Erreportajeak

«Mugak gainditu ditugu eta Shakespeareren sonetoak euskeraz eskaini ditugu, AEBetan»

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00

Joxan Goikoetxea akordeoia jotzen, Kronikarako elkarrizketan.

Ameriketako Estatu Batuetatik etorri berri da Joxan Goikoetxea Maritxalar hernaniarra. AEBtan lau kontzertuko bira eskaini du Olatz Prattekin, euskeraz. Bizitako esperientziez gain, eskuartean dauzkan proiektuen berri eman dio Goikoetxeak Kronikari, Aztarna argitaletxearen 'kobazuloa' erakutsi bitartean.

Hernaniarren artean aski ezaguna da Joxan Goikoetxea Maritxalar; musikari, interprete, moldatzaile, konpositore, eta ekoizle hernaniarra. Eta esan daiteke musikari euskaldunaren ibilbidearen giltzarri direla, hiperaktibitatea eta ugaritasuna. Gaur egun estatuko soinu-jotzailerik esanguratsuenetakoa eta aktiboenetakoa omen da. Hernaniarraren ibilbide artistikoan azpimarragarriak dira molde eta adierazpen herrikoien eta folklorikoen erabateko ezagutza, abangoardiako korronteetan duen praktika, bai eta zuzendu eta parte hartutako proiektu ezberdinetan aplikatu dituen teknologia berrien erabilpena ere. 

Hainbat artistek Joxan Goikoetxearen eskusoinua ezaugarritzen duen izaera pertsonala gehitu nahi izan dute euren bira eta lanetan, besteak beste, Dulce Pontes, Xabier Lete, Paco Ibañez, Bernardo Atxaga, Luis Eduardo Aute, Alberto Iglesias, Fernando Velázquez, Emilio Aragón eta Mikel Laboa. 

Kronika, Joxan Goikoetxeak hain maitea duen kobazulora (Aztarna argitaletxearen estudioa) bertaratu da elkarrizketa egitera, eta hizketaldi luze bat izan dute, instrumentu, liburu, ordenagailu eta Cd-Rom artean. 

Irailean, Ameriketako Estatu Batuetan ‘And Shakespeare got Basque’ izeneko lau kontzertuko bira eskaini du akordeoia eta pianoa joz, Olatz Pratten ahotsarekin batera, eta dagoeneko itzuli da Hernanira. AEBtan Willian Shakespeareren sonetoen musikalizazioa eta euskararako egokitzapena eskaini dute (Zeru Horrien Infernuak) bi artistek, Mikel Laboa Katedrak 2014an estreinatu eta argitaratu zuena.

‘2ND International Conference on Cultural Studies - Wor (l) ds in other wor (l) ds’  `Boise State University' (Idaho) munduko hizkuntzen sailak, Renoko Unibertsitateko (Nevada) 'Center for Basque Studies' ekin batera antolatu zuten jardunaldia, eta bertarako gonbitea jaso zuen Goikoetxeak. Musikariak hasieratik aitortu du balio berezia hartu zuela AEBtan egindako jaialdi honek; izan ere, Shakespeareren lanaren lehenengo ediziotzat jotzen den ‘Firts Folio’ren 400. urteurrena zen. «Eta duela bederatzi urte ateratako ‘Zeru Horren infernuak’ eraman genuen AEBtara harrotasunez».  

Elkarrizketan, euskeraren garrantzia azpimarratu du akordeoilari hernaniarrak, eta nabarmendu du, kanpoan ere badela halako «diaspora» bat: «Euskal Herritik kanpo dagoen euskal komunitatea sekulakoa da, Ameriketan, Argentinan, Mexikon, Venezuelan... Komunitate haundia dago, sare haundi bat sortu da. Gu, euskaldunok, apenas gara 2 milioi biztanle eta Euskal Herritik kanpo dagoen euskal komunitatea izugarrizkoa da. Eragin haundia eduki dezake euskal kulturaren zabalkuntzak». Baina folkoreari garrantzi gehiegi ematen zaiola ere aitortu du Goikoetxeak: «iruditzen zait folklorea garrantzitsua dela, herri musika bezala, eta folkloreagatik mantentzen dira euskal etxeetan, esaterako dantza, euskal musika… nortasuna ematen duten aktibitateak baitira.  Baina batzuetan pentsatzen dut, ez ote garen horretan gehiegi gelditzen, folklorean.  Honekin esan nahi dut, folklorerik gabeko ekitaldi txukun bat antolatu dezakezula, esaterako Shakespeare oinarritzat hartuz, eta euskerari pisua emanez, folkloreak alde batera utzita».

