Erreportajeak

«Desgaitasuna duten emakumeen ia erdiek zaurgarritasun bikoitza pairatzen dute»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00

Marga Gutiérrez iruindarra da 'Ama-Das' dokumentaleko zuzendaria.

Marga Gutierrezen 'Ama-Das' filma eskainiko da gaur Kulturarteko Plaza Feministan, 18:00etan, eta solasaldian hartuko dute parte zuzendariak eta protagonistetako batek. Desgaitasuna duten eta genero indarkeria sufritzen duten lau emakumeren kontakizuna biltzen da. 

Kulturarteko Plaza Feministan AMA-DAS luzemetraia eskainiko da gaur, 18:00etan, eta ondoren solasaldian hartuko dute parte Marga Gutiérrez (Iruñea, 1977), dokumentalaren zuzendariak eta Rosak, dokumentaleko protagonistetako batek. AMA-DASen dibertsitate funtzionala duten eta indarkeria matxista jasaten duten lau emakumeren (Rosa, Idoia, Pili eta Emma) bizitza jasotzen da. Koxka elkarteak gonbidatuta, Marga Gutiérrez zuzendari nafarrak Kronikari azaldu dizkio pelikularen xehetasun batzuk. 

Zergatik jarri zenuen martxan proiektu hau?

Ezagutzen nuen COCEMFEk (Confederación de Personas con Discapacidad Física y Orgánica de Navarra) egiten zuen lana. Beraiek gabe ezinezkoa izango zen AMA-DAS gauzatzea. Emakumeentzako tailerrekin lan egiten dute. Tailer horietan, lana bilatzeko eta autoestimua berreskuratzeko prestakuntza jasotzeko erremintak ematen dizkiete. Lantegi horietan sortzen dira elkarteak berak egiten duen ikerketa egitera daramaten alarmak. Bertan ikus daitekeenez, desgaitasuna duten emakumeen %40k baino gehiagok pairatu zuen edo pairatzen ari zen genero-indarkeriaren bat. 
 

%40a zela jakitean zein izan zen zure erreakzioa?

Istorio hauek kontatzeko detonantea izan zen. Edurne Jauregik, gerenteak, deitu egin zidan, aurretik lan egin dugulako, esanez, «Marga nolabait kontatu behar dugu hau». Hortik Qué es para ti el amor izeneko film labur txiki bat sortzen da, baina motz geratzen zela konturatu ginen.

Film laburrean galdetzen genien zer zen haientzat maitasuna. Hemen ezagutzen ditut AMA-DASeko protagonistak. Bere historia guztiak nondik datozen ikertzen hasi nintzen, eta konturatu nintzen hori guztia ezin zela geratu 10 minutuko kontakizun txiki batean. AMA-DAS, hain zuzen ere, kasualitate hutsa izan zela uste dut. Bizitzak batzuetan horrelako kasualitateak jartzen dizkizu. Zaurgarritasun bikoitza pairatzen dute emakume hauek.

Non oinarritzen da zaurgarritasun bikoitz hori?

Emakume izateagatik eta desgaitasunen bat izateagatik pairatzen dute zaurgarritasun bikoitza. Beti umetu ditugu desgaitasuna duten pertsonak, zer egin eta zer ezin zuten egin esan diegu. Paternalismo horrek geletan gordetzera, ixtera, sartzera eraman ditu. Gainera, emakumea bazara, eta metatu duten matxismo guztiarekin, inpaktu bikoitza jasaten dute beraiengan.

Noiz hasten da proiektua?

2018an hasi ginen filmatzen eta emakume hauekin egon ginen 2018an, 2019an eta 2020ko zenbait hilabetetan. Beraiekin filmatu genuen, baina beraien bizitzaren momentu ezberdinetan. Protagonista batekin urtarriletik abuztura filmatzen genuen, bestearekin otsailetik azarora... Beraiekin hizketan gindoazen eta bizitzaren zein momentutan zeuden kontatzen ziguten eta horrekin saiatzen ginen ikusten ea noiz zen momentu egokia filmatzeko.

Gidoia modu horretan lantzen genuen. Bizitza kontatzen zidaten eta nik galdetzen nien ea ez zitzaien ardura bisita batean, festetan, erditzean... bizitzako gertaera horietan, gu egotea. Hau da gidoi moduko bat egiten genuen beraien bizitza kontutan hartuta. Beraien bizitza gure bizitza zen.

 

Protagonistak tailerretatik ateratzen dira. Egon zen casting moduko bat?

