Erreportajeak

«Oso gustukoa dudan eremu batean ari naiz lanean, eta sariak jarraitzeko indarra ematen dit»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 24a, 00:00

Aritz Olagoi Kronikarako elkarrizketan, Kirolean kooperatibaren bulegoan.

Kirol Entrenamenduetan Euskera Sustatzeko (KEES) metodologiaren sortzailea da Aritz Olagoi usurbildarra. Hernaniko kirol elkarteekin ere aritu da lanean, eta egitasmo ugari ditu buruan etorkizunerako. 'Kiroletik bagoaz euskaraz' saria jaso berritan, Kronikari azaldu dizkio egindako lanaren nondik norakoak.

Kirola eta euskera betidanik izan dira Aritz Olagoi usurbildarraren bizitzaren parte. Kirol psikologoa da Olagoi, eta Kirol Entrenamenduetan Euskera Sustatzeko (KEES) metodologiarekin irabazi du Eusko Jaurlaritzaren 'Kiroletik bagoaz euskaraz' saria. CD Hernaniko entrenatzailea ere bada Olagoi, Jubenil Nazional mailako taldean. Bertako errealitatea gertutik ezagutzen du, eta hizkuntzaren erabilera bultzatzeko beste zenbait egitasmo garatzeko asmoa du. Saria jaso berritan, euskerak kirol eremuan duen lekuari buruz hitz egin du Kronikarekin.

 

Izenak ondo azaltzen du zein den metodologiaren helburua. Nondik sortu zitzaizun ideia eta zeintzuk dira oinarriak?

Metodologia sortu genuen oso helburu zehatz bat betetzeko: kirol elkarteetan dabiltzan haur eta gazteen euskera erabilera areagotzea. Hori sustatzeko eta indartzeko modu bat sortu nahi genuen. Betidanik gustatu izan zait kirola, eta horretara bideratu nuen egindako lana.

Hasieratik neukan argi entrenatzaileek izan behar zutela guztiaren ardatza, nire ustez ardurak ezin zuelako haur eta gazte horien bizkarrean geratu. Gaztetxo bakoitzak bere joerak eta ohiturak dauzka, euskeraz errazago aritzen dira batzuk eta nekezago besteak. Entrenatzaileak hizkuntzarekin egiten du lan, eta horregatik da KEES metodologiaren oinarria. Izan ere, gure metodologia erabilita, euskeraz egin behar du uneoro, eta filosofia da entrenatzaileak egiten duen heinean, jokalariak erakarriko dituela. Kasu batzuetan haur guztiak izango dira, beste batzuetan gutxiago, baina giro euskalduna bertan izango da.

 

Zeintzuk izan ziren hasierako pausoak? 

Irungo Eskola Kirolako koordinatzailea izan nintzen 2007tik 2012ra, eta metodologia martxan jarri genuen bertan. Egia da oso ingurune kontrolatua zela; guk geneukan entrenatzaileak hautatzeko ardura, guk egiten genituen elkarrizketak, guk formatzen genituen... Entrenatzaile euskaldunak hartzen genituen, eta ingurune kontrolatu horretan oso ondo funtzionatu zuen. Ordutik argi daukagu entrenatzailearen bidez igorri behar direla ezagutza, baloreak eta hizkuntza. Hortik jarri genuen martxan KEES metodologia.

Gerora, ingurune kontrolatu horretatik kirol elkarte bakoitzaren errealitatera igaro ginen. Elkarte bakoitzak bere zuzendaritza, antolaketa, ohiturak eta joerak dauzka. Gainera, Eskola Kirolatik kirol federatura jauzi egitea ez da lan makala, haurrekin bakarrik lan egitetik 16-18 urteko gazteekin ere lan egitera pasa behar baita. Horixe izan zen erronka, ikustea ea posible zen testuinguru horretan ere eragiten jarraitzea. Denborarekin ikusi duguna da neurri haundi batean lortzen dela euskeraz hitz egitea, entrenamenduetan behintzat. 

 

Aipatu duzu entrenatzailea dela metodologiaren oinarria. Horrez gain, naturaltasuna ere beharrezkotzat daukazu, ezta?

Bai, hori da. Ardatza entrenatzailea dela diodanean da berak daukala euskeraz hitz egiteko ardura. Haurrei ez die sekula esango zein hizkuntzatan egin behar duten, edo ez da haserretuko euskeraz egiten ez badute. Euskeraz egiten duten haurrekin errazago egingo du, baina gutxiago ulertzen dutenekin edo zailtasunak dituztenekin, euskeraz egiten jarraitu behar du. Bigarren kasuan haurrek gehiago egingo diote erderaz, baina garrantzitsua da entrenatzaileak euskeraz hitz egiten jarraitzea. Horrekin haurrak euskera entzuten ari diren ordu kopurua areagotzea lortzen dugu. Gainera, jolasaren bidez eta ondo pasatzen ari den momentu batean ari da euskera entzuten. 

