2023ko irailaren 5a, asteartea. Hernaniko herriak egun horretan jakin zuen Bizikidetzaren aldeko herritar ekimenaren azken egitasmoaren berri. 'Ibilbide pertsonal eta ideologiko anitzeko Hernaniko hamabi herritarrez osaturiko elkarrizketa prozesu konpontzaile bat'. Hitz horiekin definitu zuten prozesuaren izaera deialdi publikoan, eta halaxe elkartu ziren Biteri Kultur Etxeko areto nagusian, herritar askoren begiradapean, Rosa Pellejero, Elias Miner, Mayi Ugartemendia, Ixiar Egiguren, Leo Lecuona, Yon Navarro, Estefania Morcillo, Juanjo Uria, Iratxe Ugalde, Kepa Pikabea eta Felipe Etxeberria; baita, idatzizko testigantza baten bidez, Lourdes Tranche ere.
2023ra iritsi aurretik, ordea, su txikian joan da guztia forma hartzen. Lehenengo harria 2014an jarri zuten, Errioguarda Jatetxean hasitako elkarrizketa katearekin. Orduko hartan ere hamar pertsonatik gorako herritar taldetxo bat hasi zen biltzen, eta bi urteko ibilbidea osatu zuten, prozesua 2016ko azaroaren 8an Errioguardan bertan egindako aurkezpenarekin itxi arte. Beste pertsona batzuen artean, hasierako bileretan izan zen Yon Navarro, eta ongi gogoratzen du bertan bizitakoa: «Prozesu luzea izan zen, bi urtez aritu ginen Hernaniko biolentziari buruz eztabaidatzen; hizkuntza, terminologia, lotu beharreko gauzak... Bakoitzak gure esperientzia kontatu genuen, nahi genuena eta nahi genuenarekin, baina pixka bat ireki ginen».
Kide batzuentzat mahai inguruarekin batera amaitu zen hausnarketa prozesuaren ibilbidea, baina beste kide batzuk aurrera jarraitzea erabaki zuten; helburu zehatzik definitu gabe, baina aurrera. Momentu horietan aniztasuna bermatzeak arduratzen zituen gehienbat, eta kezka hori izan zen sugarra pizteko beharrezko txinparta; izan ere, 'zer egin dezakegu aniztasun gehiago lortzeko?' galderatik abiatuta, hernaniar batzuekin kontaktuan jarri ziren taldekideak: «Jende desberdinarengana hurbildu ginen, elkarrizketa bat egin eta haien bizipenak entzuteko. Guzti hau sekretismo puntu batekin egin genuen, ez zen zabaltzen zenekin egon ginen edo zer esan genuen. Ez genekien zertarako balio zezakeen, baina argi geneukan egin nahi genuela», zehaztu du Navarrok. Herritarrek herritarrekin izandako banakako solasaldi horietatik sortu zen iraileko aurkezpeneko taldea.
2022 erdialdean talde motorearen deia jaso zuen berriro elkarrizketatu bakoitzak, eta elkarrekin prozesuko mugarri esanguratsuenetako bat ipini zuten; banakako lanketatik taldeko bileretara igarotzea: «Elkarrizketen ondoren beste pauso bat eman genezakeela ikusten genuen. Orduan, asteburu bat adostu genuen elkartzeko, baina inori ez genion esan nor joango zen», azaldu du Navarrok. Lanketa modu egokian egiteko, Aitziber Blanco bideratzailearen, Duke Duchscherer erraztailearen eta Vicenç Rullan itzultzailearen laguntza izan zuen taldeak.
'Zalantza' eta 'beldurra' telefonoaren beste aldean
Lehenengo egunak ez dira errazak izaten, are gutxiago tartean bizipen mingarriak daudenean. Talde motorearen jarduna gertutik ezagutzen zuen lehenengo asteburuko bilerara joan zen pertsona bakoitzak, baina 'kezka', 'ezjakintasuna', 'beldurra' eta 'zalantza' sortzen zien askori bizipen eta ikuskera ezberdineko pertsonekin aurrez aurre jartzeak.