Tailerretetan 20-25 emakume inguru zeuden proiektuan interesa zutenak eta kolaboratzeko prest zeudenak. Baina kasu batzuetan egoera konkretuak zeuden beraiekin filmatzea ezinezkoa egiten zutenak. Adibide bat jartzekotan, prozesu judizialetan murgilduta zeudenak ezin genituen sartu, beraiekin lan egiteak suposatzen zuen zaurgarritasunagatik. Poliziak eta abokatuek gomendatu ziguten zain egotea kasu horiek argitu arte.

Gero emakumeen eta desgaitasun ezberdinen argazkia egin genuen. Hau da, desgaitasun ezberdinak egotea. Desgaitasun fisikoa, psikikoa eta genero indarkeriak sortutako dibertsitate funtzionala izatea. Azken hau oso gai gogorra da. Komunikabideetan azaltzen diren indarkeria matxisten datuen atzean emakume asko daude ondorio latzekin.. Askotan, pentsatzen dugu psikikoak bakarrik daudela, baina ez, fisikoak ere badira. Erasoak dira gero umeen heziketa eta lanera itzultzea galarazten dutenak.

Eta horrela izan zen castinga. Azkenean lau emakumerekin amaitu genuen baietz esan zigutenak, partehartu nahi zutela esan zigutenak. Salbuespen bat zegoen, Emma, antzokiko historiako protagonista dena. Berak, momentu batean esan zidan ezin zuela agertu semeari ez baitzion esan zituen zauriak, orbainak eta pasa zuen guztia genero indarkeriaren ondorioagatik zirela. Berak beti esan zion trafiko istripu batengatik zituela.

«Emmak hasieran ezin zuela agertu esan zidan, semeari ez baitzion esan zituen zauri eta orbain guztiak indarkeriaren ondorioagatik zirela. Beti esan zion istripu batean egin zituela»

 

Deigarria da Emmaren partehartzea.

Bere bizitza antzezlan batean islatuta ikusten ari den neska ilehoria da. Gertatzen da dokumentala editatzen ari ginenean deitu eta esan zidala: «Marga, irten egin nahi dut. Orain bai kontatu nahi dudala nire istorioa». Nolabait agertu nahi zuen, bere aurpegia ikustea nahi zuen beste emakume batzuentzat eredu izateko. Eta hori handicap bat izan zen, gainerako istorioak filmatu genituelako. Nik planteatua nuen Emmaren istorioa Mikele Urrozen bitartez kontatzea, bera baita bere bizitza antzezten duen aktorea. Baina orduan bururatu zitzaigun antzokira eramatea eta bere bizitza antzeztua ikustea. Emma barneratzeko eta bere istorioa kontatzeko modua izan zen. 

Orduan, beno, derrigorrezko sormena izan zen. Pertsonaietako bat eduki ezin genuenez, gidoilatzea erabaki genuen. Horrela, dokumentalak aberastasun haundiagoa lortzen zuen formatuan, eta hori zen guk bilatzen genuena. Gainera, ez genuen ahotsik nahi, ezta haiek ezkutatu edo bizkarra eman beharrik ere. Poliziaren itxura duen ezer ez. Askotan, biktimak birbiktimizatzen ditugu. Izan ere, adibidez, ahots bat desitxuratzen duzunean, suposatzen da biktima babesten duzula, baina, egia esan, haiek zerbait txarra egin izan balute bezala da. Bere istorioak oso ongi erakusten zuen azaldu nahi genuena. Berak desgaitasuna du labankada batekin pairatu zuen eraso matxistaren ondorioz. Hortik datozkio arazo fisikoak eta psikikoak. Eta haiek pelikulan ateratzean ahaldundu egiten dira. 

Nolakoa izan zen beraiekin filmatzea?

Oso erraza izan zen. Preprodukzioari denbora asko eskaini genion. Itun bat egin nuen beraiekin. Elkarrizketak editatu egingo zirela esan genuen, eta entzungo zituztela lehenik, eta haiek erabakitzen zutela zer sartzen zen ala ez, edo eroso sentitzen ziren ala ez. Filmatu ditugun plano guztiak ikusi dituzte, elkarrizketa guztiak entzun dituzte. Izan ere, gauza asko ez dira azkenean filmean sartu. Adibidez, sexu-erasoen gaia kontatzea asko kostatzen zait. Uste dut oso lan gogorra eta indartsua dagoela egiteko hor. Eta gauza batzuk ez dira kontatu eta ez dira erabili, asko kostatzen baita haiei buruz hitz egitea. Hainbeste kafe hartu genuen elkarrekin, hainbeste ibilaldi egin genituen, eta hainbeste ezagutu genuen elkar, kamerekin agertu ginenean erraza izan zela. 

