‘Justmad’ arte garaikideko 'Wild Wild Web' saria jaso duzu martxoan, Arteuparterekin elkarlanean. Zer moduz zaude?
Sorpresa haundia da niretzat. Justmad azokarako, artistok sortu behar genituen obrak inspiratuta hiriaren kontzeptuarekin, hiria utopia gisara ulertuta. Eta hasieratik izan nuen argi ez nuela egin nahi zerbait zurruna, estetikoa edota polita. Nire helburua zen sortzea zerbait gizartean efektu bat sortzeko, eta horretarako obrarekin hasi aurretik, egon nintzen hiria ikertzen. Hor ikusi nuen bazegoela arazo orokor bat gizarteari zegokionean. Hiri utopiko eta ederra irudikatzea baino, beharrezkoa ikusten nuen irudikatzea gaur egun dagoen arazoa: hiriak gaizki daude, dago jendea harrapatuta beraien buruetan eta sisteman, jendea dago etxean sartuta, geletan sartuta… dena da oso lauki formakoa.
Beraz, sortu nahi nuen arazo hau islatzen zuen obra bat, nola gaur egungo gizartea dagoen estrukturen barruan, hirien barruan… eta ez daukagula gizarte organiko bat. Horrez gain, islatu nahi izan nuen badaukagula aukera hortik ateratzeko eta gure erara berreraikitzeko herriak eta hiriak. Nire asmoa zen hori guztia irudikatzen zuen obra bat egitea, gizartea kontura dadin zein egoeratan gauden eta noski, atera gaitezkeela bertatik.
Egia esan ez nuen espero sari hau jasotzea, izan ere, egindako obra oso abstraktua eta aldarrikatzailea zenez, uste nuen ez zuela hain inpaktu ona izango, eta kritika gehiago izango zituela iruditzen zitzaidan, baina ez. Nire asmoa zen jendea konektatzea nire obrara, eta galdetzea, zer gertatzen ari da obra honetan? Zergatik dago argia?
Hasieratik izan du inpaktu ona, eta erreakzio horiek ez nituen espero. Jendeak esaten zuen hasieratik egiten ari nintzena oso interesgarria zela. Sekulako poza eman zidan horrek guztiak. Orokorrean oso pozik nago, sorpresaz harrapatu ninduen.
‘We are less’ekin irabazi duzu saria. Egungo gizartea islatzen du, eta nola gizarte hori berreraikitzeko aukera dagoen.
Hori da, ‘We are less’ obrak erakusten du gizakiok sortutako gizarte bat eraiki genezakeela. Azkenean gaur egungo gizartea da kontrolatua, dena da oso zurruna, zuzena eta badirudi lauki formako gizarte batean bizi garela; hiriak daude laukizuzenez beteta, telebistak daude etxe guztietan… dena da lauki formakoa eta gu ere lauki bilakatu gara. Dena oso sailkatuta dago, ez daukagu aukera asko nahi moduan janzteko, tendentziak ematen dizkigute hauei jarraitzeko eta momentukoa erosteko. Hiriak ikertzen ikusi dudan beste ezaugarri bat da, hiriak eta natura zatituta daudela, hiria da grisa, eta berdegunera joan nahi baduzu, bertatik atera behar duzu. Dago dena banatuta eta nire ustez hori ez da gizakientzat egindako hiria. Beraz, egindako obrarekin proposatzen dut estruktura hauek apurtzea eta berregitea gizakiontzat gizartea izan daitekeen hiria. Estrukturak askoz ere organikoagoa izan behar duela iruditzen zait, ludikoagoa. Modu honetara gizarte osasuntsuago bat lortu genezake.
‘We are less’ obran esku batzuk agertzen dira.
Gizartea irudikatzeko nolabait. Esku horiek ari dira ateratzen kaxa batzuetatik, gorantz. Esku horiekin errepresentatu dut nola gizakiok atera gaitezkeen egungo sistematik, eta kasu honetan kaxetatik. Eta era berean, islatu nahi nuen, Sare Sozialen zulotik atera gaitezkeela, uste dudalako ez garela konsziente zein den egoera, bakoitza berera doa, bakoitza bere buruan harrapatuta dago, eta ez gara ondokoarekin harremantzen, gure laukian gaudelako, atera gabe.
Beraz, obrak dio: «goazen denok batera kaxa hauetatik ateratzera eta harremantzera».