«Deia jaso genuenean ez genekien zenekin bilduko ginen. Prestutasuna neukan, baina kezka eta zalantza haundiarekin joan nintzen. Azkenean, bakoitzak gure etiketak ditugu, 'ni alde honetakoa naiz, zu bestekoa zara'... Taldekideak nortzuk ziren ikusi orduko pentsatu nuen 'ea nola kudeatzen dugun hau'». Edozein taldekiderena izan zitekeen Elias Minerrek egindako hausnarketa hori, bakoitzaren beldurren eta aurreiritzien adierazgarri.
Miña ere aipatu du Estefania Morcillok. Beretzat mingarria zen iraganeko pasarte batzuei buruz berriro hitz egitea, eta kosta egin zitzaion parte hartu edo ez erabakitzea: «Esperientzia interesgarria zela iruditzen zitzaidan, baina, aldi berean, ez neukan bizitako pasarte gogor horiek oroitzeko gogorik. Iraganera itzultzeko modu bat iruditzen zitzaidan, iragan oso mingarri batera, eta aurrera egin nahi nuen. Dena den, iruditzen zitzaidan herriko norbaitek beste ikuspuntu bat ezagutzeko interesa bazuen, merezi zuela parte hartzeak».
Interesak eta eraikitzeko nahiak, beraz, beldurrak sortutako blokeoa gainditu zuen. Pausoz pauso, zabaltzen joan zen taldekide bakoitzaren oskola, eta horretan zerikusi haundia izan zuen erraztaileak proposatutako metodologiak: «Ezaugarri nagusia da bermatzen duela oso entzute sakona. Bakoitzak beste pertsona bat aukeratu behar zuen, edozein arrazoirengatik, eta kontatu behar zizkion bere bizipenak, bere esperientzia. Ondoren, aurrean zeukan pertsonak azaldu behar zuen zer ulertu zuen bestearen testigantzatik, eta horrela joan ginen sakontzen», azaldu dute.
Hitzak indarra hartzen hasten direnean
Paperak eutsitako metodologia segituan islatu zen taldeko dinamikan. Binaka, aurrez aurre jarri, eta hitzak hartu zuen protagonismoa. Etiketak eta aurreiritziak askotan aipatu dira taldean, baina hizketan hasi orduko hasi ziren benetan elkar ezagutzen: «Eseri ginen momentutik aurrera lasaitzen eta askatzen hasi ginen. Prozesua oso ondo bideratu dute, asko zaindu gaituzte, eta bakoitza bere bizipenak kontatzen hasten denean benetako pertsona agertzen da, etiketak desagertzen joaten direlako. Hori gertatzen da sentimenduei buruz hitz egiten denean, giza ikuspegitik hitz egiten denean, eta ez politikotik. Konfiantza sortzen joaten da eta ohartzen zara ez garela hain desberdinak», azaldu du Morcillok.
Adibide modura, Miner eta Morcillok elkar hautatu zuten batak bestearen testigantza entzun ondoren ulertutakoa azaltzeko. Hasiera batean, ikuspegi eta ibilbide kontrajarriko pertsona bat ikusten zuten bestearengan, baina arian-arian antzekotasunak topatu zituzten: «Nik nire bizipenak kontatzeak eta berak ulertzen duena esateak, eta alderantziz, sortzen du bien arteko interakzioa. Orduan, niri enpatia sorrarazi zidan, konfiantza hartzen hasi ginen, eta taldean sortutako giroak puskatu zituen hasierako beldurrak eta errezeloak. Nik bizitu dudana eta berak [Morcillok] bizitu duena oso desberdina da, baina momentu batean konturatzen gara nik 14 urterekin bizitakoak eta berak bizitakoak baduela lotura; bi pertsona ezberdin gara, egoera desberdin batean, sufrimendu bat elkarbanatzen dugunak. Sufrimendu hori da elkartzen gaituena», azaldu du Minerrek. Ideia hori taldekide guztien bizipenetara zabaldu du Morcillok: «Elkarbanatutako esperientzia guztiek zuten lotura, gizatasunetik eta sentimenduetatik».
