Espainiar Estatuan gurasoen eta senideen sinadura-kanpaina bat abiarazi da, 16 urte bete arte haurrei mugikorrak debekatzeko legedia egiteko eskatuz. Familia horiek oso kezka justifikatua dute, mugikorren bidezko komunikazioaren bidez, haurtzaroaren zati batek bere hezkuntzarako, ongizaterako, zorionerako eta ikaskuntzetan arreta emateko batere positiboak ez diren mezuak jasotzen dituelako. Kezka hori gurean ere nabaritu da eta Hernanin Altxa burua Hernani plataforma sortu berri dute eta Astigarragan ere bidean dira.
Zer da Altxa burua Hernani?
Guraso talde bat gara. Hernaniko eskola guztietako gurasoak elkartzen gara Altxa burua Hernani taldean: Aratz, Elizatxo, Langile, Txirrita, Urumea eta Hernani Institutua. Elkarrekin bidea eraikitzen hasi gara, teknologia berriek gure haurrengan duten eraginaz kezkatuta gaudelako, eta errealitate berri honi elkarrekin aurre egin behar diogula uste dugulako.
Era berean, Gipuzkoa mailako Altxa burua ekimenaren kide ere bagara. Dagoeneko 50 herri edo talde gaude Altxa burua Gipuzkoaren barruan, eta guztiok, norantza berean ari gara lanean. Gipuzkoa mailan, beraz, egitasmo asko modu bateratuan ari gara lantzen.
Zein dira zuen helburuak?
Hiru azpimarratiko genituzke: Adimendun mugikor propioa haurrei emateko adina 16 urtetik aurrera ezartzea modu kolektiboan.
Adimendun mugikorren jabetza goiztiarrak haurrengan eragiten duen menpekotasun eta buru-osasuneko arazoez herritarrak kontzientziatzea.
Teknologia berrien erabilera egokia egiteko gurasoak informatzea, eta euren seme-alabek egiten duten erabileraren jarraipena egiteko irizpideak eskaintzea. Elkarrekin formatu behar gara, gurasoak eta seme-alabak.
Zergatik sortu da kezka gurasoen artean, hainbeste herritan?
Mugikorraren erabilerak eta honek hain eskura jartzen dituen sare sozialek eta aplikazioek, ondorio kaltegarriak dakartzalako oraindik garatu gabe dagoen haur baten burmuinean. Ondorio kaltegarri horien artean daude: adikzioa eragiten duela, buru-osasunean arazoak sortzen dituela, garapen pertsonal eta kognitiboa oztopatzen duela, isolatu egiten duela kaleko bizitzatik, depresioa sor dezakeela…
Bestetik, haurren eta nerabeen datu eta identitate pribatutasuna urratzen dute aplikazio askok eta baita sare sozialen edota komunikaziorako erabiltzen diren WhatsApp moduko aplikazioen erabilera okerrek ere. Geroz eta gehiago ematen da, adibidez, talde masiboetan sartzen dituztela haur eta nerabe hauen telefono zenbakiak: sortzailea ezagutu gabe, eta taldearen izaera zein den jakin gabe. Donostian gertatu zen, esaterako, 1.000 nerabetik gora batu zituztela talde batean, non, eduki pornografikoa eta gorrotozko mezuak partekatzen zituzten.
Horrek delituetarako arriskua ere ugaritu egiten du?
Dudarik gabe. Delituak ere ugaritu egin dira mugikorren erabilera okerragatik, besteak beste; adin gabekoen arteko argazki intimoak zabaltzeagatik, ziberbullying-agatik eta grooming-agatik (heldu bat haur batekin harremanetan jartzea, konfiantza lantzeko eta horrela helburu sexual bat lortzeko).
Zer kezka gehiago sortzen ditu mugikorraren erabilerak?
Beste kezka nagusienetakoa da, aisialdia mugikorrari begira pasatzen ikusten ditugula nerabe eta gaztetxo asko. Egunean 4-5 orduz erabiltzen dutelako batez beste nerabeek mugikorra. Beraz, egunean, ordu kopuru horiek kentzen diote kalean ibiltzeari, harremanak zuzenean lantzeari, bizitza erreala bizitzeari. Dagoeneko, hasiak dira kaleko bizipenak, argazki bidez, edo sare sozialetan zabaltzearekin lortzen: zoriontasuna horrek ekarriko balie bezala; zabalpen digitalak, alegia. Baina, gai honetan aditu direnek, aipatzen dute, haur eta nerabezaroan oso garrantzitsua dela euren nortasuna eraikitzen ari diren garaian, adin berekoen artean erlazionatzea, autonomiaz ibiltzea, eztabaidatzea eta gaizki-ulertuak argitzea, bakoitzak bere iritzia esateko gunea izatea, eta planak elkarrekin egitea.