Irailean AEBetan burututako jardunaldiak munduko hizkuntzak jarri zituen erdigunean, «eta euskerak ezin zuen atzean gelditu» aitortu du, harro. Horregatik, «muga gainditu dugu, eta Shakespeareren sonetoak euskeraz eskaintzeko asmoa etorri zitzaigun. Izan ere, guk duela bederatzi urte burutu genuen proiektu potente bat. Shakespeareren sonetoak, mundu mailan, kontsideratuak daude gailur gisa. Eta gure erronka nagusia izan zen, horiek euskerara ekartzea. Juan Garcia itzultzaileak egin zuen lan haundia, 20 urte pasa zituen lan honekin eta ilustrazioak egin zituen Koldobika Jauregik. Nik soneto hauek musikara ekarri nituen. Garai hartan, euskal musikari ugari jarri genituen kantuan, liburuarekin batera datorren diskoa grabatzen, hala nola, Eñaut Elorrieta, Olatz Pratt, Petti, Paco Ibañez, Mikel Urdangarin… 154 ahotsek errezitatu zituzten sonetoak. Errezitazioen soinu-hartze batzuk Donostian grabatu ziren, beste batzuk, Gasteizen, edota Bilbon eta gainerakoak tantaka grabatuak dira, Hernanin gehienak, Aztarna estudioan, eta han-hemenka gainerakoak».

Renon eskainitako kontzertuan, Joxan Goikoetxea pianoa jotzen.
 

Bederatzi urte pasa dira dagoeneko, Shakespeareren sonetoen proiektua sortu zutenetik, eta musikari hernaniarrak dio, «sekulakoa» izan dela lan guzti honek oholtza ukitzea: «errekonozimendu haundi bat eman zaio lan honi, duela bederatzi urte egin genuen lan bati. Aukera izan dugu; batetik, atzerrian eskaintzea; eta bestetik, esparru akademiko batean lan hau erakustea. Erronka nagusia izan da euskera eramatea esparru exijente batera». Barre artean, Goikoetxeak kontzertuko ikusleen errepaso txiki bat egin zuen, eta Shakespeareren zale amorratuez gain,  euskaldunak eta tartean hernaniarrak ere ba omen zeudela dio.

AEBetan eskainitako kontzertu birarako dena egokitu zutela aipatu du musikariak, «proiektu potente bat egokitu dugu pertsona batek kantatzeko, kasu honetan, Olatz Prattek. Berak badu bersatilitatea eta esparru intimoago batean jo dugu, pianoarekin eta ahotsarekin, ondo defendatu dugu». 

Oholtza gainean ederki aritu baziren ere, auditoriumak sekulako akustika zuela nabarmendu du akordeoilari hernaniarrak:  «benetan berezia izan zen Renoko 'Harlan O & Barbara R. Hall Recital Hall' delakoan bizitakoa. Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean akustika onena duen auditoriumetako bat baita. Guk beti kontzertu bat eskaini aurretik, dena antolatzen ari garenean, bidaltzen ditugu baldintza teknikoak, esaterako mikrofonoak behar ditugula eta abar. Esan ziguten, ‘hemen posible bada, mikrorik ez dugu erabiltzen’. Eta egia da akustika aldetik, sekulakoa dela auditorioa, egurrezkoa. Ez da haundiegia, 300 pertsona sartzen dira bertan. Piano berezi batean jo nuen... Alde guztietatik izan da gozamenerako ekitaldia. Hizkuntzen kongresu bat izan da, guk euskera eraman dugu, eta asko gozatu dugu». 