Ikasturte honetan 21 kirol elkarte ari dira KEES metodologia aplikatzen.

 

Zeintzuk dira KEES metodologia martxan jartzen duen klub batek eman beharreko pausoak?

Lehenik eta behin, klubak berak hartu behar du erabakia. Zuzendaritzatik hasita, guztiek norabide berean joan behar dute, euskera sustatzeko ahaleginean indarrak ondo bideratzeko. 

Ondoren, entrenatzaileak formatzen ditugu. Entrenamenduak eta azalpenak euskeraz egiteko gako batzuk ematen dizkiegu, bestelako azalpen batzuekin batera. Garrantzitsua da eurek jakitea, orain arte euskeraz lanik egin ez duten entrenatzaileen kasuan, ez dela hain erraza hizkuntza ohiturak aldatzea, eta nabarmentzen duguna da haurrekin dituzten harremanetan euskerari eutsi behar diotela ahal duten guztietan. Formakuntzaren bidez entrenamenduetan gertatu daitezkeen egoeren ereduak ematen dizkiegu, noizbait pasa ezkero nola aurre egin jakin dezaten. 

Formakuntza amaitutakoan, ikasturtean zehar jarraipen saio batzuk egiten ditugu. Entrenamenduak behatzera joaten gara, arazoak identifikatu, talde bakoitzaren errealitatea ezagutu eta laguntzen jarraitzeko. Gainera, bi neurketa ere egiten ditugu, baloratzeko zenbat euskera hitz egiten duten haurrek entrenatzailearekin eta haien artean. 

 

Zer moduzko emaitzak lortu dituzue orain arte?

Datu zehatzak ez dauzkat buruan, baina zenbait ondorio esanguratsu eratorri ditugu. Ikusi dugu entrenatzailea dela elkarrizketen sustatzaile nagusia, eta horrek esan nahi du bera presente dagoen egoera askotan haurrek ere euskeraz hitz egiten dutela. Erronka haundiena daukagu entrenatzailea ez dagoen eremuetan, haurren arteko harremanean. Hor jaitsiera nabarmena izaten da. 

Esan behar dugu, normalean, kale neurketetan ikusten duguna baino erabilera haundixeagoa izaten dela, baina oraindik ere badaukagu pausoak ematen jarraitzeko beharra. 

 

Zenbat taldek erabiltzen dute KEES metodologia?

Donostian 20 kirol elkarterekin ari gara lanean, eta Aretxabaletako elkartearekin ere bai. Guztira, 3.000 haur eta 200 entrenatzaile inguru izango dira. Asko dira, bai. 

 

'Kiroletik bagoaz euskaraz' saria jaso berri duzu. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Oso gustukoa dudan eremu batean ari naiz lanean, kirola eta euskera uztartu ditut, eta egiten dudan lana, bere horretan, sekulako plazera da niretzat. Gustura ari naiz, asko ikasten ari naiz, ondo pasatzen dut, jende asko ezagutzen ari naiz... Baina, dudarik gabe, horrelako sari bat jasotzeak egiten duena da bere garaian aukeratutako bidea indartu edo babestu. Lanean jarraitzeko pilak betetzen dizkizu.  

 

Kirolarekin harreman estua izan duzu beti. Hernaniko taldeen egoera ere gertutik ezagutzen duzu, ezta? 

Bai, hala da. Dobera Euskara Elkartearekin elkarlanean aritu naiz azken bi ikasturteetan, eta aukera izan dut CD Hernani eta Hernaniko Errugbi Elkartea barrutik ezagutzeko. Bertan topatu ditut zuzendaritza oso sentsibilizatuak euskeraren gaiarekin, garbi daukatenak hizkuntza bultzatzeko tresna oso erabilgarria dela kirola. Euren irizpideen barruan txertatuta daukate hori.

Taldeei dagokienez, Eskola Kirolako adinean eta infantiletan erabat euskaldunduta daude bi elkarteak. Errugbi Elkartearen kasuan,  baliabideak dituzte 23 urtez azpiko taldera arte lerro guztiak euskaldunduta izateko. CD Hernanin ere entrenatzaile gehienak dira euskaldunak, baina badaude hobetzeko tarte batzuk, klubak ere identifikatuta dauzkanak. Aipatzekoa da lehenengo bi taldeetako entrenatzaileak ere euskaldunak direla; Aritz Lujanbio eta Mikel Manzisidor. Orduan, bi elkarteek oinarriak oso ondo finkatu dituzte, entrenatzaileen gehiengo haundi bat dagoeneko euskalduna baita. 

