2014. urtea. Orduantxe izan zen Igone Mariezkurrena lehen aldiz Pakistanen. Makina bat euskaldunen eran, Baltoroko trekinga egitera joan zen Pasai Donibaneko kazetaria, baina nekez imajinatuko zuen orduan, gerora, herrialde horrek emango ziona. 2015eko eta 2016ko neguak ere bertan igaro zituen; Nangaparbat zortzimila metrotako mendiaren behe kanpalekuan, espedizio baterako komunikazio lanak egiten: «2015eko neguan, hiru hilabete, eta 2016an, beste hiru hilabete. Hortaz, pentsa zenbat ordu pasa nituen han, 4000 metrotik gora, bertakoekin hizketan; porteatzaileekin, sukaldariekin... denak gizonak, hori ere esango dizut», adierazi du.
Era guztietako istorioak aditzeko parada izan zuen, bertakoek naturaltasun osoz kontatzen zituztenak, baina beretzat harrigarriak zirenak: «Modu zabalean hitz egiten zuten feminizidioez edo adulterioaz, Afganistanetik heltzen zen opioaz, hiriartera emigratzen zuten senitartekoez eta inoiz itzultzen ez zirenez. Kontatzen zuten nola uholdeak geroz eta ohikoagoak ziren, lehorteak...». Kazetaria izanda, hasieratik sentitu zuen kontaketaren haria zabaltzeko obligazio etiko-moral edo profesional bat, eta hala hasi zen pixkanaka notak hartzen: «Bizitzak beste bide batetik eraman nau urte hauetan, baina beti eduki dut buruan zerbait egin behar nuela Pakistanekin eta kontatu zizkidaten gauza horiekin, eta duela bi urte inguru, lanari fundamentuz heltzea erabaki nuen».
Denbora guzti honetan, pakistandarrekin kontaktuan mantentzeaz arduratu dela azaldu du pasai donibanearrak, eta herrialdearekin zerikusia zuen albiste, dossier eta txostenen bat ikusten zuenean, deskargatu eta karpeta batean gordetzen zuen. Horixe izan zen bere proiektuaren abiapuntua, eta giltzarria izan zen, pasa den udaberrian bertara egindako azken bidaia antolatzeko.
«Beti eduki dut buruan zerbait egin behar nuela Pakistanekin eta kontatu zizkidaten gauza horiekin, eta duela bi urte inguru, lanari fundamentuz heltzea erabaki nuen»
Indus ibaia, erakusketaren haria
Indus ibaiak Pakistan zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera, eta bide hori segituz zazpi puntu aukeratu ditu Mariezkurrenak, zazpi errealitate ezberdin deskribatzeko: «Baina guztiak dute zerikusia aldaketa klimatikoarekin, haren inpaktu sozialarekin, inpaktu horrek zehazki emakumeen bizitzetan eragiten dituen ondorioekin, eta nola honek guztiak oztopatzen duen herrialdearen garapena».
Haren hitzetan, Pakistan da munduan gutxien kutsatzen duen herrialdeetako bat, karbono emisioen %1 baino gutxiago kutsatzen baitu, baina gero aldaketa klimatikoen ondorioak jasateari dagokionez, top10 zerrendan sartzen da; besteak beste, bere kokalekuagatik eta orografiagatik: «Iruditzen zait dela adibide oso baliagarria ulertzeko gehien kutsatzen dugun herrialdeok, ustez garatuak, nola eragiten dugun beste herrialde batzuen garapenenean. Garapen bidean dagoen herrialde bat da Pakistan eta aldaketa klimatikoaren ondorioz, eboluzio hori oztopatzen ari gara. Eta hori lotzen dut beti begirada sozialarekin».