AEBetan bizitzako esperientzia «pozgarria eta aberasgarria» izan dela aitortu du musikari eta musikazale amorratuak, eta unkituta, osasun arazo «txiki» bat izan zuela azaldu digu: «Iktus moduko bat eduki nuen, eta eskuineko aldea paralizatuta gelditu zitzaidan. Momentu hartan, mundua gainera etorri zitzaidan. Udan neuzkan kontzertu guztiak bertan behera utzi behar izan nituen. Rehabilitazioa egin nuen eta errekuperatu dut eskuineko aldeko mugimendua». «Bizitza lasaia» agindu zion medikuak, baina Joxan Goikoetxearen ibilbidearen giltzarri direnez hiperaktibitatea eta ugaritasuna, ezin geldirik egon eta bapatean, AEBtako aukera hau etorri zitzaion: «baiezkoa eman nuen, gai ikusten nintzelako. Eta lau kontzertuko bira hau izan da zoragarria, sustoaren ondoren eskaini ditudan aurreneko emanaldiak izan direlako».

'Eman ta zabal zazu' 

Euskeraren interesa zabaldu behar dela azpimarratu du Goikoetxeak: «Atzerrira joaten garen bakoitzean euskera eraman behar dugu. Guk kontzertuetan adibidez: Atenaseko akropolisean jo dugu, Bartzelonako ‘Palau de la Musica’n ere bai, zerrenda izugarria da. Eta euskera toki horietara eramatea da sekulakoa. Euskeraz abesten dugunean, agian publikoak ez du guztiz ulertuko zer adierazi nahi dugun, baina ondoan izango dute programa eta ez dira galduko, hor daude itzulpenak, programazioan. Beraz, eskaini ditugun emanaldi hauetan, nahiz eta AEBn izan, harrotasuna sentitu dut. Askok diote euskal kantarien muga hizkuntza dela. Nire ustez eta esperientziagatik, gauzak ondo prestatzen badira, eta entzuleari gauzak errazten bazaizkio… muga hori desagertu daiteke».

Azken urteetan euskal literatura egiten ari den lana goraipatu du Goikoetxeak, eta itzulpengintza ekarri du gogora: «Badago politika bat, dirulaguntzak daude, eleberri asko ari dira itzultzen. Baina oraindik oso poesia gutxi itzuli da. Itzulpengintzan orokorrean lan haundia egin behar dela iruditzen zait. Euskal idazleak, euskal kultura eta euskera bera eraman behar dugu munduko zenbait txokotara, baina tira, apurka egingo da». 

Bere lagun mina izan zen Bernardo Atxagaz ere jardun du musikari hernaniarrak, harrotasunetik eta maitasunetik: Bernardo Atxaga da internazionalki ezaguna, idazlea izateaz gain, itzuli ditu nobela asko eta asko, eta bide horrek jarraitu beharra dauka, esan nahi dut, norbaitek jarraitu behar du lan hori egiten, euskal ‘markak’ kontsiderazio bat izan dezan atzerrian».

Joxan Goikoetxea akordeoia jotzen Aztarna argitaletxeko estudioan.

 
Aztarnak utziz, ibilbidean

Erronka zalea da Goikoetxea, ala aitortu digu, eta burutu dituen ekintza asko dira horren erakusle. Teknologiarekin harreman oso estua izan duela dio akordeoilari hernaniarrak, oso gaztetatik. «17 urterekin lortu nuen udaletxean nire aurreneko lanpostua, eta ate asko ireki bazizkidan ere, beste ate batzuk itxi zitzaizkidan, esaterako informatika ikastea. Hernaniko aurreneko xagua adibidez, nik neuk ekarri nuen». 

