Erreportajeak

«'Bizilagunak' ekimenak beste herrialdeetako errealitateak ezagutzeko aukerak sortzen ditu»

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 18a, 00:00

Ezkerretik hasita Angela, Odile, Jasna, Fatima eta Kepa, Kronikarako elkarrizketan.

Bihar burutuko dute 'Bizilagunak' ekimena, Amherren eskutik, eta horrenbestez, bazkari baten bueltan elkartuko dira kultura anitzeko zenbait familia: «kulturen artean mugak dauzkagu, eta gure asmoa da harremanak sortzea eta dauden errealiteeteez jabetzea».

Jatorri ezberdinetako pertsonek bat egingo dute bihar, Amherrek bultzatutako 'Bizilagunak' ekimenarekin.  Ekimen honek helburu du bertakoak eta bertara iritsiak bazkari baten baitan elkartzea ahalbidetzea eta harremanak sortzea. Hori horrela, ekimenean parte hartzen duten antolatzaileekin eta dinamizatzaileekin hitz egin du Kronikak, hala nola, Keparekin, Anjelarekin, Odilerekin, Jasnarekin eta Fatimarekin. Eta janaririk ez bazegoen ere, mahai baten bueltan elkartu dira, eta haien esperientziak barru-barrutik ezagutzeko tartea izan du Kronikak.

Bihar ospatuko dute 'Bizilagunak' ekimena, eta  eguerdiko 13:00etarako jarri dute hitzordua, Hernaniko Gudarien plazan, eta antolatzaileek bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei. 

 

Igandean elkartuko zarete zenbait familia edota talde, bazkari baten bueltan, ezta? 

A.: Hori da,  familia migrante bat eta familia autoktono, edota gazte migranteak gazte autoktonoekin mahai baten inguruan elkartuko gara bazkaltzeko. 

 

Ze lortu nahi duzue «Bizilagunak» ekimenarekin?

J.: Gure asmoa da irekitzea, kultura ezberdinak  ezagutzea. Askotan kulturen artean mugak dauzkagu, eta ez daukagu ‘intimoki’ elkar ezagutzeko aukera. 'Bizilagunak' ekimenak horretarako espazioak sortzen ditu; elkartu eta ezagutzeko aukera, mahai baten inguruan eseri eta harremanak jaiotzen dira. 

 

Etxean elkartzeak, badu halako goxotasuna, ezta? 

F: Bai, eta hori da asmoa, erosotasun batean elkartzea. Gaur egungo gizartean, elkartzen gara elkarteetan, tabernetan… Eta hori ederki dago, baina etxean elkartzeak, badu gertutasun puntu bat. Eta 'Bizilagunak' ekimenarekin hori lortu nahi dugu, beste familia bat etxeko goxotasunera ekartzea. Etxeko ateak irekiz eta eroso sentitzea.

Etxeko ateak ireki behar ditugu intimidadeak kontatzeko, norberak nahi dituenak. Hau sinbolikoki diot. Izan ere, etxera gonbidatzeak harremana estutzeko aukera lehunago bat eskaintzen du, gertuago bat. 

Era berean, bi taldeek gonbidatu dezakete beren etxeetara. Hala ere, askok ez dute aukera hori, bizi duten egoera ekonomikoagatik adibidez, baina aukera beti ematen diegu, bi aldeei. 

A.: Atzerritarrak garenontzat oso aberasgarria eta benetan pozgarria da jende euskalduna ezagutzea, eta hauekin harremanak egitea. Eta Fatimak aipatu moduan, etxera gonbidatzeak badu mezu sinboliko bat, etxea zerbait intimoa delako, zure esentziaren parte bat ere bada, eta horra gonbidatzeak sekulako magia dauka. Guretzat oso lagungarria da, euskal kulturaren parte sentitu gaitezkeelako modu honetan, eta oso integratuak sentiarazten gaituelako ekimen honek. Berotasuna sentitzen duzu etxean, konfidantza gehiago sortzen da. 

O.: Gazteen kasuan, etxebizitza duin bat erosteko edota bizitzeko aukera haundirik ez daukagunez, elkartzen gara elkarteetan, tabernetan, edota Gaztetxean. Salbuespenak egiten ditugu gazteetan, denok eramaten dugu elkarrekin bazkaltzeko janaria, denok jartzen dugu aletxoa, ahal dugunok behintzat. 

