikoki eta baita emozionalki ere. 

 

Ainhoa Usandizaga:
«Hasieran joan nintzen ikuspuntu batekin, plazerretik eta ondo pasatzetik, baina bapatean beste mundu bat ireki zidan Twerkak»

 

Hernanin badira ia 20 urte Jabetze Eskola hasi zenetik, urtez urte, herritar gehiago bertaratu dira? 

S.I: Une  honetan emakumeentzako Jabetze Eskolak proiektu bezala Latino Amerikako herrialdeetatik dator. Euskal Herrian duela 22 urte hasi ziren lehenengo Jabetze Eskolak egiten, emakumeentzako espazio propioak sortzen, formakuntzarako, gogoetarako eta ahalduntze prozesu indibidual zein kolektiboak sustatzeko. Hernanin, urte dezente daramazkigu ikastaroak antolatzen, Jabetze Eskolaren baitan. Baina azkenengo hiru urteetan, Kulturarteko Plaza Feminista proiektua sortu zenetik, ateak gehiago zabaldu ditu, eta parte hartzea anitzagoa da ea asko areagotu da. 

 

Festarekin, Jabetze Eskolari beste bisibilitate bat eman nahi diozue? 

C.W.: Erabat. Ikasturte amaierako ekimen hau egitea, oso ideia ona da. Batzuetan gertatzen da bizipenak gelditzen direla barruan, talde bakoitzaren baitan eta festa honen bitartez, ikasitakoa elkarbanatuko dute, beste ikastaroetan jardun duten emakumeak ezagutzeko aukera ere bai… Oso polita izango da, izan ere, normalean jende aurrean hitz egiten ez duten emakumeak espazioa izango dute horretarako. 
S.I.: Festa bada modu bat, pribatutik publikorako trantsizio bat eta emakumeoi historikoki hainbeste ukatu zaiguna eta gu geu ere, trebatuta ez gaudenez, asko kostatu zaigu espazioa hartzea, hitza hartzea, plaza hartzea… Orduan festa honekin lortu nahi dugu eta lortuko dugu adin eta jatorri ezberdinetako esperientziak batzea adibidez. Planteatu dugun festa izango da oso horizontala.

 

Beraz, herritar orori egiten diezue deia ekainaren 7an Jabetze Eskolako festara bertaratzeko. 

S.I.: Bai, etor daitezela festa giroaz gozatzera. Ateak irekita izango ditugu denentzat. Etorri eta ezagutu Jabetze Eskolaren dimentsioa zein den.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!