Eta informatikarekin lotura eginez, Aztarna argitaletxearen erroak zeintzuk ziren azaldu ditu: «Aztarna proiektua 90. hamarkadan jaio zen. Hainbat euskal musikariek bere sorkuntza lanak euskarri berri batean argitaratu eta aurkeztea erabaki zuten. Euskarri hori CD Plus (Cd Audio + Cd Rom) izenarekin ezagutzen zen; Euskal Herriko lehenengo multimedia proiektuak izanik. Euskarri horrek Alboka, Fran Lasuen, Balen Lpz. de Munain, Joxan Goikoetxea edo Iñaki Salvador bezalako artistei beraien kontzeptu edo ildo estetikoa modu berri batean lantzeko aukera ematen zien, «musika eklektikoa jo eta grabatzetik haratago zijoan aukera berri bat».

Gaur egun, ordea, Aztarna proiektu zabalago batean bilakatu da. Sorkuntzaz gain produkzio diskografikoa eta literarioa, artisten ordezkaritza eta promozioa edota ekitaldi eta ideiaren arloan komunikazioa eta antolakuntza garatu eta kudeatzen duen esperientziadun proiektu bat. «Era berean, Izura Kultur Elkartea ere bagara, ekarpenak egiten ditugu, besteak beste, Hernaniri buruzko informazio bilketa, eta une honetan, proiektu batekin nabil buru-belarri: Hernanipedia izenekoa». 


‘Hesia urraturik’, kontzertu sorta bereziak 

Goikoetxeak eskuartean daukan proiektuetako bat da Xabier Leteren memorian egindako ‘Hesia urraturik’, eta horrek badauka berezitasun nabarmenik, 50 urte baitira hernaniar batek ez duela musika sinfonikorik idatzi: «duela hiru urte argitaratu nuen, niretzat orain arte egindako lanik potoloena da. Xabier Leterekin izan dudan harremana dela eta bera hil zenean, zin egin nuen obra sinfonikoa idatziko nuela. Eta zina bete dut. Nire obra kunbrea izan da, eta egia da motibazio haundia izan nuela Leterekin nuen harremanagatik eta atxikimenduagatik. Eta guzti hau noski, oholtzara eramango dut». 

‘Hesia urraturik’ lanaren aurreneko emanaldia Kursaalean eskaini zuten, eta herri txikiagoetan eskaintzeko, emanaldi txikiagoa prestatu du Goikoetxeak, orkesta osoa beharrean, taldeko batzuk osatuko dutena, toki txikiagotara heltzeko. Horrenbestez, hiru herritako oholtzetan izango da Hesia urraturik’ lana ikusgai: bat izango da Donibane Lohitzunen eraikitzen ari diren Talka izeneko auditorioan; beste bat, Victoria Eugenian eskainiko dute modu «potoloago» batean; eta hirugarrengo bat Xabier Leteren jaioterrian, Oiartzunen, auditorio berrian. «Hernanin momentuz ez dago emanaldi hau eskaintzeko aukerarik» aurreratu du. 

Goikoetxeak, Ameriketatik bueltan, bigarren proiektu batekin jarraituko du. Paco Ibañez kantariaren kontzertu-birarekin, hain zuzen eta bisitatuko ditu, hala nola, La Palma Gran Canaria, Sevilla eta Malaga. «Pako Ibañezek 89 urte beteko ditu, ikono bat da. Mundu osoan ezaguna eta bere amona urnietarra. Ibañez Frantzian egin zen ezaguna, gerra zibilean joan ziren bertara, exilioan. Frantziatik itzuli zenetik, emanaldi guztietan bi edo hiru kantu euskeraz eskaintzen ditu, eta ni horietara joaten naiz berarekin. Euskerarekin goaz. Jendeak entzun dezan, euskera, zer egiten dugun eta nolako hotsa dugun. Munduko txoko ezberdinetan utzi du Ibañezek ere euskeraren zertzeladaren bat. Interesa piztu behar dugu, eta musikari batek piztu dezake hori. Hemen gabiltza buruari bueltak ematen euskerari behar duena eman nahian, eta niri tokatu zait euskera atzerrira eramatea, kontzertuetan adibidez, eta oso harro egiten dudan ekintza bat da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!