Sentimenduei hitzak jarri orduko hasi ziren xehetasunak agertzen. Askotan ideia txiki horietan topatzen zuten ondokoak bizitakoa benetan ulertzeko giltza, eta ñabardura horien garrantzia nabarmendu du Navarrok: «Batek bere esperientzia kontatu eta besteak ulertu duena esatean, nola ulertu duen eta nola ez azaltzen duenean, ñabardura txikiak ateratzen dira. Baten bizipenak ulertzeko gainontzekoek esandakoa ulertzea ezinbestekoa izan da, ideia desberdinak ateratzen joan direlako. Bestela, ñabardura horiek gabe, mezua zure kristalaren kolorearekin jasotzen duzu. Honek laguntzen dizu kolore hori kendu eta beste era batera entzuten, hala errazago heltzen zara pertsonengana».
Kristalak aipatu ditu Navarrok, aurretik ere atera dira etiketak, aurreiritziak eta dena delakoak, eta hain justu horiek deuseztatzea izan da taldekideen erronketako bat. Horretan ere bilakaera nabarmena izan du taldekide bakoitzak, eta adibide argi batekin azaldu du Leo Lecuonak: «Lehenengo bilerara joan aurretik taldekide bakoitzaren biografia idatzi nezakeela pentsatzen nuen, eta orain badakit guztietan nahastuko nintzela. Kontua ez da izan inor konbentzitzea, errespetua izan da oinarria, bakoitza dagoen lekutik errespetatzeko eta elkarbizitzeko. Aurrean daukazun pertsona entzuteko gai bazara, askoz ere errazagoa izango da beregana gerturatzea, eta dituen ideiekin ados egon ez arren, elkarbizitzeko aukera haundiagoa izango da».
Hasierako usteen kontrara, askatasunez hitz egiteko aukera sentitu du Morcillok ere: «Gutxi aipatu dugun gaietako bat da ez garela elkar epaitu, bestearen testigantza entzuten genuen, besterik gabe. Uste dut bilerara joateko hautua egin genuenok prozesu pertsonal bat ere egina geneukala, eta pentsaera irekia daukagula, gehiago ireki dena prozesu honetan zehar. Duela urte batzuk ezinezkoa irudituko litzaidake bertako zenbaitekin hitz egitea, baina bileran ikusi nituenean saiatu nintzen aurreiritziak alboratzen, aipatutako sentimenduekin geratzen, eta hori berebizikoa izan da prozesua garatu ahal izateko».
Beste faktore gako batzuk ere aipatu ditu Rosa Pellejerok, bakoitzaren espazioa eta denbora errespetatzearekin lotutakoak: «Ez zen bakarrik hitz egitea eta entzutea, beste maila bat zen. Barrutik hitz egin eta entzun genuen, bakoitzak gure espazioa geneukan, gure momentua, isiluneak errespetatzen ziren, norbait emozionatzen zenean lasai mantentzen ginen... Hori ere oso garrantzitsua da».
Prozesuak iraun duen denboran zehar, bakoitzaren bizipenei eta sentimenduei hitzak jartzeaz gain, bestearen minak gertutik ezagutu dituzte taldekideek. Esperientzia berria zen gehienentzat, baina Kepa Pikabeak antzeko egoerak bizi izan zituen Langraiz bidean: «Bertan biktima batzuekin elkartu ginen, eta egin genuen balorazioa oso positiboa izan zen. Han konturatu ginen guk asko sufritu dugun bezalaxe, hildako kideekin eta pasatako tortura latzekin, sufriarazi ere egin genuela. Bizipen horiek hunkitu egiten zaituzte, ez bazara psikopata bat. Ni sekulako zauriekin nago; pertsonei bizia kentzen ibili ondoren, zer egon behar zara, harro? Badakit PSEko jendeak ere sufritu duela, eta nola ez da sortuko ba enpatia? Badakit semea hil dioten Guardia Zibil baten amak ETAko militante baten amak bezalaxe egiten duela negar. Horregatik uste dut horrelako dinamikak sustatu behar direla, garrantzitsua delako besteari entzutea».
