Erreportajeak

«Huntza ez dugu utzi musikarekin arazoak ditugulako, bizitza-erritmoarekin arazoak ditugulako baizik»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 3a, 00:00

Aitor Huitzi eta Uxue Amonarriz Huntzako kideak, Kronikarako elkarrizketan.

Gaur, Huntza taldeak orain arteko ibilbideari «agur» esango dio, Bilboko Miribillan (Bilbao Arena) eskainiko duen ‘Azkena balitz bezala’ kontzertuarekin. Hala, Kronika Uxue Amonarriz eta Aitor Huitzi Huntzako taldekide hernaniarrekin bildu da eta 10 urte hauetako pasarteen berri solasteaz gain, sentimendu kontrajarriei buruzko zertzelada batzuk ere eman dituzte: «erabaki hau hartzea kosta egin zaigu, baina beharra dugu, deskantsatzeko unea heldu zaigu».

‘Azkena Balitz Bezala’ jaialdia ospatuko duzue gaur, Miribillan (Bilabo Arenan). Azkena da, zer moduz zaudete?

A.H.: Ni pertsonalki pixka bat ‘paxata’ nago. Lotu beharreko gauza asko dira, hain konplejua da dena… Emozionalki ere nahastuta nago; azkenean, lehenengo aldiz uzten dugu taldea, eta guretzat dena da berria. Pena eta poza sentitzen ditut aldi berean.

U.A.: Sentimendu kontrajarriak dauzkat nik ere. Sentipen guzti hauek pelota batean sartuz gero, dena nahastuko litzake, ba hori sentitzen dut nik nire baitan; denetik! Egun batean zaude triste, beste momentu, batean oso pozik.

A.H.: Ordu batean egon zaitezke pozik baina ordu batera dei bat jasotzen duzu, eta esaten dizute jaialdirako zerbait falta dela. Hor dena nahasten zaizu, eta pozik egotetik, agobiatuta egotera pasatzen zara. Eromena da.

U.A.: Mila gauza kudeatu behar dituzu, eta horrez gain, zure burua ere bai, eta horrek badu lana. 

A.H.: Baina tira, txarra kenduta, dena ondo!

Ederki inguratuta zoazte azken kontzertura, oholtzan izango dira, besteak beste, Tremenda Jauria, Alaitz eta Maider, Xabi Solano, Maixa eta Ixiar, Kristina eta Amaia; eta Olatz Salvador. 

A.H.: Festa bat antolatu dugu, baina oso 'gurea' egindakoa. Publikoarentzako bideratuta doa noski, eta haiek ederki pasako dute, baina geurea da. Izan ere, guk oholtzatik agurtu nahi dugu Huntza, jaialdia gurea eginez. 

U.A.: Guk nahi dugu zerrendako musikariekin gozatu, beste jaialdi askotan, aldiz, zerrendak egiten dituzte geroz eta jende gehiago gerturatzeko kontzertura. Guk ordea, egin dugu gure gozamenerako, eta noski publikoarentzako.

Iruditzen zait beti izan garela talde bat ez duguna establezitutakoa bete. Gure esentzia eta izaera berdinarekin jarraitu dugu.  

Sarrerak agortuta, guztira 8.000. Nola hartzen duzue hau?

U.A.: Uste dut ez naizela konsziente. 

A.H.: Ez dakit zenbat den 8.000 Bilbao Arena bezalako eremu batean. Kontzertuak eskaini ditugu 8.000ren aurrean, baina plazetan. Donostiako Aste Nagusian, adibidez, 9.000 omen zeuden, baina oso ezberdina da. Bilbao Arenan sarrerekin da, eta espreski 8.000 saldu dira. Denak datoz gure musika entzutera.

Bilbon sortu zineten eta Bilbon da azken kontzertua. 

A.H.: Hasieratik argi izan dugun gauza bakarrenetarikoa izan da agurra Bilbon egitea, han hasi baiginen. Taldekideek komunean daukagun gauza bakarra da. Izan ere, Gipuzkoako herri ezberdinetakoak gara denak.  

U.A.: Horrez gain, gauza asko bizi genituen Bilbon. Lehenengo diskoa bertan grabatu genuen eta hor sortu zen Huntza. Guretzako oso berezia izan da Bilbo, bertan kontzertua eskaini dugun bakoitzean etxean bezala egon gara. Huntzaren etxea da.

2014an taldea sortu, eta 2016tik oholtzetan. Nolakoa izan da bilakaera, hasieratik izan duzue arrakasta. Nola deskribatuko zenukete ibilbidea? 

