Erreportajeak

«Bizitzeko adina eman dezake DJ-a izateak, 'baina' askorekin»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 25a, 00:00

Oihana Razkin hernaniarra,2023ko urriaren 18an, Dabadaba-ko sarreran. Argazkia: Gorka Estrada.

Azken urteotan aski ezaguna egin den LaMia Mari DJ-aren atzean, Oihana Razkin hernaniarra ezkutatzen da. Kronika berarekin bildu da sortutako proiektuari eta datozen erronkei buruz jarduteko, DJ munduan sakonduz.

Nor da LaMia Mari? 

Galdera zaila. LaMia Mari musikan ikertzen hasi zen neska bat da, norabidea zehaztu gabe hasi zena eta eskuartetik ihes egin dio proiektuak, nahi gabe. 

 

Tilosetako txosnetan eman zenuen zure lehen emanaldia, horiek izan ziren DJ munduko zure aurreneko pausoak. Tilosetatik beste eszenatoki batzuetara egin duzu salto. Nola izan da prozesu hau? 

Gustatu zait LaMia Marik naturalki egin duen bidea. Zeuk esan bezala hasi nintzen plazatxo batean, eta orain 'pintxatzen' dut beste leku batzuetan, esaterako, klubetan. Hauek oso gustuko ditut, batez ere musikan daudelako zentratuak eta ez parrandan. Klubetara bertaratzen den jendea musika entzutera doa eta musikaz gozatzera, parrandarik egin gabe, eta hori asko gustatzen zait. Horrelako leku batean pintxatzeak badu logika, zure musika entzutera baitoa jendea, eskaintzen duzun musikarekin ondo pasatzen dute eta oso atsegina egiten zait. 

 

Hasi zinenetik bide oparoa egin duzu LaMia Mari bezala. Azken urteotan sekulako arrakasta lortu duzu

Bapatean harrapatu nau eta guzti hau ez zegoen nire planetan. Gertatzen ari zaidana ez nuen espero inondik inora. Ez nuen nire buruan horrelakorik iragarri egia esan. Nik pentsatzen nuen Tilosetan geldituko zela kontu guzti hau, behin pintxatu eta listo. Eta ikusi dut denborarekin aurrera doala apurka-apurka.

Tilosetan eskaini zenuen aurreneko aldiz emanaldia eta gero 2021ean, Daba-Daban. 

2019an eskaini nuen Tilosetako emanaldia, pandemia hasi aurretik, San Joanetan. Eta pandemia iraun bitartean ez nuen ezertxo ere ukitu, ez nintzen musikarekin hasi. Beraz, data horretan geldialdia izan nuen. 2021ean hasi nintzen ofizialki Daba-Daban, gaur egun arte. 

 

Argazki sesio batean, Oihana Razkin 'LaMia Mari'.
 

Urte guzti hauetako ibilbidea nolakoa izan da? 

Bakarrik joan den proiektu bat izan da, gauzak etorri zaizkit bila joan gabe. Ez dakit zortea izan den ala ez; baina bidea erraza jarri didaten gauzak etorri zaizkit; esaterako, proposamenak, aukerak ekoizpenerako, eskaintzak… Horrek eman dit hazten joateko sekulako aukera, eta sostengu haundia izan da. 

 

Uztartzen dituzu zenbait herrialde ezberdinetako soinuak eta erritmoak. Esan daiteke atzerritik datorkizula inspirazioa?

Lantzen ditudan erritmo asko atzerrikoak dira: Hego Amerikakoak, Erdialdeko Amerikakoak, Karibekoak, eta Afrikakoak. Hauek hibridoak dira, batzuk dira elektronikoak eta beste batzuk, berriz, esan genezake analogikoak.  

Uztartzen ditut musika mota horiek erritmo oso markatuak dauzkatelako, dantzara enfokatuta daude, eta horrek asko inspiratzen nau. Horren barruan, daude genero ugari, baina ni irekita nago generoetara, erabiltzen ditut genero asko. Hala ere, esan bezala, ez dut mugarik jartzen generoetan, jatorrian bai ordea.

 

Hasierak ez dira makalak. DJ-aren kontroladorea edota mahaia izateak, inbertsio asko suposatzen du?

Uste dut DJ munduan sartzea nahiko erraza dela. Bizi dudan esperientziatik hitz eginda, nire kontroladorea adibidez, 200 eurorengatik erosi nuen. Eta lanerako ez duzu gehiagorik behar, ordenagailua eta kontroladorea. Ez da inbertsio askorik egin behar, esan daiteke hastapenerako DJ mundua ez dela gogorra. Gero ordutegiak eta bizitza troteari dagokionez, berriz, bai. 

 

LaMia Mariren atzean Oihana Razkin dago, badago ezberdintasuna hauen artean? 

Bai, Oihana zegoen parrandan ateratzeaz erretiratuta eta bizitza lasaia du; aldiz, LaMia Mari, ateratzen da gauetan DJak ikustera. Azkenean bi pertsonaia ezberdin dira; bat naiz ni, nire bizitza pribatuarekin; eta bestea da LaMia Mari, jende gehiagok ezagutzen duena. Bakoitzarekin ditudan harremanak ere oso ezberdinak dira. Askotan gertatu zait La Mia Marirekin ezagutu dudan jendea, Oihanaren bizitzan sartu dudala, bizitza pribatuan. 