Itzalpetik fokopera
Taldeko elkarrizketak hasi zituzten momentuan inork ez zekien bertatik eratorritako ondorioak herriaren aurrean azaltzera iritsiko zirenik. Isiltasuna eta konfidentzialtasuna izan ziren ordura arteko oinarriak, baina beste dimentsio bat hartu zuen bertan sortutakoak: «Hasierako bileretatik dena isiltasunean geratu behar zen, ez zen ezer grabatu, argazki gutxi atera ziren, eta konfidentzialtasuna bermatua zegoen. Baina, prozesua garatzen zihoan heinean, gustura geunden bertan hitz egindakoarekin eta publiko egiteko ideia atera zen. Kontua zen zertarako egin publiko; adibide bat jartzeko? Ez, ez zihoan hortik. Guk nahi genuen jakinarazi taldeko kideek egoera jakin batzuk bizi ditugula, eta bizipen ezberdinak dituzten pertsonekin horrelako dinamikak egin daitezkeela. Agian herriko batzuei inpresio ona sortuko die eta antzeko zerbait bizitzeko gogoa piztuko zaie», azaldu du Navarrok.
Minerri, esaterako, taldean sortutako giroak eman zion aurkezpena egiteko beharrezko konfiantza: «Bileretan egindako dinamiketan sentitzea ulertu eta entzun zaituztela oso lasaigarria da. Niretzat momentu hori izan zen gakoa; hortik aurrera konfiantza gehiagorekin aritu nintzen, eta giro horretan errazagoa izan da aurrera egitea».
Egindako ibilbidea argitara ateratzearen beste arrazoietako bat Morcillok eman du. Hernanin eta Euskal Herrian bizitakoaren konponbidea, bere iritziz, hitz egitetik pasatzen delako: «Trauma kolektibo bat izan da gizarte guztiarentzat, gertakari oso larriak izan dira eta oso zauri sakonak sortu dituzte pertsona askorengan. Badirudi denbora asko igaro dela garai haietatik, baina ez da hainbeste izan. Iruditzen zait jende askorentzat iraganeko kontu bat dela, ez dela horri buruz hitz egiten, eta gaia ateratzen denean pentsatzen dela 'zertara dator hau?'. Garrantzitsua da gertatutakoari hitzak jartzea, trauma bat hitzez lantzen ez denean bertan geratzen delako, eta horrek min gehiago sortzen duelako. Gaiari buruz hitz egitean irekitzen dira bide berriak, eta hor hasten dira zauriak sendatzen».
Belaunaldi berriei
Transmisioari dagokionez, datozen belaunaldiei buruz ere hausnartu du taldeak. Askotan aipatzen da gatazkaren garai bortitzenak bizi ez dituzten pertsonei gertatutakoa helarazteko zailtasuna, eta, hein batean, hortxe topatu dio zentzua Pikabeak egindako lanari: «Espetxetik atera nintzenean esan nuen ez nuela nahi nire semeak nik izan dudan bizitza izaterik; orduan, egoista eta kabroia izango nintzateke estrategia horretan jarraitu izan banu. Zorretan sentitzen nintzen. Transmititu behar diet atzetik datozen belaunaldiei biolentziak zer nolako zauriak uzten dituen, nahi dudana delako guk egin dugun hori ez egitea. Hilobira eramango nukeen frustraziorik haundiena izango litzateke hori. Nik horrelako gauzetan parte hartzen badut da samin hori transmititu nahi diedalako gazteei; garbi utziz injustiziaren aurrean oldartu egin behar direla».
