Erreportajeak

«Hizkuntza gutxituei behar duten balorea ematen diegulako dira beharrezkoak horrelako topaketak»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 9a, 00:00

Onintza Olaizola Euskaltzaleen Topaguneko hizkuntza aniztasun arduraduna.

'Auzoko Elkarrizketak' egitasmoaren probra pilotua dagoeneko burutu dute Hernanin, Dobera Euskara Elkartearen eta Euskaltzaleen Topagunearen eskutik. Hala, froga pilotu hauez eta datozen erronkez jardun du Onintza Olaizolak, Euskaltzaleen Topaguneko hizkuntza aniztasun arloko arduradunak, Kronikarekin: «une honetan azken fasean gaude».

Euskaltzaleen Topaguneak, ‘Auzoko Elkarrizketak’ proiektua du eskuartean, hizkuntza aniztasunari dagokiona, hain zuzen. Proiektuarekin lortu nahi duzue euskeratik urrun dauden pertsonen zailtasunak ezagutzea. Nondik etorri zen ideia hau? 

Euskaltzaleen Topaguneak orain ‘Batera jauzi’ izeneko kongresua egin du. Bertan, aldaketa teorian oinarrituta, konturatu ginen euskeraren erabileran jauzi bat emateko, beharrezkoa zela anitzen arteko elkarrizketa. Hau da, ahotsa ematea jende guztiari, denak ekitate egoera batean beren iritzia eman dezaten. Hari horri tiraka, elkarrizketa hauek herrietara jaisteko nahi horretatik sortu genuen 'Auzoko elkarrizketak' proiektua. Gaiaren inguruan normalean hausnartzen ez duten pertsona horiei pentsatzeko aukera emateko, edota beraien iritzia emateko aukera izan dezaten.

 

Proiektu hau lantzeko zein behar ikusi zenuten?

Azken dinamika bat egiten dugu Auzoko Elkarrizketaken baitan, ‘amildegia’ deitzen dioguna. Hor irudikatu genuen gaur egun daukagun Hernani, eduki nahiko genukeena eta alde batetik bestera pasatzeko beharko genituzkeen baliabideekin zubi moduko bat egin. Bertan hainbat gauza agertu ziren, Hernaniren kasuan; Hernani anitz bat daukagula agertu zen. Aniztasun horretan, askotan, euskaldun mundua eta euskaldun ez den mundu hori banatuta bizi direla aipatzen zuten. Lanean dabiltzan pertsonek, edota egoera zaurgarrian bizi direnek euskera ikasteko baliabide gehiago beharko lituzketela ere aipatu zen. Harreraren garrantziaz ere jardun zen, elkarbizitza guneak eraikitzea euskeratik urrun dauden pertsonak, euskeratik gertu daudenekin elkartzeko. Horrelako ondorioak eta ideiak atera ziren Hernanin. Orain Udalarekin txosten bat egin da eta hor dago jasota.

 

Hernanin eta Getxon dagoeneko eman dituzte proiektu pilotuaren lehenengo urratsak. Zergatik aukeratu zenuten proba pilotu bezala Hernani? 

Froga pilotu hau egiteko argi geneukan, euskera elkarteekin batera egin behar genuela prozesu hau, elkarlanean oinarrituz. Hasiera batean aukera ezberdinak izan genituen eskuetan. Horietako bat zen Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuko ginela; hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, denak ez izateko leku berekoak eta lagun ezberdinetan pilotatu ahal izateko. 

Aukerak begiratzen, ikusi genuen, bai Getxok eta bai Hernanik, euskera elkarte sendoak eta landuak dituztela. Eta bien kasuan Udalek eta euskera elkarteek interesa erakutsi zuten gaiarekiko. Modu horretara aukeratu genituen bi lekuak. 

 

Hizkuntzaren biziberritzea ere bada proiektuaren 
helburuetako bat. 

Bai, ikusi da, Euskal Herrian jakintza datuetan aurrera goazela, eta geroz eta altuagoa dela euskeraren jakintza datua, hezkuntza sisteman egin diren aldaketen ondorioz. Erabilerari dagokionean, berriz, estankatuta dago, eta hor jauzi bat emateko beharra ikusten genuen. Beraz, biziberritze horretan kokatzen da egitasmoaren nahia. Aldekotasun hori piztu nahi dugu, euskeratik urrun dabiltzanetan, erabileran jauzi hori eman ahal izateko.

 

Herri bakoitzean, lau fase. 

Egitasmo honetan lehenengo herriko azterketa bat egin da; bertan zein egoera zegoen ikusi da, eragileekin elkartu gara, kasu honetan Dobera Euskara Elkartearekin. Gero talde pilotu bat osatu zen. Proiektuan interesa izan zuten eragileekin, eta elkarrizketa saio baten bidez landu genituen aurrerantzean jorratuko genituen edukiak, formak… Eta azkenengo fasea da behin saioa eginda, bertan ateratako emaitzak ondorio batzuetan islatzea eta jasotzea. 