 

Kultura ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du ekitaldi honek?

J.: Noski, jende berria ezagutzen duzu, oso esperientzia polita da. Gainera, beste kulturak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du proiektu honek. Eta errealitate ezberdinak eta errealak ezagutzeko aukera jartzen zaizu aurrean.

K.: Asmoa da elkar ezagutzea, eta sareak egitea. Baina ez duguna nahi da harremana hor gelditzea, estankatuta, ezerezean. Aipatu moduan, sareak egin nahi ditugu, eta nahi ditugu harremanak irautea, edo behintzat saiatzea harremana mantentzen.  Bazkaldu duzun familiarekin geratu zaitezke aurrerago kafe bat hartzeko, pintxo batzuk jateko edo nahi bezain beste plan egiteko. 

Gero sortu daiteke adiskidetasuna edo ez, modu naturalean landu nahi dugu, ez daitezela behartuak sentitu. 

F: Bazkaria da aitzakia. Elkartzeko aitzakia, eta harremanak sortzeko aitzakia. Atzerritarrak hemengoak sentitzeko aitzakia, edo behintzat hona hurbiltzekoa. 


Non eta nola sortu zen ekimena?

J.: Ipar Europatik dator jatorrizko ideia. SOS Arrazismoa Gipuzkoakoak hartu zuen ideia, eta gaur egun, Euskal Herriko eskualde batzuetan ospatzen da Bizilagunak ekimena. 

 

Zenbat herrialdetako etorkinak bizi dira Hernanin?

F.: Euskal Herrian, Gipuzkoan, eta gure kasuan Hernanin bizi diren atzerritarren kopurua proportzionalki  da %11; erroldatuta daudenak. 

Datuen arabera, horietatik %10 atzerritik etorritakoak dira, eta %1a nazionalak dira. Eta esan beharra dugu, gizarteak pentsatzen duela immigrazio gehiena Senegaletik edota Magrebetik dela, baina putzuaren beste aldean ere immigrazio asko eta asko dago, eta larria da egoera. Datuen arabera, emakumeak dira gehien immigratzen dutenak, horietako asko dira amak. Eta Euskal Herrira etortzen direnean, gehienak etxeko lan prekariotan jartzen dituzte. Askok dauzkate titulu unibertsitarioak baina hauek ez dira kontutan hartzen.

 

Zenbateko parte hartzea egongo da aurtengo edizioan? 

O.: Hernanin guztira 25 mahaietan elkartuko dira familiak, eta horietatik hiru dira gazteak. 

 

Badirudi bazkari honetan, etorkinak direla gehien irabazten dutenak. Horrela da?

K.: Bi alderdientzako da onuragarria 'Bizilagunak' ekimena, eta benetan diot: guk asko ikasten dugu haietaz. Posibilitatea dugu beste kultura bat gertutik ezagutzeko, eta hori zaila da, izan ere, ez dago kultura bat gertutik ezagutzeko aukera, ez behintzat zure jaioterrian bizita. Ekimen honekin ezagutzen dituzu beste esperientzia batzuk, batzuk oso gogorrak direnak, eta hor konturatzen zara zein den hor kanpoko errealitatea. Ezagutzen dugu beste kulturaren alderdi exotikoa, baina baita benetako errealitatea ere.

F.: Gertutasun honekin, ikasteko gogoa pizten da. Elkar ezagutzearekin, beste kultura benetan ezagutzeko gogoa pizten zaie askori, eta hori iruditzen zaigu, behar beharrezkoa dela elkar bizitza baterako, denok jakitea zer dagoen kultura baten atzean edota zer nolako errealitatean hezi diren batzuk. 

Iruditzen zaigu bidaiatzen beste kulturak ezagutu ditzakegula, eta modu batera bai, baina ez dira benetako bizitzak ikusten. Bizilagunak ekimenarekin nahi dugu adierazi kulturak ezagutzeko aukera bakarra ez dela beste herrialde batera bidaiatzea, badaude beste modu batzuk eta modu horietako bat da beste herrialdeetako jendearekin harremanak egitea edo behintzat, esperientziak ezagutzea.

