Erreportajeak

«Funtsezkoa iruditzen zaigu ikustea herrian hartzen diren erabakiak herritarren eskuetatik pasatzen direla»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00

Ander Larretxea eta Aines del Valle, Bidea Herritar Taldeko kideak.

Urriaren 19, 20 eta 21ean Hernani Burujabe osatzen duten proiektuen nondik norakoak gertutik ezagutzeko aukera izango dute hernaniarrek. Ander Larretxea da antolatzaileetako bat, eta egitasmoaren helburuak xehetasunez azaldu ditu.

Bi urte bete berritan, «herritarren bizitza erdigunean jartzeko» lanean jarraitzen du Hernani Burujabek. Datorren astean burujabetzarekin lotutako esperientziak gertutik ezagutzeko aukera izango da Hernanin, Udalbiltzarekin batera antolatutako 'Burujabetzak' jardunaldietan. Hitzaldiak, bisitak eta mahai inguruak izango dira osteguneko eta ostiraleko protagonistak, eta Burujabetzen Egunarekin borobilduko dute egitaraua larunbatean. 

Antolakuntza lanetan buru belarri aritu dira Bidea Herritar Taldeko kideak, eta taldearen izenean Ander Larretxea hernaniarrak aletu ditu jardunaldiei eta Hernani Burujaberen egoerari buruzko xehetasun guztiak. Goizez eta arratsaldez eskainiko dituzte saioak ostegunean eta ostiralean; goizekoetara joateko beharrezkoa da aurrez izena ematea (burujabetzak.jardunaldiak.eus), baina arratsaldeetako hitzaldiak irekiak izango dira: «Jardunaldietan bilatu duguna da Euskal Herriko esperientzia ezberdinak elkartzea. Goizetakoak barrura begira planteatutako saioak dira, nahiz eta edozeinek duen etortzeko aukera. Arratsaldekoak, berriz, herritarrei zuzendutako mahai inguruak dira». Landuko diren gaien artean daude udaletxeetatik burujabetza garatzeko aukerak edo alor ezberdinen arteko elkarlana sustatzeko bideak, besteak beste. Mahai inguruei dagokienez, Zergatik aldarrikatu burujabetza(k) egungo testuinguruan? galderari erantzungo diote ostegunean, eta Herrigintzatik burujabetzara izenburupean garatuko dute ostiraleko solasaldia.

Eduki guztietan sakondu ondoren, «Hernani Burujabe ekimenak martxan jarri dituen egitasmoak ezagutarazteko», Burujabetzen Eguna prestatu dute. Hernaniko erdiguneko zenbait txokotan burujabetza sektore ezberdinen postuak jarriko dituzte, gaiari buruzko azalpenak jasotzeko aukera izango da horietan, eta kalejiran osatuko dute postu guztiak lotzen dituen ibilbidea: «Helburua izango da herrian ezagutaraztea martxan dauden proiektu guztiak, eta nabarmentzea egungo sistemari aurre egiteko beharrezkoa dela egiten ari garen bidea». Azalpenaz gain, herriko kulturgileek ere hartuko dute parte kalejiran, tokian tokiko sektorearekin lotura duen ikuskizun txiki bat eskainiz: «Gure asmoa izan da kulturaren sektorea ikusaraztea eta kulturgileei garrantzia ematea, iruditzen zaigulako denen artean antolatzen hastea beharrezkoa dela». Kalejira amaitzean, bazkari girotua egingo dute udaletxeko arkupeetan; txartelak salgai jarri dituzte jada Herrilurren, Riojan, Kiden eta Txilin, eta urriaren 18an, asteazkenean, amaituko da erosteko epea. 

Gudarien plazan egin zuten jardunaldien aurkezpen prentsaurrekoa, antolatzaile guztiekin.
 

Hiru eguneko egitarauak argi islatzen ditu Hernani Burujabe osatzen duten erpinak. Proiektua sortu zutenetik erakundeak, ehun ekonomikoa eta herritarrak izan dira triangelua osatu duten piezak. Gaur gaurkoz, egoera ezberdina du erpin bakoitzak: «Zorionez, Hernaniko Udaletik proiektuaren aldeko apustua egin da, eta babes hori badaukagu; erpin ekonomikoa ere aurrera doa pixkanaka; eta herritarren erpinari dagokionez, iruditzen zaigu oraingoz ez daukala behar duen pisua. Gure ustez herritarrek izan behar dute guzti honen motorea».  

