Benigno Albeniz 'Iruntxiberri', 50.hamarkada inguruan etorri zen Hernanira bizitzera, oso gazte zela. Familia osatu eta lanean aritzearekin batera, uztarriak egiten hasi zen. 'Iruntxiberri' uztarriak sortzen hasi zen, barruan zuen sortzailetasun asegabe batetik, eta apurka, uztarriak berezkoa duen nekazaritzako funtziotik urrundu gabe, uztarriak atonduz egurrak har zitzakeen formak hasi zen ikertzen eta, forma geometriko, abstraktu zein figuratiboak sortzen.
Bideak hala eskatuta, eskulturara egin zuen jauzi, eta bide honetan, joera abstraktuak eta figuratiboak landu zituen, eta sustrai itxurazko obretan, basoak eta zuhaitzak sortzen hasi zen.
20 urterekin hasi zen uztarrien munduan. Gaur egun 88 urte ditu Benignok, eta argi utzi du ez dela inoiz berandu zerbaitetan hasteko. Horren erakusle bihurtu da artista hernaniarra; izan ere, bizitzan zehar sortutako pieza guztiak ekarri ditu Biterira, 'Gordiak neuzkanak' erakusketa ederra osatuz. Atzotik dago ikusgai, eta larunbatera arte dute herritarrek bertaratzeko aukera.
Kronika Benigno Albeniz ‘Iruntxiberri’rekin elkartu da, artisauak eta eskultoreak egindako bidearen nondik norakoaz jabetzeko, eta urte guzti hauetan egindako ‘pasiozko’ lana, lau haizeetara zabaltzeko.
50. hamarkadan hasi zinen uztarriak egiten. Nola izan zen hasiera?
Uztarriari atentzio gehiegi jarri baino, artelana jarri nuen ikusmiran. Beraz, afizioa hor hasi zen, artelanean jarri nuenean begirada, uztarria beste modu batera ikusten nuenean.
Uztarriaren gainean marrazkiak tallatzen hasi nintzen. Badaukat pieza bat, ‘zazpiak bat’ deitu niona. Euskal Herriko zazpi probintziei zuzenduta doa, zazpiek osatzen baitugu Euskal Herria. Uztarri horretan daude, paisaiez gain, animalitxoak grabatuta.
Aurreneko pausuak eman nituen Paulo Lasarekin. Eta bere ilusioa zen, zazpiko uztarria egitea, baina gazte hil zen, eta beraz, ez zuen horretarako tarterik izan. Nik asko entzun nion esaera hau: ‘Benigno, nire ametsa da zazpiko uztarria egitea’. Beraz, neronek hartu nuen batuta, eta bere ametsa nire kargu hartuz, dagoeneko hiru egin ditut, hiru uztarri zazpikoak.
Uztarri bakoitzak edukiko du bere esanahia, batzuk idatzi bat dute grabatuta, beste batzuk, aldiz ez.
Bai noski, niretzat, denek dute esanahia. Hala ere, bakoitzak modu ezberdinean ikusten ditu gauzak, eta uztarriekin berdin, mezu ezberdina izango du batentzat, edota bestearentzat.
Baina uztarri batzuetan idatziak daude, eta hitz horiekin, nahiko nuke ni ixiltzen naizenean, uztarriak hitz egiten jarraitzea. Uztarri batek du jarria ‘Erriaren Oroimena’ eta azpian dauzka tallatuta marrazkiak. Dena lotuta doa.
Beste bat daukat, jartzen duena ‘Euskera, euskaldunen oinarri’ jartzen duena. Uztarri honetan, daude marraztuta armarriak, zuhaitzak, eta azpi aldean bi asto daude, ama eta umea muxu ematen.
Euskerari aipamena egiten diozu piezetan, ezta?
Bai, nik ez dudanez ikasi gaztelaniaz hitz egiten eta nire hizkuntza euskera izan denez, euskeraren aldeko pausuak eman ahal izan ditut, eta eman nahi izan ditut. Eskulan askotan islatu nahi izan dut euskera eta horrek dakarren guztia.