U.A.: Hasieran erromeri talde bat ginen, kontzertu batzuk eman genituen, eta hor bildutako diruarekin disko bat grabatu genuen, gure ingurukoentzat. Eta benetan diogu gure ingurukoei banatzeko diskoa zela, lagunei, familiari… Une horretan, Aritz Arregirekin grabatu genuen Usurbilen Aldapan gora.  Arregik Joseina Etxeberriari bidali zion abestia oso lagunak zirelako, eta Joseina Etxeberriak irratian jarri zuen berehala. 

 

A.H: Disko hori zen etxekoentzako, ez geneukan zabaltzeko asmorik. 

U.A.: Joseina Etxeberriak irratian jarri eta berehala izan zuen arrakasta abestiak, denek galdetzen omen zuten ‘Nortzuk dira?’.

A.H.: Eta presioarengatik Aldapan gora abestiaren bideoklip bat igo genuen ‘Youtube’ra eta zalaparta asko sortu genuen. Bideoklipa oso modu inozentean grabatuta dagoela ikusten dugu orain, baina tira, hamar urte pasa dira geroztik, eta normala da.

«Euskal Herritik kanpo, jendearengandik 'feedback' gehiago jaso dugu, Euskal Herrian baino»



Bilbon sortutako talde bat. Gaur egun heldu zareten puntura iristea espero zenuten? 

U.A.: Hasi ginen unean ez. Esan bezala elkartutako gazte batzuk musika sortzen hasi ginen, eta denborak eta lanak jarri gaitu hemen. Egia da egindako ibilbideaz oso harro gaudela.

Nazioartean ere ibili zarete, hor atzean lan haundia eta dedikazio haundia egon da. Esperientzia aldetik ederra ezta? 

U.A.: Kasu batzuetan proposamenak iritsi zaizkigu, eta beste kasu batzuetan, berriz, guk bilatuak izan dira. Egia da beti bilatu dugula kanpora joatea, oxigenatzeko Euskal Herria, eta baita gu ere. Oso esperientzia polita da bidaiatzea taldekideekin, zaude 24 ordu beraiekin eta denetatik pasatzen da. Azkenean ez zoaz turismoa egitera, lanera zoaz. Milaka gauza pasatzen dira.

A.H.: Batzuetan egia da zaila zela hau guztia konpajinatzea. Urte bat egon zen non taldekide guztiak karrera ikasten ari zirela eta ni, berriz, karrera amaituta, nire lehenengo lanaldian. Hor niretzat sekulako erronka izan zen, erabiltzen nituen nire laneko opor egunak Huntzarekin kontzertuak eskaintzeko, eta eromena zen.

U.A.: Urteen poderioz konturatu gara bizitza laboralarekin konpajinatzea oso zaila dela. Eta erreta amaitzen duzu, gorputzak eta buruak esaten dizute: honaino. Guri gertatu zaigu Huntzak asko eskatzen duela, ordutegi ‘txarrak’ dauzkazu, ez daukazu deskantsatzeko denborarik.. Eta azken urte hauek izan dira hain intentsoak. Ez garela benetan pentsatzera gelditu. 

A.H.: Eta hori guztiagatik erabaki genuen taldea uztea, atsedena behar dugulako. Gertatzen zitzaiguna da, esaten genuela hilabete honetan emango ditugu hiru kontzertu, baina hortik gutxira sekulako aukerak etortzen zitzaizkigun, eta ezin ezetzik esan… Batez ere, azken urteetan izan da etengabeko mugimendua. Ez ginen ezetz esateko gai, ez genituen mugak jartzen, eta horregatik jarritako muga izan da taldea uztea.

10 urte euskeraz musika eskaintzen. Gazte askorentzat izango zarete erreferenteak, zuenak beste batzuk izan ziren moduan.

U.A.: Pertsonalki kosta egiten zait erreferente etiketa jartzea. Baina errealitatea hori da. Egia da azken aldi honetan balioan jarri dudala egin dugun guztia, ez baita gutxi. Orain arte egin duguna izan da aurrera eta aurrera egin, atzera begiratu gabe. Orain iritsi zaigu momentua non atzera begiratu dezakegun eta esan: «uau, begira zer egin dugun».

Iazko Bilboko Aste Nagusian, txoznetan. Argazkia: Iratxe Etxeandia. 
 

A.H.: Esan beharra dugu betidanik eduki dugula inpostore sindrome haundi bat. Kolpetik sartu ginen panoraman, aurretik lanketa haundirik egin gabe. Ez genuen sentitzen legitimitatea egoteko geunden lekuan. 