Herritarrekin batera egin nahi dute bidea

Aipatutako hiru erpinen artean, beraz, herritarrena indartzeko premia nabarmentzen dute Hernani Burujabeko kideek. Bidea Herritar Taldea da adar horren muina, eta bertatik identifikatzen dituzte herriak dituen beharrak: «Herritarren nahiak erdigunean jartzea da proiektuaren xedea, baina horretarako herritarrek erabaki behar dute zer den benetan beharrezkoa dena. Daukagun helburuetako bat da herritar taldea erabakigune bihurtzea; azkenean, egiten diren aldarrikapenek zentzua galtzen dutelako bileretan dozena bat pertsona bakarrik bagaude. Asmoa da herriko erabakietan eragina izatea». 

Edozeinentzat zabalik mantentzen dituzte Bidea Herritar Taldeko ateak. Orain arte funtzionatzeko dinamika bat jarraitu dute, baina egoera desberdinetara moldatzen joan behar izan dute bi urte hauetan: «Aldakorra izan da funtzionamendua; normalean, bi astean behin elkartzen gara, eta hor erabakitzen dugu zein den hartu nahi dugun norabidea. Jende gehiago etortzen hasten bada, funtzionamendua aldatuko dugu, taldeak izaera dinamikoa duelako». 

Taldekide kopurua haunditzeko, elkarlanerako deia egin zieten Hernaniko eragile askori, eta horretan sakontzea izango da datozen hilabeteetako erronka: «Maiatzean egin genuen lehenengo asanblada irekia, eta jardunaldien ondoren bigarrena egitea da asmoa. Asanblada horretan erakutsiko dugu zenbait proposamen garatu direla herritar taldetik, eta ea jende gehiago animatzen den horietan lan egitera».  

Herritar taldearen hazkundea esperotakoa baino apalagoa izan den arren, irakurketa eta ondorio positiboak ere eratorri dituzte bi urteko ibilbidean: «Joera daukagu gure teilatura harriak botatzeko, baina positibotzat jo behar dugu proiektuak berak duen pisua. Ausardiaz hartutako erabakia izan da, eta argi daukagu bi urtetan ezin dela horrelako zerbait aurrera eraman». Gainera, proiektua azaltzen dieten pertsonengandik jasotzen duten erantzuna oso ona dela nabaritu dute: «Jendeari azaltzen diogunean beti esaten digute oso interesgarria eta beharrezkoa dela. Horrek ere, hein batean, frustrazioa dakar, interesgarria izanagatik ez garelako kide asko elkartzen, baina ez da seinale txarra».

Bidea Herritar Taldetik mezu argia helarazi nahi diete parte hartzeko gogoa duten herritarrei: «Azaltzeko esango genieke. Bertan egoteko ez da jakintza zehatzik izan behar. Erabakigune horren parte izatean dago gakoa, horrek ematen duen ahalduntzearekin. Funtsezkoa da ikustea hartzen diren erabakiak gure eskuetatik pasatzen direla».  

 

Martxa onean doaz orain arte garatutako proiektuak

Hernani Burujabek martxan daramatzan bi urte hauetan sektore askotan jarri dituzte egitasmoak martxan. Nabarmentzen dute «ez dela lan erraza izan», baina, zailtasunen gainetik, erritmo onean doaz proiektu gehienak: «Enherkom energia komunitatea ondo ari da funtzionatzen, zaintzakoak ere oso emaitza onak izan dituzte auzozaintza lanketan, Sagarreta ingurumen elkartea ere aurrera doa, Moneta ere funtzionatzen ari da... Martxa hartu dute egitasmo gehienek, eta hobetzen joateko anbizioa daukagu».  

Alabaina, «sistema bera» da anbizio horren galga haundiena proiektu burujabeetan lanean dabiltzanentzat. «Sistemak ezarritako logikatik kanpo» antolatutako egitasmoak gauzatu ditu Hernani Burujabek, eta horrek eragin zuzena izan du proiektuaren garapenean: «Edozein sektorerentzat ideala izango litzateke publikotik joatea. Egungo sistemaren antolaketan baliabide edo sektore estrategiko guztiek merkatuaren logikan funtzionatzen dute, eta hori iraultzea da gure nahia». Iraultza hori «pausoz pauso» gauzatu nahi dute, zailtasuna haundia dela dakiten arren: «Bilatzen duguna da sektoreak ez egotea merkatuaren araberako logikan, herritarren beharrei erantzuteko logikan baizik. Badakigu oso zaila dela, sistemak berak tranpeatzen duelako dena merkatuaren logikara moldatzeko».