Uztarri batean, islatu nahi izan nuen euskaldunok barruan daukagun korapiloa. Adibidez nire kasua, euskeraz bakarrik jakin eta gaztelaniaz hitz egiteko betebeharra izan. Hori iruditzen zait oso gogorra, eta euskaldunok urteetan izan dugun korapiloa izan da, baita gaur egun ere. Hori islatu dut uztarri batean, bertan ikusi daiteke, besteak beste, ikurriña eta ‘Euskeraz egin’ esaldia. Uztarri honek, ni ixilik nagoen garaian ere, hitz egiten jarraitu dezala, euskeraz.
Dena irudimenarekin sortuta?
Bai, dena nire buruan gordeta nuen, uztarrietan zein zuhaitz adar marraztu nahi nituen, zein animali tallatuko nituen… Dena buruan nuen eta dena buruan daukat. Iruntxiberri baserrian jaio nintzen, zuhaitz eta paisai eder artean, sagar eta gaztain artean. Etxe ondoan oso zuhaitz haundiak izaten genituen, eta sekulako ezkurrak izaten ziren lurrean, ibili ezinez ibiltzen ginen.
Esan dezaket zuhaitz artean sortua naizela, eta horrek bultzatu nau uztarrira. Egurrarekin lanean hasten nintzen bakoitzean, txikitako oroitzapen ederrak etortzen zaizkit, eta baita Iruntxiberri baserriko inguruko usainak ere.
Nolako erremintak erabili dituzu uztarrietarako?
Erreminta txikiak, eta eskuak. Gaur egun oso erraminta praktikoak eta aurrerakoiak aurkitu daitezke, baina ni gaztea nintzen garaian ordea ez zegoen halakorik. Nire eskuak izan dira ibilbide honetan nire lagun minak.
«Niretzat animaliak edota zuhaitzak egurrean lantzea eta tallatzea izan da egin nezakeen biderik ederrena»
Oroitzapenak uztarrietan daude tallatuta
Iruntxiberri baserriko eta nire haurtzaroko oroitzapenak uztarrietan margotu ditut, eta gero tallatu. Hori izan da nire bizitzako pasio haundiena, eta gaur egun ere halaxe dela esango nuke.
Animaliak ere oso gustuko ditut, ez bakarrik Euskal Herriko parajeak. Asko gustatzen zaizkit eta oso maiteko ditut, esaterako astoa. Niretzat animaliak edota zuhaitzak egurrean lantzea eta tallatzea izan da egin nezakeen biderik ederrena. Niretzako izan da oso ibilbide gozoa. Sentitu naiz etxean bezala, egur eta uztarrien artean.
Esango nuke horregatik dauzkadala 88 urte, ibilbidean egin dudalako benetan gustuko nuena, pasioarekin. Orain begiratzen ditut egindako pieza guztiak eta burura etortzen zaizkit tallatzeko momentu ederrak. Poztasuna da sentitu dudana eta sentitzen dudana. Egiten nuena ilusio guztiarekin egiten bainuen.
Aitortzen dut bentaja haundia izan dudala, biltegia buruan izan dudalako. Esan nahi dut, burura etortzen zitzaizkidan uztarrien itxurak, formak… eta horiek plasmatzen nituen egurrean, eskuekin. Biltegi ederra izan dut urteetan, burua.
Pieza batetik bestera, ezberdintasun haundia dago, nahiz eta denek uztarria oinarri duten.
Bai, izan ere, eskultore batek berrikuntza konstante batean egon behar du, gauza berriak pentsatu, gero hauek errealitatean plasmatzeko. Burua irekia izan behar du artistak. Badauzkat pieza batzuk elkarren artean oso ezberdinak, eta enborra berdina dena.
Erakusketarekin, interesa piztu nahi duzu?
Noski, zaletasuna sortzea ederra litzake, jendea erakarri eta jendeak ikus dezala zer dagoen uztarri bakoitzaren atzean. Horrez gain, aipatu nahi dut nirekin oroitu zela Hernaniko Udaletxea, beraz, eskertu nahi nuke nitaz gogoratu izanagatik eta aukera hau emateagatik.