 

Beharrezko agiriak ateratzeko ikastaroetan entrenatzaileek badaukate formakuntza euskeraz jasotzeko aukera?

Futbolean badakit baietz, errugbia ez dut hain gertutik jarraitzen. Futbolaren kasuan, duela bizpahiru urtetatik aukera dute oinarrizko lehenengo bi ikastaroak, UEFA C eta UEFA B izenekoak, euskeraz egiteko. Pertsonalki iruditzen zait aurrerapauso garrantzitsua dela. Guk askotan errepikatzen diegu kirol elkarteetako zuzendariei entrenatzailea euskalduna izatearekin ez dela nahikoa. Entrenatzaile horrek formakuntza guztia gazteleraz jaso badu, terminologia gehiena edo guztia hizkuntza horretan barneratu du, eta joera izango du erderaz hitz egiteko. Ohitura horiek aldatzea ez da batere erraza. Horregatik, albiste ona da Gipuzkoako Futbol Federazioan bi kurtso horiek euskeraz egiteko aukera izatea. Entrenatzaile euskaldunek euskeraz lan egiteko erraztasunak izango dituzte. 

 

Hernaniko Jubenil Nazional mailako taldeko entrenatzailea zara zu. Maila horietan erraza da giro euskalduna sortzea?

Horrelako taldeetan dauzkazun jokalarien ezagutzaren arabera doa guztia. Gure kasuan, badauzkagu jokalari batzuk, ez dira asko, euskeraz ulertzen ez dutenak. Bat edo bi izatea nahikoa da, horrek mezu asko emateko edo azalpenak emateko lan gehixeago eskatzen dio entrenatzaileari. Ezin duzu ariketa bat euskera hutsean azaldu. Hala ere, euskeraren erabilerari begira, etxeko jokalarien nukleo bat daukagu. Horiek oso euskaldunak dira, eta asko laguntzen diote entrenatzaileari. Euskeraz sortzen dituzte elkarrizketa asko, eta oso polita da hori ikustea.  

 

Naturaltasunez zabaltzen dute hizkuntza.

Bai, kasu honetan haiei ateratzen zaielako eta haiek hautatzen dutelako hitz egiten dute euskeraz. Hori inguruan dituzten jokalarietara zabaltzen da pixkanaka. 

Hernaniko elkarteen egoera barrutik ezagutzen du Olagoik.

 

Datorren ikasturteari begira, badakizu zenbat klubekin arituko zaren lanean?

Ez, ikasturtez ikasturte joaten gara. Lehenago aipatu dizkizudan bi neurketetatik lehenengoa egin dugu dagoeneko, eta bigarrena maiatzean edo ekainean egiten dugu. Ondoren, behin ekaina pasata, hasten gara ikasturte berria planifikatzen. Hala ere, aurreikuspen gehiegi ezin ditugu egin, kirol mundua oso aldakorra izaten delako eta klubek ere ez dakitelako zenbat entrenatzaile euskaldun izango dituzten hurrengo denboraldian. Ia urrira arte ezin izaten dugu argazki fidagarri bat egin. 

 

Kooperatiba bat sortu zenuten irailean, proiektu gehiago dituzue buruan?

Hori da, Kirolean Euskera eta Aholkularitza kooperatiba sortu genuen, eta bertatik kudeatzen ditugu zerbitzuak. Hurrengo urteei begira, egitasmo batzuk garatzeko asmoa daukagu. Iaz atera nuen proposamen bat, lan karga dela eta garatzeko aukerarik izan ez dudana; funtsean, entrenatzaileak euskeraz formatzen jarraitzeko bide bat da. Hezkuntza ez formaletik bidea dago urratzeko, eta formazioa euskeraz eskainita baliabideak sortuko ditugu, zeharka bada ere, ondoren horiek entrenamenduetan aplikatu ditzaten. 

Elkarte bakoitzean barne lanketak egiteko ideiak ere baditugu. Adibidez, entrenatzaileen arteko taldeak sortu daitezke, entrenamenduetako prestaketa lanak egiteko, estrategiari buruz edo taktikari buruz hitz egiteko... Elkarrizketa horiek euskeraz sustatu ezkero, ondoren naturaltasunez eramango dituzte zelaietara, kantxetara edo frontoietara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!