Laburbilduz, hau da larritzen gaituena: mugikorra tresna haundiegia dela haur eta gaztetxoei emateko. Eta euren adinean, kalte gehiago eragiten dietela onura baino.
Zein da benetan adin hauetako haurren beharra?
Lehenik eta behin, hausnarketa egin behar da familia bakoitzean. Azken urteetan, “kultura” bat ezarri da non DBH1en mugikorra izan behar dutela sinetsi den. Baina, ohitura berri hori ez da hausnartu; automatikoki gauzatzen da: haurrak eskatzen du, gurasoek ematen diote (beste guztiek dutenez, gurea azkena ez dadin izan; edota, anai-arreba zaharragoei eman diegunez, gazteagoari ere bai).
Horrenbestez, hortik abiatu behar da: zertarako 10-11 urterekin interneterako sarbidea duen mugikor propioa? Gurasoekin dei bat ala beste egiteko astean zehar? Guraso eta haurrak asteburuan badaezpada ere harremanetan egon daitezen? Asteburuan lagunekin plana egiteko?
Hauek badira, orokorrean, adin horretako haur gehienek izan ditzaketen behar komunikatiboak, adimendun mugikor bat ez da tresna egokia horretarako. Beharko luketena da telefono bat, deiak egiteko. Baina, telefono hori modu ezberdinetara eskura dezakete: izan daiteke beste guraso bati eskatzea telefonoa, kalean dagoela bere gurasoei deitzeko beharra suertatu bazaio. Izan daiteke, baita ere, herriko eraikin publikoetako telefonoak erabiltzea (bertan dauden arduradunei eskatuta). Edota, komunikaziorako beharra konstanteagoa den kasuan, deiak egiteko bakarrik balio duten ordularia eskuratzea. Azken kasu honetan ere begiratu egin behar da erosi aurretik zein ordulari mota erosi, eta gure gomendioa da, deiak egiteko funtzioa bakarrik duena hartzea. Hau da, jolasak eta aplikaziorik gabekoak. Eta era berean, mugatzea kontaktuen zerrenda harremana izango duten gurasoetara edota euren ardura duten helduetara (ez dezala bere telefonora edonork deitu, ezta berak ere edonori, alegia).
Jaso al duzue babesik?
Bai. Instituzioetatik, gure kasuan Hernaniko Udaletik eta eskoletako zuzendaritza taldeek eta irakasleek ere babesa erakutsi digute eta elkarrekin ari gara bidea egiten. Egin behar den bide bat da. Ez dago eredu bat, herri batzutan aurreratuagoa dute lana. Hernanin guk egin behar dugu bidea. Oraingoz bilerak egin ditugu eta tailerrak ere antolatu nahi ditugu Udalarekin elkarlanean, arazoaren alde psikologikoa aztertzeko. Langile ikastolako gurasoak hiru urte daramatzate honen inguruan lanean eta orain beste eskoletako gurasoak hasi dira eta bideratze lanak ere egin behar dira.
Adin bat dugunok eta nerabetasunean mugikorrik gabe hazi eta hezi ginenak ere geratzen ginen lagunekin eta gurasoei deitzen genien.
Planak beste modu batera egiten ziren. Gaur egun, haurren arteko planak egiteko ere, eskolan bertan egin ditzakete astebururako planak; etxetik etxera deitu asteburuan bertan, plana egiteko; edota, gurasoen mugikorraz baliatu taldean plana proposatu edota animatuko direla esateko. Guk uste dugu, tresna hauek izanda, behar komunikatibo gehien-gehienak asetzen direla.
Era berean, konturatzen gara, gure haurrak era autonomoagoan ibiltzen hasten direnean, gurasook haurrak «kontrolatuta» edukitzeko ere erabiltzen ditugula horrelako gailuak. Aurrez hitzorduak jarri eta haurrekin toki eta ordu zehatzetan presentzialki geratzearekin, kasu askotan gailuen beharra desagertzen da.
Lagun talde batean nahiz eta erdiek mugikorra ez izan, dutenek baldintzatu dezakete aisialdia?
Erabakia pertsonala bada ere, eragina kolektiboa da. Nahikoa da 11 urteko gaztetxoen lagunartean batek mugikorra izatea, euren aisialdia erabat iraultzeko. Hau da, jolasean, mugimenduan eta hizketan aritu beharrean, mugikorrak atentzioa eta denbora lapurtuko die, eta bere bueltan eserita eta adi pasako dituzte hori izan gabe pasako ez luketen ordu kopuru pila. Batek, edo batzuk, denei eragiten die. Beraz, mugikorra emateko erabakia pertsonala da, baina, bere inguruan eragin zuzena du.