Zer suposatu du zuretzat sari hau jasotzeak?
Egon naiz urteak koadroak margotzen eta beti eduki dut buruan egiten dudanak zentzu bat izan behar duela eta zerbaitetarako balio behar duela. Hala ere, iruditzen zait, batzuetan, artistak gaudela gure estudioan itxita, eta ez dakigula zein punturaino daukan eragina egindako lanak gizartean.
Sari hau jasotzean konturatu naiz bide onetik noala. Azkenean artista bezala sentitzen dut badudala konpromiso bat gizartearekin, eta batzuetan ez nekien ondo ari nintzen edo ez. Baina horrelako sariek erakusten dizute bide onetik zoazela, eta sortzen duzula halako mugimendua gizartean. Sari honekin, era berean, ari zaizkit irekitzen aukera eta proiektu berriak, eta horrek oso pozik jartzen nau.
Nire estiloa edo artean dudan izaera gehiago dago lotuta filosofiarekin; hau da, filosofiaren ideiak errepresentatzen ditut pinturan. Beraz, margotu nahi dudan ideia islatzeko, ez dut zerbait literala egiten, sortzen dut zerbait hetereoa eta sintetikoa dena. ‘Dogville’ pelikularen antzerako estiloa dudala esango nuke. Film honek ez dauka espazio finkorik, eszenatoki beltza du, etxe bat adierazten da lurrean karratuak margotzen, eta hori gertatzen da nire obretan. Honekin nahi dudana da, munduko edozein pertsonak, edozein tokitan ikusten duenean nire koadroarekin identifikatuta sentitzea, enpatia izatea koadroarekin. Denborarekin ere jolasten dut, izan ere, nire koadroek, etorkizun batean ere funtzionatuko dute, ez bakarrik oraina islatzen; irudikatu dezakete, iragana, oraina eta etorkizuna.
Kolore paleta antzekoak erabili dituzu azken obretan. Zerbait islatu nahi izan duzu honekin?
Feria honetarako lehenengo aldiz erabili ditut horrelako kolore boteretsuak, izan ere, lehen egiten nuen dena kolore neutroekin; hala nola, txuria, beltza, grisa… Kolore horiek erabili izan ditut badutelako puntu kontzeptual bat, nire obretako gauza bakoitzak esanahia duelako, pintura tanta bakoitzak. Askotan, kotoia ere erabiltzen dut eta hori elementu diskurtsibo gisara erabiltzen dut.
'Justmad'erako erabilitako koloreak izan dira neutroak, eta gehitu ditut turkesa eta arrosa floreszentea. Kasu honetan, arrosak argi funtzioa du, azpimarratzeko ideiaren bat. ‘We are less’ obran agertzen diren eskuen atzean arrosa kolorea dago, badagoelako argia, kaxak ilunak dira baina behin bertatik aterata, argia ikusi dezakezu. Berdea edo turkesa, berriz, erabili dut ez jartzeko arraza bat, ez izateko izaki zuriak, beltzak, txinatarrak… izateko denak berdinak, zerbait generikoa, horregatik ‘Justmad’ era aurkeztutako obretan gizakiak berdeak gara.
‘Aneoa’ eta Ane Ostolaza, bi identitate?
Guztiz! Eta hiru ditut gainera, hirugarrena da Mifkey; firmatzen dut marrazki batekin, ez dut nire izenarekin firmatzen. Mifkey da erdi axeri, untxi, otso, xagu moduko pertsonaia bat. Sortu nuen Mifkey duela 8 bat urte, egiteko komiki batzuk, nire bizitzan inspiratuta, eta ez nuenez aurpegia eman nahi, sortu nuen pertsonaia hau, Mickey Mouse eta Holandako Miffy untxiaren semea bezala.
‘Aneoa’ri dagokionez, Ane Ostolaza Almendros naiz, eta toki askotan lehenengo abizenari ematen zaionez garrantzia, ‘Aneoa’ erabiltzen dut artista gisa, bi abizenengatik, ez dauka inongo esanahi filosofikorik, baina amaren abizenari ere garrantzia eman nahi nion, besterik gabe.
Badaukazu inspirazio iturririk? Zein?