Une honetan azken fasean gaude, dagoeneko egin dugu kontrastea eta ateratako emaitzekin aurrerantzean egingo ditugun pausuak irudikatzea geldituko litzateke. 

 

Ama hizkuntzen nazioarteko egunaren bueltan egin zenuten egitasmoa. Gure ama hizkuntza, hizkuntza gutxitu bat dela kontuan hartuta, uste duzu gure begiradatik errazagoa dela haiekin (beste hizkuntza gutxitu batekin) konektatzea? 

Gertatzen dena da, ama-hizkuntza gutxitu bateko hiztuna zaren heinean, errealitatea irakurtzeko askoz ere gaitasun gehiago daukazula, errealitate hori bizi duzulako batik bat. Nik uste dut, horrelako errealitatean bizi dituzten hizkuntza gutxituen kontaktua errezagoa dela. Horregatik dira garrantzitsuak horrelako topaketak, ematen diegulako hizkuntza gutxituei, behar duten garrantzia eta balorea.

 

Egindako froga pilotuak oso ondo joan zirela esan digute: zein etorkizun ikusten diozue proiektuari? Herri bakoitzean jarraipena izango du?

Orain herri bakoitzeko jarraipena geldituko da herri bakoitzeko Udalen eta euskera elkarteen esku, txostenetik ateratako emaitzekin zer egiteko aukera duten ikusiko dute, noski Topagunearen laguntza izango dute behar izanez gero. 

Guk, Topagunetik, ikusten dugu euskeraren normalizazio prozesu honetan jarraitu nahi bada, derrigorrezkoa izan behar dela anitzen elkarrizketak kontutan hartzea. Orduan guk nahi genuen baliabide bat eskaini prozesu hau aberasgarriagoa izan dadin, eta proiektuak dituen helburuak bete ahal izateko, emankorragoa izateko.

 

Euskera ama hizkuntza gisa dugunok, beste hizkuntza bateko norbaitekin hizketan, argi diogu gure ama hizkuntza euskera dela. Aldiz besteen kasuan, ez da berdina gertatzen. Hizkuntzari ematen diozun garrantziagatik da? 

Gizakiok askotan bizi izan ditugun prozesuengatik, gure hizkuntzak berak bizi izan dituen oldarkeriagatik, ulertzen dugu gure hizkuntzaren garrantzia ez dela hainbeste, edo normalizatzen dugu gure hizkuntzak esparru batzuetan bakarrik eduki behar duela ikusgarritasuna, askotan horren ondorio da pertsona batzuk ama-hizkuntzari behar den balioa ez aitortzea eta behar duen lekua ez ematea. 

Hor gertatzen da, euskera, gutxitua den aldetik, eta frantsesaren eta gaztelaniaren artean elkarbizi den horretatik, nahi duguna da gure ereduarekin, beste hizkuntzei erakutsi ama-hizkuntzaren balioa zenbatekoa den. Orduan, guk uste dugu euskeraren normalizazio prozesura jendea erakarri nahi badugu, izan behar duela beraien ama-hizkuntzak ere balorean jartzetik. Beraien ama hizkuntzak balorean jartzen ez baditugu, nekez ulertuko dute euskeraren balioa zein den. Gure lana izango da beraz, oinarri horiek jartzea. 

 

Herri bakoitzean sentsazio ezberdinak izan zenituela suposatzen dut, zer transmititu zizuten bi frogek? 

Euskeraren presentzia Getxon eta Hernanin guztiz ezberdina da, baita jendeak honen inguruan daukan ezagutza edota sentsibilizazioa. Hernanin adibidez, ikusi genuen bagaje haundi bat dagoela hizkuntzaren eta aniztasunaren arteko elkarbizitza horretan. Badagoela nolabaiteko kontzientzia bat herrian euskeraren alde, kultur aniztasun honen alde, nolabait bi gai hauek elkarrekin jorratzearen alde. 

Getxon, aldiz, ikusten genuen euskeraren normalizazioa zailagoa dela, euskeraren erabilera txikiagoa delako. 

Bi errealitate guztiz ezberdin ikusi genituen, baina bai bietan ikusi genuela prestutasun hori, lanketarako eta bakoitzaren errealitatetik aurrera jarraitu nahi izatea erakutsi zuten. 

 

Orain artekoa eginda, zein da hurrengo pausua?

Topagunetik dauzkagu hainbat egitasmo, hizkuntza aniztasuna eta euskeraren gaia jorratzeko, baina tira, euskera elkarte bakoitzak dauka egiteko formak finkatuta eta helburuak ezarrita, orduan une honetan, Euskaltzaleen Topaguneak, Udalak eta euskera elkarteak, elkarlanean erabaki beharko dugu jasotako emaitza horiei zein irtenbide emateko aukera daukagun. Eta noski, zeintzuk izango diren hurrengo urratsak.

 

 

Erlazionatuak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!