Nik ez nukeen inoiz utziko, protagonistek utzi bezala, grabatzen. Eskuzabaltasun ikaragarria izan dute eta asko eskertzen diet. Egia da aspalditik ezagutzen nindutela ni eta taldea. Orduan, lasaitasuna sortu genien. Atseden haundia zegoen. Orain grabatzea nahi duzu, Idoia? Kafe bat hartu eta grabatu egiten genuen. Noski, horrek denbora eta dedikazioa eskatzen ditu. Denboran zehar zabaltzen den filmaketa da, bat-batean ez baituzu egunean nahi zenuen guztia ateratzen. Baina agian ez zuten gehiago ematen. Egia da konfiantza pixka bat sortzen duzula edo ezin duzula kamera horrela jarri. Baina emakumeak zuzendarikideak izan dira.

2022tik jaialdi eta leku ezberdinetan aurkeztu duzu pelikula, horien artean Egipton. Nolako harrera izan du?

Oraindik ere gizarteari kosta egiten zaio gai hauei buruz hitz egitea, jendearentzat ez da erosoa. Dokumentalak ez ditu gauzak errazak izan, baina proiekzio asko izan ditu hiri, herri ezberdinetan eta laguntza ere bai gizarte mugimenduetatik. Harrera zoragarria izan du, gizarte ikuspuntu batetik. Elkarte txikietatik eta herri ezberdinetan txundigarria izan da izan duen harrera. Iruñean, Madrilen, Bilbon... zine aretoetan harrera ona izan zuen, baina gero ahoz aho mugitu da. Uste dut, oraindik ere, pelikula deserosoa dela eta kosta egiten dela proiektatzea eta programatzea.

Kontatzen diren historiak gogorrak dira, baina alde kultural batetik egin nahi izan duzu, ez hain gordina.

Azkenean, pelikula bat egin dugu eta ikusle mota ezberdinen bila joan gara, askoz zinemazaleagoa den beste baten bila, istorio horiek ikustera ohituta ez dagoen kultura- eta publiko-ingurune baten bila. Niri gustatzen zitzaidan pentsatzea zinemara etor zitekeen jendeak tituluaren iradokizunagatik egingo zuela, edo zuri-beltzeko film bat delako etorriko zela, eta ez genero-indarkeriako istorio bat zelako. Gerra, ekologia edo edozein tematikari buruzko pelikula ikustera joaten zaran bezala, kasu honetan genero indarkeriari buruzko pelikula bat ikustera. Forma garrantzitsua da eta horri esker iritsi gara, beste modu batera ezinezkoa izango zen, ikusle batengana.

Gainera, ez dakit zergatik dagoen oraintxe bertan gai horien errepresioa, eta gaitzespena ere eragiten dute. Aurrestreinaldian, laneko jendeari esan nion ikustera etortzeko, eta esaten zidaten, baina, zer film da? Eta nik esaten nien, ez, mesedez, nahi dut paper zuri bat bezala etortzea filmera. Filmari buruz ezer gutxi dakien publiko bat nahi dut. Eta noski, proiekzioa amaitu zenean aitortu zuten gaiari buruz zerbait jakin izan balute, ez zirela etorriko. Eta hori gustatzen zait, publiko anitza erakartzea. Jakina, baita desgaitasuna duten pertsona guztiei ere. Film inklusiboa da, audiodeskribapena duena, zeinu-hizkuntzako azpitituluak dituena. Hori garrantzitsua iruditzen zitzaigun; izan ere, gainera, lan asko egiten dugu desgaitasunarekin filmean, eta inklusiboak bagara, denok egon behar dugu.

«Oso erraza izan zen beraiekin filmatzea, preprodukzio lan haundia egin zen. Pelikulan indarkeria mota ezberdinak agertzen dira, mota askotakoak daude eta sufritu dituzte»

 

Zergatik AMA-DAS titulua?

Hitz-joko bat da, maite duzunean, ematen duzunean, ez baita bakarrik hartzea. Askotan, harremanen eta maitasunaren testuinguruetan, desorekatuta egoten da. Hemen ideia da, maite duzunean, eman eta jaso egiten duzula eta oreka hori bilatu behar dela. Eta ikusten genuen, halaber, COCEMFE erabiltzen zuten emakumeekin izandako elkarrizketa eta topaketa askotan, askok esaten zigutela ez zirela inoiz maitatuak sentitu, edo inoiz maitatuak izango ote ziren galdetzen ziotela beren buruari. Maitatzea eta ematea ezin dira banandu. Zu maitatzen ari zarenean, nolabait eman eta besteari ematen diozu zeure burua. Horregatik, oso zaurgarria zara, maite duzunean zure etxeko ateak irekitzen dituzulako, zure bihotzekoak, eta esaten duzunean, sartu eta nahastu. Maitatzea entregatzeko modurik indartsuena da. Maitatzean, eman egiten duzu eta zaurgarriagoa ere bihurtzen zara. 