Izan ere, panorama horretan, artista batzuentzat gaizki ikusiak ginen. Dena esan behar da. Gure kontra izan genituen zenbait musikari. Lehenengo diskoa atera genuenean jende askok nahi zuen disko horretan gelditzea proiektua. 

U.A.: Oso gazteak ginen, euskaldunak, ez ginen apadrinatuak eta emakumeak taldearen lehen lerroan geunden. Ez gara inoren besotik sartu euskal musika munduan, eta horregatik, oso erraza zen guri meritua kentzea nolabait. 

A.H.: Generoa ere egon da, trikitixa. Eta hori beti izan da gutxietsia. Trikitixa jotzen den talde batean ez dago maila haundia. Hori Euskal Herrian badago, eta errealitatea da. 

Egia da bigarren diskoa atera genuenean, gauzak aldatu zirela. Bigarren diskoa gure esfortzuarekin egin genuen (Xilemak) eta disko hori atera ostean, jende askok gurekiko jarrera aldatu zuen, arte munduan. Seriotasun puntu batekin hartu gintuzten. 

U.A.: Nik oraindik badaukat sentsazioa jendeak ez gaituela serio hartzen. Musikari eta artista batzuk zure gainetik sentitzen dira, eta hala sentiarazten zaituzte. Askotan gertatzen da musika munduan, haundia izan nahi baduzu, ondokoa txikitu behar duzu. Eta gure kasuan, ez dugu horrela pentsatzen.

A.H.: Hori da, denontzako lekua dago oholtzan, eta denok daukagu balioa. 

U.A.: Euskal musikan kanpotik dirudi sekulako harreman dutela denek denekin, eta errealitatean ez da horrela. Sare Sozialek min haundia egin dute, ez baita errealitatea bere horretan erakusten. Baina bai, esan beharra genuen, Euskal Herriko musikagintzan lehia haundia dago, eta ez da dena polita.

A.H.: Batzuekin oso harreman ona daukagu. Hala ere, ez dago sekulako sarea, eta hori erakusten da sare sozial bidez edota telebistan. Badirudi telebistan denek dugula harreman ona, baina gero kamerinora sartzean errealitatea ikusten da. 

Iruditzen zait Huntzak bere bidea egin duela eta ez dela musikagintzaren barruko iskanbiletan eta lehiakortasunean sartu. Zentzu horretan oso pozik gaude. 

U.A.: Gu joan gara gurea egiten eta egiten genuen hori sinesten.

«Eskerrak eman nahi dizkiegu gure ibilbidearen parte izan direnei; hala nola, lagunei, bidelagunei, publikoari eta familiari»


Uste duzue euskal musikagintzan oinatza utzi duzuela ? Eta gazteetan? 

U.A.: Dudarik gabe. 

A.H.: Kuriosoa egin zaidana izan da Euskal Herritik kanpo jendearengandik sekulako ‘feedback’a jaso dugula; aldiz Euskal Herrian, nik ez dut sentitu hainbesteko babesa Huntzak utzi egiten duela iragarri genuenetik. Eta hor hausnarketa batzuk etortzen zaizkizu burura, adibidez: ez bagenuen utzi, ez zeniguten orain egin diguzuen aitortzarik egingo? Iruditu zaigu, guk mugitzen genuen jendeak ez zuela merezitako aitortzarik.

U.A.: Beti egon gara eskudo batekin, kritika asko jaso baitugu urte luzeetan. Eta bapatean, iragarri dugunean Huntzak taldea uzten duela, zalaparta sortu da. Alde batetik, pozgarria da noski; baina bestetik, pentsatzen duzu: «eta zergatik zalaparta hau ez oholtzetan geundenean?». Orain publikoaren maitasuna sentitzen dugu, eta pozgarria da, benetan.

A.H.: Hobeto baloratuak izan gara Euskal Herritik kanpo, Euskal Herrian baino. 

Ertzetatik izan zen aurreneko diskoa, gaur egungo Huntzarekin zerikusia du? 

A.H.: Galdera oso ona. Pertsona bezala eta talde bezala hazi egin gara, eta denborarekin ikasten zoaz, zer hobetu eta zer utzi atzean. Hala ere, gure esentziarekin jarraitu dugu, gure izaerak jarraipen bat izan du, hasieratik gaur arte. 

Kasu honetan, Ertzetatik diskoan gure nukleoa dagoela iruditzen zaigu, baina forma aldaketak egon dira gerora. 