Nire inspirazio iturria batez ere izaten da filosofia, asko inspiratzen naiz Heideggerren ideietan, Hegel, Zygmunt Bauman… hauek dira nire oinarrizko inspirazio iturriak. Horrez gain, gaur egungo munduari erreferentzia egiteko, asko inspiratzen naiz pelikuletan. Film surrealistetan oinarritzen naiz batik bat, gizartea beste modu batean azaltzen duten pelikuletan hain zuzen; besteak beste, Blade runner eta Dogville.
Dagoeneko egin duzu zure bidea arte munduan, edo hasi zara behintzat. Noiz hasi zinen arte munduan urratsak egiten?
Artista bezala lan egiten hasi nintzen duela bi urte. Lehen egiten nuen lan modu ezberdin batean, etxean, eta nire lanak ez zituen inork ikusten. Nire lagunek gomendatu zidaten Instagram kontua egiteko, egindako lanak ezagutarazteko. Duela bost urte egin nuen kontua eta hortik hasi nintzen pixkanaka nire bidetxoa egiten. Aurreztu nuen, eta Madrilera etorri nintzen, eta bi urte daramazkit bertan, oso-oso gustura. Jarri nuen helburutzat egingo nuela lan artista bezala, kosta hala kosta, eta horretan nabil buru-belarri.
Noiz jakin zenuen artea zela zure ogibidea?
Txikitatik marraztu izan dut, betidanik, baina egia da haurra nintzenean ez nuela artista izan nahi. Umetan orduak eta orduak pasatzen nituen marrazten, eta ingurukoek esaten zidaten artista izango nintzela, nik ordea, ez nuen nahi. Hasiera batean nahi nuena zen psikologia edota filosofia ikasi. Izan ere, filosofiarekiko pasioa dut, jakin mina izan dut beti gizakien garunean zer dagoen, nire obsesioa izan da buruko mundu abstraktua ulertzea. Baina batxilergo artistikoa egin nuenean, nire irakasleak, eta inguruko jendeak esaten zidan arte ederretatik jo behar nuela, horretarako jaio nintzelako. Une hartan sinetsi egin nuen hala zela, eta gaur egun hemen nago, artean murgilduta, nire ogibidearekin maiteminduta.
Artista naiz edo ez, agian gehiago kontsideratzen naiz filosofa bisuala. Azkenean gertatzen dena da, filosofia liburuetan dagoela eta ez direla jendearengana iristen ideiak. Ni beti ibili naiz filosofia ulertzeko marrazkiak eta eskemak egiten, modu honetara irudikatu ditut gizartea eta buruko ideia abstraktuak. Uste dut artista izatea dela oso generala, artista bakoitzak dauka bere mundua eta mundu hori irudikatzeko modu bat.
Madrilen zaude une honetan. Nola ikusten duzu arte mundua Euskal Herrian?
Karrera amaitu nuenean joan nintzen Euskal Herritik, hasieran egon nintzen Bartzelonan, gero Berlinen… Orain Madrilen nago eta esan beharra dut Euskal Herrian badagoela artean hutsune bat, nahiko itxia dago artearen mugimendua. Artista oso-oso famatuak badaude noski, baina galeria mundua Euskal Herrian ez dago garatua; badago zerbait, baina ez behintzat artista emergenteentzat. Beraz, ez dago aukerarik Euskal Herrian artearekin hasteko. Behin errekonozimendua lortzen duzunean beste tokiren batean, Euskal Herrian izan dezakezu oihartzuna, baina zerotik hasteko, oso zaila.
Hemendik aurrera zein da zure asmoa? Sortzen jarraitzea? Zeintzuk dira eskuartean dauzkazun proiektuak?
Bi proiektu ditut, eta nago oso emozionatuta. Horietako bat izango da apirilaren 15ean margotuko dudana: Madrileko merkatu baten sarrera. Izango da nire lehenengo pintura murala, eta emozionatuta nago. Hiru metro eta erdiko artelan bat egingo dudalako, espazio publiko batean.
Eta bestetik, irailean beste hitzordu garrantzitsu bat dut; urtean behin egiten da Madrilen, zentroko galeriak irekitzen dituzte eta gauez ere irekita mantentzen dira. Bertan egiten dituzte erakusketa bereziak momentuko artista erreferenteekin, eta bertara gonbidatu naute, ‘Galeria nueva’n egiteko interbentzio bat. Beraz, ezin naiz kexatu, zoratzen nago.