Neguko oporrak iristen direnean are pisu haundiagoa hartu ohi du bertsolaritzak Hernanin. Aurtengoan ere Bertso Eskolako kideek ez dute hutsik egin, eta jardueraz betetako Bertso Lata antolatu dute.
Asteazkenean izan zen lehenengo ikuskizuna: umeei eskainitako bertso saioa. Lierni Rekondo eta Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariak aritu ziren kantuan, eta, hasiera batean gai jartzailerik agertu ez zen arren, Biteritik zebilen Gartxot garbitzaileak egin zuen lan hori. Gustura entzun zituzten bertsoak Hernaniko eskoletako gaztetxoek, eta txalo zaparrada haundiarekin agurtu zituzten bi bertsolariak.
Bertso Latako bigarren jarduera ere ez zen atzean geratu. Punta puntako bertso afaria antolatu zuten atzo, Santa Barbara elkartean. Bi txapeldun haundi, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio, aritu ziren kantuan, 'Librean eta ez hain librean' deitutako saioan; gai batzuk tartekatuta, alegia. 70 lagun inguru elkartu ziren Santa Barbaran, eta saio borobila osatu zuten.
Jaialdia, 'Izena eta izana' eta errondak
Arrakastatsuak izan dira orain arte egindako jarduerak, eta lau ikuskizun gehiago izango dira urtea bukatu aurretik. Datorren ostiralean, abenduaren 22an, jaialdi nagusia egingo dute Milagrosa aretoan. Bertan, Unai Agirre, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal bertsolariek abestuko dute. Jaialdirako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, saioa baino ordubete lehenago, Milagrosan.
Ostiraletik ostiralera salto eginda, abenduaren 29an izango da aurtengo 'Izena eta izana' saio berezia, Kontrakantxan. Eli Zalduak, Eli Pagolak, Iker Ormazabalek eta Iker Osak abestuko dute bertan.
Amaitzeko, urteroko ohiturei eutsiz, Olentzeroren erronda egingo dute abenduaren 24an, eta urte zaharreko erronda abenduaren 31n.
BERTSO LATA
ABENDUAK 22
19:00 Jaialdia, Milagrosan.
Unai Agirre, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal.
Txartelak egunean bertan Milagrosan, saioa hasi baino ordubete lehenago.
ABENDUAK 24
16:00 Olentzeroa, Iparragirre sagardotegitik hasita.
ABENDUAK 29
19:00 'Izena eta izana' bertso saioa, Kontrakantxa Gaztetxean. Eli Pagola, Eli Zaldua, Iker Ormazabal eta Iker Osa.
ABENDUAK 31
Urte zaharreko erronda.