Argazkiak eta kontakizunak
Erakusketa argazki eta kontakizunen bitartez osatu du. Batetik, beren testigantza eman dioten herritarrenak, herritar anonimoak. Baina badaude, bestetik, diskurtso kontzienteagoa, eraikiagoa, duten pertsonak: «Esate baterako kasu hau», azaldu du hatz erakuslearekin aurrean duen argazkia seinalatuz: «Hau dago kokatua Charsaddan, dela gune bat Afganistandik oso gertu dagoena, 50km eskasera. Hemen dute arazo haundia drogen menpekotasunarekin, eta zehazki, Afganistandik datorren opioarekin». Argazkian neska gazte pastun bat ageri da, zutik, hijaba jantzita. Musuko batekin du arpegia estalita, eta alboan eserita ageri diren gizonezkoak ere pastunak direla dio: «Pastunak Afganistanen eta Pakistanen bizi dira, eta, egia esan, dira oso-oso itxiak eta patriarkalak. Testuinguru honetan aurkitu nuen neska bat oso gaztea: Saba. 23-24 urte izango ditu, psikologo klinikoa da eta zabaldu du hiri ultra kontserbadore batean errehabilitazio zentro bat, drogomenpekotasunean erori diren pertsonak errehabilitatzeko». Mehatxupean lan egiten duela azaldu du; trafikatzaileek mehatxatzen dute, negozioa izorratzen ari direlako, eta baita bere senitartekoek zein auzokideek ere: «Bai, bere familia propioak, zeren pentsatzen dute bere adineko emakume batek beharko lukeela ezkonduta, umeak edukitzen eta, jakina, burka jantzita. Hiri honetan, pastunak direnez, emakumeak joaten dira burka jantzita, eta berak erabaki du ezetz. Ez du aurpegia erakutsi nahi segurtasunagatik, eta 24 orduz darama pertsona bat alboan armatuta, bere segurtasuna bermatzeko».
Azpiegiturarik gabeko hiriak
Erakusketan aipatzen den beste errealitate bat landa exodoa da, eta hark ekarritako ondorioak. Pakistanen, landa eremutan bizi diren herritarrak daude aldaketa klimatikoaren lehen lerroan. Kazetariak dio familia batentzat albarikokearen uzta bat galtzeak, esaterako, urte osoko aurrekontua galtzea suposatzen duela, eta gauzak hala, oso ohikoa dela familiako kide batek, edo batek baino gehiagok, hirietara emigratzea aukera bila: «Kalkulatzen dute 2025erako 120 milioi lagun biziko direla hirietan, eta absorbitzeko gaitasuna ez duten erritmo batean ari dira hazten: oinarrizko zerbitzurik gabe, azpiegiturarik gabe... Ez dira leku seguruak pertsonentzako, eta are gutxiago emakumeentzat. Pakistanen bi ordutik behin bortxatzen dute emakume bat hirietako espazio publikoetan».
Jarraian, Uzma Yacooben argazkiaren parean jarri da Mariezkurrena, Forum for Dignity elkartearen sortzailea. Emakumeekin lan egiten dute bertan, eta, beste gauza askoren artean, sexu indarkeriaren salaketa sustatzen dute. Hark azaldu zion, gaur egun, telefono mugikorren bitartez gazte asko ari direla salaketak argitara ateratzen, hasi dela isiltasuna apur bat zartatzen: «Baina prozesu judizialak oso birbiktimatzaileak dira eta lehenengo oztopoa izaten da poliziaren galdeketa. Galdera akusatzaileak egiten dizkiete: 'baina ezpainak margotuta zenituen?' 'eta azkazalak?, orduan askok amore ematen dute bidean».
2022ko uholdeak ere badira hizpide haren proiektuan. 2022ko udan egon ziren uholdeek 33.000 biztanleri eragin ziotela kalkulatzen da: bi milioi etxebizitza suntsitu zituen eta beste horrenbeste familia gelditu ziren ezer gabe. Mariezkurrenak azaldu du biktima gehienak barne desplazatuak izan direla eta kanpalekuetan bizi direla: «Leku horietan segurtasun perimetrorik gabe bizi dira. Jada ez daukate etxerik, ez dago aterik, bizi dira ezezagunen artean eta komunitatearen ideia hori desagertu da. Orduan testuinguru perfektua da erasotu nahi duenarentzat erasotzeko, eta badaude testigantzak kontatzen dutenak emergentzia boluntario plantak eginda, bahiketak eta bortxaketak egon direla». Gaineratu du, horrelako egoerak kronifikatzen direnean edo gosea agertzen denean, familia askok erabakitzen dutela bere alabatxoak sartzea diru iturri modura, edo edo adin txikikoen ezkontzak ugaritzen direla: «Hori dena pixka bat desesperazioa agertzen denean».
«Kalkulatzen dute 2025erako 120 milioi lagun biziko direla hirietan, eta absorbitzeko gaitasuna ez duten erritmo batean ari dira hazten: oinarrizko zerbitzurik gabe, azpiegiturarik gabe...»