Horregatik, herri mailako mugimendua sortu dugu. Elkarrekin errazagoa delako gai mardul honi erantzutea. Eta dagokion lekua ematea.
Altxa burua Hernaniren ekintzak zeintzuk izan dira eta izango dira?
Orain arte, egin ditugun ekintzen artean bi nabarmenduko ditugu. Batetik, Gabonetan kanpaina bat sortu genuen, askotan garai hau izan ohi delako mugikorrak “opari” moduan emateko erabiltzen dena. Baita ere urtebetetzeetako-opari bezala ematen da. Eta kanpaina, hain justu ere horretan oinarritu zen: Oparia dirudi… baina ez da izan zen leloa, eta interneterako sarbidea duen mugikor batek haur batentzat dituen arriskuak nabarmentzen genituen.
Bestetik, Whatsappeko kanal bat daukagu (https://labur.eus/Kanala). Bertan, hilean albiste bat ala bi elkarbanatzen ditugu, gaiaren inguruan interesa izan dezakeen orori baliabideak errazteko helburuarekin.
Orain, berriz, eskuartean beste kanpaina bat daukagu. Herriko udal-eraikinetako eta zenbait saltokitako telefonoak haurrek erabiltzeko kanpaina, hain zuzen ere. Egitasmo hau, Tolosan abiatu zuten arrakasta haundiz, eta Gipuzkoako herri askotan ari da ugaritzen. Honen helburua da, haurrek auzoetan eta erdigunean telefono bat erabiltzeko aukera izatea.
Kanpaina honen lanketa Udalarekin batera egiten gabiltza, eta datozen hilabeteetan egingo dugu publiko. Bitartean, diagnostiko bat egiten gabiltza herriko haur eta gaztetxoen mugikortasun ohituren inguruan. Batetik, telefono erabilgarriak haurrak ibiltzen diren ahalik eta gune gehienetan jartzeko; eta bestetik, haurrak ibiltzen diren gune horiek seguru eta egokiak izateko. Telefono erabilgarrien kanpaina honekin, beraz, telefono propio baten beharra atzeratzea da. Lehen kabinek betetzen zuten funtzioa berreskuratuz.
Etorkizunari begira zer?
Datuek diote herrian eskolarizatuta dauden DBH1etik DBH4ra arteko haurren %90ak gutxi gorabehera Interneterako sarbidea duen mugikor propioa duela. Beraz, badugu oraindik lana herriko haur eta gurasoak kontzientziatzen tresna hauen erabilera murrizteko. Gurasoon ardura da haurrek egiten duten erabilera, horregatik lehen pausoak guk eman behar ditugu eta haur eta nerabeekin batera bidelagun izan, batez ere arriskuez eta ondorioez jabetzeko. Eta noski, behin ematen zaienean, haurren ondoan egon behar dugu, jarraipena egiteko formakuntza ala baliabideak eskaintzen. Askotan, haur eta gaztetxoek euren gurasoak baino gehiago dakitelako gailu teknologikoez.
Haurrak pozik eta kalean ibiltzen diren herria nahi dugunez, deia egiten diegu denei: pantailetatik altxa burua haurrak, altxa burua gazteak, altxa burua helduak! Eta bizi bizitza! Altxa burua, Hernani!
Lehenengo saioa nerabeen gurasoentzako hitzaldi bat izango daTeknologia berriak Hernaniko haurrengan dituen eraginak kezkatuta, elkarlana abiatu dute Udalak eta Altxa Burua ekimenak.Hernaniko Udaleko Gazteria eta Hezkuntza sailek eta, Altxa Burua Hernani! ekimenean bildu diren guraso hernaniarrek haur eta gaztetxoen teknologia berrien erabilerarekin kezkatuta, lanketa hasi dute. Elkarlanean hainbat egitasmo martxan jarriko dituzte epe motzean. Horietako lehenengoa martxoaren 5ean, asteartean, izango da, Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituek nerabeen gurasoentzat emango duten hitzaldia. Mugikorren auziari buruz ariko dira, Kulturarteko Plaza Feministan (18:00etatik 19:30etara). Lazkanok eta Ormazabalek gai honen inguruan Nerabeen garrasia liburua argitaratu berri dute. Hitzaldia euskaraz izango da, baina aldi bereko itzulpena eskainiko da. |