Torturaren gaia landu duzu 'Oso latza izan da' nobelan.
Tarteka, nire kontakizunetan agertu izan dira kartzelaratuak izan direnak, exiliatuak; eta torturaren aipamenak behin baino gehiagotan. Baina oraingoan, aurrenekoz hartu dut gai zentral modura. Tortura iruditzen zait oso gai sakona eta minbera, eta ezin dena axalkeriaz tratatu. Nik behintzat ezingo nuke, eta ez dut nahi. Beraz, gai hori aipatu ala ez, nola aipatu, buelta asko eman izan dizkiot, kezkatzen nauen gaia baita aldi berean. Joxe Arregiren heriotzari buruzko liburuaren ideia etorri zitzaidanean, iruditu zitzaidan modu elegante eta duin bat zela gaia lantzeko, bai pertsonarekiko errespetuz, eta baita ere niri interesatzen zitzaidan lanketa literarioa egiteko.
Nobelaren ideia 'etorri' egin zitzaizula aipatu duzu. Nola?
Liburuaren osagaiak, nik hartu aurretik hortxe zeudela esan daiteke. Batetik, Joxe Arregiren heriotza, urte batzuk dituen edozeinek gogoratzen du, edo herri honen historiarekin kezka duen edonork. Eta bestetik, duela dozena bat urte jakin zen, Arregiren hil ondoko argazkiak ez zirela Madrilen egin, baizik eta lurperatu ondoren, lagun batzuek atera zutela hilobitik eta argazki batzuk egin zizkiotela. Bertan egondako batek, Juan Kruz Unzurrunzagak, kontatu zuen, eta esan zuen bera eta Bixente Ameztoi pintoreak egin zutela hori. Oraingo elkarrizketetan deskubritu dut ez zirela beraiek bakarrik izan, beste seik ere hartu zutela parte. Beraz, hortxe zeuden osagaiak, eta beharbada nire buruaren txoko batean ere bai, gordeta edo ateratzeko zain.
Aurtengo udaberrian, Ameztoiren alaba ikusi genuen kalean emazteak eta biok. Berak ezagutzen zuen alaba, eta hasi nintzaion Bixente Ameztoiren historia kontatzen emazteari. Orduan konturatu nintzen, gaiak apasionatu egiten ninduela, izugarria iruditzen zitzaidala, eta bazituela osagaiak nobela baterako. Ez da bakarrik gai lazgarri baten kontaketa, Arregiren heriotzarena; ez da bakarrik torturaren salaketa. Umorezko osagaiak ere bazituen, eta liburuak baditu horrelako printza batzuk. Eta bertan elkartzen diren pertsonaien profilak, izaerak eta jatorri soziologikoak hain dira diferenteak, bereziak eta ñabarrak... Pentsatu nuen nobelaren eskema bera ere baneukala: Arregiren atxiloalditik argazkiak egin arteko epea kontatu, eta paraleloki, pertsonaia hauen bizitza ere bai.
Joxe Arregiri ateratako argazki horiek izan ziren nobelaren abiapuntua, beraz?
Bai, zalantzarik gabe. Eta hori kontatzen da nobelaren bukaeran, baina baita hasieran ere. Liburua une horretan hasten da, eta esaten dugu: 'nola iritsi gara honaino?'. Orduan atzera egiten dut, eta atzetik aurrera kronologikoki kontatuz noa. Baina gutxienez bi plano ditu liburuak: bata, Arregiren atxiloaldiaren denbora; eta bestea, Arregiren, Unzurrunzagaren eta Ameztoiren bizitzen kontaketa. Horretarako, noski, askoz ere atzerago egin behar da, 40ko hamarkadaren inguruan jaiotakoak baitira hirurak. Beraien haurtzarotik aurrerakoak kontatzen ditut.
Egiazko gertakariak dira, nobelan jasotako guztiak?
Bai, hala da. Gainera, idazleak batzuetan askatasuna ematen dio bere buruari, benetako gertaeretan oinarritutako nobeletan ere, fikzioa egiteko, eta pertsonaiak elkarren artean hizketan jartzeko; baina alde horretatik, nahiko estua edo zorrotza izan naiz neure buruarekin, eta ez dut fizkiozko elementurik sartu. Ez dut pertsonairik edo elkarrizketarik asmatu, eta ezta gertaerarik imajinatu ere. Pertsonaien motibazioari buruzko hipotesiak egin ditut soilik, zergatik egin ote zuten gauza bat edo bestea, baina hipotesi direla garbi azalduta. Gertaeretan fikzioari uko egin diot, eta benetako gertaerei heldu diet erabat. Noski, idazlearen eskua ere hor dago: batetik estiloan, eta bestetik materialaren antolaketan. Adibide bat jarriko dut. Joxe Arregiren heriotza gertatu zen Juan Carlos erregea Gernikara etorri zenean, eta Herri Batasunako parlamentariek 'Eusko gudariak' kantari hartu zutenean. Bi gertaera horiek paraleloki kontatzen ditut.
Kasuaren erradiografia eta hiru pertsonaien biografia egiteak, dokumentazio lan haundia eskatu zuen, ezta?