Helburuak lortzeko pauso txikiak ematen ari dira arlo desberdinetan, baina Hernani Burujabe osatzen duten kideek argi dute konponbidea ez dela herri batean «oasi edo irla bat» sortzea. Horren aurrean, inguruko eragileekin eta proiektu burujabeekin saretzearen garrantzia nabarmendu dute: «Jardunaldien eta Burujabetzen Egunaren helburuak bide horretan doaz, Euskal Herrian dauden ekimenekin saretzen hastea da asmoa, eta inguruko herrietan ikusaraztea hemen egiten ari garena gauzagarria dela».

Gurpilak martxan jarraituko du

Datorren asteko egitasmoek hartu dute azken asteetan Hernani Burujabeko kideen denbora. Hala ere, jardueren gurpilak ez du etenik izango datozen hilabeteetan, antolatutako jarduerak «tresna» modura ulertzen dituztelako: «Horrelako asteak ez dira gure helburuak, herritar taldea indartzeko tresna garrantzitsuak baizik. Hemendik aurrera badauzkagu ekintza batzuk buruan; azkenean etengabeko borroka bat delako gurea».

Borroka horren parte izan nahi dutenek aukera izango dute ostegun, ostiral eta larunbatean informazioa biltzeko: «Horretarako baliatu nahi dugu hau, jendea animatzeko. Jakin dezaten Hernani Burujabek aldarrikatzen duena dela politika egiteko beste modu bat, herritarrak eta hauen beharrak erdigunean jarriko dituena».

 

BURUJABETZAK

URRIAK 19, osteguna
Udaletxeko Areto Nagusian


09:30-10:30

ONGI ETORRIA ETA SARRERA
Xabier Lertxundi alkatea.

10:00-11:30
UDALGINTZATIK BURUJABETZARA
Itsaso Lekuona, Hernaniko Udaleko zinegotzia.
Haritz Alberdi, Udalbiltzako lehendakaria.

12:00-14:00
ELKARLAN PUBLIKO KOOPERATIBO HERRITARRA: UDALETIK ERAGITEKO MUGAK ETA AUKERAK
Rubén Martínez: La Hidra cooperativa.
Eneko Anzuola: LKS Next aholkularitza.
Aitor Bengoetxea: GEZKI institutua.

17:30-19:30
ZERGATIK ALDARRIKATU BURUJABETZA(K) EGUNGO TESTUINGURUAN?
Jule Goikoetxea, filosofo politikoa eta irakaslea.
Glenna Del Valle Cabello, Venezuelako kontsul nagusia Bilbon.
Mireia Vehí, CUP-eko diputatu ohia.

URRIAK 20, ostirala
Kulturarteko Plaza Feministan

09:30-10:00
KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTAREN ETA BURUJABETZEN ETXEAREN AURKEZPENA

10:00-11:30
BURUJABETZA(K) LURRERATUZ: NOLA ERAGIN ARLO EZBERDINETAN?
Elikadura - Iker Elosegi
Hezkuntza - Nora Salbotx
Zaintza - Miren Aranguren
Lana - Miren Lanz

12:00-14:00
BURUJABETZA PROIEKTU EZBERDINEN ARTEKO TOPAKETAK

17:30-19:30
HERRIGINTZATIK BURUJABETZARA
Aiaraldea Ekintzen Faktoria.
Euskal Herria Burujabe.
Ehundu.
Bidea.

*Jardunaldietan goizeko saioetara joateko izena ematea beharrezkoa izango da. Arratsaldeetan, berriz, sarrera librea izango da.

 

URRIAK 21, larunbata
Burujabetzen Eguna


11:30-13:30
KALEJIRA KULTURALA
Burujabetza sektoreekin eta herriko kulturgileekin:
Miren Gojenola
Uxue Bereziartua
Uxue Apaolaza
Txalapartariak eta albokariak
Andoni Tolosa 'Morau'
Ttarla dantza taldea
Andoni Rekondo eta Eli Pagola
Porrotx eta Zapotxin

14:30
BAZKARI GIROTUA
Txartelak eskuragarri Herrilurren eta Txili, Rioja, eta Kide tabernetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!