Eta noski, hau ez da aldatuko Bizilagunak ekimena egiteagatik, baina pausu bat da, elkarbizitzarako pausu bat, eta arrazakeriarekin amaitzeko pausu bat. Komunitate bat sortu nahi dugu.

 

Zuek barrutik bizi izan duzue Bizilagunak ekimena. Nolakoa da zuen bizipena? 

K.: Nire kasuan, beti tokatu zaizkit familia ezberdinak. Eta oso pozik hartzen dut parte ekimen honetan. Harreman onak egin ditut, eta badaukat sare bat, batzuetan gelditzen naiz zenbaitekin kafe bat hartzeko. Beste batzuekin ez daukat hain harreman estua, baina tira, horiek bizitzako gauzak dira, harremanen kontuak. 

A.: Nire kasuan, aurten dinamizatzaile papera betetzen dudan aurreneko urtea da. Parte hartu nuen aurrenekoz familia bezala, gu joan ginen Hernaniko familia goxo eta eder baten etxera, eta zoragarria izan zen. Asko estimatzen ditut. Esperientzia oso aberasgarria eta gomendagarria da.

O.: Ni beti gazteekin elkartu naiz, eta  gure arteko harremana agian lausoagoa izan da. Hala ere, asko hitz egiten dugu, esperientziak elkarbanatzen ditugu eta gustura egoten gara, hori beti. 

J.: Urte asko daramazkit Bizilagunak ekimenean parte hartzen, eta jende asko ezagutu dut. Batzuetan izan naiz bisitaria, eta beste batzuetan nire etxera etorri dira. Batzuekin harremana daukat, eta beste batzuekin gutxiago, baina beti gustura, ez nuke urtero errepikatuko bestela. Munduko kulturak ezagutu behar dira, eta kultura baten atzean dagoen guzti hori oraindik ikusteko eta ezagutzeko daukagu.

 

Batzuk egon zarete bisitari moduan, eta dinamizatzaile papera hartu duzue. Nolakoa da aldaketa hau? Nola sentitzen zarete? 

A.: Emozionatuta, gogoz nago jakiteko zein familiekin pasako dudan igande eguerdia. 

F.: Aipatu moduan, 'Bizilagunak' ekimenak baditu urte batzuk, eta familia askok urtero errepikatzen dute esperientzia. Horregatik, etxe batzuek ez dute dinamizatzailerik behar, beraiek arduratzen dira beste familiarekin harremanetan jartzeaz eta noski bazkaria dinamizatzeaz. Hori antolatzen ibiltzen garenontzat sekulako pagotxa da. 

J. Urteen poderioz esperientzia hartzen duzu, eta badakizu zertara datozen, edota zu zertara zoazen. Gogoz egoten gara azaroa iristeko eta berriro elkartzeko bazkari baten bueltan. 

 

Nolakoa da gazteen parte hartzea Bizilagunak ekimenean?

O.: Salbuespenezko egoera dira gazteak; izan ere, aipatu moduan, etxebizitzarik ez daukagu, edo gutxi daude etxebizitza dutenak. Beraz, zailagoa da. Eta Hernanin gertatzen da, hemengo gazteek dagoeneko badutela lagun taldea, eta beraz, ez dutela beharrik sentitzen hau irekitzea edota lagun berriak egitea. Zentzu horretan, batzuetan itxi egiten gara. Eta horrek, atzerritik etorritako gazteengan eragina du, bidea zailagoa baita, enkajatzea zailagoa egiten zaie. 

Hala ere, beti lortzen ditugu parte hartzaileak, eta beti lortzen dugu azken batean, elkartzeko lekuren bat, izan etxe bat, izan gaztetxea… 

F.: Atzerritik etorritako gazte asko daude bakarrik, inguruan talderik ez dutenak daude. Eta Bizilagunak lagungarria izan daiteke, inguru txiki bat sortzeko bada ere. 

 
Bihar, hitzordua eguerdiko 13:00etan, Gudarien Plazan

F.: Hori da, eta nabarmendu nahi dugu bazkarira apuntatu ez dena ere bertaratu daitekeela. Kultura ezberdinak elkartzeko espazio bat sortuko da eta harremanak sortzeko une paregabea da. Beraz, bihar eguerdiko hitzordura bertaratzeko deia egin nahi diegu herritarrei!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!