Entzute aktiboa izan da prozesuaren zimenduetako bat, eta entzuteko beharra sortzeari egin dio erreferentzia Minerrek: «Badago interesa duen gazte jendea, nik ez dut sinesten guztiek paso egiten dutenik. Badakit gazte jende asko dagoela kezkatuta, eta mugitzen dela. Nire ustez eskaini behar zaie espazio bat, non posible izango duten gertatutakoa ezagutzea, transmisio hori gauzatzeko. Izan daiteke ikastetxeetan edo herrian bertan».
Hezkuntza arautuan lantzearen ideia ez du bakarrik Minerrek aipatu. Pikabearen ustez ere hezkuntzak berebiziko garrantzia du transmisioan: «Hortik hasi behar dugula uste dut. Gure belaunaldian sekulako mitoak egin genituen Che Guevararekin edo guerrilleroekin. Telebista pizten genuenean beti ikusten genuen 'onak eta txarrak' diskurtsoa... Orain kontua da, nola ari gara gure gazteak bakerako hezten? Nola esaten zaio gazte bati noiz dagoen justifikatua pertsona batek beste bati bizia kentzea? Inork ez du horretarako zilegitasunik. Horrez gain, autokritika ere egin behar dugu. Esan behar dugu orain datozen belaunaldiei guk hartu genuena baino mundu txarragoa utziko diegula. Zeinen errua da hori? Beti ematen du kapitalismoarena, buruzagiena edo politikariena dela... Edo denon errua da? Beti kanpora botatzen dugu baloia, autokritika ez du inork egin nahi».
Gainontzekoek aipatutakoari ideia bat gehitu dio Navarrok, gertatu zenaren azalpen soiletik harago joateko: «Ez da bakarrik esatea zer gertatu zen, baizik eta guzti horrek sortu duenaren inguruan besteei entzutea. Errelato desberdinetan parte hartzen duen jendeak baditu beste esparru batzuk non konektatu dezakeen jende ezberdinarekin, beste ikuspuntu edo bizipen pertsonal batetik. Errelatoaren kontuan askotan aipatzen dira 'ongi', 'gaizki', 'egia', 'gezurra' gisako parametroak, baina badaude beste parametro batzuk positiboak izan daitezkeenak».
Testuinguruaren garrantzia
'Prozesu konpontzaile' honetan aritu diren kide guztiek ondo dakite zer nolako garrantzia duen testuinguruak horrelako ekimenak aurrera ateratzeko. Kasu honetan bukaeraraino iritsi da bidea, baina izan dira erdizka geratu diren saiakerak ere: «Prozesu hau orain dela 20 urte ez zen aurrera aterako, testuingurua oso garrantzitsua da. Niretzat hori da gakoetako bat. Azkenean, gatazka askori buruz hitz egiten dugu, baina gatazkak bizi duen momentuaren arabera joango da aurrera gisa honetako zerbait, baldintzak behar dira horretarako. Lehenago saiakerak izan ziren, nirekin eta beste taldekide batzuekin hitz egin zuten, baina ez zen aurrera atera», azaldu du Minerrek. Garatzeko aukerarik gabe geratu ziren proposamen ugari, baina, aurrera egiteko aukerarik izan ez zuten arren, saiakera horien balioa nabarmendu du Navarrok: «Poxpoloa piztu ondoren ez zen sugarra mantentzen, egoera horietan hala suertatu zen. Hala ere, nik balioa ematen diot saiatze horri; gaur egun dauden gatazketan ere horixe gertatuko da, orain ezingo dute barruko ahotsek hitz egin, baina hemendik urte batzuetara sekulako garrantzia izango dute, ziur».
Lehengo testuinguruaren oroitze-lan horretan, zalantza bat adierazi du Lecuonak: «Duela 20 urte oso positiboa izango zen egin duguna egitea, agian isilarazi egingo gintuzten. Zuen ustez maila pertsonalean egiteko aukera bazegoen?». Eta zalantza horri Minerrek erantzun dio, berak bizitakotik: «Gogoratzen naiz pertsona batzuk gerturatu zirela nigana, baina talka gehiegi zeuden, eta ezin zen aurrera egin. Aldagai asko sartzen dira jokoan; testuingurua, pertsonak, nork deitzen dizun, nola eramaten den prozesua... Nor sartuko litzateke talde batean etiketatua edo epaitua izateko? Iruditzen zait hemen egin duguna posible izan dela, hain justu, guzti hori ondo eraman delako, horixe da honek duen zailtasuna».