Zaintzaren gaia ere agertzen al da filman?

Oso ongi islatuta dago. Emakumeak gara, ia beti, zaintzaz arduratzen garenak, beti egoten saiatzen garenak eta ikusten da nola ez ditugun hartzen bizitzako erabaki garrantzitsu asko zaintzaz arduratzen garelako. Piliren istorioan, tamalez orain gutxi hil dena, oso ongi islatzen da. Berak esaten du filman «nire seme-alabak hezita daude, ez dago hiri honetara lotzen nauen ezerrez, mina bakarrik. Zergatik ez dut joateko erabakia hartzen?». Askatasun hori da askotan emakumeek erabiltzen ez dutena, beti ere besteen zaintzari lotuta gaudelako. 

Pelikulako protagonistak eta egileak.
 
 

Rosak berak kontatuko al du bere istorioa?

Pelikularen gauza garrantzitsuenetako bat da, indarkeria ezberdinez hitz egin nahi genuela. Mota askotakoak daude eta emakume hauek askotakoak sufritu dituzte. Rosa da adibide bat txikitatik, etxean, biolentzia hori ikusten zuena. Instituzioetatik ere indarkeria jasotakoa da. Hainbat prozesu pasa ditu eta fisikoki eta mentalki arrastoa utzi dute. 

Pelikulak asko eman omen dizu, baina hustu ere bai.

Horrela da. Egun askotan etxera iritsi eta familiari esaten nion, «ez dut afaldu nahi eta ohera noa». Nekatuta amaitzen nuen eta nire burmuinak atsedena behar zuen. Oso historia potenteak dira, pixka bat gainetik pasatzen dira. Era berean hutsik utzi zidan bezala, asko ere ekarri zidan. Zorionekoa nintzen. Gizarteko familia gehienak oso zorionekoak dira maitasunaren eta zaintza normalizatuen testuingurua dutelako. Zentzu horretan, egia da hutsune-une asko egon zirela, lau urteko lana izan baita, eta horrek ere badu bere higadura, baina zorionekoak izan gara istorio hau kontatzeko eta gure bizitzetan dagoen aldeko haizea ikusteko.

Askotan aipatu duzu elkarrizketetan heroitasuna eta ahalduntzea. Hori al da AMA-DAS?

Bai, bai. Benetako heroien istorio bat da. Kontakizun latz horiek kamera aurrean esatera ausartzean heroi bihurtzen ditu niretzako. Bestetik, terapia gisa balio izan diela onartzen dute, bizitzen jarraitzeko motibazioa eskaini die. Kolaborazioetarako deitu diete, kalean ezagutu dituzte. Emma gazteen genero indarkeriaren inguruko proiektu batean murgildu da eta solasaldiak eskaintzen ditu hezkuntzan. Rosa pelikularen ondorengo solasaldietan ari da partehartzen eta bere herrian kolaboratzen ari da. Idoiak podcastak ari da egiten indarkeria jasaten duten beste pertsonei laguntzeko. Pelikula erreminta bihurtu da bere esperientziatik laguntzeko.. Neskek diote inork ez ziela jaramonik egiten, eta bat-batean fokua jartzen dietela eta pantailan ikusten direla. Bai, ahalduntzearen erretratu bat egin nahi genuen, eta heroien erretratu bat. Ez zait asko gustatzen hitza, baina heroitasuna gustatzen zait.

«Ama-Das'ek ahalduntzen lagundu die. Orain hitzaldietan ari dira partehartzen, podcastak egiten dituzte. Jaramonik ez zieten egiten eta bat-batean fokua jarri diete»

 

Pelikulak ere balio dezake kontzientzia izateko?

Bai eta genero indarkeriaren inguruko albisteak entzuten ditugunean, komunikabideetan, ez dugu jakiten pertsona horien bizitzan zer gertatzen den. Eta ondorio larriak izaten dituzte askotan. Desgaitasunak leku askoz ere zaurgarriago batean uzten ditu. Pertsona batekiko dependentzia fisikoa edo psikikoa izaten dute eta horretaz aprobetxatzen dira asko eta asko. Gure buruan jabetzen bagara badirela desgaitasuna duten eta genero-indarkeria jasaten duten emakumeak, pozik egoteko modukoa da.

Zer izan da zuretzat proiektu hau?

Bidaia ikusgarria izan da. Lau lagun ditut eta uste dut kafe asko hartuko ditugula hemendik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!