 

Txikitatik izan duzu musikarekin lotura? 

Pianoa ikasi dut txikitatik, eta 15 bat urterekin utzi nuen. Hori izan da nire bizitzan musikako ikasketak egin ditudan etaparik luzeena. Pintxatzen hasi nintzenean egin nuen egun bateko kurtso bat, hor ikasi nuen zer nolako materiala behar nuen DJa izateko. Hortik aurrera da zure buruaren jabe izaten ikastea eta ikertzea, alde batetik ikutu, bestetik ere… Trasteatu. Ekoizpenerako bai egon naizela kurtso bat egiten, baina gehien bat da ingurua esploratzea. 

 

Udaran zenbait musika jaialditan hartuko duzu parte, pozik?

Bai udari begira badauzkat jaialdiak eskuartean; hala nola, Guatekekeler, Dantz jaialdia Donostian, Orioko elektronikako jaialdia. EHZra ere joango naiz Benizzerekin, izan ere, bere azken diskan, artistarekin ekoiztu dut, eta hau zuzenean elkarrekin eskaintzeko apustuari egin diogu aurre. Nahiko beteta daukat uda.

 

Musika ekoizpen lanetan hasia zara. Zer moduz? 

Duela gutxi hasi naiz musika ekoizten, urtarrilean Benizzerekin egin nuen bere disko berriko abesti bat, eta horrez gain, hasi naiz nire musika ekoizten. Ez dut ezer argitaratu baina horretan nabil, ikasten, ekoizten eta probatzen, oso gustura egia esan.  

 

Musikarien mundu honetan denak eraldatzen zarete. 2021etik gaur egun arte, LaMia Mari asko aldatu da?

Bai, aldatu da. Arte Ederrak ikasi nituenean berdina gertatu zitzaidan, hasten zara proiektu batekin eta ideia batzuk argi dauzkazu. Gero hortik aurrera, proiektu horretan hasten zarenean lanean, gauza berriak datoz, eta espero ez duzun bidea hartzen duzu. Musikarekin berdina gertatu zitzaidan, hasten zara normalizatzen musika mota batzuk lehen agian arraroak egiten zitzaizkizunak; hauek normalizatzen dituzun garaian, erakargarriak iruditzen zaizkizu. Eta seguruenik, 2021eko Oihanak gaur egun entzuten duen musika asko ez lukeela entzungo.

Geroz eta gehiago entzun, geroz eta normalizatuagoak dauzkazu erritmo eta soinu batzuk, eta zure barruko mundua zabaltzen zoaz.

 

Gaur egun, DJ munduan zer nolako tokia dute emakumeek? 

Aspalditik bidea ireki digute emakume askok, eta hori eskertzekoa da. Badaude emakumeak DJ munduan, baina oraindik badago ezberdintasuna; esaterako, Madrileko jaialdietan mutilek pintxatzen dute gehienetan, eta tartean zu zaude, hor sentitzen zara hartu zaituztela dibertsifikazioagatik eta ez pintxatzen duzun musikagatik. Botere harreman haundiak daude. Hala ere, nire esperientziatik diot, nire kasuan zorte haundia izan dudala, orain arte harremandu naizen jendea oso atsegina izan da, parekidetasuneko harremanak egin ditut, eta horietako asko izan dira emakumeekin. 

 

LaMia Mari, 2023ko martxoak 11n, Raks festa Dabadaban.
 

Bizitzeko adina eman dezake DJ-a izateak? 

Bai, bi urte ematen badituzu arlo horretan. Eskainiko duzun emanaldiagatik eskatu dezakegu bizitzeko adina eman dezakeen soldata bat. Noski egin behar duzu lan hilabeteko asteburuetan, horrek dakarren trotearekin. 

Ni DJ-a izateaz gain, beste lan batean nabil eta nire inguruan ezagutzen dut jendea DJ bezala lan eginez, nik nire lanean baino gehiago kobratzen duena; beraz, esan dezaket posible dela. Hor dago arazo bat: ez-egonkortasunari aurre egin behar diozula. Erritmo oso bizia duen lan bat da, eta neketsua. Gainera, nire ustez, epe baterako lana da, esan nahi dut, ni 40 urterekin ez naiz ikusten DJ bezala. Orain oso gustura nago, baina badakit hemendik urte batzuetara, ez dudala nahiko lan erritmo hori; goizeko ordu txikietan pintxatzera joan hiri batera, eta hiru ordu lo egin ostean, beste batera.  Beraz, esango dugu bizi daitekeela DJ izateaz, ‘baina’ askorekin. 

 

Hemendik aurrera zer? Proiekturen bat eskuartean? 

Bi ideia edo proiektu ditut buruan; batetik, ekoizpena, oraintxe bertan ekoizpenean nahi dut zentratu, motibatuta nago, ideia asko ditut eta formatzen jarraitu nahi dut; eta bestetik, DJ bezala nire intentzioa da penintsulatik ateratzea. Duela bi asteburu Parisen egon nintzen eta lehenengo esperientzia izan da, horrekin jarraitu nahi dut. Europara joan nahiko nuke, eta hemendik urte batzuetara, Hego Amerikara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!