Dokumentazioa eskatu du, eta lanketa ere bai; baina haundia esaten ez nintzateke ausartuko, oso azkar idatzi baitut. Beharbada, oso garbi neukalako idatzi nahi nuena. Elkarrizketak egin ditut dozena bat pertsonarekin, eta historiako hainbat dokumentu eta agiri irakurtzen ere aritu naiz: garai hartako hemeroteka, gaiari buruz argitaratutakoak... Baina ez da izan izugarrizko lana. Asko dokumentatzen direnek, esaten dute urteak pasa dituztela; eta nire kasuan azkarra izan da.
Sentimendu asko pilatuko ziren solasaldi horietan...
Joxe Arregiren arreba batekin izan nintzen, kontatzeko haurtzaroa, familia giroa, umetako kontuak... Eta beste zenbait lagunekin ere egon nintzen, batzuk lagunak eta militantziakideak, eta besteak militantziakideak soilik. Horietako batzuek, ez dute normalean elkarrizketarik eman nahi izaten, baina batek baino gehiagok esan zidan: 'Joxe Arregirengatik bada, bai'. Hori ere bada zerbaiten seinale.
Egindako lanketarekin eta zerorrek bizita, nahiko 'frexko' izango duzu garai hartako testuingurua. Nolakoa zen?
Orain bai, 'frexko' daukat, lanketa egin dudalako eta garai hartaz jende askorekin hizketan. Baina duela 42 urte gertatu zen, 1981eko otsailean. Komentatu izan dut, otsail hartan gertatu zirenek finkatu zutela gutxienez hamarkada oso bateko politika. Batetik, izan zen Juan Carlosen etorrera hori, eta sinbolikoki aurre egitea. Hor finkatu zen ezetz esatea Espainiako erreformari eta trantsizioari, eta markatzen zuen eskema horri. Baina garai horretan gertatu zirenak gertatuta, ordura arte estatuari 'ez' esanez egon zen sektore oso zabal batek, ETA politiko-militarraren ingurukoek, eta politikoki haiei lotutako EIA alderdiak eta Euskadiko Ezkerrak, baiezko oso bat ematen diote Espainiako trantsizioari, nahiz eta aurretik Espainiako konstituzioaren kontra azaldu. Hilabete horren amaieran, ETA politiko-militarrak behin-betiko su-etena eman zuen, eta bere militanteak etxera itzuli ahal izan ziren libre, kartzelan zein ihesi zeudenak. Horrek finkatu zuen, batzuek, ETA militarraren ingurukoek eta Herri Batasunekoek esatea: 'borroka gogorra eta krudela da, hil egingo gaituzte bidean, guk ere hil egin beharko dugu jendea, baina posible da garaipena'. Adibidez, momentu horretan bahitu eta hil zuten Iberduero Lemoizen eraikitzen ari zen zentral nuklearreko burua, eta horrekin lortu zuten zentrala geldiaraztea. Beraz, eskema hori sortu zen, eta gutxienez hamarkada bat iraun zuen.
Ixilpean gorde nahi izan den gaia azaleratzen du nobelak.
Ixilpean gorde baino gehiago, ezkutatu eta ukatu egin da Estatuak tortura praktikatu duela sistematikoki. Tortura jasan duten batzuek salatu nahi izan dute, eta beste batzuek, psikologikoki txikituta geratu direlako, nahiago izan dute etxean gorde eta ixilpean eraman. Estatuak esan izan du egon direla kasu batzuk, baina epaitu direla. Behin eta berriz esan dugu hori gezurra dela. Tortura sistematikoa izan da, eta batzuetan, salbuespena izan da tortura hori begibistakoegia izan dela, Mikel Zabalzaren kasuan bezala, Bidasoa ibaian agertu zenean, baina aurretik Intxaurrondon bainerarekin torturatu zutenean; edo Joxe Arregirena eskuetatik joan zitzaienean. Horrelako kasu batzuetan, begibistakoa egin da, baina atzetik egon da praktika sistematiko bat. Eta horren errudunak dira polizia torturatzaileak, baina baita ere haien nagusiak, inkomunikazioa baimendu duten alderdi politiko guztiak, eta ezkutatu duten komunikabideak. Horiek guztiak izan dira torturaren errudunak, konplizeak eta erantzuleak. Uste dut herritar guztiok merezi dugula aitortza publiko bat, esanez herri honetan existitu dela tortura, eta milaka eta milaka pertsona izan direla giza duintasun eta eskubideen kontrako ekintza zikin eta nazkagarri horren parte.
Aipatu duzu, nobelan badaudela umore printzak ere. Zein pasarte dira horiek?
Hiru pertsonaia nagusien bizitzakoak. Juan Kruz Unzurrunzaga, adibidez, pertsona konprometitua zen batetik, baina farandularen zalea bestetik. Orquesta Mondragón musika talde ospetsuaren managerra zen bera, eta aldi berean, presoen abokatua. ETA politiko-militarretik zetorren, bertan zeuzkan lagunak, eta haietako batek kontatu zidan honakoa: laguna Hego Euskal Herrian zegoen, politikan zebilelako Euskadiko Ezkerran, eta Iparraldera pasatu beharra zeukan, ETA politiko-militarraren bilera batera. Baina ez zeukan segurtasunez pasatzerik, eta esan zioten Juan Kruzek lagunduko ziola. Getarian jarri zuten zita, eta han azaldu zitzaion Juan Kruz, luxuzko belero batekin. Borroka armatua, klandestinitatea, eta luxuzko belero batean azaltzea, horrelako kontrasteak zeuzkan Juan Kruzek.