Manchar lakua, Pakistango estolda
Erakusketa Kulturarteko Plaza feministaren lehen zein bigarren pisuetan dago sakabanaturik. Goiko solairuko irudien artean, Manchar lakuaren argazki bat dago eta hark izandako eboluzioaren berri eman dio Kronikari Mariezkurrenak. Lehen, turistentzat leku zoragarri bat omen zen, ur turkesarekin; orain, ordea, 'zerri' eginda dagoela jakinarazi du: «Labur-labur esanda, egin zituzten drenatze sistema batzuen ondorioz, 80. hamarkadatik bihurtu da Pakistango estolda». Laku horren inguruan bizi ziren komunitateak arrantzale komunitateak dira, eta zuzenean eragin die kutsadurak, batez ere emakumeei: «Emakume arrantzale horiek Pakistanen bazuten estatus berezi bat, eta zen arrantzatik lortzen zuten dirua eurentzat zela. Ez zeukaten obligaziorik ez senarrari, ez familiari emateko. Gertatzen dena da orain askoz gutxiago arrantzatzen dutela; gehienak galdu dute diru iturri propio hori eta bihurtu dira menpeko», adierazi du kazetariak. Halaber, badaude hortaz aparte beste egoera batzuk komunitate osoari eragiten dietenak: azaleko azkura, gaixotasunak, begietako narritadurak...
Urte eta erdiko prestaketa eta hiru asteko bidaia
Lan hau aurrera eramateko, hiru aste egon zen Pakistanen pasa den udaberrian, eta goitik behera bisitatu zuen herrialdea. Fixer bat izan zuen bidelagun (kazetariek halako bidaiak egitean kontratatzen duten gidari lokala) eta hark lagundu zuen, besteak beste, han mugitzen, autobus txartelak erosten, eta lotako lekuaren prezioa adosten: «Hori dena nik gestionatu izan banu beharko nituzke hiru aste ez, hiru hilabete, eta segur aski aurrekontuaren hirukoitza. Fixerrak asko arintzen ditu zama horiek denak».
Urte eta erdi igaro zituen bidaia prestatzen, bere buruan ideiak ordenatzen: «Zeren istorio guzti horiek ez daude elkar konektatuak, eman behar diezu nolabait hari bat». Elkarrizketen gehiengoak aurrez adostuak eraman zituen; haren hitzetan, zaila baita bestela norbaiten etxean azaldu eta hark zuri zeozer kontatzea: «Lehenengo, identifikatu behar duzu zeri buruz egin nahi duzun ikerketa, eta zeri buruz jaso nahi duzun informazioa; gero dokumentatu behar zara, txostenak, hau beste...». Argazkien azpian, informazio iturriak aipatzen ditu Mariezkurrenak, informazio oro kontrastatu baitu: «Esan nahi dizudana da bidaia dela, nolabait, aurretik egindako lanaren errematatzeko jokaldia».
«2022ko uholdeen biktima gehienak kanpalekuetan bizi dira eta testigantzek kontatzen dute emergentzia boluntario plantak eginda, egon direla bahiketak eta bortxaketak»
Otsailaren 28ra arte ikusgai
Igone Mariezkurrenak argi izan zuen hasieratik non nahi zuen eskaini bere erakusketa: Kulturarteko Plaza Feminista imajina zezakeen plazarik onena dela dio, publiko anitza hurbiltzen baita bertara, jatorri askotariko jendea. «Oso eskertuta nago Kulturarteko Plaza Feministarekin, proposamena bidali nien momentuan bertan eman zidatelako baiezkoa eta sekulako konfiantza erakutsi dute nire lanean. Beste inon oraindik jarri gabe zegoenean esan zidaten baietz», azaldu du kazetariak.
Palestinarrak gure artean bizi izanagatik, euskal herritarrentzat oraindik oso komunitate ezezaguna dela deritzo: «Kebapak eta durumak egiten dituzte, denok erosi dugu horrelako bat; askok dauzkate telefonoarentzako karkasak saltzen dituzten dendatxoak, eta, nik uste, denoi aldatu digutela noizbait kristala. Baina hortik harago ez dakigu ezer beraiei buruz, eta, batez ere, ez dakigu ezer migratzeko arrazoiei buruz, zergatik utzi dute beren herrialdea atzean».
Erakusketa otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai eta plazara bertaratzea euskaldunak eta pakistandarrak elkar ezagutzeko bidea izan daitekeela uste du Mariezkurrenak: «Guztien artean lortzen badugu, lehenik eta behin, elkar ezagutzea, jakitea baita ere zein den gurera etorri den jendearen backgrounda, zer dute atzean... hori aurrerapauso haundi bat izango da».