U.A.: Orain entzuten dugu Ertzetatik diskoa eta iruditzen zaigu inuxentea zela diskoa, baina aldi berean, gurea da, eta gurea kontsideratzen dugu, ez gara bidean galdu. 

Aipatutako diskoko ‘Aldapan gora’ abestiak sekulako arrakasta izan zuen. Abesti hartatik, espektatibak egin zenituzten?

A.H.: Abesti horrekin apustua egin genuen gure artean. Apustu zen urte bukaerarako 10.000 erreprodukziotara iristen bazen, guretzako helburuak beteta zeudela. 

U.A.: Urrian argitaratu genuen eta bi astetan heldu ginen 10.000 erreprodukziotara, beraz, zentzua galdu zuen aurrez jarritako helburuak. Momentuan ez genuen horrenbesteko arrakasta lortzeko helburuarekin egin, izan zen bapatean.

Aitor zer izan da zuretzat Huntza? Eta zuretzat Uxue? 

A.H.: Nik beti esan dut, orain naiz naizen bezalakoa, hein haundi batean Huntzagatik. Niri Huntzak eraiki dit, oso gazte sartu ginen eta Huntzarekin hazi eta hezi gara. Niri pertsonalki, Huntzak erakutsi dit arazoak bideratzen, komunikatzeko gaitasuna lortzen, jendeari gauzak transmititzen nahiz eta erosoa ez izan….  Arazoei aurre egiten ikasi dut, gauzak blokeatuta daudenean desblokeatzen, eta oso eskertuta nago.

U.A.: Niri Huntzak eman dit espazio bat, hazteko pertsona bezala, eta Aitorrek esan moduan, gaur egun naiz naizena, parte batean Huntzari esker. Erakutsi dit nire gorputza eta burua noraino iritsi daitezkeen. Nire burua gehiago ezagutzen ikasi dut, eta erakutsi dit gauza garrantzitsu bat: gauzei eta pertsonei ezetz esaten. Huntza berari ere ezetz esaten ari gara, eta hori oso gogorra da, heldu delako puntu bat non ezin dugun jarraitu, eta talde bezala oso ondo funtzionatzen dugu, baina pertsonak gara, eta behar dugu atsedena. Gauzak askatzen jakin behar da.

Iragarri zenuten Huntza utziko zenutela 2023an. 

A.H.: Sekulako liberazioa izan zen guretzat. Oholtzara igotzean ere inmunitatea eman zigun agur horrek, gure ibilbideak amaiera bat zuelako: 2024an, hain zuzen.

U.A.: Azken gira honek eman digu aukera gozatzeko, libreki askatzeko eta gu izateko gure esentzian, bagenekielako amaitzear zegoela Huntzaren bidea.

Gaur agur mezu batekin amaituko duzue kontzertua? 

U.A.: Bai noski, eskerrak emango dizkiegu ibilbide guzti honetan ondoan izan ditugun guzti horiei; hala nola, lagunei, bidelagunei, publikoari eta familiari.

Huntzak ez du jarraituko oholtzetan, baina askoren Spotify zerrendetan jarraituko du. Huntza oholtzetan ez egon eta zuen musika entzuteak, zer suposatzen du zuentzat? 

U.A.: Musikari batek izan dezakeen arrakasta hori da, zure musika entzutea nahiz eta zu ez egon oholtzetan. Huntza hemen amaitzen da baina honen musikak aurrera jarraituko du. Gu hiltzean ere Huntzaren musika entzuten jardungo dute batzuk agian, eta hori sekulakoa litzake.

Hemendik aurrera, musikarekin loturiko proiekturik baduzue? 

A.H.: Zaharrak izatean nahiko genuke Sandiusterrin gela bat eskatu batera egoteko, Uxuek eta biok; edo bestela gela ezberdinetan jartzeko, baina ondoan. Hori etorkizun bati begira, baina gainontzean, nik nahi dut gauza puntualetan parte hartu. Musikagintza nire izaeraren parte da, eta beraz, ez dut alde batera utziko. Hartuko dut parte beste modu batean, beste baten proiektuan. 

U.A.: Jarraituko dugu gozatzen beti bezala musikarekin. Agian ez horrenbesteko ikusgarritasunarekin, baina gure modura. Musika txikitatik izan dugu barruan eta hori ez da aldatuko. 

A.H.: Huntza ez dugu uzten musikarekin arazoak dauzkagulako, Huntza uzten dugu arazoa daukagulako erritmoarekin. Musikak aurrera jarraituko du, beti.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!