Morcillorengana ere gerturatu ziren tankerako proposamenekin, eta bat egiten du Minerrek egindako irakurketarekin. Oraingoan posible izan da ibilbide bat osatzea, eta testuinguruaz gain, beste berezitasun batean jarri nahi izan du azpimarra Morcillok: «Interesgarria iruditzen zait ekimen hau herritarrengandik sortutakoa dela, ez dela erakundeetatik sortu. Nire ustez, gatazka bati konponbidea bilatzeko modu eraginkorrena herritarrengandik ateratzea da. Gatazkak barrutik konpontzen dira, gizarteak eman behar du pauso hori. Egia da herritarrek egindakoa ez dela hainbeste hedatzen, baina aurrekari batzuk ezartzen ditu. Hori esanda, azpimarragarria iruditzen zait Hernaniko Udaletxean ordezkaritza duten alderdi guztien babesa jaso dugula».
Duela urte batzuk egin ziren horrelako dinamikak martxan jartzeko saiakerak, baina testuinguruagatik ez ziren garatu.
Eta orain, zer?
Hitz egiteko moduan antzematen zaie taldekideei aho zapore gozoarekin iritsi direla bukaerara. Adibidez, iraganeko bizipen gogorrak oroitzeko beldurrez iritsi zen Morcillo, eta beldurretako batzuk uxatu ahal izan ditu urte honetan: «Hernanin jaio eta bizi izan naiz, baina ez naiz Hernaniren parte sentitu. Baztertua sentitu naiz, ikusten nuen nola gizartearen zati haundi batek kanporatzen ninduen, eta esperientzia hau adiskidetze moduko bat izan da. Ikusi dut gizartea oso oso anitza dela, eta sekula onartuko ez ninduela uste nuen jendeak entzuten eta onartzen nauela. Beldur hori kentzeko balio izan dit, eta herri honen parte naizela sentitzeko».
Lecuonari ere aurretik zuen ikuspegia aldatzeko balio izan dio taldeko jardunak: «Normalean, daukadan heziketa motagatik edo, eskema itxiekin funtzionatzen dut. Hemen ulertu dut nire eskemek ez dutela hain mugatuak izan behar, askoz ere zabalagoak izan behar dutela. Jende gehiago ezagutzen duzu, ezinezkotzat daukazuna egiteko aukera dagoela ikusten duzu, eta oso gustura geratzen zara lantzen dituzun gauza guztiekin».
Baina, hausnarketa eta ondorio guztien gainetik, Pikabeak adierazitakoa errepikatu dute taldekide gehienek: «Gehien baloratu dudana da entzuna sentitu naizela, entzun egin nautela. Hori oso garrantzitsua da».
Hemendik aurrera egingo dutena ez dago zehaztua; momentuz, egindako lana eta hausnarketak utzi dituzte, eta taldeak prestutasuna azaldu du proposamenak jasotzeko: «Adibidez, horrelako elkarrizketa bat egiteko prestutasuna daukagun bezala, beste gauzak egitea ere baloratuko dugu. Gizartearen esku uzten dugu hori, edonork bizitako esperientzia gertutik ezagutzeko interesa badu, ongi etorria izango da», azaldu dute.
Talde elkarrizketa borobiltzeko, Pikabeak nabarmendu du zein den horrelako ekimenen funtsa: «Honek islatzen du gizatasuna ideologien gainetik dagoela. Nik hori azpimarratuko nuke, gizatasuna, hori da lehentasuna. Ideologiak jartzen ditugu edozeren gainetik, pentsatzen dugu giza duintasunaren gainetik dagoela, eta horregatik diot horrelako ekimenak bultzatu behar direla».